51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

57/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, elkarteek, toki entitateek eta partzuergoek turismo garapenerako jarduerentzako 2008. urterako laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako toki erakundeek, turismoko partzuergoek eta turismoa sustatzeko helburua duten elkarteek zeregin garrantzitsua daukate turismoaren sektorea indartzean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismo Zuzendaritza Nagusiaren lana osatzen eta aberasten duten aldetik.

Laguntzen deialdi honen bitartez, sektore publikoak turismoaren inguruan dituen ekimenak bultzatu eta sustatu nahi dira, edo bisitariak erakartzeko aurreko urteetan hasitako jarduerak sendotu. Horretarako, 2007ko urriaren 1etik 2008ko irailaren 30era bitartean egiten diren jarduerak onartuko dira edo, multzo gisa aurkeztuagatik, beren jardueren gutxienez %75 epe horretan egiten dituzten proiektuak.

Oro har, elkarteen kalitatea sustatu nahi da, bai eta elkarteen, partzuergoen eta toki erakundeen egingizun dinamizatzaileak, koordinatzaileak eta antolatzaileak ere. Helburua ahaleginak bateratzea da, eskaintza tokietan eta denboran dibertsifikatzen duten jarduketa plan orokorren bidez, Turismo Zuzendaritza Nagusiaren jarduketak eragingarriagoak izan daitezen.

Deialdi hau lehiarik gabeko konkurrentzia bidez ebatziko da, izan ere, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskabidek betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Gero, dirulaguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da. Hau horrela da deialdian dauden jarduera guztiak egitea garrantzitsutzat jotzen delako, eta zenbat eta gehiago egin orduan eta hobe izanen dela uste delako. Esperientziari esker badakigu honelako jarduerak, diruz lagundu ezean, ez direla egiten, elkarteek, partzuergoek edo toki entitateek ez dutelako diru nahikorik. Baina laguntza emateko aukerarik badago, hasiera batean deialdian ezarri dena baino txikiagoa izanik ere, jarduerak burutu ohi dira.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-Elkarteek, toki entitateek eta partzuergoek egiten dituzten turismo garapenerako jarduerantzako 2008. urterako laguntzen deialdia eta bere arauak onestea. Arauak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2.-Deialdi honetarako gastua baimentzea, ondoko zenbateko hauetan, eta 2008ko gastuen aurrekontuko kontusail hauen kontura:

-"Elkarteentzako laguntzak turismoa sustatzeko".-A10001 A1120 4819 432300 kontusaila. Zenbatekoa: 328.900,00 euro.

-"Elkarteentzako eta partzuergoentzako laguntzak turismoa sustatzeko".-A10001 A1120 4609 432300 kontusaila. Zenbatekoa: 630.000,00 euro.

3.-Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu hau Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ogasun Departamentuak departamentu hartan duen Kontu-Hartzailetza Delegatuari jakinaraziko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 8an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

ERANSKINA

Elkarteek, toki entitateek eta partzuergoek 2008an egiten dituzten turismo garapenerako jarduerantzako laguntzen deialdiaren arauak

1.-Xedea, laguntzaren zenbatekoa eta onuradunak.

Deialdi honen laguntzak izanen dira elkarteek, toki erakundeek eta partzuergo turistikoek 2007ko urriaren 1etik 2008ko irailaren 30era bitarte kalitatearen, prestakuntzaren, produktuen sorkuntzan, ekitaldien antolaketan eta koordinazioaren arloan egindako jardueratarako. Multzo gisa aurkeztu eta gutxienez bere jardueren %75 epe horretan egiten dituzten proiektuak ere onartuko dira.

1.1. Turismo elkarteentzako laguntzak

Deialdi honetako gehieneko zenbatekoa 328.900,00 eurokoa da eta 2008ko gastu aurrekontuko "Elkarteentzako laguntzak turismoa sustatzeko" izeneko A10001 A1120 4819 432300 kontusailaren kargura finantzatuko da. Zenbateko hori handitzen ahalko da, deialdi honen beste atala eta programa berean sartutako beste deialdiak ebatzi ondoren gelditzen diren zenbatekoen bidez, beti ere aurkeztutako eskaeren arabera.

1.1.1. Onuradunak.

Egoitza Nafarroan duten elkarteak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala izena emanda daudenak eta deialdi honek indarra duen bitartean inskribatuta jarraitzen dutenak.

1.1.2. Xedea.

a) Kalitatearen arloko jarduerak

a.1) Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutua Nafarroan ordezkatzen duten elkarteen jarduerak, baldin eta ordezkaritzak hitzarmen baten bitartez ezarritako eginkizunak betetzen baditu eta, gutxienez, honako alderdiak garatzen baditu:

-Kalitatearen Sistemari buruzko gaietan lana egiten duten enpresak aholkatu eta laguntzea.

-Kalitatearen Planean parte hartzen duten enpresei sistemak ezartzeko, ziurtaopenetarako, hobekuntza planetarako, eta abarretako aholku ematea.

-Turismo Zuzendaritza Nagusiak kalitatearen arloan egiten duen lana laguntzea.

-Baldin badago, SGTaren Transferentzia Teknologikoaren Plana koordinatzea.

-Enpresa berriak biltzeko jarduerak. Horretarako, eta proposatutako jardueren artean, jasota gelditu beharko du Nafarroako eskualde desberdinetan gutxienez bi aurkezpen jardunaldi egin direla.

a.2) Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutua Nafarroan ordezkatzen duten elkarteen jarduerak, Nafarroako leku desberdinetan kalitatearen arloan gutxienez bi prestakuntza ikastaro koordinatu eta antolaktzea. Prestakuntza ikastaroen aurrekontua bakoitza bere aldetik egiten ahalko da.

a.3) Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutua Nafarroan ordezkatzen duten elkarteen jarduerak, Kalitate Turistikoaren Arau bat ezartzen ari diren eta 2008. urtean ziurtatzen duten institutuari atxikitako establezimendu eta enpresei laguntza teknikoa emateko. Atal honetan aurreko deialdietan parte hartu duten establezimenduak sartuko dira.

a.4) Praktika Egokietarako Eskuliburua ezartzen ari diren eta 2008. urtean dagokien diploma lortuko duten establezimenduen eta enpresen aholkularitza teknikoa.

a.5) Espainiako eremuan homologatutako ingurumen kalitatearen gutuna ezartzea: ingurumen ziurtagiria eta etiketa ekologikoa.

Atal honetan ondoko gastu hauek izanen dira laguntza jasotzeko modukoak: teknikariak kontratatzea, kontratatzen diren teknikarien edo bestelako teknikariak kalitate sistemen inguruko jarduketetarako joateko dieta eta kilometroen gastuak, betiere horietara joateko arrazoiak badaude, eta gai horretan teknikari propioak trebatzeko dauden gastuak.

Kanpoko aholkularitza kontratatuz gero, kontratatutako enpresaren faktura baizik ez da onartuko laguntza emateko.

b) Beharrizanak diagnostikatzea eta prestakuntzako jarduerak antolatzea, alderdi tekniko eta profesionalean hobetzeko eta gaitzeko, eta irisgarritasun edo ingurumen neurriak (energia berriztagarriak) ezagutzeko eta aplikatzeko turismoaren sektorean, baldin eta Turismoko Zuzendaritza Nagusiak antolatzen dituenen edukiekin bat ez badatoz. Prestakuntza bidaiek ere jaso dezakete diru-laguntza, baldin eta prestakuntza ikastaro oso baten parte badira; programa aurkeztu beharko da betiere. Bidaiaren kontzeptu gisa, dirulaguntzarako gastu bezala, ikastaro osoaren aurrekontuaren %50 onartuko da gehienez.

Aurreikusten diren prestakuntza ikastaroen egitaraua Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari emanen zaio 15 egun lehenago gutxienez.

c) Turismoko produktua diseinatu eta artikulatzeko edo sendotzeko jarduerak.

Deialdi honi dagokionez, turismoko produktutzat joko da toki bateko baliabideei balioa ematea, betiere elkarren artean osagarriak diren elementu eta/edo zerbitzuen multzo bat baldin bada, erakarmen berezia badu eta turismoa erakartzeko ahalmena, betiere jarduketek inbertsioa handitzen ez badute.

d) Nazio mailako interes turistikodun gisa deklaratuta edo deklaratzeko prozesuan dauden jai eta ospakizun kulturalak antolatzea.

e) Antzinako jarduera tradizionalekin zerikusia duten festa eta ospakizun kulturalak antolatzea, edo nafar gastronomia bultzatzen dutenak. Ekitaldia egiten den udalerriarekin edo ekitaldia sustatzen duen elkartearekin zerikusia izan behar du ospakizunaren gai nagusiak. eskualde horretara jende asko erakartzeko gaitasuna dutela frogatu beharko dute.

Aurreko bi atal horietan ondoko gastu hauek izanen dira laguntza jasotzeko modukoak: jarduketa antolatzekoak eta, horrelakorik bada, doako publizitatea sor dezaketen hizlarien edo gonbidatu berezien (kazetari, idazle eta abarren) dietak (herri otorduak eta instituzionalak ez dira onartuko, ez eta kontzertuak edo gaueko dantzaldiak ere). Gai nagusitzat herriko edo eskualdeko berezko produktu gastronomiko bat duten jarduketetan, laguntza jasotzeko moduko gastutzat hartuko dira sustatzen den lehengaia, Nafarroan produzitua, eta hura landu eta prestatzeko behar diren oinarrizko osagaiak.

Deialdi honetan ez dira sartuko herrietako festak, erromeriak, ibarreko festak eta gisakoak.

1.1.3. Laguntzaren zenbatekoa.

Funts galdurako diru-laguntza:

a) kontzeptua. Kalitatea: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %70, gehienezko diru-laguntza:

a.1) 16.800,00 euro.

a.2) 4.200,00 euro.

a.3) 1.400,00 euro.

a.4) 560 euro.

a.5) 8.400,00 euro.

b) kontzeptua. Prestakuntza: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %70.

c) kontzeptua. Turismo produktuaren sorrera: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %70.

d) kontzeptua. Interes turistikodun gisa deklaratutako ospakizunak: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %80.

e) kontzeptua. Festa eta ospakizun kulturalak: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %70.

Laguntzen muga: Oro har, diru-laguntzen muga 33.000,00 eurokoa izanen da deialdi honen a) puntuan ageri diren kalitate jardueren multzorako, eta 50.0000,00 eurokoa b), c), d) eta e) puntuetan ageri direnentzako eta Turismoko Marketinaren Zerbitzuaren "Turismoa sustatzeko jarduerak" izeneko deialdiari dagokien jarduerantzako.

1.2. Toki erakundeetako eta partzuergo turistikoetarako laguntzak.

Deialdi honetako gehieneko zenbatekoa 630.000 eurokoa da eta 2008ko gastu aurrekontuko "Toki entitateentzako eta partzuergo turistikoentzako laguntzak turismoa sustatzeko" izeneko A10001 A1120 4609 432300 kontusailaren kargura finantzatuko da. Zenbateko hori handitzen ahalko da, deialdi honen beste atala eta programa berean sartutako beste deialdiak ebatzi ondoren gelditzen diren zenbatekoen bidez, beti ere aurkeztutako eskaeren arabera.

1.2.1. Onuradunak.

Laguntzen onuradunak izaten ahalko dira egoitza Nafarroan duten eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala izena emanda dauden eta deialdi honek indarra duen bitartean inskribatuta jarraitzen dutenak Nafarroako Toki Entitateak eta Partzuergo Turistikoak. Partzuergo Turistikoak Toki Entitateek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek osatutakoak izan beharko dute eta beren jarduketa eremuan turismoa garatzea izan beharko dute xede.

1.2.2. Laguntzaren xedea.

Laguntza jasoko dute ondoko atalen inguruan garatzen diren proiektuek:

a) Kalitatearen arloko jarduerak:

a.1) Praktika Egokietarako Eskuliburua ezartzen ari diren eta 2008. urtean dagokien diploma lortuko duten establezimenduen eta enpresen aholkularitza teknikoa.

a.2) Kalitate Planetarako aholkularitza, bai produktuetan, bai helburuetan.

a.3) Espainiako eremuan homologatutako ingurumen kalitatearen gutuna ezartzea: ingurumen ziurtagiria eta etiketa ekologikoa.

Atal honetan ondoko gastu hauek izanen dira laguntza jasotzeko modukoak: teknikariak kontratatzea, kontratatzen diren teknikarien edo bestelako teknikariak kalitate sistemen inguruko jarduketetarako joateko dieta eta kilometroen gastuak, betiere horietara joateko arrazoiak badaude, eta gai horretan teknikari propioak trebatzeko dauden gastuak.

Kanpoko aholkularitza kontratatuz gero, kontratatutako enpresaren faktura baizik ez da onartuko laguntza emateko.

b) Beharrizanak diagnostikatzea eta prestakuntzako jarduerak antolatzea, alderdi tekniko eta profesionalean hobetzeko eta gaitzeko, eta irisgarritasun edo ingurumen neurriak (energia berriztagarriak) ezagutzeko eta aplikatzeko turismoaren sektorean, baldin eta Turismoko Zuzendaritza Nagusiak antolatzen dituenen edukiekin bat ez badatoz. Prestakuntza bidaiek ere jaso dezakete diru-laguntza, baldin eta prestakuntza ikastaro oso baten parte badira; programa aurkeztu beharko da betiere. Bidaiaren kontzeptu gisa, dirulaguntzarako gastu bezala, ikastaro osoaren aurrekontuaren %50 onartuko da gehienez.

Atal honetan partzuergoak besterik ez dira diruz lagunduko. Horretarako, prestakuntza ikastaroen egitaraua Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari aurkeztu beharko zaizkio 15 egun lehenago gutxienez.

c) Turismoko produktua diseinatu eta artikulatzeko edo sendotzeko jarduerak.

Deialdi honi dagokionez, turismoko produktutzat joko da toki bateko baliabideei balioa ematea, betiere elkarren artean osagarriak diren elementu eta/edo zerbitzuen multzo bat baldin bada, erakarmen berezia badu eta turismoa erakartzeko ahalmena, betiere jarduketek inbertsioa handitzen ez badute.

d) Nazio mailako interes turistikodun gisa deklaratuta edo deklaratzeko prozesuan dauden jai eta ospakizun kulturalak antolatzea.

e) Festa edo ekitaldi tematikoak edo nafarroako gastronomia bultzatzen dutenak antolatzea, helburu turistiko argia dutenak. Eskualde horretara jende asko erakartzeko gaitasuna dutela frogatu beharko dute.

Deialdi honetan ez dira sartuko herrietako festak, erromeriak, ibarreko festak eta gisakoak, herrian edo udalerrian ohi direnak.

Aurreko bi atal horietan ondoko gastu hauek izanen dira laguntza jasotzeko modukoak: jarduketa antolatzekoak eta, horrelakorik bada, doako publizitatea sor dezaketen hizlarien edo gonbidatu berezien (kazetari, idazle eta abarren) dietak (herri otorduak eta instituzionalak ez dira onartuko, ez eta kontzertuak edo gaueko dantzaldiak ere). Gai nagusitzat herriko edo eskualdeko berezko produktu gastronomiko bat duten jarduketetan, laguntza jasotzeko moduko gastutzat hartuko dira sustatzen den lehengaia, Nafarroan produzitua, eta hura landu eta prestatzeko behar diren oinarrizko osagaiak.

f) Turismo eragileen kontratazioa:

f.1) Partzuergoak laguntzeko eragile turistikoak, bisita gidatuak eta monumentuak irekitzeko.

f.2) Partzuergo turistiko berriak sortzea aurreikusita duten udalak laguntzeko eragile turistikoak.

Bigarren kontzeptu honetarako eskabidea 5.000 biztanle baino gehiago dituzten 8 udalek ordeztuta egin beharko da gutxienez. Beti ere partzuergoa Turismon erregistratzeko eskabidea egin eta horretarako behar den dokumentazioa entregatu beharko da, deialdi honen justifikazio epea bukatu baino lehen.

Kontratua eta ordainketa (langile propioak badira, nominaren ordainketa, eta enpresa baten bidez kontratatzen badira, fakturaren ordainketa) entitate eskatzaileak egin beharko ditu.

Deialditik baztertu da eragileen eskaera.

g) Partzuergoen kudeatzailetza kontratatzea

Kontzeptu honetan langileen gastuak izanen dira diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak.

1.2.3. Laguntzaren zenbatekoa

Funts galdurako diru-laguntza:

a) kontzeptua. Gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %70, gehienezko diru-laguntza:

a.1) 560,00 euro.

a.2) 14.000,00 euro.

a.3) 8.400,00 euro.

b) kontzeptua. Prestakuntza: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %70.

c) kontzeptua. Turismo produktuaren sorrera: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %70.

d) kontzeptua. Interes turistikodun gisa deklaratutako ospakizunak: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %80.

e) kontzeptua. Festak edo ekitaldi tematikoak:

-Partzuergoek edo 5 udal edo gehiagoko batasunek antolatutako eta justifikatutako ekitaldiak, bakoitzak gutxienez %10eko parte-hartzea izanik (gutxienez 3 ekitaldi urtean toki eta egun desberdinetan): onartutako aurrekontuaren %80ekoa gehienez.

-Udalek banaka antolatutako eta justifikatutako ekitaldiak: %20 gehienez.

f) kontzeptua. Turismo eragileen kontratazioa:

f.1) Bisita gidatuak egitea: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %40, urtean 2.000,00 euroko gehienezko diru-laguntza edo zati proportzionala.

f.2) Udalak laguntzea: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %70, urtean 16.000,00 euroko gehienezko diru-laguntza edo zati proportzionala.

g) kontzeptua. Partzuergoen kudeatzailetza kontratatzea: gehienez ere onetsitako aurrekontuaren %70, urtean gehienezko diru-laguntza hauekin:

-Deialdi honetan agertzen diren jardueratatik gutxienez 7 egiten dituzten (kudeatzailetza izan ezik) eta 50.000,00 euroko aurrekontua duten partzuergoentzako, urtean 26.000,00 euroko diru-laguntza edo zati proportzionala

-Jarduerak eta/edo aurrekontua ez badira aurreko puntuan aipatutako zenbatekoetara heltzen, 18.000,00 euroko diru-laguntza edo zati proportzionala.

2.-Eskaerak aurkeztea.

2.1. Eskabideen aurkezpena.

Eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 32/192 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako moduan aurkeztu beharko dira.

Mezularitza zerbitzu pribatuak eta atzerriko posta zerbitzuak eskabideak aurkezteko onartuko dira agiriak deialdietan ezarririko epean eta moduan erregistratzen direnean eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko erregistro osagarrian edo Nafarroako Gobernuko beste edozein erregistrotan erregistratzen direnean.

2.2. Entitate eskatzailea.

Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko du proiektua garatzeko asmoa duen entitateak.

Proiektua zenbait entitatek batera garatu behar dutenean aukera hauek izanen dira:

a) Proiektuaren exekuzioa bere gain hartzen duenak aurkeztea eskaera; halakoetan, sortzen diren gastuak exekuzioa bere gain hartzen duen entitateak ordainduko ditu. Halaber, eskabidean azalduko da zatien arteko lankidetza zein erara artikulatuko den, bai eta horien legezko ordezkarien sinadura ere.

b) Proiektua garatuko duten entitateek eskabidea batera aurkeztea; bakoitzaren partaidetza zehaztuko da eta legezko ordezkarien sinadura jarriko. Halako kasuetan entitate parte hartzaile bakoitzari emanen zaio dirua, bere partaidetzaren proportzioan; gastuen frogagirietan ordaintzaile gisa agertu beharko du entitateak.

2.3. Eskabideak aurkezteko epea.

Diru-laguntza eskabideak deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean aurkezten ahalko dira.

2.4. Agiriak.

Eskaera beteko da horretarako propio eratutako formularioa betez. Formularioa eskura dago Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan:

www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Eskabideari ondoko agiriak erantsiko zaizkio:

a) Entitateari edo entitateei dagokien dokumentazioa

-Identifikazio Fiskaleko Kodea

-Turismoko erregistroan ageri diren datuak aldatu badira, ordezkaria nor den frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da. Menpekotasun organikoa frogatu behar da, eta eskatzailea dirulaguntzaren jasotzaile izendatu behar da.

-Erantzukizunpeko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

Proiektuaren azalpen memoria, honako hau bilduko duena:

-Jarduerak eta horiek zein tokitan eginen diren.

-Kontzeptuen araberako gastuen aurrekontu xehakatua. Proiektuan ekintza bat baino gehiago dagoenean, bakoitzaren kostua azalduko da.

-Gastuen aurrekontu zehaztua entitate eskatzaile bakoitzerako; adieraziko dira entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen ekintzak, bai eta gastuetako zein parte-hartze duen ere, kostua eta mota zehaztuta.

-Bisita gidatuak egiteko turismo eragileak kontratatzeko eskabideetan irekiera eta bisiten egitaraua aurkeztuko da eskabidearekin batera.

-Partzuergo turistikoak sortzen laguntzeko eragileentzako eskabideen kasuan, toki entitate sustatzaileen arteko "Akordioa" aurkeztu beharko da.

-"Kalitatea" kontzepturako eskabideen kasuan honako hau aurkeztu beharko da: kontratatutako langileek edo enpresak egin beharreko eginkizunen memoria, langile horien izena eta/edo datuak zehaztuta. Halaber, egin beharreko jardunaldi eta/edo ikastaroen aurreikuspena aurkeztu beharko da, kasua bada, eta "Banakako laguntza" kontzepturako diru-laguntza eskatzen bada, ziurtatzea 2008rako aurreikusita duten establezimenduen zerrenda aurkeztu beharko da.

-Kudeatzailetzarako laguntzak: kudeatzailetzak egin beharreko eginkizunen memoria aurkeztu beharko da eta, kasua bada, deialdia indarrean dagoen denboraldirako aurreikusi diren jarduera zehatzena.

c) Proiektuak egoki definitzeko behar diren beste agiri batzuk.

d) Beste entitate batzuek edo partikularrek proiektu bererako emandako laguntzen zenbatekoei buruzko aitorpena aurkeztu beharko du eskatzaileak; horretarako dirurik ez badago horren berri eman beharko du.

3.-Tramitazioa.

Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskabideak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak aztertuta, dagozkien zenbatekoak zehaztuko dira eta informazio hori Nafarroako Gobernuaren web gunean argitaratuko da 10 egunez, interesdunek, jaso beharreko laguntzekin proiektuak ezin direla bideratu uste badute, eskaerari uko egiten diotela jakinarazi dezaten.

Epe hori bukatutakoan, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismo zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

Eman beharreko laguntza guztien diru-zenbatekoa aurrekontuko kredituak baino handiagoa bada, laguntzen hainbanatze lineala eginen da.

Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori betetzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertu beharko da.

4.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza jaso dezakete proiektuaren garapenarekin zuzeneko lotura duten kanpoko gastu guztiek, hots, hirugarrenek fakturatuek eta, beraz, ez dute diru-laguntza jasoko bertako langileei dagozkien gastuek (kalitatea, kudeaketa eta turismo eragileak izan ezik) eta entitatearen ohiko funtzionamenduko gastuek, ibilgetua amortizatzeko dotazioak barne (ez da gehikuntzarik aplikatuko barne kostu gisa).

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da horrek eragina duen kasuetan.

5.-Ematea eta ordaintzea.

Laguntzak onartzearekin batera, %70eko aurrerakina ordainduko da. Aurrerakina 60.000 euro baino gehiago denean, berme bat ezarriko da.

Diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten agiriak 2008ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko ditu onuradunak. Gainera, gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta eginiko jardueren ordainagiriak ere eman beharko dira.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioak egiaztatzen badu proiektuaren %75 baino gutxiago burutu dela horretarako arrazoirik izan gabe, proiektuak kontzesiorako arrazoia galdu duela ulertuko da eta ofizioz deuseztatuko da laguntza; ordaindutako aurrerakina itzultzeko eskaera tramitatuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, salbu eta burututako portzentajeak proiektuaren helburua aldarazten ez badu."

6.-Onuradunen betebeharrak.

6.1. Deialdi honetan ezarritako epearen barruan, egin diren gastuak justifikatu behar dira. Horretarako, nominak eta langileen gastuak eta fakturak aurkeztu behar dira (originala eta kopia edo kopia konpultsatua), fakturako kontzeptuak beraien sozietatearen xedea duten pertsona fisiko edo juridikoek eginak. Ordainketa egin dela frogatzen duten banku-agiriak ere aurkeztu behar dira, fakturazioko betebeharrak arautzen dituen araudia onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak, bidezkoa bada. Frogagiri horiei zenbakizko segida jarri beharko zaie eta, horiekin batera, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak emandako formularioa aurkeztu beharko da. Bertan zehatz-mehatz adieraziko dira diru-laguntzen xede diren proiektuak.

6.2. Diruz lagundutako jarduera ez bada deialdian ezarritako epean egiten, onuradunak horren berri eman beharko dio Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari 2008ko abuztuaren 30a baino lehen. Ez badu hala egiten, onuradunak ezin izanen du hurrengo deialdietan kontzeptu horretarako laguntzarik eskatu.

6.3. Diruz lagundutako jardueraren bitartez lortutako sarrerak eta azkenean jasotako diru-laguntzak aitortzea edo, kasua bada, sarrera eta diru-laguntza eza.

6.4 Idatzizko kontratua azpikontrataturiko jarduera 60.000 eurotik gorakoa denean.

6.5. Diruz lagundutako jardueren memoria eta aurreikusitako helburuen betetze maila baloratuko duen azken balorazioa aurkeztea.

Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuaren lurraldeko ordezkaritzarako laguntzen kasuan, epearen eta Nafarroako SCTE sektoreen egoeraren balorazio txostena aurkeztu beharko da, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari atal honetako jarduerei buruzko egoki juzgatzen dituen iradokizunekin.

6.6. Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela azaldu beharko da. Jarduera honetarako sortzen diren euskarri guztietan Nafarroako ikur turistikoa erabili beharko da, Turismoko Marketinaren Zerbitzuak ezarritako irizpideei jarraikiz.

6.7. Deialdi honen xede diren proiektuei buruzko argitalpenak (proiektuen parte direnak) Nafarroari buruzko irudi bakarra zabaltzeko Turismoko Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen jarraibideen arabera egin beharko dira.

6.8. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aipatutako gainerako betebeharrak.

6.9. Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskabide-orriaren bidez egin beharko dira eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

6.10. Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekiko betebeharrak ordainduta izatea.

7.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honen bidez emandako dirulaguntzak eta haien onuradunak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren web-orrian eta departamentuak argitaratzen diren buletin turistikoetan agertuko dira.

8.-Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan aurreikusitako kasuetan itzuli beharko dira jasotako dirulaguntzak.

9.-Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek eta beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Onuradunak hartutako laguntzen eta sarreren zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa baldin bada, deialdiko laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, jardueraren kostua gainditzen duen zenbatekoan.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, espedienteko interesdunek (administrazio publikoak ez badira) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpenaren ondoko egunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi errekurtsoa egin dezakete, Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren ondoko egunetik hasita. Halaber, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egin daiteke aldez aurretik, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarri modu eta epean".

Iragarkiaren kodea: F0805411