I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
45/2008 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, establezimendu turistikoek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko eta mantentzeko laguntzen 2008ko deialdia onesten duena.
Nafarroako turismo sektoreak erabiltzaileendako zerbitzuetan kalitate maila handia eskaini beharra bizi du azken aldi honetan.
Alde horretatik, Foru Komunitatearen helburu nagusietako bat da zerbitzuen kalitatea handitzen lagunduko duten ekintzak ahalbidetu eta bultzatzea, horretarako sektoreko enpresaburuekin batera lan eginez. Horregatik, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak enpresaburuek arlo horretan egin dituzten jarduketetarako diru-laguntzak eman ditu azken urteotan, bai inbertsioak egiteko, bai ziurtagiriak eman edo sustapena egiteko.
Aurten beste jarduketa batzuetarako diru-laguntzak emanez bultzatuko den lan ildo hori bat dator Turismoko Idazkaritza Nagusiak segitzen duenarekin, eta denek batera lan egitearen alde agertzen jarraitzen du, horrela Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate maila handia lor dezaten. Q arauak UNE arau bihurtzeak ere laguntzen du horretan, arrakastaz ekin baitzaio horri turismoaren esparruan.
Hala bada, beharrezkoa da Q markaren ezarpena bultzatzen eta horretarako laguntza ematen jarraitzea. Alde horretatik, kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko eta mantentzeko laguntzari eusten zaio eta, ematen den laguntza hobetzearren, deialdi honek zabaldu egin du diruz lagundutako jarduketen esparrua, hain zuzen ere markaren erabilerari eta horrekiko atxikipenari, laguntza teknikoari eta marka berritzeko laguntzari lotutako alderdiak sartuz. Hori guztia lagungarria izanen da Nafarroako turismoaren irudi orokorra hobetzeko, kalitateko destino gisa hedatuko baita, enpresaburuen laguntzarekin eta kalitatearen kudeaketarako ereduak eta gaur egungoak erabiliz.
Deialdi hau lehiarik gabeko konkurrentzia bidez ebatziko da, izan ere, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskabidek betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Gero, diru-laguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da. Horren xedea da ahalik eta enpresa kopuru handienak burutzea ziurtagiria lortzeko prozesua eta, ziurtagiria lortu ondoren, horri eustea aurrerago ere. Orain arteko esperientziak erakutsi digu badirela oraindik enpresa batzuk lan ildo horren alde egin, kudeaketa hobetzeko bide den aldetik, baina prozesua burutzera iristen ez direnak. Laguntza hau, hainbanaketa txiki bat egon ala ez, hasitako prozesua burutzeko pizgarria da.
Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1.-Turismoaren arloko ETEek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortu eta mantentzeko laguntzen 2008ko deialdia onestea, bai eta deialdiaren oinarri arau-emaileak ere. Foru agindu honen eranskinean daude.
2.-Diru-laguntza horietarako gehienez ere 37.000,00 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Kalitatearen "Q" marka lortzeko ETEentzako laguntzak" izeneko A10001 A1120 4709 432302 kontusailaren kargura.
3.-Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Foru agindu hau Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Kontu Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko martxoaren 14an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.
ERANSKINA
Turismoaren arloko ETEek Nafarroan dituzten establezimenduek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria lortzeko eta mantentzeko laguntzen 2008ko deialdiaren arauak
1.-Xedea.
Deialdi honen bidez Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiriak lortu eta mantentzea bultzatu nahi da.
2.-Aurrekontuko dotazioa eta laguntzak emateko prozedura.
2008ko gastuen aurrekontuan xede horretarako kontusail bat dago, 37.000 eurokoa, "Kalitatearen Qa lortzeko ETEentzako laguntzak" izenekoa (A10001 A1120 4709 432302 kontusaila).
Diru-laguntza eskaerek deialdi honi esleitutako kontusaileko dirua gainditzen badute, diru-laguntza kopuruak hainbanatu eginen dira, dagoen diruari egokitzeko.
3.-Onuradunak.
Foru agindu honetan azaltzen diren laguntzak eskuratzen ahal dituzte turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak), baldin eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean establezimendu turistiko arautu gisa erregistratuta badaude Turismoko Erregistro Ofizialean. Enpresa horiek deialdi honen indarraldian gutxienez egon beharko dute inskribatuta.
ETE bat zer den argitu nahi izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa eta hori ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartuko dira kontuan.
4.-Laguntzen barruan sartzen diren jarduketak eta erreferentzia aldia.
Deialdi honen bidez laguntza emanen da ICTEk bultzatzen duen kalitate turistikoaren Q markaren ziurtagiria ezarri, lortu eta berritzeko egin behar den gastu arrunterako eta, zehazki, honako hauetarako:
a) Markari atxikitzeko kuota.
b) Aholkularitzako laguntza teknikoa (kanpokoa, presentziala eta on line), hurrengo atalean aipatzen diren ezarpen eta/edo berrikuntzetarako (kontzeptu honetatik kanpo gelditzen dira azken urteotan ICTE Delegazioaren laguntza teknikoa jaso duten establezimenduak, delegazio horrek emandako eta sustapenerako laguntzak emateko kontuan hartutako zerrenden arabera).
c) Ziurtapenerako kanpoko auditoriaren gastuak (edo ziurtapena jasoa duten establezimenduei Q/UNE arau berriaren araberako ziurtagiria emateko auditoriakoak) eta bigarren, hirugarren edo laugarren aldiz berritzeko auditoriakoak.
d) Zein urtetarako berritu nahi den, urte horretan marka erabiltzeko eskubidearen kuota.
Ondorio horietarako, 2007ko azaroaren 1etik 2008ko urriaren 31ra arte fakturatutako gastuak, denbora horretan auditatu eta ziurtatutako establezimenduei dagozkienak, honen barruan sartzen dira.
5.-Laguntzen zenbatekoa.
Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izanen dira:
a) Atxikitze kuota: gastuaren %50 arte.
b) Kanpoko aholkularien laguntza teknikoa: gastuaren %70, baina diru-laguntza hau gehienez:
-4.000,00 euro ziurtagiria lortzeko laguntzagatik.
-2.000,00 euro ziurtagiria berritzeko eta arau berriaren araberako ziurtagiriak lortzeko laguntzagatik.
c) Auditoriak: gastuaren %70 arte ziurtagiria lortzeko auditoriaren gastuagatik, eta %50 ziurtagiria bigarren, hirugarren edo laugarren aldiz berritzeko auditoriak eta ziurtagiria baduten establezimenduei Q/UNE arau berriaren araberako ziurtagiria emateko auditoriak direnean.
d) Marka erabiltzeko eskubidearen kuota: gastuaren %50 arte.
Laguntza hauek ez dituzte hartzen auditorearen eta kanpoko aholkularien egonaldi, mantenu eta joan-etorriko dieten gastuak.
Diru-laguntza kalkulatzerakoan Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da.
6.-Araubide juridikoa.
Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu horrek "de minimis" laguntzei buruzko EEaren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru urteko epean. Horretarako, enpresak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.
7.-Laguntzen bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek edo beste administrazio publikoek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Dena dela, jasotako diru-laguntza guztien zenbatekoa diruz lagundutako jardueren kostua baino handiagoa bada, behar den zenbatekoa kenduko zaio diru-laguntzari.
8.-Epeak, eskaerak eta agiriak aurkeztea.
Eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 32/192 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako moduan aurkeztu beharko dira.
Mezularitza zerbitzu pribatuak eta atzerriko posta zerbitzuak eskabideak aurkezteko onartuko dira, baldin eta agiriak deialdietan ezarririko epean eta moduan erregistratzen badira Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko erregistro lagungarrian edo Nafarroako Gobernuko beste edozein erregistrotan.
Eskaera aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Identifikazio fiskaleko kodea.
b) Entitatearen legezko ordezkariaren aitorpen idazkia, azkeneko hiru urteetan -aurtengoa barne- Administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko "de mínimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.
c) Erantzukizunpeko aitorpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.
d) ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita dagoela frogatzeko.
e) Aurrekontua, kontzeptuen arabera zehaztua.
Agiriak aurkeztean komeni da ingurumenaren arloko praktika egokiak kontuan hartzea, baliabideen zentzuzko erabileran laguntzeko, esate baterako paper birziklatu eta klororik gabe zuritua erabiltzea eta orriak bi aldeetatik inprimatu edo fotokopiatzea.
9.-Eskaeren tramitazioa.
Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.
Eskaerak aztertutakoan, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismo zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.
Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori jakinarazpena egin gabe bukatzen bada, eskaera baztertu egin dela ulertu beharko da.
10.-Gastua justifikatzea eta laguntzak ematea.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak onetsitako diru-laguntza ordainketa bakar batean emanen da, ondoko hauek aurkeztu eta gero: laguntzak justifikatzeko eskabide orri formalizatua eta gastuen fakturak (jatorrizkoa eta kopia edo kopia konpultsatua) eta bankuko ordainagiriak eta, hala denean, kalitateko "Q" marka (1) lortu izanaren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE) edo erakunde eskudunak luzatua edo ziurtagiria berritzeko auditoria pasatu izanarena.
Agiri horiek 2008ko azaroaren 15erako aurkeztu beharko dira.
11.-Onuradunen betebeharrak.
Hona hemen laguntza hauen onuradunen betebeharrak:
a) 2008ko azaroaren 30a baino lehen egindako gastuak justifikatzea fakturak aurkeztuz (jatorrizkoa eta kopia edo kopia konpultsatua) eta horien ordainketa frogatzen duten agiriak, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak.
b) Diruz lagundutako jarduera ez bada deialdian ezarritako epean egiten, onuradunak horren berri eman beharko dio Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari 2008ko abuztuaren 30a baino lehen. Ez badu hala egiten, onuradunak ezin izanen du hurrengo deialdietan kontzeptu horretarako laguntzarik eskatu.
c) Idatzizko kontratua aurkeztea azpikontrataturiko jarduera 60.000 eurotik gorakoa denean.
d) Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskabide orriaren bidez egin beharko dira eta Erregistro Publikoan aurkeztu.
e) Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak eguneratuta izatea.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aipatutako gainerako betebeharrak.
g) Gastua Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak diruz lagundu duela aditzera eman beharko da eta, sustapenerako materialean, halakorik eginez gero, Foru Komunitateko marka turistikoa jarri beharko da, Turismo Zuzendaritza Nagusiko irudiaren eskuliburuan ezarritako arauei jarraikiz.
12.-Diru-laguntzen publizitatea.
Deialdi honen bidez emandako diru-laguntzak eta haien onuradunak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren webgunean eta departamentuak argitaratzen dituen buletin turistikoetan agertuko dira.
13.-Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan aurreikusitako kasuetan itzuli beharko dira jasotako diru-laguntzak.
14.-Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari zuzendua. Bi errekurtso hauek deialdia eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean jarri beharko dira, hurrenez hurren.
(1) Ziurtatze batzordearen atzerapen administratiboaren ondorioz enpresa batek ez badu ziurtagiria deialdi honetan ezarritako epean lortzen, auditoriako txostena kontuan hartzen ahalko da salbuespenez, baldin eta alde orotan adostasuna ematen badu.
Iragarkiaren kodea: F0804658