51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 7an emandako 34/2008 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bide, ubide eta portuetako ingeniari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzekoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 7an emandako 34/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bide, ubide eta portuetako ingeniari lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta burutzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako arauak.

1.-Deialdiaren xedea

1.1. Deialdi honen xedea oposizio bidez bide, ubide eta portuetako ingeniari lanpostu bat betetzea da. Lanpostua funtzionario araubidekoa da, A mailakoa. Plantilla organikoan 5422 zenbakia du, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari atxikita dago eta Iruñean aritzekoa da.

1.2. Lanpostuak A mailarako oro har ezarrita dauden lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Halaber, deialdi honen bidez hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatuko da, deialdi honetako 9. arauan xedaturikoarekin bat.

2.-Betebeharrak

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Bide, ubide eta portuetako ingeniariaren titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek ez dute izanen beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren hiritartasuna eta nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 25 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar bezala betetako ordainketa-gutunaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko. Arestian aipatutako webgunean, deialdiaren iragarkian, ordainketa-gutunaren eredua dago.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 00308124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonek, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako dirusarrerarik ez duela interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Internet bidez, arestian emandako helbidean.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5.-Epaimahaia

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Cristina Presmanes Zataráin andrea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: José Francisco López García jauna, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Ataleko burua.

-Mahaikidea: Jesús González Albero jauna, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Bide eta Eraikuntza Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Estela Moso Sarasa andrea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Bide eta Eraikuntza Zerbitzuko Kontzesio Obren Ataleko burua.

-Mahaikidea: Jesús Usechi Santamaría jauna, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Obren I. Ataleko burua.

-Ordezkoa: María Carmen González Martínez andrea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraioko Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko burua.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langile Batzordeak proposatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langile Batzordeak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Maite Ezkurra Mata andrea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

-Ordezkoa: Martín Orradre Artieda jauna, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioaren nondik norakoak

6.1. Oposizioa 2008ko urrian hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

-Lehen ariketa: praktikoa, gai zerrendako II., III. eta IV. zatietako gaiekin lotuta proposatuko bi kasu idatziz garatu beharko dira, gehienez ere bost orduan.

-Bigarren ariketa: teorikoa. Gehienez ere 4 orduz bi gai idatziz azaldu beharko dira. Zozketaz aukeratuko dira, gai zerrendako III. zatitik bata eta IV. zatitik bestea.

-Hirugarren ariketa: teorikoa. Gehienez ere 4 orduz bi gai idatziz azaldu beharko dira. Zozketaz aukeratuko dira, gai zerrendako I. zatitik bata eta II. zatitik bestea.

Epaimahaiak eskubidea du oposizioko proba bakoitzean hautagaiei ariketak jendaurrean irakurrarazteko. Halaber, epaimahaiak ariketa horien edukiei buruzko azalpenak eska ditzake, edo horri buruzko galderak egin.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

-Lehen ariketa: gehienez 40 puntu. Kasu bakoitzak 20 puntu izanen ditu gehienez.

-Bigarren ariketa: gehienez 30 puntu. Gai bakoitzean gehienez 15 puntuko balorazioa ematen ahal da.

-Hirugarren ariketa: gehienez 30 puntu. Gai bakoitzean gehienez 15 puntuko balorazioa ematen ahal da.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Gutxienez ere ariketa bakoitzak daukan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak baztertu eginen dira, baita gai edo kasu praktikoetako batean punturik jasotzen ez dutenak ere. Era berean, baztertu eginen dira hirugarren ariketan bigarren zatiko gaiari dagokion puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

6.5. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala edo baliokidea, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak baliozkotzat jotzen duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Azterketara agertzen ez direnak edo nor diren adierazitako moduan frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta proba egin den tokian argitaratuko du hura gainditu dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioak adierazita, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dizkio oposizioa gainditzen dutenen zerrenda eta puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, lehenengo ariketan puntu gehien lortu dutenen alde joko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak inprimaki berariazko batzuk jaso, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.

d) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

e) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

f) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Baldin eta izangaia bada deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa, goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, sarrera, antzinatasun, maila, egoera administratibo eta abarri buruzkoa.

7.2.2. Izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa bada:

a) Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Arestiko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere arestiko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzeko baldintzak eta betebeharrak frogatzeko nahitaezko agiriez gainera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 7.2 arauan ezarritako moduan ekarri beharko du.

8.-Izendapena, lanpostuaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, arestiko arauetan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, bide, ubide eta portuetako ingeniari lanetan aritzeko, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioentzat indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Arestikoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, izendatua Nafarroako administrazio publikoen edozein bahituretxetako eskubide pasiboen araubidekoa bada, bi aukera izanen ditu: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko bahituretxean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Izendatutako izangaiak destinoko herrian bizi beharko du, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko du bizileku finkoa. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den arautegian ezarritakoarekin bat.

8.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.5. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia lanpostuaz jabetzen ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangaiari, funtzionario bilakatu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data hartan beste administrazio publiko batean ari delako, dagokion lanpostu hutsa deialdiko 7.4 atalak agintzen duen bezala beteko da.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan eta arau honexetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

9.2. Epaimahaiaren espedientea jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azkenaurreko ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

a) Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.

Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta langileen zerrendak Nafarroako Gobernuko iragarki-oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

9.3. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

9.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azkenaurreko ariketa gainditu bai baina lanposturik gabeko gaindituen zerrendan ez daudenen zerrenda.

9.5. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen eta bere arauen kontra eta arauak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2008ko apirilaren 7an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izena ..........................., adinez nagusia; NAN zenbakia (edo horren baliokidea den nortasun agiriarena) .........................., sorteguna ....................., sorlekua .............., nazionalitatea ................, bizilekua ......................(...................), kalea .............................., posta kodea .................., telefonoa ..........., laneko telefonoa ............

Honako hau azaltzen dut:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko .............. izateko ...............lanpostu ....................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onartua izatea eskatzen dudala, aipatu txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ................egunean).

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Ezgaitasunen bat dutenendako txanda*

Hautaprobak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, honako esparruotako batean:

f Administrazio erroa*

f Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua*

f Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua*

(Esparruetako bakar bat aukeratu daiteke).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan eta ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitua naizelakoz, orri bereizi batean adierazten ditudan denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ditudala.

f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala*

f Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen dudala*

f Frantseseko eta ingeleseko nahikotasun frogak egitea eskatzen dudala*

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean, 200..ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

(*) Bidezkoa bada.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: Estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan.

2. gaia.-Zuzenbide Publikoaren iturburuak: legeak eta lege motak. Dekretu legeak. Legegintzako foru dekretuak. Nazioarteko itunak.

3. gaia.-Administrazio Zuzenbidearen iturburuak: erregelamendua eta erregelamendu-ahalmena. Erregelamendu motak. Erregelamendu-ahalmenaren mugak eta haren kontrola.

4. gaia.-Administrazio egintza (I): kontzeptua, motak eta osagaiak.

5. gaia.-Administrazio egintza (II): Administrazio egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

6. gaia.-Administrazio prozedura erkidea (I): kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera.

7 gaia.-Administrazio prozedura erkidea (II): Administrazioarekiko errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

8. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa: prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Atariko titulua.

9. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolakuntza eta eginkizunak.

10. gaia.-Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko Foru Legea.

11. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legea.

12. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Comptos Ganbera. Nafarroako Kontseilua.

13. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea.

14. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): karrera administratiboa. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

15. gaia.-Nafarroako Ogasun Publikoa: Nafarroako Ogasun Publikoaren eskubide eta betebeharrak. Nafarroako aurrekontu orokorrak: edukia eta onespena; gastuen sailkapen ekonomikoa; betearaztea eta likidazioa.

16. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuak: araubide juridikoa. Administrazio kontratuak: kontzeptua eta motak. Kontratuak esleitu, hobetu, sinatu, bete, aldatu eta iraungitzeko arau orokorrak.

17. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea.

II. zatia.

1. gaia.-Lurraldearen antolamendua. Kokagunea eta garapen ekonomikoa. Gunearen antolaketa: herrialdeak eta eskualdeak. Biziguneen eta ekoizpen eremuen egitura, harremanak eta menpekotasunak.

2. gaia.-Lurralderako politikak eta administrazioen koordinazioa. Oinegiturak lurraldearen giltzarriak diren aldetik. Plangintza eta planeamendua. Lurraldearen antolamendua eta garraioa batera planifikatzea. Trafiko sareak eta lurraren erabilerak ebaluatzeko ereduak. Mugikortasunerako planak.

3. gaia.-Nafarroa: egitura fisikoa eta geografikoa. Haren natur baliabideak eta gune babestuak. Hirietako lurralde egitura.

4. gaia.-Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioak. Xedeak. Eragina ebaluatzeko irizpide eta oinarriak. Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak egiteko metodo eta ereduak. Indarra duen arautegia.

5. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek ingurumenean esku hartzeko moduak.

6. gaia.-Lurraldearen antolamenduko tresnak. Nafarroako lurralde estrategia. Lurraldea antolatzeko planak. Lurralde ekintzarako plan gidariak eta udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak: kontzeptua, edukia eta tramitazioa.

7. gaia.-Nafarroako Lurralde Estrategiarako proiektua. Lurraldea garatzeko ereduaren definizioa. Estrategiak, jarraibideak eta neurriak.

8. gaia.-Udalen hirigintza planeamendua. Hirigintza antolatzeko zehaztapenak. Udalen plan orokorra: xedea, motak, edukia eta izapidaketa.

9. gaia.-Garapenerako planeamendua; plan partziala, plan berezia, sektorizazio plana, xehetasun azterlana, katalogoak eta ordentzantzak: kontzeptua, edukia eta tramitazioa.

10. gaia.-Lurzoruaren hirigintza-araubidea: lurzoruaren sailkapena eta kalifikazioa. Lurzoruaren jabeen eskubide eta eginbeharrak. Lurzoru urbanizaezineko araubidea.

11. gaia.-Informazio geografikorako sistemak. Definizioa. Informazio geografikorako sistema baten osagaiak. Eredu kartografikoa. Motak. Erabilerak.

12. gaia.-Lurraldeari buruzko informazio sistemak. Informazio geografikorako sistema batekiko ezberdintasunak. Ezarpena. SITNA: ezaugarriak eta eginkizunak.

13. gaia-Burdinbideen sektoreari buruzko legea. Espainiako burdinbide sarearen berritzea. Oinarrizko ildoak. Jarduketak Nafarroan.

14. gaia.-Burdinbide-pasaguneak kentzea. Arauak. Babes motak. Haren egoera Nafarroan.

15. gaia.-Garraioen Liburu Zuria. Jarraibideak. Burdinbide arloko jarduketa nagusiak.

16. gaia.-Bidea. Atalak. Eginkizunak. Ezaugarriak. Geometria. Trazadurari buruzko arautegia (bidea eta plataforma).

17. gaia.-Segurtasuna eta osasuna herri lanen sektorean. Indarra duen araudia. Eraikuntza lanetako segurtasunaren eta osasunaren azterlanak. Helburua, edukia. Laneko segurtasun eta osasun plangintza.

18. gaia.-Obra lineal bat eraikitzeko proiektua prestatzeko agindu teknikoen agirien egitura eta edukia.

19. gaia.-Azterlan informatiboa: garraio-oinegitura baten azterlan informatiboa prestatzeko egin beharreko lanen zerrenda.

20. gaia.-Obra lineal bat eraikitzeko proiektuaren drainatze azterlana. Irizpideak. Drainatze motak.

21. gaia.-Obra lineal bat eraikitzeko proiektu baten azterlan geologikoa eta geoteknikoa. Kanpainia geoteknikoa: ezarri eta emaitzak aurkeztea.

22. gaia.-Obra lineal bat eraikitzeko proiektu batean oinegiturak kalkulatzea. Azterlan geoteknikoa. Tipologiaren kalkulua. Agiriak.

23. gaia.-Obra lineal bat eraikitzeko proiektu batean tunelak kalkulatzea. Trazadura. Eredu sekzioa. Geologia eta geoteknia. Eraikuntza sistema. Zerbitzu sareak.

24. gaia.-Obra lineal bat eraikitzeko proiektu batean trazadura geometrikoaren, lur mugimenduaren eta zoladuren azterlana.

25. gaia.-Mapagintza eta topografia proiektuak prestatzean. Obra lineal bat eraikitzeko proiektu batean azterlan klimatologikoa eta hidrologikoa.

26. gaia.-Errepide berrietako segurtasunaren auditoretza. Betebeharrak. Errepideetako segurtasunaren auditoretzak egiteko aldiak.

27. gaia.-Abian diren errepideetako segurtasunaren auditoretza. Kontzeptua. Egiteko egoera. Prozesua. Aintzakotzat hartu beharreko kontuak.

28. gaia.-5/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Errepideei buruzkoa: horren egitura eta edukiaren azterketa.

III. zatia.

1. gaia.-Trafikoaren azterketa. Aforoak. Inkestak. Trinkotasunaren azterketak.

2. gaia.-Errepideen ezaugarri geometrikoak. Trazadura aztertzeko oinarrizko datuak. Trazadura oinplanoan eta aurretiko bistan.

3. gaia.-Nafarroan eta Espainian eskuratzen ahal diren mapak. Motak. Eskalak.

4. gaia.-Lotune bat proiektatzeko datuak. Motak. Proiektu irizpideak. Osagaiak.

5. gaia.-Errepideetako trazadurari buruzko oraingo arauak. Zeharkako sekzioa. Errepidearen oinplano eta aurretiko bistaren arteko koordinazioa. Erosotasunari eta segurtasunari buruzko arazoak.

6. gaia.-Bidegurutzeak. Definizioa eta funtzionamendua. Sailkapena. Proiektu irizpideak.

7. gaia.-Lastertasunaren eta trinkotasunaren gaineko azterlanak. Gaitasuna eta zerbitzu mailak etengabeko zirkulazioan. Trafikoaren bestelako azterketak.

8. gaia.-Bidegurutze motak. Osagaiak: adarrak, oinezkoen babesguneak, azelerazio eta desazelerazio bideak, erdibitzaile irekiak.

9. gaia.-Lotuneak. Definizioa eta osagaiak: Adarrak. Egiturak. Bide biltzaile eta banatzaileak.

10. gaia.-Azterlan geologiko eta geoteknikoak. Deskripzioa, helburua eta ezaugarriak. Landa-lanetako azterketa geologikoak. Materialen iturriak.

11. gaia.-Higadura. Ezpondak. Drainatze motak eta diseinua.

12.-Zelaitzeak: aurretiazko ekintzak. Erauzi, kargatu eta garraiatzea. Eraikuntza.

13. gaia.-Azterlan geologiko eta geoteknikoak egiteko ikerketa metodoak.

14. gaia.-Azterlan hidrogeologikoak eta drainatzeari buruzkoak. Gainazaleko uraren husketa.

15. gaia.-Zelaitzeen kalitatearen kontrola. Bukatu eta birfintzea. Higaduraren kontrako babesa. Masa diagrama. Arauak eta zehaztapenak.

16. gaia.-Errepideetako tunelak. Proiektu irizpideak. Zaindu eta mantentzea.

17. gaia.-Zoladura malguak. Proiektu irizpideak. Egituraren azterketa. Granulu-geruzak.

18. gaia.-Zoladurak: granulu-geruzak. Geruza egonkortuak eta oinarri tratatuak.

19. gaia.-Azaleko tratamenduak. Erabiltzen diren materialak. Materialei buruzko arau eta zehaztapenak. Eraikuntza.

20. gaia.-Nahasketa bituminosoak. Erabiltzen diren materialak. Materialei buruzko arau eta zehaztapenak. Eraikuntza.

21. gaia.-Zoladura latzak. Proiektu irizpideak. Egituraren azterketa. Erabiltzen diren materialak.

22. gaia.-Hormigoizko zoladurak. Materialei buruzko arau eta zehaztapenak. Eraikuntza.

23. gaia.-Obren zuzendaritza. Kalitatearen, diruaren, epeen, segurtasun eta osasunaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenetako zehaztapenen kontrola aurretiazko fasean begiratzeko prozedura eta antolaketa.

24. gaia.-Errepideetako tunelak egitea. Instalazio sarea.

25. gaia.-Arrisku indizeak. Motak. Istripuen azterketak: istripu ugariko tarteak eta arriskutsuak izan litezkeenak.

26. gaia.-Abian diren errepideetako segurtasunaren neurketak. Jarduketen azterketa orokorra. Jarduteko lehentasunak.

27. gaia.-Errepidearen zainketa eta ustiaketa. Jarduera multzoak. Planak, programak eta jarduketak.

28. gaia.-Obrak kontrolatu eta burutzeko teknikak. Kontrol sistemaren antolaketa. Egin beharreko jarduerak.

29. gaia-Osagai lagungarriak: argiztapena. Babeserako osagaiak. Zerbitzu osagarriak. Informazioa.

30. gaia.-Oinegitura. Fabriketako obrak eta metalezkoak. Sustapen Ministerioaren jarraibideak.

31. gaia.-Zainketa metodoen antolakuntza. Sistemaren orotariko eskema. Negu aldeko erabilgarritasuna.

32. gaia.-Seinale bertikalak, errepideetako markak, balizatze seinaleak.

33. gaia.-Hormigoiztatzeko instalazioak. Obran hormigoia kontrolatzea. Gehigarriak. Juntak eta txertoak. Auskultazioa.

34. gaia.-Kalitatearen kontrol estatistikoa. Obrak kontrolatzeko laborategiak. Kalitatea harreran. Erabiltzeko arauak.

35. araua.-Obra burutzeko fasea eta azken fasea: kalitatearen, diruaren, epeen, segurtasun eta osasunaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenetako zehaztapenen kontrola begiratzeko obretako zuzendaritzaren prozedura eta antolaketa.

36. gaia.-Autobideen kudeaketa eta finantzaketa. Kudeatu eta finantzatzeko ereduak. Kontzesio sistema Espainiako errepideetan.

37. gaia.-Obren programazioa. Gantt-en grafikoa. Pert metodoa. Bide kritikoa.

IV. atala.

1. gaia.-Eguzki erradiazioa. Tenperatura eta intsolazioa. Eguratseko presioa. Hezetasuna. Eguratseko perturbazioak. Euriaren sorrera. Euri tasen aldakortasuna. Araubide plubiometrikoak. Batez besteko euri tasen legeak. Ura elur gisa erortzea. Euri artifiziala.

2. gaia.-Lurrintzea. Kontzeptua eta faktoreak. Transpirazioa: kontzeptua, faktoreak eta neurketa. Ebapotranspirazioa, egiazko eta balizko ebaporatranspirazioak.

3. gaia.-Urtaroak. Neurtzeko tresnak. Erradiazioa, tenperatura, intsolazioa, presioa, hezetasuna, haizea, elurra eta euria neurtzea. Behatoki sareak.

4. gaia.-Aforoak ur ibilbideetan. Limnimetroak edo eskalak. Garaierak eta emariak doitzea. Limnigrafoak. Motak. Zuzeneko aforoen motak.

5. gaia.-Hidrograma. Hidrogramaren forma eta osagaiak. Hidrogramaren forman eragina duten faktoreak. Agortze kurba.

6. gaia.-Erregulazio obra hidraulikoak. Ura lur gainean hartzea. Presak. Urtegiak.

7. gaia.-Aforoko estazioak. Motak. Tokiak. Estazio sare bat ezartzea. Aforoetako datuak: tratamendua, datuak osatzeko metodoak.

8. gaia.-Ura lur azpian hartzea. Putzuak: kontzeptuak eta motak. Zundaketak, galeriak.

9. gaia.-Ibaien ibilbideen babesa. Ura bideratzeko teknikak. Ibai-ibilbideak zuzendu eta erregulatzea. Uholdeen kontrako babesa.

10. gaia.-Ekologia. Ekosistemen batasuna. Populazioa eta komunitatea. Energiaren fluxua eta gaien zikloa: kate trofikoak. Aniztasuna eta egonkortasuna. Endekatze eta ordezte ekologikoak. Gizakiak eta ekosistema. Ekosistema gizatiartuak: naturgunearen gaineko eragina.

11. gaia.-Urei buruzko Legea. Oinarriak. Egitura. Garatzeko erregelamenduak.

12. gaia.-Uholdeak. Gehieneko emariak aldez aurretik zehaztea. Zuzeneko metodoak. Enpirikoak, estatistikoak eta hidrologikoak. Laminazioa kalkulatzeko metodo hidrologikoak.

13. gaia.-Uraren administrazioaren antolamendua Espainian. Mailak.

14. gaia.-Ubideak. Estaldura dutenak eta ez dutenak, faktoreak. Ubidearen tamainaren, edukieraren eta babesaren aldaketa.

15. gaia.-Lehortea. Lehorteak kontrolatu eta aurreikustea. Ur baliabideak gehitzeko teknikak.

16. gaia.-Urak hartzen ahal dituen eremuen antolaketa eta planeamendu berriko eremuetan onartzen ahal diren lur erabilerak, Uraren Liburu Zuriaren arabera (CEDEX).

17. gaia.-Plan hidrologiko baten prestakuntza. Baliabideak. Uraren eskaria. Kontsumoa. Hirietako, nekazaritzako, industrietako, argindarreko, ekologiako, jolasetako eta abarretako eskaria. Geroko aurreikuspenak. Hautabideen azalpena.

18. gaia.-Lur azpiko ura Nafarroan. Ur balantzea. Unitate hidrogeologikoak eta akuifero nagusiak.

19. gaia.-Ur konfederazio eta komisariak. Erabiltzaileen batasunak. Ebroko eta Iparraldeko arroetako plan hidrologikoak Nafarroan.

20. gaia.-Lur azpiko uraren kalitatea eta kutsadura Nafarroan. Kutsatzen ahal diren akuiferoak. Akuiferoak babesteko neurriak.

21. gaia.-Plan hidrologiko baten prestakuntza. Etapak. Helburuen azalpena. Datuen inbentarioa. Baliabideak.

22. gaia.-Ubideak. Estaltzea. Estaltzeko juntak. Lur igeltsudunetako ubideak. Ubidearen drainatzea. Ubideko obra bereziak. Nafarroako Ubidea.

23. gaia.-Uren kutsadura. Arazteko prozesuak: prozesu motak eta prozesuko faseak.

Oharra: arlo guztietako gaiek deialdia hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu egunean zegoen legedi indardunari jarraituko diote.

Iragarkiaren kodea: F0805412