51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

721/2008 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Osasun zuzendari nagusiak emana, Osasun Departamentuak 2008an sustatuko dituen ikerketa proiektuak arautuko dituzten baldintzak ezartzen dituena.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, Nafarroan Osasun Zientzien arloko ikerketa sustatu beharraz jabetu da, Zientzia eta Teknikaren Ikerketa Sustatu eta Koordinatzeko apirilaren 14ko 13/1986 Legeak, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak eta Ikerketa biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak ezarritako esparruan, eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen Hamargarren Tituluan, "Osasun irakaskuntza eta ikerketa" izenekoan, ezarritakoa betez.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 45/2005 Foru Dekretuak Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuaren esku uzten du Osasun Zientzien arloko ikerketa eta berrikuntza teknologikoaren sustapena, Osasun Departamentuaren finantzaketarekin egiten dena, nazioko eta nazioarteko I+G+B planen barruan.

Ebazpen honen helburua da diziplina biomediko oinarrizkoei, klinikoei eta epidemiologikoei eta osasun zerbitzuei buruzko ikerketa proiektuak, bai eta osasun publikokoak ere, sustatzea, 2008an, osasun arloan eta Nafarroako Osasun Sisteman eraginik handiena duten arloetan.

Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalak luzatu duen txostena azterturik, eta Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko zuzendariak eta Ogasuneko Kontu-hartzailetzak sortutako gastua zein aurrekontu aplikaziori esleituko zaion, aplikazio hori onetsirik, bidezko da Osasun Departamentuak 2008. urtean sustatuko dituen ikerketa proiektuak arautuko dituzten baldintzak onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasun Departamentuak 2008. urtean sustatuko dituen ikerketa proiektuak arautuko dituzten baldintzak onestea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan xedatutakoari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzura eta Ikerketa Biomedikoaren Atalera.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasun kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko apirilaren 3an.-Osasun zuzendari nagusia, Enrique Martín de Marcos.

I. ERANSKINA

Arauak

1.-Osasun Departamentuak Osasun Zientzietako ikerketa proiektuak sustatuko ditu 2008an, modalitate hauen arabera:

A) modalitatea: Ortiz de Landázuri beka, oinarrizko ikerketarako, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan adierazten diren zehaztapenekin.

Modalitate honetan, hiru proiektu onenak hautatuko dira; lehenbizikoari, haren kalitatearengatik hala merezi badu, "Ortiz de Landázuri beka" izena emanen zaio, eta beste biak akzesitak izanen dira.

B) modalitatea: ikerketa kliniko eta epidemiologikoa, Foru Komunitatearentzat interesgarriak diren arloetan eta, bereziki, ebazpen honen II. eranskinean lehentasunezko arlotzat jotzen direnetan. Horretaz gainera, lehentasuna emanen zaie masa kritiko ikertzaile gutxi duten eta Osasun Sisteman garrantzitsuak diren programei, hala nola Oinarrizko Osasun Laguntzako ikerketari.

Aipatutako II. eranskineko B) modalitateko Osasun Sistemaren garapenari buruzko ikerketa proiekturik hoberenari, haren kalitatearengatik hala merezi badu, "Ikerketarako Mikel Larumbe Zazu beka" izena emanen zaio.

2.-Prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

Arauetan ezarritako ondorioetarako, proiektuak onartzeko prozedura antolatzeko eta tramitatzeko eginkizunak esleitzen zaizkio Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalari. Organo instruktorearen ebazpen proposamena zazpigarren arauan ezarritako batzorde teknikoak emandako irizpenari jarraikiz eginen da. Arauetan "organo instruktorea" aipatzen denean, Ikerketa Biomedikoaren Atalari egiten zaio erreferentzia.

Diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasun zuzendari nagusiari dagokio.

3.-Eskatzaileak.

Ikerketa proiektuak proposatzen ahalko dituzte, ikertzaile nagusi gisa, osasun zentro publikoei eta Nafarroako unibertsitateei atxikitako pertsonek. Halaber, Nafarroako irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde publiko zein pribatuetako ikertzaileek ere proposatzen ahalko dituzte.

Ikertzaile nagusia ezin izanen da Osasun Departamentuak finantzatutako proiektu batean baino gehiagotan agertu. Taldekide guztiek debekatuta izanen dute aldi berean abian diren proiektu bitan baino gehiagotan aritzea.

Prestakuntza espezializatua hartzen ari diren profesionalak ez dira proiektuko ikertzaile nagusi izaten ahalko, baina bai, ordea, ikerketa taldekide.

4.-Eskaerak.

4.1. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. agiria: ikertzaile nagusiak eta proiektua zein zentro edo erakundetan eginen den, hango legezko arduradunak sinatutako eskabidea. Proiektua hainbat zentrotan gauzatu behar bada, zentro bakoitzeko eskabide bana bete beharko da. Erreferentziako zentroa ikertzaile nagusiarena izanen da.

II. eranskineko sailkapenaren arabera, eskabide guztietan Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalean dagokien arloa azalduko da, ebaluazioari begira. Orobat, kasu guztietan, "A modalitatea (oinarrizko ikerketa)" edo "B modalitatea (ikerketa kliniko eta epidemiologikoa)" atalak beteko dira.

B modalitateko eskabideen kasuan, gainera, proiektuari dagokion lehentasunezko arloa adieraziko da, II. eranskinarekin bat.

2. agiria: ikerketa proiektuaren memoria.

3. agiria: ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea eta gainerako taldekideen curriculumen laburpena, proiekturako interes handieneko alderdiak zein diren adieraziko duena eta eskura dagoen eredu normalizatuaren araberakoa, 4.2 atalean ezarritakoari jarraikiz.

4. agiria: txosten bat, zentro edo erakundeko zuzendariak sinatua. Horren bidez, talde ikertzaileari proiektua burutzeko baimena emanen zaio. Horretan zehaztuko da zenbat ordu kontatuko diren horretarako ikertzaileen lanaldian, eskatzen diren ordu guztien artetik. Proiektuak zentro batekoak baino gehiagokoak badira, zentro horien txosten bana beharko da.

5. agiria: ikerketa zein zentrotan eginen den, hango ikerketa batzordearen txostena. Ikerketa batzorderik ez badago, txostena zentro edo erakundeko zuzendaritzak eginen du. Proiektuak zentro batekoak baino gehiagokoak badira, zentro horien txosten bana beharko da.

6. agiria: zentroko etika batzordeak luzatuko duen txostena, proiektuan gizakiak ikertzen direnean edo giza jatorriko lagin biologikoak erabiltzen direnean. Zentroan etika batzorderik ez badago, Nafarroako Foru Komunitateko Ikerketa Klinikoko etika batzordeak eginen du ebaluazioa. Saio klinikoa izanez gero, Nafarroako Foru Komunitateko Ikerketa Klinikoko etika batzordeak eta Osasun eta Kontsumo Ministerioko Sendagaien eta Osasun Produktuen Agentziak txosten bana luzatu beharko dute. Azken txosten hori eskaeraren ondoren aurkezten ahalko da, betiere 2008ko abenduaren 15a baino lehen, eta ezinbesteko betebeharra izanen da onarpenaren agiria formalizatzeko.

7. agiria: Osasun Zientzietako ikerketa sustatzeko bestelako agentzien finantzaketa baldin badago, proiektua elkarrekin finantzatu zutela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta bertan azaldu eskaera egin duen titularra nor den, proiektuaren izena, iraupena eta zenbatekoa, hala nola finantzaketa zein deialditan lortu zen.

4.2. Dokumentazio normalizatua Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalean eskuratzen ahalko da, bai eta Interneteko orri honetan ere: www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion.

5.-Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, dagokion eguneko 14:30 arte.

5.2. Eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko erregistroan aurkeztuko dira (Nafarroako Ospitaleko Irakakuntza Pabilioia), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Eskaera igortzen duen egun berean, interesdunak igorpenaren berri eman beharko dio Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuari, telefax bidez.

5.3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo instruktoreak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, beste tramiterik gabe.

6.-Proiektuen onarpena.

Batzorde tekniko batek eskaerak baloratu, eta proiektuak onartzeko proposamena eginen du. Batzorde hori Osasun zuzendari nagusiak izendatuko du eta kide hauek izanen ditu:

-Deialdiko kudeaketarekin lotutako bi pertsona.

-Nafarroako Osasun Sistemako ikerketa batzordeetako bi kide.

-Ikerketan adituak diren lau pertsona.

7.-Eskaeren balorazioa.

Batzorde teknikoak baloratuko du proiektuak eskatutako modalitatera egokitzen ote diren. Eskaerak ezetsiko ditu, edo proiektuaren gaira hobeki egokitzen den modalitatean sartuko.

Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalak Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalera igorriko ditu onartutako proiektuak, bertan baloratzeko. Ebaluazio hori Osasun zuzendari nagusiak izendatutako batzorde teknikoaren esku utzi, eta batzorde horrek proiektuak onartzeko proposamena eginen du, irizpide hauek baloratu ondoren:

1) Proiektuaren kalitatea, interes zientifikoa eta bideragarritasuna, baloraziorako kanpoko erakundeak emandako balorazio-txostenaren arabera.

2) Proiektua ebazpen honen xedeetara egokitzen den, alderdi hauek era positiboan baloratuz:

-Lehentasunezkotzat jotako arloekin bat datorren ebaluatzea, B modalitatearen kasuan.

-Proiektua egokitzen ote zaion ikertzaile taldeak finkaturik duen ikerketa ildoari. Hori baloratzeko, ikertzaileen argitalpenek izan duten garrantzi zientifikoa aztertuko da. Ikertzaile talde berriek egindako proposamenak ere aintzat hartuko dira, ikerketarako metodologiari buruzko prestakuntza dutela frogatzen badute, proposaturiko helburuak beteko direla bermatzea badago eta deialdiko gainerako baldintzak betetzen badituzte.

-Ikertzaile nagusiak bere helburuak lortu ote dituen lehenago finantzaturiko proiektuetan.

-Proiektuan zentro eta laguntza maila desberdinak lankidetzan aritzea eta diziplina anitzeko ikerketa taldeak izatea.

-Osasun Zientzietan ikerketa sustatzeko beste agentzia batzuek, ofizialki aitortuek, elkarrekin finantzatzeko baimena ematea.

-Ezarritako finantza baliabideak proiektuan proposatutako helburuetara egokitzea.

8.-Ikerketa proiektuen onarpena eta formalizazioa.

Osasun zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, eta batzorde teknikoak eginiko proposamen arrazoituari jarraikiz, Osasun Departamentuak sustatuko dituen ikerketa proiektuak zehaztuko ditu, berari eskatzen zaizkionen artean; zenbatekoa, gastu kontzeptuak eta urtesariak adierazi beharko ditu.

Ebazpena eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie, bai ikertzaile nagusiari bai ikerketa zein zentrotan burutzen den, zentro horretako zuzendariari, eta jendaurrean paratuko da, Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko iragarki oholean, bai eta Interneteko webgune honetan ere: www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion.

Ikertzaile nagusiarentzako jakinarazpenari onarpen agiria, finantzaketa egin baino lehen formalizatu beharrekoa, erantsiko zaio, behar bezala beteko da eta aipatutako Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalera igorriko da.

Proiektua onartzen ez bada, eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzeko epea hilabete batekoa izanen da, jakinarazpena jasotzen denetik aurrera.

Azken memoria, Osasun Departamentuak aurretik finantzatutako proiektuen gastuen justifikazioa barne, aurkezten ez duten ikertzaile nagusiek ezin izanen dute proiektu gehiago formalizatu.

9.-Finantzaketa.

9.1. Ikerketa proiektuetarako finantzaketa ez da 30.000,00 eurotik gorakoa izanen proiektu bakoitzeko eta urteko, eta proiektuak sortutako gastuak finantzatzeko izanen da, osorik edo hein batean.

9.2. Proiektuen iraupena, gehienez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 9ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluan inbertsioetarako ezarritakoa izaten ahalko da, bertan ezarritako baldintzak zehatz-mehatz beteta.

9.3. Ikertzaile taldeko kideek ez dute laguntzarik jasoko, ezta prestakuntza espezializatua jasotzen ari diren lizentziadunek ere.

9.4. Ikerketa proiektuan bi motatakoa izan daiteke ordaindutako laguntza.

a) Proiektuaren kontura kontratatutako langileak. Haien ezaugarriak edo gaien aukerak direla-eta laguntza ikertzaileak kontratatu behar dituzten ikerketa proiektuei 16.000,00 euro ematen ahalko zaizkie urtean, horretarako. Zenbateko horretan sartzen dira gizarte segurantzaren kuotak.

Proiektuaren konturako langileak kontratatzeko, proiektua aurkezteko baimena eman zuen zentroko edo erakundeko zuzendariaren baimena beharko da.

Proiektuaren konturako langileak, Nafarroako Gobernuko eta haren erakunde autonomoetako ikertzaileen proiektuetarako kontratatuko direnak, Miguel Servet fundazioaren bidez kontratatuko dira.

b) Zerbitzu profesionalak kontratatzea, behar bezala justifikatuak eta proiektua burutzeko premiazkoak badira. Haien kuantifikazioa orduen araberakoa izanen da edo, bestela, egindako lan unitatearen araberakoa (inkestak, aholkularitzak, etab.).

9.5. Adostutako finantzaketa honela burutuko da:

-2008ko ekitaldiari dagokiona osorik ordainduko da, onarpen agiria bete ondotik.

-Hurrengo aurrekontu ekitaldietarako onetsitako finantzaketa Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalak bere txostena egin ondotik gauzatuko da, urteko memoria aurkeztu eta harekiko adostasuna agertu eta gero, eta horien ordainketa kontzeptuz kontzeptu eginen da, honela:

a) Material inbentariagarria: osorik.

b) Gainerako kontzeptuak (proiektuaren konturako langileak, material suntsikorra, profesionalen zerbitzuak eta gastu osagarriak): hiruhilebeteka, aurretik.

10.-Ordaintzeko prozedura.

Proiektuari esleitzen zaion zenbatekoa ordainduko zaio ikertzaile nagusiari, bankuko kontuan. Kontu horretan titular gisa agertu, eta dirua zein proiektutarako den adieraziko da.

Proiektuaren kudeaketa ekonomikorako lankidetza hitzarmenik bada ikertzaile nagusiaren eta Miguel Servet fundazioaren artean, fundazio horri ordaintzen ahalko zaio.

11.-Proiektua gauzatzea.

11.1. Proiektua ebazpen honetan eta ikertzaile nagusiaren eta Osasun zuzendari nagusiaren artean sinatzen duten onarpen agirian aurreikusitako moduan garatuko da.

11.2. Aurreikusitako garapen horretan gertatzen den aldaketa oro jakinarazi beharko zaio Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalari.

Egindako lana aurreikusitako garapenari ez zaiola egokitzen frogatzen bada, Osasun zuzendari nagusiak, Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalak egindako txosten arrazoitua ikusita, bertan behera uzten ahalko du proiektuaren finantzaketa, izan daitezkeen erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

11.3. Urte bakoitzeko abenduaren 15a baino lehen, ikertzaile nagusiak emaitza teknikoei eta aurrekontuaren gauzatzeari buruzko urteko memoria eguneratua eta laburbildua aurkeztu beharko du, Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalean. Gastu guztiak jatorrizko agirien bidez justifikatuko dira. Gero, horiek itzultzen ahalko dira, interesdunak eskatuta, behar diren egiaztapenak egin ondoren. Proiektuaren kontura kontratatutako langileei ordaintzeko aurrekontuetan dirurik bada, jatorrizko agiriak aurkeztu beharko dira, ordainketa egiaztatzeko.

Kudeaketa ekonomikorako lankidetza hitzarmenik bada ikertzaile nagusiaren eta Miguel Servet fundazioaren artean, aurrekontua gauzatzeko memoria fundazioak aurkezten ahalko du.

11.4. Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalak ordainketa proposamenari diru-laguntzaren helburuak bete direla frogatzen duen txostena erantsiko dio.

12.-Proiektuaren amaiera.

12.1. Ikerketa amaitu eta hilabeteko epean, ikertzaile nagusiak amaierako memoria igorriko du Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalera, xehetasun hauekin:

a) Memoria tekniko xehatua. Bidezkoa denean, argibide osagarriak eskatzen ahalko dira.

b) Proiektuaren laburpena. Laburpen hori Osasun Departamentuaren "Anales del Sistema Sanitario de Navarra" izeneko aldizkarian argitaratzen ahalko da, Osasun Departamentuak onarturiko proiektuen sailean.

c) Memoria ekonomikoa: bertan justifikatuko dira finantzaketarekin lotzen diren gastuak, jatorrizko agirien bidez. Banku mugimenduen agiria erantsiko da.

Edonola ere, Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalari dagokio behar diren ikuskapenak egitea eta bidezko erregulazioak proposatzea.

12.2. Proiektuaren amaieran, Nafarroako Gobernuak finantzatutako material inbentariagarria bere beharren arabera erabiliko du.

12.3. Material bibliografikoa proiektua egin duen zentro edo erakundearen esku geratuko da, proiektuaren amaieran.

13.-Konpromiso osagarriak.

13.1. Finantzaketa onartzeak, ikertzaile taldearentzat, ebazpen honetan ezarritako baldintzak ere onartzea dakar.

13.2. Ebazpen honetan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarririko betebeharrak edo proiektua onartzeko agirian ezarririko baldintzak erabat edo hein batean bete ezik, proiektua bertan behera utzi, eta kobraturiko dirua itzuli beharko da, izan litekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

13.3. Proiektua burutzeko zentroak edo erakundeak, hirugarrenei eta zentroari berari proiektua burutzetik etor dakizkiekeen arriskuen estaldura behar du izan proiektuarekin ikustekorik duten inguruabarren aurrean.

13.4. Ikerketa proiektu horretarako beste edozein motatako diru-laguntzarik eman baldin bada, horren berri eman beharko zaio Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoaren Atalari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari jakinaraz diezaion. Azken horrek ikerketa proiektuaren baldintzak aldatzen ahalko ditu.

13.5. Ikerketa proiektuek hauek bete beharko dituzte: Helsinkiko Adierazpenean, giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean, eta giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsalean ezarritako oinarrizko hastapenak, eta Ikerketa biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta ikerketa biomedikoaren arloan aplika daitezkeen gainerako arauetan ezarritako baldintzak.

13.6. Animaliekin saioak egiten dituzten proiektuak indarra duen arautegian eta, bereziki, Esperimentu eta beste helburu zientifiko batzuetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzko urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan xedaturikoari lotu beharko zaizkio.

13.7. Entsegu klinikoak diren proiektuak legeria indardunak xedatzen duenari lotuko zaizkio, Entsegu klinikoak egiteko arauei buruzko otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuaren arabera.

14.-Gastuaren muga.

Ebazpen honetan aipatzen den proiektuak 2008ko aurrekontuetan onetsitako kontu-sailen kontura finantzatuko dira, gehienez ere zenbateko hauekin: 326.550,00 euro, "Lehentasunezko arloetako ikerketa proiektuak" 512002 51320 6092 465102 kontu-sailaren kontura; 85.250,00 euro, "Oinarrizko ikerketa proiektuak. Ortiz de Landázuri beka" 512002 51320 6092 465103 kontu-sailaren kontura; eta 12.700,00 euro, "Osasun kudeaketako ikerketa proiekturako Mikel Larumbe Zazu beka" 512002 51320 6092 465104 kontu-sailaren kontura.

Aurrekontuetako kontu-sail horietakoren batean soberakinik geratuz gero, beste edozeinetan erabiltzen ahalko da, eman beharreko proiektuen arabera, betiere ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditu gabe.

Proiektuak onetsi baino lehen, aurreko deialdietan hitzartutako zenbatekoren bat deuseztatzen bada, zenbateko hori dagokion kontu-sailari gehituko zaio, eta erabilgarri osoa proiektuak emateko beharren arabera esleitzen ahalko da.

Urte anitzeko proiektuak badira, zilegi izanen da hurrengo ekitaldietan ere gastuak finantzatzeko konpromisoa hartzea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 9ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, gehienez ere zenbateko hauekin: 336.000,00 euro, "Lehentasunezko arloetako ikerketa proiektuak", "Oinarrizko ikerketa proiektuak. Ortiz de Landázuri beka" eta "Osasun kudeaketako ikerketa proiekturako Mikel Larumbe Zazu beka" izeneko kontu-sailen kontura, 2009ko ekitaldian; eta 190.000,00 euro, "Lehentasunezko arloetako ikerketa proiektuak", "Oinarrizko ikerketa proiektuak. Ortiz de Landázuri beka" eta "Osasun kudeaketako ikerketa proiekturako Mikel Larumbe Zazu beka" izeneko kontu-sailen kontura, 2010eko ekitaldian.

II. ERANSKINA

I.-Osasun departamentuko arloak

A) modalitatea. Ortiz de Landázuri beka. Oinarrizko ikerketa

Oinarrizko Zientziak (Klinikaurrekoak): oinarrizko ikerketatzat definitzen ahal da, giza patologiari dagokiona, baina ez ezinbestean giza materialarekin egiten dena. Oinarrizko fenomenoen azterketarekin zerikusia duten proiektuak hartzen ditu, baldintza edo entitate kliniko bati modu espezifikoan edo orokorrean lotzen ahal zaizkionak. Gai-arlo zabal honi dagozkio oraindik klinikoki aplikatu ez diren prozesu zelularrekin, mekanismo fisiopatologiko oinarrizkoekin, mekanismo immunologiko eta genetikoekin lotutako prozesu gehienak.

B) modalitatea. Ikerketa klinikoa eta epidemiologikoa

Hauek hartzen ditu barnean:

-Bereziki jarduera klinikoarekin zerikusia duten proiektuak, edozein direla ere horien ikuspuntua edo aztertu beharreko alderdi espezifikoak, eta erizaintzako prozedura eta zainketa bereziak barne direla. Bertan sartzen da, halaber, faktore klinikometrikoei eta eritasunen pronostikoari buruzko Epidemiologia Klinikoko ikerketa. Hemen kokatzen dira, beraz, patologia jakin batzuei edo entitate nosologiko klinikoei dagozkienak, salbu eta, oinarrizkoak direlako, A atalean biltzen direnak.

-Espezifikoki edo orokorrean, alderdi edo tresna metodologikoak ukitzen dituzten proiektuak, bai epidemiologian, osasun publikoan eta osasun zerbitzuetan, bai jende multzo handia ukitzen duten patologien eta/edo arriskuen azterlan epidemiologikoetan, bai kolektibitatearen osasun programak ebaluatzean.

Lehentasunezko arloak ("B" modalitateko proiektuak):

a) Patologia garrantzitsuak:

1.-Eritasun neoplasikoa.

2.-Bihotz-hodietako eritasunak.

3.-Gaixotasun neurodegeneratiboak eta adimen arazoak.

4.-Arnas eritasun kronikoak.

5.-Eritasun inmunologikoak.

6.-Digestio aparatuko eritasunak.

b) Osasuna eta eritasuna baldintzatzen dituzten faktoreak eta osasunaren sustapena

1.-Desberdintasunak Osasun arloan.

2.-Bizimodu osasungarriak. Osasun hezkuntza.

3.-Ezgaitasuna eta errehabilitazioa.

4.-Zainketa alternatiboak eta baliabide ez-formalak osasun arazoetan. Komunitatearen parte-hartzea.

c) Osasun sistemaren garapena

1.-Osasun baliabideak eta teknologia.

2.-Laguntza prozesuen ebaluazio eta kontrola. Praktika klinikoaren aldakortasuna.

3.-Informazio sistemak.

II.-Ebaluazio eta prospektiba agentzia nazionalaren arloak

Nekazaritza (AGR)

Biologia Molekularra, Zelularra eta Genetikoa (BMC)

Biomedikuntza (BMED)

Landare Biologia, Animalia Biologia eta Ekologia (BVA)

Elikagaien Zientzia eta Teknologia (TA)

Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientziak (INF)

Lurraren Zientziak (CT)

Gizarte Zientziak (CS)

Zuzenbidea (DER)

Ekonomia (ECO)

Hezkuntza Zientziak (EDUC)

Filologia eta Filosofia (FFI)

Fisika eta Espazioaren Zientziak (FI)

Fisiologia eta Farmakologia (FFA)

Abeltzaintza eta Arrantza (GAN)

Teknologia Transferentzia (IND)

Historia eta Artea (HA)

Ingeniaritza Zibila eta Arkitektura (ICI)

Ingeniaritza Elektrikoa, Elektronikoa eta Automatikoa (IEL)

Ingeniaritza Mekanikoa, Itsasontzietakoa eta Aeronautikoa (IME)

Matematika (MTM)

Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia (MCLI)

Psikologia (PS)

Kimika (QMC)

Teknologia Elektronikoa eta Komunikazioetakoa (COM)

Materialen Teknologia (TM)

Teknologia Kimikoa (TQ)

Iragarkiaren kodea: F0805278