5. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

CORELLA

Deialdia, hiru udaltzain lanpostu oposizioz betetzeko

Corellako Udaleko Gobernu Batzarrak 2007ko abenduaren 17an egindako bilkuran, hiru udaltzain lanpostu oposizioz betetzeko deialdia onetsi zuen. Hona haren oinarriak:

CORELLAKO UDALAREN ZERBITZUAN HIRU UDALTZAIN LANPOSTU OPOSIZIOZ

betetzeko deialdia

1. oinarria.-Baldintza orokorrak.

1.1. Corellako Udaltzaingoko hiru lanpostu, txanda irekian eta funtzionario gisa, oposizioz betetzea du helburu deialdi honek.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Corellako Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen dira; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean inskribatuko dira eta hartan kidetuko, sistema horren babesean izan daitezen.

1.3. Izendatzen diren izangaiak C mailan sailkatuko dira, eta Corellako Udaleko plantilla organikoan jasotako osagarriak izanen dituzte.

1.4. Izendatuek Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hura garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak beteko dituzte, eta haietan adierazitako eskubide eta betebeharrak izanen; gainera, organo eskudunek haien gain utzitakoak, Udaltzaingoari badagozkio.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Izendatuek lanpostua duten tokian bizi beharko dute eta, horretarako, Corellako udal mugapean finkatuko dute bizilekua; alkateak, alabaina, bestelako bizileku bat ere baimentzen ahalko du ebazpen baten bidez.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte, gehienez ere (36 eginik ez).

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 30.1.c) artikuluaren arabera, deialdi honetan onartua izateko, aski izanen da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moldez non, deialdi honetako 5.2.2 arauan aurreikusitako oinarrizko prestakuntzarako ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, Polizia Kidegoan C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik arlo akademikoan, ezta irakaskuntzan edo hezkuntzan ere.

d) Deialdiaren xedeko lanpostuari dagozkion eginbeharrak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean adierazitako bazterbide medikoetatik at egotea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera, bederen, eta emakumezkoek 1,65 metrokoa, izatea.

f) Dolozko delituengatik kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe birgaitzeko onuraren aplikazioa, zigor eta administrazio arloko arauei jarraikiz.

g) Gutxienez ere, A motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, eta BTP motako gidabaimena.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dira aurreko baldintzak, g) letrakoa salbu, hori oinarrizko prestakuntzaren ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, Corellako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina eta azken eguneko 13:30ak arte; egun hori baliogabea bada, balioduna den hurrengora arte. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Horietan, izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batean, 1. eranskinean adierazitako proba fisikoak egiteko gaitasuna dutela egiaztatuko duen ziurtagiri mediko ofiziala aurkeztuko dute.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. oinarria.-Oposizioaren nondik norakoa.

5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non eta zein data eta ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Herriko Etxeko iragarki oholean emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

5.2. Oposizioak aldi hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia, honako proba hauekin:

A.-Lehenengo proba:

1. eranskinean azaldutako ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola pasatzera behartuta daude, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2004ko abenduaren 27an emandako ebazpenaren eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, doping metodo eta manipulazioak (2005eko 7. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8an, argitaratu zen zerrendan datoz debekatutako substantzia eta gai farmakologikoak eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoak), edo probak egiteko unean indarra duen ebazpenean heldu direnak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

Proba horren aurretik, 2.1.e) oinarriak jasotzen duen baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien altuera neurtuko da.

B.-Bigarren proba:

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

B.1) Proba objektiboa, 2. eranskineko gai-zerrendari buruzko galderak erantzun beharko dira. Puntuazioa, gehienez ere 25 puntu. Ariketa honetan 13 puntu baino gutxiago ateratzen duen izangaia bazterturik geldituko da.

B.2) Zientziak: Matematika, Fisika eta Kimikako problemak egitea. Puntuazioa, gehienez ere 25 puntu. Ariketa honetan 13 puntu baino gutxiago ateratzen duen izangaia bazterturik geldituko da.

Horretarako, aski izanen da Eskola Graduatuko, Lehen Mailako Lanbide Heziketako edo horien pareko ezagupenak izatea.

B.3) Ortografia: ariketa bat egin beharko da. Puntuazioa, gehienez ere 25 puntu. Ariketa honetan 13 puntu baino gutxiago ateratzen duen izangaia bazterturik geldituko da.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

C.-Hirugarren proba:

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da. Puntuazioa, gehienez ere 25 puntu. Ariketa honetan 13 puntu baino gutxiago ateratzen duen izangaia bazterturik geldituko da.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

Aurreko A), B) eta C) ataletan aurreikusitako probak eginik, epaimahaiak oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda jarriko du Herriko Etxeko iragarki oholean. Deialdiaren 5.2.2 atalean aipatu da zerrenda hori, puntuazioaren arabera ordenatuko dena.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beharrezkoak diren proba mediko guztiak pasatuko dituzte, egoera psikofisikoa frogatzearren, deialdiaren 2.1 arauaren d) letran ezarritakoari jarraikiz.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza ikastaroa, gainditu egin beharko da eta aplikagarriak diren erregelamenduzko xedapenek zuzenduko dute.

Horretarako, izangaiak deialdian eskatu eta Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatutako ikastaroaren baliokide den beste bat gainditua badu, aski izanen du Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaroa baliozkotzea; ikastaroa baliokidea dela frogatzeko, ikastaroen edukiak berdinak edo baliokideak direla egiaztatzen duen agiri ofiziala, interesdunak eskatuta Eskolak emana, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako notak aurkeztuko dira.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabost egun naturaleko epean, 2.1 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean; orobat, 2.1 oinarriko g) baldintza betetzen dutela, ikastaroan behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

-Nortasun agiri nazionalaren fotokopia egiaztatua.

-Eskola Graduatuaren tituluaren fotokopia egiaztatua, Lanbide Heziketako lehenbiziko mailakoarena edo baliokideren batena.

-Deialdian eskatutako gidabaimenaren aurreko eta atzeko aldeen fotokopia egiaztatuak.

-Dolozko delituagatik kondenatua ez izatearen zinpeko aitorpena, ezta Administrazio Publiko baten zerbitzutik baztertua ere, edo eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua. Eta hori birgaitzeko onuraren aplikazioa galarazi gabe, zigor eta administrazio arloko arauei jarraituz.

Orobat, honako hauek:

-Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

-Gizarte Segurantzako txartelaren fotokopia egiaztatua.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta osasun azterketen emaitzak, hautapen prozesuko bajak erabakiko ditu, eta baja horiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu; betiere, proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Ondoren, oinarrizko prestakuntzako ikastaroan onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroak dirauen bitartean izangaiak praktiketako funtzionarioak izanen dira: horretarako, Alkatetzak, ebazpen baten bidez, praktiketako funtzionario izendatuko ditu eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolara atxikiko.

Prestakuntza ikastaroan, izangaiek C mailako hasierako soldataren ordainsariak jasoko dituzte.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta hartan kidetuko dira, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenen kasuan, hartan jarraituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du lortu gogo den lanpostuari dagozkion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionario izateari uztea ekarriko du. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan, izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 2.1 atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez ikusten bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak izangai horiek hautapen prozesutik kentzeko aginduko du; ondorioz, praktiketako funtzionario izateari utziko zaio.

Prestakuntza ikastaroa buruturik, Alkatetzak ebazpena emanen du izangaiak praktiketako funtzionario izateari utz diezaioten.

6. oinarria.-Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketen kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, 1. eranskinean ezarritako gutxienekoak gainditu edo ez, hurrenez hurren.

Ariketaren batean "gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak eta dopajea galarazteko kontroletan positiboa ematen dutenak baztertuko dira.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketen kalifikazioa deialdi honetako 5. oinarrian haien gainean adierazi bezala eginen da.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoen kalifikazioa deialdi honetako 5. oinarrian haien gainean adierazi bezala eginen da.

6.4. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa gainditzen ez dutenak ere oposiziotik baztertuko dira.

Ikastaroa pasatzeko, arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldian lortutako puntuazioei prestakuntza ikastarokoak gehituko zaizkie.

7. oinarria.-Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

7.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: José Javier Navarro Arellano, Corellako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Villar Izal Rodríguez, Corellako Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Corellako Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Corellako Udaltzaingoko kabo lanetan diharduena.

Mahaikidea: Segurtasun Eskolak proposatutako teknikaria.

Ordezkoa: Segurtasun Eskolak proposatutako teknikaria.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat.

Idazkaria: Corellako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Cadreitako Udaleko idazkaria.

7.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

7.4. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta horren berri emanen diote organo dei egileari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabarrak gertatzen direnean.

7.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

7.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, denetara ateratzen duten puntuazioaren ordenan, eta izendapen proposamena igorriko du probak gainditzen dituzten izangaien alde.

9. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkateak Corellako udaltzain izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izendatzen diren izangaiak Corellako Udaleko funtzionario eta Corellako Udaltzaingoko kide bilakatuko dira. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean ezarritako eginkizunak beteko dituzte, eta bertan adierazitako eskubide eta betebeharrak izanen.

9.3. Oposizioa gainditu ondoan Corellako Udaltzaingoan sartzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitako babesean izan daitezen.

9.4. Izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epean hartu beharko dute karguaren jabetza izangai izendatuek. Horretarako, zin egin edo hitz eman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta zintzo beteko dituztela beren karguko eginbeharrak.

9.5. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Corellako Udaltzaingoan sartzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Deialdi honen aurka, baita haren oinarri eta egintzen aurka ere, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabetetan, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Corellan, 2007ko abenduaren 17an.-Alkate udalburua, sinadura ulertezina.

1. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1.-Uretan aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik, ezta beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Nola egin: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera (ateratzeko seinalea eman baino lehen) egiten dituztenak.

Kalifikazioa: egindako denbora kontuan hartuz.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

55" baino gehiago 58" baino gehiago Ez gai

55" edo gutxiago 58" edo gutxiago Gai

Ehunenak kontuan hartu gabe neurtuko da denbora.

2.-Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua eginen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea da testaren helburua.

Izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia bere kaletik ateratzen denean.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

d) Seinale akustikoa entzutean marra zapaltzen ez badu hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, lineatik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken seinalera arte kontatuko da.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

10 baino gutxiago 8 baino gutxiago Ez gai

10 edo gehiago 8 edo gehiago Gai

3.-Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Nola egin: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Calificación: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

40" baino gutxiago 25" baino gutxiago Ez gai

40" edo gehiago 25" edo gehiago Gai

Ehunenak kontuan hartu gabe neurtuko da denbora.

4.-Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barrenean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Nola egin: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta gehiena. Zutik erori behar du plataformaren barrenean, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaia plataformatik kanpo erortzen bada, oin batekin edo biekin.

b) Izangaiak plataforma ukitzen duenean oinekin ez beste edozein gorputz-atalekin.

c) Izangaiak errebotatzen duenean plataformara erortzean.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri lortu arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0"57 baino gutxiago 0"47 baino gutxiago Ez gai

0"57 edo gehiago 0"47 edo gehiago Gai

Milarenak kontuan hartu gabe neurtuko da denbora. Betiere, plataformak neurtutako denboraren arabera emanen da kalifikazioa. Izangaiek jakin dezaten, baliokidetze teorikoen taula hau eransten da, jauzian lortutako altuera neurtuta:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0,39 m baino gutxiago 0,27 m baino gutxiago Ez gai

0,39 m edo gehiago 0,27 m edo gehiago Gai.

5.-Zalutasun proba (Barrow testa).

Zirkuituaren eskema:

Abiadura - zalutasuna (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Nola egin: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Zirkuitua zoru lerragaitz baten gainean ezarriko da (porlan zimurtsua, asfaltoa, ez lerratzeko tratamendua duen parketa etab.). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Zutoin bat botatzea.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek bukatzen direla izangaiak irteera-marra berriz gainditzen duenean.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

25"8 baino gehiago 27"8 baino gehiago Ez gai

25"8 edo gutxiago 27"8 edo gutxiago Gai

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1.-Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.-Nafarroako Foru Erakundeak. Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Gobernua edo Diputazioa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Erakundeen eskumenak eta osaera.

3.-Udalerria. Udalaren antolaketa eta funtzionamendua. Eskumenak.

4.-Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea. Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra.

5.-10/1991 Foru Legea, Adin txikikoei alkoholdun edariak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa.

6.-Zigor Kodea: delitua, hutsegitea, ebasketa, lapurreta, ibilgailu motordunen lapurreta eta ebasketa, bidegabeko jabetzea, errezibitzea, XIX. titulua: administrazio publikoaren kontrako delituak.

7.-Otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

8.-Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza (2007ko 52. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, apirilaren 27koa)

9.-Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Legea.

10.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Zehatzeko ahalmena: zehatzeko ahalmenaren printzipioak. Zehatzeko prozeduraren printzipioak.

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1.-Altuera. Gutxieneko altuera:

-1,70 metro, gizonezkoek.

-1,65 metro, emakumezkoek.

2.-Ikusmena. Begien sistema.

-Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

-4/10 bi begietan, edo

-3/10 begirik okerrenean eta 5/10 onenean, edo

-2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

-Ikuseremu monokularra: ez da 120º-tik beherakoa izanen plano horizontalean, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuko meridianoetan.

-Diplopia.

-Diskromatopsia larriak.

-Estereopsi falta.

-Keratotomia erradiala.

3.-Entzumena. Entzuteko sistema.

-Belarri zolitasuna, belarri batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera duena 500tik 3000 Hz bitarteko frekuentzietan.

Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

4.-Hizkuntza.

-Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

5.-Giharren eta eskeletoaren aparatua.

-Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, ondorio funtzionalaren arabera.

-Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

-Eskoliosiak, 20ºkoak baino handiagoak.

-Zifosiak, 30ºkoak baino handiagoak.

-Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

-Espondilitis ankilosantea.

-Paget-en eritasuna.

-Osteoporosia eta osteomalazia (ondorio funtzionalaren arabera).

-Fibromialgia.

-Deformazio anatomikoak, ondorio funtzionalaren arabera.

6.-Digestio aparatua.

-Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

-B eta C hepatitisa aktibo izatea edo birusaren eramailea izatea.

-Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Zirrosi hepatikoa.

-Behazun-zirrosi primarioa.

-Pankreatitis kronikoa.

-Fibrosi kistikoa.

-Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Kakari eutsi ezina.

7.-Bihotz-hodietako sistema.

-Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

-Arritmia eta blokeoak: aurre-eszitazioaren sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren nahaste guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

-Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

-Balbulopatiak.

-Miokardiopatiak.

-Perikardiopatia kronikoak.

-Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

-Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

-Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

-Hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

-Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

8.-Arnas aparatua.

-Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, enfisema, bronkiektasiak).

-Pleurako isuri berrituak.

-Berezko pneumotorax berrituak.

-Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

-Asma eta bronkioetako hiperrerreaktibotasuna.

9.-Nerbio-sistema.

-Epilepsia.

-Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

-Neurona motorraren eritasunak.

-Ataxiak.

-Buruko eta integrazioko funtzioen nahasteak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

-Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahaste estrapiramidalak.

-Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

-Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

-Bertigoak.

-Siringomielia.

-Hidrozefalia.

-Miopatiak.

-Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko perlesia.

-Perlesia periferikoak, ondorio funtzionalaren arabera.

-Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, ondorio funtzionalaren arabera.

-Neke kronikoaren sindromea.

-Anosmia.

-Mugimenduaren beste nahaste batzuk (tikak, mugimenduaren estereotipiak, loaren nahasteak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

10.-Nahaste psikiatrikoak.

-Buruko nahaste organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

-Buruaren eta jokabidearen nahasteak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

-Eskizofrenia eta bestelako nahaste psikotikoak.

-Gogo-aldartearen nahasteak (nahaste bipolarrak, nahaste depresibo errepikariak, depresioaldi handia, alterazio distimikoak).

-Antsietatearen nahasteak, ondorio kliniko nabarmena dutenak.

-Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren nahasteak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

11.-Sexu eta gernu-aparatua.

-Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

-Pixari eutsi ezina.

-Giltzurruneko polikistosia.

12.-Sistema endokrinologikoa.

-Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren nahasteak.

-Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Addison, Cushing, Feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

-Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

-Mellitus diabetesa.

-Adenomatosi endokrino anizkoitza.

-Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

13.-Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

-Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, ondorio funtzionala eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

14.-Odola eta organo hematopoietikoak.

-Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

-Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

-Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako nahasteak.

-Inmunoeskasiak.

-Esplenektomia.

-Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

15.-Bestelakoak.

-GIB birusaren antigorputzen eramailea.

-Amiloidosia.

-Kolagenosia.

-Lupus eritematoso sistemikoa.

-Artritis erreumatoidea.

-Esklerodermia.

-Sjögren-en sindromea.

-Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Loditasuna (GMI > 25).

16.-Ohar orokorrak.

-Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu ondorio funtzionalaren eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

-Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Ondorio funtzionala duen edozein aparatu edo sistematako zeinahi afekzio, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten badu.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................................., NAN zenbakia: ......................, bizitokia: ......................, kalea: .............., zenbakia: ................., solairua: ..............., telefonoa: .............

Honako hau azaltzen dut:

Nahi dudala Corellako udaltzain izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izan.

Adierazten dut:

Deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskari honekin batera aurkezten dudala deialdian aipatutako proba fisikoak egiteko egoera onean nagoela ziurtatzen duen egiaztagiri mediko ofiziala.

Horiek horrela,

Eskatzen dut:

Eskabide hau epearen barrenean eta behar bezala aurkeztu baitut, onar nazazula udaltzain izateko hiru lanpostu betetzeko oposizioan.

Corellan, ...........(e)ko ..............aren .....(e)an.

(Sinadura)

CORELLAKO UDALEKO ALKATEA.

Iragarkiaren kodea: L0719516