5. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

VALTIERRA

Aldaketa Musika Eskolaren Erregelamenduan. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2007ko azaroaren 29an egin bilkuran, erabaki zuen aldaketa behin betikoz onestea Musika Eskolaren Erregelamenduan.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

MUSIKA ESKOLAREN ERREGELAMENDUA

1.-Sarrera.

Gure gizartean gero eta gehiago dira heziketa, aisialdi eta denborapasako jarduerak.

Udalaren Musika Eskola geroko musikariak prestatu eta hezteko xedez sortu da, bertan haurrek Udal Bandan sartzeko ezagupen funtsezko eta berariazkoak har ditzaten.

Irakaskuntza jende profesional, espezializatu eta gaituek eman behar dute.

Udalaren Musika Eskolak Udal Bandako zuzendaria izanen du zuzendari.

Eskola horretan lehentasuna izanen du musikaren eta musika-tresnen irakaskuntzak (erran nahi baita, Udal Bandaren funtzionamendu egokirako beharrezko diren musika-tresnak), betiere ikaslearen heziketa osoaren ikuspegitik begiratuta.

Ahal dela, ikasleak gogokoen duen musika-tresna joko du, beti ere Bandaren beharrek horretarako aukera ematen badute.

A partir de 7 u 8 años, (en torno a 40 alumnos) todo niño que desee ingresar en la escuela de Música, lo solicitará por escrito ajustándose en todo momento a la Normativa que hace posible el funcionamiento de dicha escuela.

Musika Eskolan 7 edo 8 urtetik goiti nahi duten haur guztiak etor daitezke, baldin eta gutieneko baldintza batzuk betetzen badituzte eta beren guraso edo tutoreen baimena badute.

Eskolaren funtzionamenduaren bitartez, heziketa osoagoa garatu nahi da musikaren bidez, baita haur interesdun guztiak musika jakitera eta ikastera zaletu ere, haren arduradunak planifikatutako programa eta metodologia erabiliz.

2.-Helburuak.

Musikari dagokionez nahikeria handirik gabeko planteamendu batetik abiatuta, beharrezkotzat jotzen da haur guztiak musikaren ikaskuntzan hasteko moduko ikastetxea sendotzea Valtierran, hainbat xede lortzeko helburuz, hala nola:

-Musika Bandarako musikariak prestatzea.

-Bakoitzak musika ezagupen oinarrizkoak ikastea.

-Haurra musikaren bidez heztea.

-Musikarako joera eta autoestimua sustatzea.

-Gazteek hobetze, diziplina eta borondate ohiturak hartzea.

-Talde-lanaren balioaz ohartzea, irakasle eta ikaskideekiko begirunea landuz.

-Musika sustatzea gozamena eta denborapasa den aldetik.

-Norbanakoaren heziketa osoa, bertzelako helburuen -lanbide edo irabazpide- osagarri izan daitekeena.

3.-Metodologia.

Irakaste lana Musika Eskolako zuzendariak prestatzen dituen planen ariora eginen da, bai banaka bai taldeka, Eskolan izena ematen duten ikasleak zenbat eta horrela.

Lehentasuna emanen zaio irakaskuntzaren alderdi pertsonal edo banakakoari, ikasleari beti zuzenean eginen baitzaio kasu.

Programak eta eskolen edukiak Musika Eskolako irakasleak prestatuko ditu.

Guti goiti-beheiti, klaseen edo ikasgaien edukia hau izanen da:

-Solfeoa, astean 3 ordu, taldeka.

-Musika-tresnak, 20 minutuko 2 eskola, banaka.

Udalaren Musika Eskolan sartzen diren ikasleak, zuzendariaren iritziz musikaren oinarrizko ezagupenak hartzen badituzte, Udalaren Musika Bandan ere sartuko dira. Hartara, bertan gelditzeko hitza emanen dute eta nahitaez agertuko dira entseguetara.

Eskola horretan sartzeko Udalak horretarako egiten dituen inprimaki ofizialak bete beharko dituzte ikasleek.

4.-Arauak.

1. Eskoletara nahitaez joan behar da. Joan ezean, gurasoek edo tutoreek sinaturiko frogagiria ekarri beharko da.

2. Musika Eskolako ikasleak arduratsua izan behar du ikaskuntza egokia egiteko behar diren ikasketa eta lanekin.

3. Musika-tresna baten irakaskuntza solfeoan irakasleak beharrezko jotzen duen maila erdiesten denean hasiko da.

4. Solfeo klaseak ezari-ezarian kenduko dira zuzendariaren aburuz Udalaren Bandan jotzeko adina ikasten dutenean.

5. Ikasleak solfeo eta musika-tresnen klaseetara joatetik geldituko dira zuzendariak nahi duen maila erdietsitakoan. Handik goiti Bandaren entsegu eta emanaldietara baizik ez dira joanen.

5.-Baliabideak material, jende eta dirutan.

a) Materialak.

Musika programak burutzeko, eskolak emateko material egokia behar da, ikasleendako nahiz irakaslearendako pizgarri gustagarria eta hezkuntza aldetik gogobetegarria izanen dena.

Testuliburuak eta ikasmateriala Udalak berak emanen ditu edo ikasleen bizkar erosiko dira.

Musika-tresnak ikasleek berek erosiko dituzte, zuzendariaren iritziz horien kostuaren edo bertzelako inguruabarren kariaz Udalak erosi behar dituenak salbu. Erosketa egiteko Musika Eskolako zuzendaria izanen dute aholkulari.

Klaseak Musika Eskolako egoitzan emanen dira edo, bertzenaz, Udalak erabakitzen duen tokian. Garbiketa eta mantenimendu gastuak haren bizkar izanen dira. Nolanahi ere, ikasleek instalazioa eta haren edukia zaindu eta errespetatzeko hitza emanen dute.

b) Giza baliabideak.

Musikako Eskolako irakaslea Udalaren Musika Bandako zuzendaria izanen da eta betiere Udalak berak erabakiko du Eskolak funtzionatzeko zenbat langile behar diren.

Eskolak funtzionatzeko behar diren langileak Udalak berak kontratatu eta ordainduko ditu.

c) Recursos financieros.

Musika Eskolako diru baliabideak honako hauek osatuko dituzte: Udalak, entitate publikoek edo entitate pribatuek dirulaguntzatako egiten dituzten ekarpenak, eta ikasleek irakaskuntza edo matrikulazio sari gisa egin ditzaketen ekarpenak.

Ikasleek kuota bat ordainduko dute hilero, Musika Eskolan ikasle egoten diren denboran, eta urteko hamar hilekoetan (irailetik ekaina arte). Ikasturte baterako matrikula gauzatuz gero, ikasleak oso-osorik ordaindu beharko ditu ikasturteko kuotak, horren bitartean Musika Eskola utziko balu ere.

Musika Eskolan seme edo alaba bat inskribaturik duten familia larriek %20ko hobaria izanen dute dagokien tasan. Musika Eskolan seme edo alaba gehiago inskribaturik badute, %20ko hobaria izanen dute lehenbizikoagatik, %30ekoa bigarrenagatik eta horrela hurrenez hurren.

Interesa dutenek udal bulegoetan eskatu beharko dute hobari hori.

Kuota Udalak ezarri eta arautuko du.

Valtierran, 2007ko abenduaren 12an.-Alkatea, Alfonso Mateo Miranda.

Iragarkiaren kodea: L0719099