5. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2501/2007 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Cascanteko udal mugapean oihalak tindatu eta aprestua emateko jarduerarako. Jardueraren titularra Juan Burgos Pamplona, S.A. da.

Egina dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 7.1 epigrafean dago jasota, "Ehungintzako zuntz edo produktuen aurreko tratamendurako (garbitzea, zuritzea edo mertzerizatzea) edo tindaketarako instalazioak, tratamendu ahalmena, eguneko, 10 tonatik gorakoa denean" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Orobat, Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 4/2005 Legearen 2B eranskineko 7. epigrafean jasota dago, "Ehungintzako zuntzen edo produktuen aurreko tratamendurako (garbitzea, zuritzea edo mertzerizatzea) edo tindaketarako instalazioak, tratamendu ahalmena, eguneko, 10 tonatik gorakoa denean" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago.

Ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Cascanteko udal mugapean ehunak tindatu eta aprestua emateko jarduerarako. Instalazioaren titularra Juan Burgos Pamplona, S.A. da.

2. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1151/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

5. Instalazioak Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskutsuen Sortzaile Txikien Erregistroan duen inskripzioa bere horretan uztea, PP/1225/NA/2006 zenbakia hain zuzen, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A802 da, hots, papera eta kartoia fabrikatzea, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal dituen hondakin arriskutsuak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen produkzioan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

6. Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko plana onetsi da (planeko neurriak titularrak aurkeztutako dokumentazioan sartu dira), ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

7. 2008ko urtarrilaren 31 baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

8. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

9. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

10. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Juan Burgos Pamplona, S.A.ri, Cascanteko Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, NILSAri eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abenduaren 12an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairuan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0719146