5. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2497/2007 EBAZPENA, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 12an emana eta Ingurumen baimen integratua ukatzen duena arriskugarriak ez diren hondakinen zabortegirako. Dionisio Ruiz, S.L.k sustatu du Las Carrascas alderdian,16. poligonoko 241 eta 242 lurzatietan (Viana).

2006ko abenduaren 21ean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Ingurumen baimen integraturako eskabidea sartu zen arriskugarriak ez diren hondakinen zabortegia jartzeko, Dionisio Ruiz, S.L.k sustatua.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 5.4) epigrafean jasota dago, hots, "Mota guztietako hondakinen zabortegiak, eguneko 10 tonatik gora jasotzen badute edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera badute, hondakin inerteen zabortegiak izan ezik" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 5.3) epigrafean dago jasota, hots, "Mota guztietako hondakinen zabortegiak, eguneko 10 tonatik gora jasotzen badute edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera badute, hondakin inerteen zabortegiak izan ezik" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Bestaldetik, instalazioa sarturik dago ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 8. taldeko c) atalean.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 11. artikuluan eta ondorengoetan ezarri prozedurarekin bat, espedientea abiarazi denez, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak desadostasun txostena aurkeztu du honako zioengatik:

2003ko ekainaren 11tik indarrean den Vianako Udal Planaren arabera, proiektuan den obra-hondakindegia berritzeko eta egiteko lurzorua nekazaritzako ekoizpen handiko gisa sailkatua dago eta horren babes araubidea dagokion planean garatzen da.

Hirigintza araudiaren 163. artikuluak, nekazaritzako ekoizpen handiko lurzoruaren babes araubidea xedatzen duenak, ezartzen du obra-hondakindegiak debekatuta daudela.

Ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ukatzea arriskugarriak ez diren hondakinen zabortegirako. Dionisio Ruiz, S.L.k sustatu du Las Carrascas alderdian,16. poligonoko 241 eta 242 lurzatietan (Viana).

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Dionisio Ruiz, S.L.ri, Vianako Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abenduaren 12an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairuan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0719140