5. ALDIZKARIA - 2008kourtarrilaren11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2445/2007 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, "N-121-B errepidea egitea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko Informazio Azterlanari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaio.

Ebaluazio prozedurari ekiteko, 2006ko apirilaren 7an Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proiektuaren laburpen-memoria aurkeztu zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 48. artikuluan ezarritakoa betez, aldez aurreko kontsulten tramitea egin zen, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren 2006ko maiatzaren 5eko idazkiaren bidez. Kontsulta egin zitzaien 26 entitateri eta horietatik 5ek erantzun zuten.

2006ko uztailaren 31n, Ingurumen zuzendari nagusiaren idazki baten bidez, aldez aurreko kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zitzaizkion, Ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zitzaizkion. Jasotako erantzunak, departamentu honek garrantzitsutzat jo dituen ingurumen alderdiekin batera, Ingurumen eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean labur azaltzen dira.

Bigarren eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko fun- tsezko datuak, eta 3. eranskinean Ingurumen eraginaren azterlanaren ildo nagusiak jaso dira.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak Ingurumen eraginaren azterlana nahikoa zela egiaztatu eta gero, hura onartzeko txostena eman zen, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 50. artikuluko 2. puntuan ezarritakoa betez.

Nafarroako Gobernuak, 2007ko martxoaren 19ko Erabakiaren bidez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustaturiko "N-121-B errepidea egitea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen eta Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera jendaurrean azaldu zuen hilabetez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete zitezen. Erabaki hori 2007ko 55. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 2an.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariak, 2007ko ekainaren 14an, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 51. artikuluan ezarritakoa betez, espedientea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariari bidali zion, tramiteak egiten jarraitzeko. Espedienteak agiri hauek zituen: "N-121-B errepide berria egitea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana, Ingurumen eraginaren azterlana eta jendaurreko azalpenaren emaitza.

Jendaurreko aldian hamabi alegazio jaso dira; horietatik 4 ingurumenari buruzkoak dira eta gainerakoak ukitutako lurren jabetzari eta lur horietan egiten diren abeltzaintzako jarduerei buruzkoak. Alegazioen laburpena 4. eranskinean dago.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du Ingurumenaren gaineko ebaluazioaren prozedura behar bezala burutu dela, eta Ingurumen eraginaren azterlanean jasotako zuzenketa neurriez gain, eraikuntza proiektuari erantsi behar zaizkiola Ingurumen eraginaren adierazpen honetako baldintzen atalean azaltzen diren neurri guztiak.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura osorik bete dela eta alegazioak aztertu direla, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ingurumen arloko eskumenak delegatzeko urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. "N-121-B errepidea egitea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko Informazio Azterlanari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da. Proiektua bideragarria da ingurumenaren aldetik.

2. N-121-B errepideko Irurita-Elizondo tartea egiten denean, gainera, Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan jaso diren zuzenketa neurri guztiak hartu behar dira, eta honako baldintza hauek bete:

1. Hondakindegien eta instalazio osagarrien kokapena.

-Proposaturiko hondakindegiaren kokapena eraikuntza proiektuan jaso behar da, eta hura lehengoratzeko proiektua erantsi. Soberakinak uste baino gehiago izan eta lurra botatzeko hondakindegi gehiagoren beharra edo proposaturikoa handitu beharra badago, ingurumen ukipenetarako baimena tramitatuko da, 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz, arau horren 2C eranskineko O atalean sailkatutako jarduketa egin beharko baita. Gainera, maileguen kasuan, departamentu honi jakinaraziko zaio zein meatzaritza-ustiategitatik atera nahi diren errepidea egiteko materialak. Ustiategi horiek guztiek behar bezala legeztaturik egon behar dute.

-Obrako instalazioak "Belate" (ES2200018) eta "Artesiaga errekaren ahoa" (ES2200023) BILetatik kanpo kokatuko dira. Bide lagungarriek ezinbestez zeharkatu behar badituzte gune horiek, ahalik eta eragin txikiena izan behar dutela kontuan hartuz proiektatuko dira. Obrak bukatu ondoren, jarduketa lagungarriek ukitutako guneak lehengoratu eginen dira. Erabiltzen jarraitu behar diren bideak paisaian integratzeko lanak eginen dira: hurbileko inguruarekiko doiketa fisiografikoak, landare lurra botatzea, substratua prestatzea, ereiteak, ereite hidraulikoak eta ukitutako zuhaitz edo zuhaixka espezieen landaketak.

2. Faunaren eta landarediaren babesa.

-Baztan eta Artesiaga ibaietako zubien pilare eta estribuak "Artesiaga errekaren ahoa" (ES2200023) BILetik kanpo egonen dira. Halaber, Tellebi errekako zubiaren fabrika-obra egiteko ez da haltzik moztuko erreka ertzetan, ez Fraideen idoiaren ertzetan (2+520 KP), ezta bidezubiaren azpian ere, nahikoa garaia bada. Era berean, Baztan ibaiaren ondoko horma eraikitzen denean 0+750 - 0+850 KPan, ahalik kalte gutxien eginen da. Hormaren zapata ibai ertzetik urrunduko da eta hormaren atzeko aldean eginen dira lanak, ibaitik urrunen dagoen aldean, hain zuzen.

-Ez da pasabiderik ez sakangunerik eginen Baztan eta Artesiaga ibaietan. Lanak ibai bazterretan eginen dira, makinek ibaia gurutzatu gabe. Horretarako, ukitutako ibaien bi bazterretako lanak ongi planifikatu beharko dira. Habeak jarri behar dituzten garabiak kokatzeko ere ez da betelanik eginen. Beraz, garabiak anezken bidez kokatu behar dira.

-Landaredi naturalaren gaineko eragina arintzeko neurri egokiak hartuko dira, obrak egin bitartean lurraren okupazioa mugatuko dutenak, bereziki, traza berriak "Artesiaga errekaren ahoa" eta "Belate" izeneko BILak edo inguruak zeharkatzen dituen tartean. Horretarako, belar-sastrakak garbitzen hasi aurretik, desjabetutako zerrenda zuinkatu eginen da eta huraxe izanen da gehieneko okupazio eremua bai obretan bai behin-behineko bideetako makinen zirkulazioan. Nolanahi ere, bide berriaren zabalguneko mugak ez gainditzeko ahaleginak eginen dira. Zuhaitz handiak edo bereziak teknikari espezialista batek markatuko ditu eta banakako babesa emanen zaie. Determinazio horiek berak aplikatuko dira ondoko tarteetako landaredi baliotsuetan: baso mistoa 0+750 eta 1+350 KPen artean; haritzak 3+500 KPan, eta haritzak Askoko errekan, 4+400 KPan.

-Eraikuntza lanak egokiro programatuko dira lehengoratze lanekin batera, azken horiek urratsez urrats egin daitezen obra zibilak bukatu ahala.

-Mozketak eta belar-sastraken garbiketak landareen geldialdi begetatiborako planifikatuko dira, inguruko landareei kalte gutxiago egiteko eta ertz efektua arintzeko.

-Obraren inguruetan errekak zikindu ez daitezen eta lurra urez bete ez dadin, eraikuntza lanetan trazako lurrazaletik aske isurtzen den ura bideratu eginen da. Behar izanez gero dekantazio putzuak eginen dira, isurketa ura drainatze sistema naturaletara isuri aurretik lohiak dekantatzeko.

-Landare lurra eta obrako bestelako materialak ez dira pilatuko ingurumen aldetik sentikorrak diren guneetatik hurbil (zuhaiztiak, ibai ertzak, BILak, etxebizitzak etab.). Traza egiteko moztu behar ez diren zuhaitzen oinaldeak ez dira inola ere lurpean geratuko.

-Moztutako belar-sastraken hondakinak erre nahi badira, erretzeko administrazio baimena eskatu beharko zaio departamentu honetako Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari.

-Errepide inguruko fauna babesteko eta haren iraupena eta mugikortasuna bermatzeko neurri orokor hauek hartuko dira, behar bezala diseinatu eta eraikuntza proiektuari erantsi ondoren:

.Arekak eta luzetarako drainatze bideak egokitzea. Anfibioek, narrastiek eta ugaztun txikiek areka, kutxeta eta drainatze bideetan harrapatuta geratzeko arriskua dutenez, obra horietan animaliak irten ahal izateko arrapalak edo antzeko gailuak diseinatuko dira.

.Ingurumen eraginaren azterlanak dioen bezala, zeharkako drainatze bideak animalientzako pasabideak izateko egokituko dira eta alboetan espaloiak jarriko zaizkie animaliak haietatik igarotzeko.

.Baztan eta Artesiaga ibaien inguruetan egin beharreko jarduketak igaraba arruntaren (Lutra lutra), bisoi europarraren (Mustela lutreola), Pirinioetako ur-satorraren (Galemys pirenaicus) eta burtainaren (Cottus gobio) garai kritikoetatik kanpo eginen dira, hau da, ibaietan eta ibai bazterretan ez da esku hartuko martxotik ekainera bitartean, biak barne.

3. Higaduraren aurkako babesa, ingurumena lehengoratzea eta paisaiarekiko integrazioa.

-Biribilgunearen kokapenak, 2+300 KParen parean, ordezpen egokia edo fabrika-obra egokien eraikuntza aurreikusi behar du, haren emaria errespetatuko dutenak Askoko errekaren gaineko uholde handienetan. Uhar erregimeneko ibaia da eta azken uholdeetan (2007ko abuztuan) higadura eta jalkitze arazo larriak sortu ditu bere eraginpeko eremuan.

-Lur-erauzketetako eta lubetetako ezpondak ahalik eta etzanenak izanen dira, salbu eta ezponda etzanen onurak lur okupazio handia konpentsatzen ez duen tokietan. Betiere ezpondaren ertza biribildu eginen da, lur naturalarekin bat egin dezan.

-Obrak hasi aurretik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko geruza edo, lurzoruaren profila ustez sakonagoa den aldeetan, 50 cm-koa. Horrela lortutako lur emankorra pilatuta edukiko da eraikuntza fasean. Lur pilek gehienez 1,5 metroko altuera izanen dute, lurra aireztaturik eta trinkotu gabe egon dadin. Geroko kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren ezaugarriak mantentzea bermatuko duen sistema ezarriko da: aldian-aldian erein, ureztatu eta ongarritu eginen da. Oro har, substratu hori erabiliko da landareztatu beharreko eremuetan.

-Bidea egiteko jarduketak eta obren eraginpeko aldeetan ingurumena lehengoratzeko jarduketak aldi berean eginen dira. Horretarako, obra plan bat eginen da eta bertan ezarriko da bi jarduketen arteko koordinazioa espazioan eta denboran, euriak lurra higatu ez dezan eta lehengoratze neurriak eraginkorrak izan daitezen.

-Proiektuan kontusail bat sortu behar da, zurezko landaretzaren hazkundearen hasieran (landatu ondoko 2-3 urteko epean) mantentze lanak eginen direla bermatzeko. Horrela ziurtatuko da zurezko landareak sustraitu eta hazi eginen direla. Euri gutxi egiten duen sasoian ureztapenak eginen dira, landare hilak ordeztuko dira, zurkaitzak eta landare oinetako babesak berrituko dira eta ongarritze, inausketa eta abarreko lanak eginen dira.

-Ezponda berri guztietan ereite hidraulikoak eginen dira, malda edozein dela ere. Lubetetako ezpondetan ereite hidraulikoa behin eginen da, eta lur-erauzketetan bi aldiz.

-Konpentsazio neurri gisa, proiektuan proposatzen den bezala zuhaitz batzuk birlandatu ordez, 15. poligonoko 311. eta 113. lursailak desjabetuko dira hango hezeguneko (Fraideen idoia) ingurumena lehengoratzeko.

-Informazio Azterlanarekin batera aurkeztutako Ingurumen eraginaren azterlanean proposatzen diren gainerako zuzenketa eta konpentsazio neurriak beteko dira.

4. Zarata eta ikuspegia.

-Aurreikusitako eremu urbanizagarrietan eta hiriguneetan errepide berriko zaratak izanen duen eragina aztertuko da eta behar izanez gero zuzenketa neurriak jarriko dira. Bereziki ondoko KP hauetan aztertuko da zarata: 1+60 - 1+820, 3+500 - 3+600 eta 3+920 - 4+200.

5. Historia eta kultura ondarearen babesa.

-Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2006ko maiatzaren 15ean emandako txostenak dioen bezala, Irurita-Elizondo saihesbidea egiteko proiektuan osorik iraunarazi behar dira Lezabalgo zubia eta trenbide zaharreko zubia, baita Errotazaharreko aurriak ere, errepide berriak Artesiaga erreka gurutzatzen duen tokian. Proiektuak konponbide teknikorik onena definitu behar du eraikuntza horiek zuzenean ez ukitzeko (pilareen zimenduak, lubetak...). Zubiei dagokienez, gutxienez 15 m-ko segurtasun tartea utziko da pilareetatik edo bestelako obra-fabriketatik. Bidezubi berriak zubi horietakoren bat azpian hartzen badu, zubiaren taularen eta petrilen gainetik gutxienez 6 m-ko baoa izan beharko du. Errotazaharreko aurriei dagokienez, lubetak ez ditu lurperatuko errotaren aurriak eta eraikuntza horrekin zerikusia duten elementuak. Behar izanez gero euspen sistemak jarriko dira baldintza hori betetzeko.

-Errepide berriak Elizondo-Irun trenbide zaharra gurutzatzen duen tokian azpiko pasabidea eginen da, ahal dela gangaduna, gutxienez 5 m garai eta 4 m zabal, ziur aski trenbidea noizbait turismo eta kultur ibilbidea edo bide berdea izanen baita. Trenbide zaharraren ondotik joanen den errepide tarteak ez du inola ere trenbidea okupatuko Maritoneko Bordaren parean. Gutxienez 10 m-ko distantzia utziko da, eta ahalik gehien errespetatuko da inguruko landaredi naturala.

-Obrak hasi baino lehen Errotazaharreko gunea balizatu eginen da ongi ikusten den plastikozko sare homologatuarekin, erasoak ekiditeko eta makinek aurriak zapaldu ez ditzaten. Lezabalgo eta trenbide zaharreko zubiak ere balizatu eginen dira eta sarrera galaraziko da. Obrako makinei zubietatik igarotzea debekatuko zaie, kalte kontrolaezinak eta zubien egiturazko hutsak ekiditeko.

-Oro har, jarraipen arkeologikoa eginen da obren fasean, landare lurra kenduz oinarrizko maila geologikoetaraino. Horretarako, arkeologiako teknikariek obran bertan kontrolatu beharko dituzte lurra mugitzen den jarduketa guztiak, obrak egin bitartean ezartzen diren mailegu, bilketa gune edo hondakindegi berriak ere barne. Neurri hori obrak egiteko proiektu teknikoetan bilduko da, eta horretarako behar den dirua utziko da.

-Lurrazalean egitura edo aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada osorik eta identifikatu gabe, mugatu eta balizatu eginen da eta Ondare Arkeologikoaren Bulegoa horren jakitun jarriko da 48 ordu igaro aurretik, ukitutako guneetan lanak aldi baterako geldiarazi eta indusketa sistematikoa egin dadin. Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimenaren mende geratuko da obra egiten jarraitzeko, zehazten diren moduan eta baldintzetan eta Nafarroako kultura ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeari jarraituz.

-Legeak agintzen duenez, arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek hartu behar ditu neurri horiek guztiak, proiektuaren sustatzailearen kontura. Neurrien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren administrazio baimena eduki behar du, Nafarroako Foru Komunitateko prospekzio eta indusketa arkeologikoak arautzen dituen urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Esku-hartze horien ikuskapena Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko Ondare Arkeologikoaren Bulegoari dagokio.

6. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, N-121-B errepideko Irurita-Elizondo tartearen proiektua egin ondoren, Ingurumen eraginaren adierazpen honetan ezarritako determinazioak betetzen direla frogatzeko agiria bidali beharko dio departamentu honi.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Herri Lan Departamentuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta Baztango Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 28an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

1. ERANSKINA

Aldez aurreko kontsulten tramitearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena:

Baztango Udala.

Elbeteko zinpekoa.

Oronoz-Mugairiko zinpekoa.

Arraiozko zinpekoa.

Lekaroz-Oharrizko zinpekoa.

Elizondoko zinpekoa.

Iruritako zinpekoa.

Gartzaingo zinpekoa.

Kultur Ondarearen zuzendari nagusia.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendaria.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Herri Lan zuzendari nagusia.

Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoa.

LAB.

UGT.

Nafarroako Unibertsitatea.

ELA.

Unión de Agricultores y Ganaderos.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

EHNE.

Gorosti.

Gurelur.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

Nafarroako Ehiza Federazioa.

ADECANA.

CCOO.

Hauek dira erantzun duten entitateak:

1. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua.

2. Ondare Historikoaren Zerbitzua. Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

3. Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoa.

4. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

5. Baztango Udala.

Hona hemen erantzunen edukia, ingurumenari dagokionez, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentu honek proposaturikoak:

1. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua:

Baztertu egiten dute 1. hautabidea, horren antzekoa izanik 2. hautabideak bide ematen duelako Lekarozko lotunean biribilgunea egiteko, tunel aizuna egin beharrik izan gabe.

Haien iritziz 4. hautabideak du "saihesbide" itxurarik handiena, besteek baino askoz lotura ahulagoa du hiriguneekin eta Lekarozko iparraldeko hiri garapena baldintzatzen du.

2. eta 3. hautabideen arteko desberdintasun nagusiak Arraioztik Lekarozko sarrerako biribilgunera bitartean ikusten dituzte, eta uste dute 2. hautabidea dela egokiena, nahiz eta meandrorako sarrera ahalbidetzen duen (gaur egun ez dago sarrerarik) eta, antza denez, trenbide zaharreko tarte bat hartzen duen; tarte hori iparraldean berregin beharko da, errepide berriaren ondoan.

2. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak adierazi du proposaturiko hautabidea (2. hautabidea) bideragarria dela, eta garatu beharreko prebentzio eta zuzenketa neurriak ezarri ditu. Zehazki, kontrol eta babes neurriak ezarri ditu errepide berriak Artesiaga erreka gurutzatzen duen tokian, Lezabalgo eta trenbide zaharreko zubien gainean, eta Errotazaharrean ere behar diren neurriak hartzeko eskatu du. Azkenik, jarraipen arkeologikoko neurri orokorrak ezarri ditu errepide tarte berri hau egiteko lur mugimendu eta mailegu, bilketa gune edo hondakindegi berrien gainean.

3. Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak ondokoa adierazi du:

Nafarroako Gobernuak egindako "Nafarroako kantauri isurialdeko ibaien antolamendu hidraulikoa eta ibai horiek gainezka egitean urak hartzen ahal dituen zonen mugapena" azterlanaren arabera, lau hautabideetan ere errepideak uholde arrisku handiko lurrak zeharkatzen ditu, hain zuzen ere Arraioztik Oharrizera bitartean.

Azpimarratu egiten dute 1. eta 2. hautabideak etorkizunean urbanizazioaren pizgarri izanen liratekeela Bidasoa ibaiaren Oharrizko meandroaren uholde-ibarrean.

Irurita errekatik eta Bidasoa ibaitik hurbil eginen diren lubetak landareztatzeko ez dela espezie inbaditzailerik erabili behar ohartarazten dute.

Nolanahi ere, aurreikusitako jarduketek Urari buruzko 2000/60/EE Esparru Zuzentarauaren helburuekin bateragarriak izan behar dute. Horretarako, aldez aurretik baloratu behar da ea uholde-ibarreko jarduketa edo erabilerek desorekarik eragiten ahal duten ibaiaren dinamikan eta 2015erako lortu beharreko Egoera Ekologiko Ona edo Potentzial Ekologiko Ona galtzeko arriskurik sortzen ote duten.

4. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak ingurumen alderdi hauek proposatu ditu, Ingurumen eraginaren azterlanean kontuan har daitezen:

"Artesiaga errekaren ahoa" (ES 2200023) BILaren gaineko eragina. Berariazko kapitulu bat egin behar da obrak Natura 2000 Sarean izanen duen eraginaz eta, bereziki, aipatu gune hori BIL izendatzeko kontuan hartu ziren balioen gaineko eraginaz (burtainaren presentzia, karramarro arruntaren populazio bat, eta Pirinioetako ur-satorraren eta bisoi europarraren presentzia egiaztatua). Gainera, Europaren intereseko 91EO eta 9160 habitatak ere badira.

Proiektuak ur inguruneetan izanen duen eragina, hots, Baztan ibaiko eta haren adarretako ibai sistemaren gainekoa eta trazadurak edo obrek ukitzen ahal dituzten idoi eta putzuen gainekoa. Horren haritik azpimarratzekoak dira Habitatei buruzko Zuzentarauan eta estatu nahiz eskualde mailako hainbat katalogotan jasorik dauden espezie batzuk, hala nola bisoi europarra (Mustela lutreola) eta igaraba arrunta (Lutra lutra), eta espezie horien habitatak babesteko neurriak hartu behar dira.

Intereseko eta lehentasunezko habitaten gaineko eragina: ur bazterreko haltzadiak (91 EO*); zona subatlantikoko eta Europa erdialdeko haritz kandudunaren edo haritz kandugabearen harizti neutrobasofiloak (9160), Quercus pyrenaica-ren harizti mediterraneo-iberiar atlantikoak eta galaiko-portugaldarrak (9230) eta txilardi atlantiko eta mediterraneoak (4030).

Mehatxatutako landare espezieei dagokienez, jarduketa eremuaren inguruetan (UTM koordenatuak: XN 17 eta XN 27) aurkitu diren halako espezieen zerrenda eman dute.

5. Baztango Udala.

Erakunde horrek hautabide guztiak aztertu ditu ingurumen alderdi hauek kontuan hartuz: obrek ukitutako baso naturalaren azalera, zeharkako egituren luzera, bideen ordezpena, animalientzako pasabideak izateko aukera, egin beharreko lur erauzketak, lubetak eta, oro har, lur mugimenduak. Azkenik, hautabide bakoitzak hirigintzan izanen lukeen eraginaren balantzea egin du, urbanizatzeko lur poltsen balizko sorrera dela eta.

Ondorio gisa, 1. hautabidea baztertu beharrekotzat jotzen dute, ingurumenean izanen lukeen eraginagatik, eta 4. hautabidea ere bai, ezponda asko behar dituelako, eta azkenik, 2. hautabidea, 3.a edo bien arteko nahasketa iruditzen zaie bideragarriena.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenean honako gogoeta hauek proposatzen dira, proiektuaren ingurumen azterketan jaso daitezen:

a) Hautabideen azterketan eta hautapen prozesuan:

-Kontuan hartu behar dira Baztan ibaiko eta Irurita errekako zubien hurbiltasunagatik 3. eta 4. hautabideetan sortzen den eragin metatua.

-Fraideen idoiaren gaineko eragina aztertu behar da, 2. eta 3. hautabideek eragin hori alda bailezakete 2+580 KParen parean, Tellebi errekaren ondoan.

-Jarduketa eremuko landarediaren eta lurraren erabileren xehetasuneko kartografia aurkeztu behar da, lau hautabideetako bakoitzaren bi aldeetan gutxienez 50 m-ko lur zerrenda hartzen duena.

-Ibarreko balio nagusietako bat paisaia denez, hautabideen aukeraketan lurren konpentsaziorik onena eskaintzen duena lehenetsiko da, maileguetarako guneak eta lurra botatzeko hondakindegiak sortu beharrik ez izateko. Ildo beretik, ezpondarik baxuenak eragiten dituzten hautabideak lehenetsiko dira.

b) Aukeratzen den hautabidearen proiektuaren diseinuan:

-Aztertu egin behar dira ukitutako ur ibilguetako pasabideak, pista osagarriak, zerbitzuguneak, drainatzeko sistemak (zeharkako drainatze egiturak handitzea proposatzen da), eta erreka ertzak babestu eta egonkortzeko egiturak, bereziki BILetan eragina dutenak. Zubien estribu eta pilareak ur ibilguetatik urrundu behar dira.

-Legarra ateratzeko guneak eta soberako materialak botatzekoak proiektuan jaso behar dira, baita horien lehengoratzea ere.

-Errepidearen iragazkortasuna areagotu eta paisaiaren gaineko eragina arintzeko, lubakiaren ordez tunel aizuna egin liteke 2+700 eta 3+280 KPen artean (2. eta 3. hautabideak).

2. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea N-121-B errepideko Irurita-Elizondo tartea egitea da. Hautabideen azterketan 4 hautabide proposatzen dira; guztietan ere errepide berria herrien iparraldetik doa.

1. hautabidea Arraiotzen abiatzen da eta berehala banatzen da N-121-B errepidetik Artesiaga edo Irurita erreka gurutzatzeko Oharrizko hegoaldean. Aurrerago herri horretara doan errepidea (NA-4405) gurutzatzen du azpiko pasabide batetik.

Trenbide zaharraren plataformatik segitzen du, Baztan ibaia gurutzatzen du, eta gero berriz ere gurutzatzen du NA-4405 errepidea. Bien artean biribilgune bat aurreikusi da Oharrizen, Lekarozen eta Iruritan sartzeko. Errepide berriak NA-4405 zaharretik segitzen du NA-4403arekin gurutzatu arte. Aurrerago, Udal Planean egindako bide erreserbari jarraituz, Elizondoko herrigunea mendebaldetik saihesten da, glorieta bat eginez.

Hautabide guztiek San Frantzisko Xabierkoa ikastetxea saihesten dute eta, Elizondora doan Frantseneko bidea gainetik gurutzatu ondoren, Elbeteko herria inguratzen dute iparraldetik. Aurrerago glorieta bat dago azken herri horretara eta hilerri aldera sartzeko. Planeamenduan bezala iparraldetik saihesten da hilerria, alderdi hori hirigunetik ez banatzeko eta belardien gaineko eragina gutxitzeko.

2. hautabideak (aukeratu denak) sarbide arazotsuak ukitzen diren alderdietan 1. hautabideak dituen eragozpenak saihestu nahi ditu, baina Baztango Udal Planeko bide erreserba ahalik gehien baliatu behar delako premisari eusten dio.

Trazadura 1. hautabidearena bera da NA-4405eko gurutzaguneraino, baina hortik Lekarozko komenturantz jarraitu ordez iparraldera jotzen du eta NA-4403 errepidea gurutzatzen du Lekaroz eta komentuaren arteko erdibidean. Toki horretan dago Lekarozera sartzeko biribilgunea.

Ondoren trazak Bordatxuri muinoa gurutzatzen du El Pilar ikastetxetik hurbil, eta Elizondora sartzeko glorietarekin bat egiten du hiria handitzeko eremu batean. Hortik aurrera egungo bide erreserbari eusten zaio eta hautabide hau 1. hautabidearen berdina da.

3. hautabidea Arraiozko saihesbidearen azkenean hasten da, eta berehala banatzen da N-121-B errepidetik Artesiaga erreka eta Baztan ibaia zeharkatzeko. Gero, Oharriz iparraldetik inguratuta, traza Baztan ibaiko meandroari lotzen zaio. Ondoren trazak bat egiten du 2. hautabidearekin eta toki berean kokatzen du Lekarozera sartzeko glorieta.

Jarraian trazak Bordatxuri muinoa gurutzatzen du, baina hegoaldeko hegaletik (aurreko hautabideak iparraldetik gurutzatzen zuen). Muinoa igarota, Elizondora sartzeko glorieta 2. hautabidean baino hegoalderago dago, eta glorieta horretatik aurrera bide erreserbari eusten zaio, 2. hautabideko trazadura berarekin, Elbetera sartzeko glorietaraino. Hortik hautabide honek hilerrirantz jotzen du eta aurreko hautabideek ez bezala hegoaldetik saihesten du, lur erauzketak gutxitzeko.

4. hautabidean ahalik gehien urrundu nahi izan da traza, Lekarozen eta gainerako herriguneen arteko hesia izan ez dadin. Hautabide honek Artesiaga eta Baztan errekak gurutzatzen ditu eta berehala Oharriz herria inguratzen du iparraldetik. Gero iparraldera egiten du Lekaroz saihesteko. Hortaz, Lekaroz errepide berriaren hegoaldean geratzen da. Hortik aurrera, errepidea inguruan ahalik ongien egokitu nahirik, 3. hautabidearen trazadura bera diseinatu da.

Aukeratu den hautabideak (2. hautabidea) 5.962,66 metroko luzera du.

3. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanean ingurune fisikoaren elementuak deskribatzen dira. Bereizi egiten dira ingurune abiotikoa (klima, atmosfera, geologia, edafologia, hidrologia), ingurune biotikoa (landaredia, fauna eta natur intereseko eremuak), paisaia, ingurune sozioekonomikoa eta kultur sistema. Ingurumen inbentarioan egokiro antzeman dira gako elementuak, eragin handiena jasan dezaketenak.

Eragin nagusiak identifikatzeko, eragina izan dezaketen proiektuko ekintzak eta aldaketa jasanen luketen inguruneko elementuak gurutzatzen dira.

Eraginak baloratzeko, irizpide anitzeko azterketa egiten da, haztapenaren metodologia erabiliz, eta "pisuak" esleitzen zaizkie eraginaren kuantifikazioan esku hartzen duten aldagaiei. Hala pisu hauek esleitzen dira: natur ingurunea %60, ingurune sozioekonomikoa %30 eta kultur ingurunea %10. Inguruneko elementu bakoitza taula batean irudikatzen da. Aztertutako errepide tarteak egiteko proposatu diren hautabideak taula horretako sarrerak dira.

Emaitzetatik ondorioztatu behar da 2. hautabideari egin zaiola baloraziorik onena aztertutako alderdi guztietan, hidrologiaren eta naturgune babestuen gaineko eraginaren ataletan izan ezik, horietan bigarren baloraziorik onena jaso baitu.

Labur esanda, hauek dira eragin nagusiak:

-"Belate" (ES2200018) eta "Artesiaga errekaren ahoa" (ES2200023) BILen gaineko zuzeneko eragina eta, ondorioz, habitat horiei lotutako landarediaren eta faunaren gaineko zeharkako eragina.

-Baztan ibaiaren eta Artesiaga eta Tellebi erreken eta bertako faunaren gaineko eragina, eraikiko diren bidezubiengatik. Hala ere, bidezubien pilare eta estribuak eragin hori kontuan hartuz eraikitzen badira, kaltea konpontzen ahal da epe labur edo ertainean.

-Landarediaren gaineko zuzeneko eragina. Landare komunitate sentikorrenak urbazterreko basoak (Baztan eta Artesiaga erreketako haltzadiak) eta harizti autoktonoak dira. Komunitate horien gaineko eragina gutxitzeko ahaleginak eginen dira landareztatze teknika egokien bidez, espezie autoktonoak erabiliz.

-Ukituko diren biotopo nagusiak ere urbazterreko basoak dira, espezie babestuen bizilekuak baitira -igaraba arrunta (Lutra lutra), bisoi europarra (Mustela lutreola), Pirinioetako ur-satorra (Galemys pirenaicus), burtaina (Cottus gobio)-, eta animalientzako pasabide garrantzitsuak. Bidezubiak urbazterreko basoa lehengoratu ahal izateko eran diseinatu dira. Beraz, habitat horren gaineko eragina konpontzeko modukotzat jotzen da, neurri batean behintzat.

-Bereziki bidezubi handiek eta ezponda garaiek izanen dute eragina inguruko paisaian.

-Zaratari dagokionez, aukeratutako hautabideak gehieneko mugak gainditzen ditu lau eraikinetan: bi Elbeteko hilerriaren ondoan daude eta beste bi Frantsenea alderdian.

Azterlanak badu prebentzio eta zuzenketa neurriei buruzko kapitulua, eta bereizi egiten ditu plangintza aldian aplikatu behar diren neurriak eta eraikuntza aldian aplikatu beharrekoak. Neurri horiek sarbideen, ezponden, ura bideratzeko obren eta hondakindegien diseinu egokia bermatzen dute. Gainera, azterlanean jarraibideak proposatzen dira faunaren, floraren eta kultur ondarearen gaineko eragina gutxitzeko (jarduteko garaiak, obra balizatzea BILen eta hauskortasun handiko beste gune batzuen mugetan, ur ibilguetan ibilgailuen zirkulazioa murriztea, bidezubien diseinuak ahalik eta eragin txikiena izatea ibai ekosistemetan, drainatzeko fabrika-obrak handitu eta egokitzea animaliak pasatzeko, eta jarraipen botaniko eta arkeologikoa egitea obrak egiten diren bitartean).

Bestalde, azpimarratu egiten da landare lurra egokiro kudeatu behar dela eta gainazal berriak landareztatu behar direla: ereite hidraulikoa lubeta eta ebakietan, zuhaixken landaketa ezpondetan, zuhaitzen landaketa ezponda oinetan, eta landaketa mistoa animalientzako pasabideen ahoetan eta paisaia babesteko eta zarata gutxitzeko hesietan.

Konpentsazio neurriak ere proposatzen dira, hala nola, Platanus hispanica-ren aleak ordeztea, urbazter degradatuak espezie autoktonoekin landareztatzea, urbazterretan haltzak landatzea, eta zuhaitz bereziak birlandatzea.

Azkenik, ingurumena zaintzeko plana nahikoa da. Hona hemen beraren helburu nagusiak: proposaturiko prebentzio eta zuzentze neurriak betetzen direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea, proiektua gauzatzerakoan agertzen ahal diren ezusteko eraginak kontrolatzea, eta sortutako eraginen bilakaera aztertzea.

4. ERANSKINA

Jendaurreko informazioaren emaitza.

Hamaika alegazio jaso dira Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan eta alegazio bat Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan. Lau alegazio ingurumenari buruzkoak dira, eta gainerakoak ukitutako lurren jabetzari eta lur horietan egiten diren abeltzaintzako jarduerei buruzkoak. Hona hemen lehen multzoko alegazioen laburpena, departamentu honen oharrekin:

1. alegazioa:

Alberto Ballarín Marcial jaunak, Agropecuaria Baztanesa, S.L.ren ordezkaritzan, indarra duen Udal Planean aurreikusitako trazadurari eusteko eskatzen du. Ordezkatzen duen enpresa Baztango 16. poligonoko 418. eta 186. lurzatien jabea da. Horrez gain, 2. hautabidearen eragin hauek alegatzen ditu: Askoa jauregiko zuhaitz parkearen gaineko eragina, bi haritz handiren gaineko eragina 4+403 KPko biribilgunean, historia eta arte ondarearen gaineko eragina, eta ibarraren nekazaritza, abeltzaintza eta turismorako joera aldatzearen eragina.

Erantzuna:

Alegazioa ezetsi da, bertan aipatzen diren ingurumen balioak, interesekoak izanik ere, ez direlako interes berezikoak: zuhaitzak Quercus robur espeziekoak dira eta halakoak ugari dira jarduketaren eremu osoan. Ibarraren joera aldatzeari dagokionez, ez dirudi ibarrarentzat garrantzi estrategikoa duen obra honek turismo, abeltzaintza eta nekazaritzarako joera kolokan jarriko duenik.

2. alegazioa:

Sinforosa Iparrea andreak adierazi du Elbetetik hurbileko bi biribilguneen arteko zatian 3. hautabideak kalte gutxiago egiten diola, ez dizkiolako lurrak zatitzen. Hala ere, 2. hautabidea ere ontzat emanen luke ardatza iparralderago aldatuz gero. Bere interes partikularretarako hobea izateaz gain, inguruko paisaia eta erabilera tradizionalak zaintzea ahalbidetuko luke.

Erantzuna:

Aukeratu den hautabidean, 2.ean, tarte hau iparralderago aldatu da. Horrela inguru hau gehiago desitxuratuko da, lur erauzketa handiagoa egin behar baita, baina osorik zainduko da ibarreko paisaiaren balio intrintsekoa.

3. alegazioa:

Fernando Marchesi Domínguez jaunak alegatzen du Elbete inguruko bi biribilguneen arteko zatian 3. hautabidea dela egokiena, bai jabeen gaineko eragina bai orografiaren eta basoen gaineko eragina txikiagoa izateagatik. Mendiko pistetarako sarbide guztiak berregin behar direla dio.

Erantzuna:

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak mendiko pista guztiak berregiteko konpromisoa hartu du eraikuntza proiektuan. Gainera, erliebea aldatzearen eragina handia bada ere, basoaren galera ez da hain larria, baso ustiapenerako landatutako pinudia besterik ez baita galduko.

4. alegazioa:

Alejandro Galarregui Galarregui jaunak alegatzen du proiektaturiko trazadurak 18. poligonoko 188. lurzatian hiru iturburu ukitzen dituela eta iturburu horietako ura Pevi. S.A. enpresaren ur biltegira eta etxebizitza batera bideratzen dela. Ur hornidura hori bermatzeko neurri egokiak eskatzen ditu.

Erantzuna:

Alegazioa onartzen da. Hornidura mantenduko da, edo behar izanez gero ordezko hornidura jarriko da.

Iragarkiaren kodea: F0718518