41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ERRIBERRI ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko familia langile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi erdian

OINARRIAK

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko familia langile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi erdian.

1.2. Hautapen probak gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatua gertatzen den pertsona D maila edo taldean egokituko da, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarrita dauden lansari eta osagarriak hartuko ditu.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

1.4. Izendatuak hamabortz eguneko frogaldia bete beharko du, kontratua sinatzen denetik aitzina.

1.5. Lanaldia, ordutegia, oporrak eta gainerakoak Funtzio Publikoaren Estatutuaren araberakoak izanen dira. Erriberri aldearen zabaleraren handia kontuan izanik, kontratatzen den pertsona bere kabuz mugitu beharko da eta Nafarroako Gobernuak ezarritako kilometro-ordaina jasoko du.

Laneko herria aldatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera, Mankomunitatea osatzen duten entitateen artean betiere.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina haien kontura bizi direnak.

-Adinez nagusi izatea.

-Gutienez ere eskola-graduatuaren titulua, lehen graduko Lanbide Heziketarena edo baliokidea izatea.

-Karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez izatea.

-Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

-Ibilgailuak gidatzeko, gutienez ere B1 motako baimena izatea. Deialdi honen ondorioz izendatzen denak izendapena baino lehenago ibilgailua duela frogatu beharko du.

2.2. Probak gainditurik, lanpostua eskuratzen duten izangaiek aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela frogatu beharko dute, deialdi honetako bederatzigarren oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

2.3. Probak gainditu baina lanposturik eskuratzen ez dutenak aldi baterako kontratatzen ahalko dira, lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta azken eguneko 14:00etan bukatuko da epea. Egun hori baliogabea edo larunbata baldin bada, balioduna den hurrengoan bukatuko da.

Proposamenak postaz igortzen baditu interesdunak, zer egun eta ordutan egin zuen egiaztatu beharko du, eta kontratazio organoari hori bera jakinarazi, faxez (948 74 03 29) edo telegramaz, betiere aurkezteko epearen egun eta orduen barnean.

Baldintza horiek bete ezean ez da iragarki honetako epetik kanpo iristen den proposamenik onartuko.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

-Mankomunitateak Nafarroako Kutxan duen kontuan (2054 0034 42 3000002241 zenbakia) 10 euro, azterketa eskubideen tasa gisa, ordaindu izanaren frogagiria, datu hauek jasotzen dituena: izangaiaren izen-deiturak, NAN/IFZ eta kontzeptua: familia-langileendako oposizioa.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonek, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Deialdia argitaratu aitzin hilabetez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak, betiere izena emateko epean ez badio uko egin inolako lan eskaintza egokiri ezta inolako lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, horretarako bidezko arrazoirik gabeo. Hori dena kasuan kasuko enplegu bulegoak luzaturiko agirien bidez egiaztatuko da.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitateko burutzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko Burutzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: María-Jesús Arana Aicua, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Santiago Hualde Cabello, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko buruordea.

Mahaikide idazkaria: María-Teresa Lizarraga Mansoa, Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: María-Begoña San Martín Amor, Zarrakazteluko Udaleko idazkaria.

1. mahaikidea: Elena Algarra Cerdán, Tafallako Udalaren Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko gizarte langilea.

Ordezkoa: Matilde Donamaría Leoz, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko gizarte langilea.

2. mahaikidea: Ana Etxamendi Tiesas, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko teknikaria.

Ordezkoa: Carmen Urra Urriza, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko teknikaria.

3. mahaikidea: Purificación Lapuerta Redondo, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko familia langilea.

Ordezkoa: Mari Sol Corro Garde, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko familia langilea.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2008ko maiatzean hasiko da, gutxi gorabehera, 4.3 oinarrian aipatu ebazpenak ezarriko dituen egunean, tokian eta orduan.

6.2. Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta erregelamenduaren arabera iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.

7.-Oposizioaldia.

7.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa: proba baztergarria izanen da; hartan, deialdiaren II. eranskineko gaien gainean zenbait galdera labur edo test motakoak erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere ordu batean. Gehienez ere 40 puntu emanen dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren ariketa: proba baztergarria izanen da; hartan, lanpostuaren berezko lanekin eta egitekoekin loturiko kasu praktiko baten inguruan idatzi beharko da, gehienez ere 2 orduz. Gehienez ere 50 puntu emanen dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

c) Hirugarren ariketa: elkarrizketa epaimahaikoekin: ez da baztergarria izanen eta lanpostuko eginkizunekin zerikusia duten aferei buruz eta izangaiek lan hori betetzeko dituzten gaitasunei buruz izanen da. Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

7.2. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez ere 100 puntukoa izan daiteke, honela banatuak:

-Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 40 puntu, eta bazterturik geldituko dira 20 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

-Bigarren ariketa: gehienez ere 50 puntu, eta bazterturik geldituko dira 25 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

-Hirugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu.

7.3. Epaimahaiak Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko ditu kalifikazioak, bai eta oposizioko hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

8.-Elkarrizketa epaimahaikoekin:

Elkarrizketa bat izanen da epaimahaiarekin, gehienez ere 10 minutu iraunen duena; hartan gaurkotasuna duten kontuak eta lanpostuarekin ikusteko duten gaiak izanen dira solas. Atal honetan gehienez ere 10 puntu emanen dira eta ez da baztergarria izanen.

Oposizioko ariketa guztiak baztergarriak izanen dira, buruz buruko elkarrizketa salbu.

9.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, agirien aurkezpena eta dokumentazioa eramatea.

9.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitaratuko ditu probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lorturiko kalifikazioak batuta, eta deialdiko lanpostuak betetzeko puntuaziorik altuena duten izangaien aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratuko da.

9.2. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela gainditu dutenen zerrendako hurrengoa edo hurrengoak.

9.3. Izendapen proposamena aditzera eman eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu Mankomunitatearen egoitzara:

-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

-Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

-Deialdiaren 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

-Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

-Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

-Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

-Ibilgailua duela frogatzen duen agiriaren fotokopia konpultsatua.

9.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra ukatu gabe.

9.5. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Mankomunitateko burutzak gainditu dutenen zerrendan -9.1 oinarriak aipatzen duen hartan- ondotik heldu den izangaiarekin beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Mankomunitateko burutzak, ebazpen baten bidez, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko lan-kontratudun familia langile izendatuko du aurreko atalean adierazitakoa betetzen duen izangaia.

10.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan, eta ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badute, Erriberriko aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko langile bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hori gertatuz gero, Mankomunitateko burutzak gainditu dutenen zerrendan -9.1 oinarriak aipatzen duen hartan- ondotik heldu den izangaiarekin beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

11.-Errekurtsoak.

11.1. Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat para daiteke, hautara:

-Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, organo egileari aldez aurretik errekurritzeko asmoa dagoela adierazita.

-Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ...................., adinez nagusia; Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ................, bizilekua: .................., probintzia: ....................., karrika: .........................., posta kodea: ............, telefonoa: ...................

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko familia langile izateko lanpostu bat oposizio bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi erdian betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Deialdiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskabide honi erantsitako orri kopurua:

Horrenbertzez,

Eskatzen dizut eskabide hau ontzat eman eta, horren ondorioz, arestian aipatutako deialdian onar nazazula.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

ERRIBERRI ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEKO BURUA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.-Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Udala: osagaiak, eskumenak. Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea.

2.-15/2006 Foru Legea, abenduaren 30ekoa, Nafarrtoako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

3.-Autonomia sustatzeko eta Menpekotasun Egoeran dauden Pertsonei kasu egiteko abenduaren 14ko 39/2006 Legea, abenduaren 14koa.

4.-Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza.

5.-Beren buruaz baliatzeko trabak dituzten pertsonendako laguntza programa gizarte zerbitzu oinarrizkoen barrenean. Etxez etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntzaren helburu diren egoerak. Gizartean eta familietan izaten ari diren aldaketen azterketa eta haien eragina etxez etxeko laguntza zerbitzuan.

6.-Familia langileak Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuan. Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Etika profesionala gizarte zerbitzu oinarrizkoen barrenean, informazio konfidentzialaren erabilera bertze zerbitzu batzuekiko harremanetan.

7.-Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia langilearen lanean. Gatazka egoerak gobernatzea. Talde lana gizarte zerbitzuen barrenean. Familia langilearen koordinazioa lan taldeko profesionalekin.

8.-Hirugarren adina. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

9.-Ezgaitasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

10.-Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko bertze gizarte eta familia egoera batzuk. Familia langilearen lana, esku hartzea jasotzen duten familiek adingabeak dituztenean ardurapean.

11.-Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, soinketa eta loa. Istripuei aitzintzea. Lehen sorospenak. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen moldatzea.

12.-Zaintzaileendako laguntza, etxez etxeko laguntza zerbitzutik. Familia langilearen esku hartzea eta haren eginkizunak.

Erriberrin, 2008ko otsailaren 27an.-Mankomunitateko burua, María Jesús Arana Aicua.

Iragarkiaren kodea: L0803301