41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

21/2008 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Osasun kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Osasuna sustatzeko Batzorde Aholkuemaile tekniko bat sortzen duena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak xedatzen du osasun administrazioak osasuna babesteko eskubidea bermatzera bideratu behar dituela bere baliabide eta jarduketak, osasuna sustatuz, eritasunei aurrea hartuz eta osasun laguntza emanez. Horrez gainera, osasuna sustatzeko eta osasun-hezkuntza jasotzeko eskubidea ezartzen du herritar guztientzat, eta osasun publikoaren alorreko eginkizunen artean, herritarren artean bizimodu osasungarriak sustatu beharra aipatzen du.

Osasunaren sustapen eragingarria egingo bada, herritarrek bizimodu osasungarriak hartu eta horiei eusteko ekintzak eta osasuna sustatzen duten bizi-baldintzak hedatzeko ekintzak behar dira.

Nafarroako 2006-2012 Osasun Planean ezartzen diren lan-ildo estrategikoetako bat osasun arazo kolektiboei aurrea hartzea da, eta horretarako lehentasunezkotzat jotzen da bizimodu osasungarriak sustatzea Tabakoaren Aurkako Foru Plana garatuz, alkohola eta legez kanpoko drogen kontsumoa gutxituz eta herritarrek elikagai osasungarriak kontsumitzea eta ariketa fisikoa egitea bultzatuz.

Gaur egun, Nafarroako heriotza-kausa nagusia bihotz-hodietako eritasunak dira oraindik ere eta eritasun horiek bizimoduari lotuta daude argi eta garbi. Gizarte garatuetan bizi-itxaropena gora badoa ere, igoera hori eten daiteke bizimoduari lotutako arrisku-faktoreak ugaltzearen ondorioz. Horren giltzarrietako bat gizenen kopuruaren gorakada izan liteke.

Ikusirik osasuna sustatzeko jarduera mota ugari daudela, esparru desberdinetan lan egin beharra dagoela eta abian jartzen diren jardueren eragingarritasuna bermatu behar dela, beharrezkoa da Osasun Departamentuan inplikaturik dauden eragile guztien koordinazioa eta lankidetza.

Horrenbestez, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasun kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Osasuna Sustatzeko Batzorde Aholkuemaile Teknikoa sortzea Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikirik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasuna sustatzeko helburu bateratuak ezartzea.

b) Arlo horretako edukiak homologatzea.

c) Inplikaturik dauden alderdien arteko lan harremanak susatzea.

d) Arlo batean eta bestean egiten diren jarduerei buruzko informazioa eta esku-hartzeen eragingarritasunaren ebidentziari buruzko informazioa konpartitzea.

e) Lan eremuak finkatzea eta beste erakunde batzuekin behar diren harremanak adostea.

f) Arlo honetako prestazioen antolaketa, jarduera, emaitzak eta kalitateak hobetzeko asmoz, organo eskudunak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

2. Osasuna Sustatzeko Batzorde Aholkuemaile Teknikoak kide hauek izanen ditu:

-Osasun zuzendari nagusia.

-Nafarroako Osasun Agentziako zuzendaria.

-Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuko zuzendaria.

-Tabakoaren kontrako Foru Planaren zuzendaria.

-Drogamenpekotasunaren aurkako Foru Planaren zuzendaria.

-Nafarroako Ospitaleko Dietetika eta Nutrizio Ataleko burua.

-Emakumeari Laguntzeko Zentroen arduraduna.

-Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria.

-Oinarrizko Osasun Laguntzako erizainen ordezkari bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak aukeratua.

Batzordeburu lanetan Osasun zuzendari nagusia edo horren eskuordetza hartzen duena arituko da.

Batzordeko idazkari lanetan batzordekideek aukeratzen duten kidea arituko da.

3. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahal die laguntza eskatzeko.

4. Batzordearen araubidea ondoko hauek osatzen dute: foru agindu honek, batzordearen barne-araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean agertzen diren kide anitzeko organoendako jarraibideek, betiere Administrazio Publikoen araubide juridikoari buruzko oinarrizko araudia errespetatuz.

5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aurrera izanen du indarra.

Iruñean, 2008ko otsailaren 22an.-Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0803375