41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CADREITAKO ETA VILLAFRANCAKO UDALERRIETAKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA

Udal ordenantza, Tuterako osasun zentroetara joateko garraio zerbitzua arautzen duena. Behin betiko onespena

Cadreitako eta Villafrancako Udalerrietako Administrazio Zerbitzuen Batasunak, 2007ko abenduaren 13ko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Tuterako osasun zentroetara joateko garraio zerbitzua arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2008ko 7. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 16an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

ORDENANTZA, TUTERAKO OSASUN ZENTROETARA JOATEKO GARRAIO ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babesean ezarri da, Tuterako Reina Sofía Ospitalera eta anbulatoriora bidaiariak garraiatzeko zerbitzuaren tasak arautze aldera.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza sortuko da Batasunak bidaiak egiteko kontratatuko duen auto-taxiaren zerbitzuak erabiltzeagatik.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. Zerbitzuaren prestazioak jasotzen dituzten horiexek ordaindu beharko dute tasa.

Zerbitzua eskatzerakoan Batasuna osatzen duten udalerrietan erroldaturiko bizilagunek bakarrik jaso ahalko dute zerbitzua.

Tarifak

4. artikulua. Tarifak kalkulatzeko kontuan hartuko dira taxi ibilgailuaren titularrarekin sinatu kontratuaren ondorioz Administrazio Zerbitzuen Batasunari sortzen zaizkion gastuak.

Administrazio Zerbitzuen Batasunak urtero berrikusiko du tasa, honako ordenantza hau aldatzeko behar den tramitazioari jarraikiz

Tasen sortzapena eta dirubilketa

5. artikulua. Tarifek sortzapena izanen dute ospitalerako eta anbulatoriorako garraio zerbitzuaren prestazioak erabiltzen direnean.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Tarifak prestazioa erabili aurretik ordainduko dira. Tarifak kobratzen dituen arduradunak behar den ordainagiria emanen du, eta hura izanen da zerbitzua erabili ahal izateko egiaztagiria, taxi ibilgailuaren titularrari erakutsi beharko zaiona. Garraio zerbitzua hasi aurretik erakutsiko zaio ordainagiria taxilariari.

Castejongo Udaleko organo eskudunak irteera orduak finkatuko ditu, baita gainerako funtzionamendu arauak ere, kontratua arautzen duten baldintzen pleguari jarraikiz.

Tarifak

7. artikulua. Tarifa bakarra ezarri da, 4 eurokoa.

Joateko 2 euro ordaindu beharko dira eta beste 2 euro itzultzeko.

Salbuespenak

8. artikulua. Ez dago salbuespenik Tuterako ospitalera eta anbulatoriora bidaiariak garraiatzeko zerbitzuaren tasei dagokienez.

Arau-hausteak eta zehapenak

9. artikulua. Arau-hausteak Ordenantza fiskal orokorrean ezarritakoari jarraikiz zehatuko dira.

Cadreitan, 2008ko otsailaren 26an.-Batasuneko burua, Alfonso Montori.

Iragarkiaren kodea: L0803426