41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

EGUESIBAR

Sarrigurengo (Eguesibar) udal kirolgunearen barne araubidearen erregelamendua. Behin betiko onespena. Behin betiko testua

Eguesibarko Udalak, 2007ko abenduaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Sarrigurengo udal kirolgunearen barne araubidearen erregelamendua. Erabaki hori 2008ko 6. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 14an, baita toki entitate honen iragarki oholean ere, eta jendaurrean eduki zen gutienez ere 30 eguneko epean. Epe horretan inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Horrek dakar behin betikoa bilakatzea hasierako onespenaren iragarkia, nahiz eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren paragrafoa aplikatuz, ondorio juridikoak izateko, honako honen bidez hala izan dela argitara ematen den Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, delako Erregelamenduaren behin betiko testuarekin batean.

SARRIGURENGO UDAL KIROLGUNEAREN BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Eguesibarko Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzea, Sarrigurenen baitaude "Sarrigurengo Udal Kirolgunea" izena dutela.

2. artikulua. Instalazio horiek erabiltzen ahalko dituzte Udalak horretarako zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten herritar guztiek.

3. artikulua. Instalazio bakoitza zer kirol eta jardueretarako dagoen pentsatua edo egokia den, horiexetan aritzen ahalko dira bertan erabiltzaileak.

4. artikulua. Udalak onetsiko ditu instalazioaren egutegia eta ordutegiak.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela paratuko da, erabiltzaileak ongi ikusteko moduko tokian, ondoko jakingarri hauek azaltzeko:

-Instalazioko zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezioa.

-Jardueraren ordutegia.

-Erabiltzaile kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.

-Egiten diren zerbitzuak edo programak.

-Instalazioaren arduradunaren izena.

-Kirol arduradun teknikoen izenak.

Kontsultatu ahal izateko eskura dagoen tokiren batean utziko da Erregelamendu honen ale bat.

II. KAPITULUA

Abonatuak

6. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek inskripzioa eskatu behar du, hura onartu behar diote, eduki behar du "Udalaren kirolguneko abonatu karneta", eta Udalak finkatzen dituen kuoten ordainketa eguneratua izan behar du.

Kirolguneko karneta duten abonatuek ondotik ematen diren instalazio hauetan izanen dute sarbidea, espazio bakoitzaren araudi berariazkoarekin bat:

-Neguko denboraldia:

Igerilekuen eraikina.

Igerileku klimatizatuak.

Muskulazio gela.

Spa eremua.

Gorputza tratatzeko erreserbak.

Fisioterapeuta zerbitzuaren erreserba.

Padel pisten erreserba.

Tenis pisten erreserba.

Haurren eremua.

Bazkideen aretoa.

Ostatu-jatetxea.

-Udako denboraldia: Arestian aipatu eremuez gain:

Igerileku estaligabeak.

Lorategi gisakoak.

Futbol zelaia (inor ari ez delarik).

Sarrigurengo Kirolguneko abonatuak, berez eta halakoak izate hutsagatik, Olazko "Eguesibar" Udal Kiroldegiko abonatu ere badira. Sarrigurengo Kirolguneko abonatuendako ezarritako baldintza beretan erabiltzen ahalko dituzte honako hauek: igerilekuak, jacuzzia, lurrin bainua, sauna, erlaxazio aldea, muskulazio gela, kanpoaldeak, frontoia eta kirol anitzetarako pista.

Orobat, sustapen eta deskontuen onuradun izaten ahalko dira, antolatzen diren atal eta jarduera guztietan. Horiek, intalazioan jarriko dira ikusgai, bat bere web orrian ere.

7. artikulua. Abonatu motak:

7.1. Eguesibarren erroldatzen diren guztiak izaten ahalko dira abonatu. Udal erroldan baja egiteak Udalaren kirol instalazioan baja egitea ekarriko du, orobat.

Salbuespenez, eta Udalak komenigarri juzgatzen duen denbora guztian, abonatu izaten ahalko dira Eguesibarren etxebizitza baten jabe edo esleipen hartzaile direla frogatzen dutenak, etxebizitza jaso ez bada ere. Udalak ezarriko du hori frogatzeko zer agiri behar diren.

Egoera berezietan abonatu izateko baldintzak zein izanen diren Udalak ezarriko du.

7.2. Abonatuen artean sailkapen hau egin da:

A mota: 4 urtetik beheitiko haurrak.

B mota: 4-13 urte bitarteko haurrak.

C mota: 14-17 urte bitarteko haurrak.

D mota: 18-64 urte bitarteko helduak.

E mota: 65 urtetik goitikoak, erretiratuak, pentsiodunak eta pentsioen onuradunak.

7.3. Udalak, Kirol Batzordeak proposatuta, unean uneko kuotak finkatuko ditu, abonatuek ordain ditzaten. Kuota horien zenbatekoa urtero zehaztuko da, urtarrilaren 1a baino lehen.

7.4. A motako abonatuek ez dute kuotarik ordaindu beharko, baina dagokien abonatu karneta eskatu beharko dute.

7.5. Erretiratuak, pentsiodunak eta pentsiodunen onuradunak, adina edozein dela ere, beren egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala (administrazio publiko batek egina) aurkezten baldin badute, E motaren barrenean sartuko dira.

E motako abonatutzak joko dira elbarritasuna %65ekoa edo handiagoa dutela egiaztatzen dutenak, ziurtagiri ofizialaren bidez.

7.6. Abonatu izan nahi duten guztiek sarrerako diru kopuru bat ordaindu beharko dute.

Sarrerako diru kopurua ordaindutakoan hasiko zaie ordainagiriak bidaltzen, kirol instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa noiz aurkezten duten kontuan hartu gabe.

Baja hartzen duen abonatuak ezin izanen du zenbateko hori itzultzeko eskatu. Berriz ere abonatua izan nahi badu, bertze behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

Salbuespenetan, Eguesibarko Udalak aldi baterako eszedentziak ematea aztertuko du.

7.7. 14 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioko abonatu izateko. Gurasoek sinatu beharko dute adingabeak abonatzeko baimena eta haiena da azken erantzukizuna seme-alaben eginen gainean.

8. artikulua. Hilaren 20 baino lehen edo 20an berean alta hartzen duten abonatuek hileko kuota osoa ordainduko dute. Hilaren 20tik aitzina alta hartzen dutenak hurrengo hilean hasiko dira kuota ordaintzen.

Ezarrita dauden ordainketa moduak (hilabeteko, hiruhileko edo urteko kuota) banku igorpenaren bidez eginen dira, abonatuak ematen duen kontu zenbakira zuzenean; kuota ordaintzeko bertzelako modurik ez dagoenez, kontu zenbaki bat eman behar da, bertara egiteko banku igorpenak.

9. artikulua. Kuotak ordaintzen ez, edo ordainagiriak itzultzen badira, bi aldiz eginen da ordaintzeko errekerimendua, eta haietako bakoitzari dagokion hilabeteko epean abonatuaren erantzunik ez badago, baja emanen zaio eta abonatuen eskubideak galduko ditu. Baja deusetan ukatu gabe, lege prozedurei jarraituko zaie ordaindu gabeko kuotak ordainarazteko, behar diren errekarguekin.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta hartu nahi badu kuoten ordainketa eguneratu beharko du eta beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

10. artikulua. Baja idatziz jakinarazi beharko du abonatuak, Kirolguneko harreralekuan emanen duten agirian. Interesdunak agiri hori beteko du, banakako aleetan, behar bezala sinatuak. Baja jakinarazten bada hileko 25aren ondotik, ez da hura itzultzeko eskubiderik izanen.

Abonatu karneta galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio segituan instalazioak kudeatzen dituen entitateari. Karnet berria egiteko, diru kopuru bat, Udalak zehaztuko duena, ordaindu beharko da..

Abonatu orok eman beharko dio instalazioari aurkeztutako datuetan gertatzen den edozein aldaketaren berri: helbidea, kobratzeko kontu zenbakia, kontaktatzeko telefonoa, etab. Abonatuak hartuko ditu bere gain edozein daturen aldaketagatik sortzen diren ondorioak.

11. artikulua. Udalak mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioen erabilera ahalik eta egokiena izan dadin.

12. artikulua. Abonatu karneta pertsonala eta besterenduezina da. Bertze pertsona batzuek karneta erabiltzea, hura kentzea ekarriko du, baita Udalak zehazten duen zehapena ere.

13. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:

13.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu karneta erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

13.2. Instalazioak erabili ahal izatea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.

13.3. Antolatzen diren kirol jardueretan izena ematea, Udalak haien gaianean onesten duen araudiari jarraikiz.

13.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzea.

13.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

14. artikulua. Abonatuak beharturik daude aitzinxeago erabiltzaileentzat, oro har, ezartzen diren obligazioak betetzera.

III. KAPITULUA

Abonatu gabeak

15. artikulua. Abonatu ez direnak honela sartzen ahalko dira kirol instalazioetara:

.Udako denboraldia:

Gorputza tratatzeko erreserba.

Bainuetxeko zikloaren erreserba

"Eguneko sarrera" erostea.

"Lagunaren sarrera" erostea.

Kirol ikastaroetan izena ematea.

.Neguko denboraldia:

Gorputza tratatzeko erreserba.

Bainuetxeko zikloaren erreserba.

"Eguneko sarrera" erostea.

"Neguko abonamendua" erostea.

"Lagunaren sarrera" erostea.

Kirol ikastaroetan izena ematea.

Instalazioan sartzeko modalitateen zehaztapenak

-Gorputza tratatzeko eta bainuetxeko zikloaren erreserba: Gorputza tratatzeko erreserba egin dezakete hura eskatzen duten eta ordaintzen duten guztiek. Tiketa emanen zaie eta hura tratamenduen eremuaren arduradunari aurkeztu beharko diote.

-Eguneko sarrera:

Eguneko sarrera eskuratzen ahalko dute hura eskatu eta aldi berean kategoria bakoitzeko ezarritako zenbatekoa ordaintzen dutenek.

Eguneko sarrera dirutan ordainduko da.

Eguneko sarrerak aukera ematen du egun batean instalazioan sarbidea izateko. Sartzeko, behar den tiketa erakutsi beharko zaio harreralekuko langileari.

Eguneko sarreraren gibelaldean erosi duenaren NAN zenbakia agertuko da; edozein unetan eskatzen ahalko da hori jatorrizkoarekin egiaztatzeko.

Eguneko sarrera zilegi ez den edozein modutan erabiltzeak (faltsukeria, hirugarrenei ematea, etab.) egunaren gainerakoan instalazioan sartzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Sarrera librea duten instalazioak.

Aldagelak.

Igerileku klimatizatuak eta udakoak.

Spa eremua.

Haurren eremua.

-Neguko abonua:

Neguko abonua eskuratzen ahalko dute hura eskatu eta Udalak ezarritako zenbatekoa dirutan ordaintzen dutenek.

Neguko abonua eskuratzen dutenak ez dira instalazioetako urteko abonatutzat joko.

Instalazioetara sartzen ahalko dira neguko denboraldian, Udalak zehaztuko baitu, eta denboraldi horretarako ezartzen den ordutegian.

Neguko abonatuek kirolean aritzeko abonamendu aktiboa eskura dezakete, kirol jarduera antolatuetan aritzeko, urteko abonatuaren baldintza beretan eta denboraldirako ezarritako denbora mugarekin.

Neguko abonamenduen kopurua Eguesibarko Udalak zehaztuko du.

Sarrera librea duten instalazioak.

Aldagelak.

Igerileku klimatizatuak.

Spa eremua.

Muskulazio gela.

Tenis eta padel pisten erreserba.

"Lagunaren sarrera".

Instalaziora abonaturik ez dauden pertsonek eskuratzen ahalko dute, kirolguneko espazioetariko baten erabilera puntual eta berariazkoa egin behar badute abonatu batekin batean, padel eta tenis pistetan.

Sarrera hau eskuratzen duena abonatuarekin batera sartu beharko da, hura izanen baita beti lagunaren arduraduna.

Lagunaren sarrera erabiliz sartzen diren guztiak nortasun agiriren bat aurkeztu beharko dute.

Abonatu bakoitza gehienez ere abonatu gabeko 3 lagunekin sartzen ahalko da, goizenez ere 30 minutu lehenago pistaren erreserba baino, eta instalazioa utzi beharko da bukatu ondoko 30 minutura beranduenez. Luzatuz gero eguneko sarrera ordaindu beharko da. Istantean ordaindu ezean, abonatuaren kontuan kargatuko da.

-Sarrera librea duten instalazioak:

Aldagelak.

Tenis eta padel pistak.

Kirol ikastaroetan izena ematea.

Antolatzen diren kirol ikastaroetako batean plaza lortzen dutenak sartzen ahalko dira instalazioan, abonatuak izan gabe ere, hala neguko nola udako denboraldian.

Sarrera ikastaroa egin bitartean izanen da, denbora tarte arrazoizko bat emanez aitzin eta gibel.

Sarrerako karneta nahiz kirol ikastaro batean parte hartzaile izatea behar ez bezala erabiltzeak ikastaroan baja ematea ekarriko du, eta ez da izanen ordaindutako kuotak itzultzeko eskubiderik.

15.1. Salbuespenez, bertze batzuei ere instalazioetan sartzen utziko zaie, Udalari eskatu badiote eta hark baimendu. Udalak zehaztuko ditu halakoak sartzeko baldintzak. Ez dira inola ere urteko abonatutzat joko.

IV. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

16. artikulua. Eguesibarko Udalari dagokio abonatu edo erabiltzaileendako zehapen neurriak hartzea, erregelamendu honen konplimendua eta instalazioaren barreneko udal ondasunak begiratu beharrez.

17. artikulua. Sarrigurengo kirolguneko enplegatuek ahalmena dute erabiltzaileei ahoz kargu hartzeko edo instalaziotik egozteko, edo abonatuei karneta kentzeko, ahozko kargu hartzeari kasurik egiten ez dietenean, arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena ukatu gabe.

18. artikulua. Hona hemen zehapen prozedura:

Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake karneta kendu eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori instalazioko edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

Sarrigurengo Kirolguneko kudeatzailetzak txostena eta arau-hauslearen datuak igorriko dizkio Udalari, erregelamendu honetan oinarriturik behar diren zehapen neurriak har ditzan. Zehapen horiek arau-hausleari jakinaraziko zaizkio. Ematen diren ebazpenen kontra indarra duen legerian orokorrean ezartzen dituen errekurtsoak paratzen ahalko dira. Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betikoz kendu zaion erabiltzailea ezin izanen da instalaziora sartu.

19. artikulua. Hutsegiteen sailkapena:

Hutsegite arinak.

Hutsegite larriak.

Hutsegite oso larriak.

a) Hauek dira hutsegite arinak:

-Kirol eremu bakoitzaren araudi berariazkoa ez errespetatzea. -Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

-Kirol instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, neguko sarrera edo abonurik gabe, baimen espresu puntualik gabe edo kirol ikastaro batean izena emanda egon gabe edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoa izan gabe.

-Espresuki debekatutako aldeetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

-Takillak modu desegokian erabiltzea.

-Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea.

-Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, hutsegite larri edo oso larritzat hartzen direnak izan ezik.

b) Hauek dira hutsegite larriak:

-Liskar edo eraso fisikoak piztea edo haietan parte hartzea.

-Kirol instalazioetan animaliak sartzea

-Instalazioak hondatzen dituzten animalia edo gaiak sartzea.

-Soropila eta/edo kanpo aldeak nahita zikintzea edo hondatzea.

-Igerilekuetako eta/edo jacuzziko uraren kalitatea hondatzea.

-Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea edo zikintzea.

-Hiru hutsegite arin egitea.

-Abonatu karneta beste edonori uztea instalazioan sartzeko.

-Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edoezin arau-hauste.

-Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

-Instalazioaren barrenean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

c) Hutsegite oso larriak:

-Hiru hutsegite larri egitea.

-Kirol materiala ebastea.

-Instalazioen arduradunei gorputzez edo hitzez eraso egitea edo lotsa galtzea.

-Erabiltzaileen gauzak ebastea.

-Urtebetean hiru arau-hauste larri egitea.

-Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak.

-Instalazioen erabilera eragoztea erabiltzeko eskubidea dutenei.

-Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

-Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larrian hondatzea.

20. artikulua. Hutsegite arinek instalazioa denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen. Orobat, isuna ekarriko dute, 25etik 60 eurora bitarte, eta egindako kalteak konpondu beharko dira.

21. artikulua. Hutsegite larriek instalazioa denbora batean (15 egunetik hilabete 1era bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen. Orobat, isuna ekarriko dute, 61etik 300 eurora bitarte, eta egindako kalteak konpondu beharko dira.

22. artikulua. Hutsegite oso larriek instalazioa erabili ezina ekarriko dute zehapen (hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte), Udalak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak ukatu gabe. Orobat, isuna ekarriko dute, 301etik 600 eurora bitarte, eta egindako kalteak konpondu beharko dira.

23. artikulua. Hutsegite oso larriek hiru urteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan. Arau-hauste oso larrietan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste larrietan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta arau-hauste arinetan ezartzen direnek urtebetean.

24. artikulua. Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legerian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahal dira.

Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betikoz kendu zaion erabiltzailea ezin izanen da instalaziora sartu.

25. artikulua. Zehapen araubideari aplikatzen ahal zaion arautegia ondokoetan ezarritakoaren arabera arautuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen IX. titulua ("Zehapen ahalmena") eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua.

V. KAPITULUA

Instalazioen erabilerari buruzko araudia

26. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak:

Erabiltzaileek betebehar hauek bete behar dituzte:

26.1. Instalazioak eta zerbitzuak egoki eta zuzen erabiltzea.

26.2. Gainerako abonatu edo erabiltzaileengana behar den errespetua gordetzea, elkarrekiko harremanetarako behar den jokabidea izanez.

26.3. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta ordu erreserbak, aldez aurretik ematen direnak.

26.4. Onartu eta betetzea instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta argibide guztiak.

26.5. Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

26.6. Kirol instalazioen barrenean, pertsona helduek arduratu beharko dute beren ardurapean dituzten adingabeen segurtasunaz.

26.7. Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren kargura dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausterik egiten badute.

26.8. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia. Hartara, aldez aurretik kalkulatu beharko dute zenbat denbora egin beharko duten dutxetan eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.

26.9. Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan egiten duten denboran asmo txar, zabarkeriaz edo bertzelako edozein arrazoi dela-eta kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.

26.10. Karneta aurkeztea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol instalazioetara sartzean karneta aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

26.11. 14 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioetan nor bere kasa sartzeko. Gurasoek edo tutoreek erantzun beharko dute adingabekoek edozer eginez gero.

26.12. Higiene arrazoiak direla-eta, debeku da erabat bizarra egitea, depilatzea, manikura, pedikura eta gisako tratamenduak egitea.

26.13. Jatea eta erretzea, horrexetarako uzten diren tokietan baizik ez da egiten ahalko.

26. artikulua. Instalazioak ez du erantzukizunik izanen norberaren gauzak desagertu, galdu edo hondatuz gero.

27. artikulua. Zerbitzugunea.

27.1. Zerbitzugunea erraten zaion aldean kafetegia, jatetxea, aldagelak, takillak, dutxak, zerbitzuak, bazkideen aretoa eta botikina sartzen dira.

27.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan ariz, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak eta hautsontziak erabiliz.

27.3. Erabiltzaileek begiratu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak etab.

27.4. Erabiltzaileek begiratu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei.

27.5. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak begiratu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

27.6. Jantzitegi zerbitzua takillen eremuan bakarrik izanen da. Aldagelen barnean diren takillak igerilekuak erabili behar dituzten abonatuendako izanen dira; aldageletako korridorean diren takillak, berriz, erabilera anitzetako aretoetan, muskulazio gelan edo kanpoko pistetan jardueraren bat egin behar duten abonatuendako izanen dira. Eguna bukatzean takilla guztiak irekiko dira.

27.7. Telefonoa publikoa izanen da.

27.8. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barrenean).

27.9. Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

27.10. Debeku da irristailu, bizikleta, haur aulki, gurdi edo gisakoak aldegelen eremuan sartzea. Toki bat egokituko da horretarako.

28. artikulua. igerilekuak.

Igerilekuak erabiliko dira bainatzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko, betiere igerilekuan ongi zehazturik bakoitzari dagokion aldea.

Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko bertze xederik gabe.

Sorosleek aginpidea dute jendeari kargu hartzeko.

Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; 18 urtetik beheitiko haurren gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak (bereziki igeri egiten ez badakite).

Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik bidaltzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.

28.1. Urgunea, sarbidea eta egonaldia.

Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin. Uretara sartu aitzin derrigorrezkoa da dutxatzea.

Igerileku estalietan derrigorrez erabili behar dira bainuko txanoa eta bainuko txankletak.

Debeku da lasterka, jauzi edo bulka egitea, eta orobat gainerako erabiltzaileendako gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den bertze zernahi, eta oro har gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozein gauza. Orobat, ez da jaten ahal ez igerilekuaren eremuan ez hondartzan, ezta beirazko edo ezpaltzen ahal den bestelako zernahi erabiltzen ahal ere.

Debekuk da baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien bertzelako gauzak (hegatsak, urperako betaurrekoak etab.); onartzen dira, ordea, igeri egiteko betaurrekoak; salbu eta kirol instalazioan antolatzen diren aisialdiko jarduera edo ikastaro berezietarako egun jakinetan.

Udako denboraldian erabiltzaileek berenak diren aulkiak eta eguzkitakoak sartzen ahalko dituzte igerilekuetara. Instalazioak prestatuko dituen oinarrietan paratuko dituzte, belardian landatu gabe. Instalazioko berdegunean baizik ez dira erabiliko.

Debeku da arras listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen edozein gauza.

28.2. Bainu aldea.

Erabiltzaileak erabiliko ditu bertze xede batzuetarako mugaturik ez dauden parteak (ikastaroak, entrenamendua ...).

Bakar-bakarrik erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasteko materiala ...), izena eman dutenek eta ikastaroetan soilik.

Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.

Bainu librean ari direnek ezin izanen diete kargu hartu, bulka edo traba egin, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioen kudeatzaileek antolatutako jardueraren bat egiten ari direnei.

28.3. Ikastaroak eta entrenamenduak.

Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarra duen araudia.

28.4. Ez da libre izanen irristailu, bizikleta, haur aulki, gurdi edo gisakoak igerilekuen aldean sartzea.

28.5. Igerilekuetan tutorerik gabe egoteko, gutxienez ere, 8 urte izan behar dira; betiere, adingabekoak igerian jakin beharko du. Gurasoek edo tutoreek erantzun beharko dute adingabekoek edozer eginez gero.

29. artikulua. Tenis eta padel pistak.

29.1. Instalaziora abonaturik daudenek baizik ez dituzte tenis eta padel pistak erreserbatzen ahalko.

Kirol eremu hauetara sartzeko, betiere, Eguesibarko Udalak ezarritako tasa ordainduko da, alokairu gisa.

Abonatu batek tenis edo padel pista erreserbatu eta kirol instalazioan abonatuta ez dagoen jendearekin etortzen bada, "lagunaren sarrera" eskuratu beharko dute, Udalak ezarritako diru kopurua ordainduta. Jende horiek sarrera hori erabiltzeko ezarri diren baldintzak bete beharko dituzte, 15.3 artikuluan zehazten den bezalaxe.

Inork eguneko sarrera ordaindu eta une horretan pistaren bat libre badago, erabiltzen ahalko du ezarritako tasa ordaindu eta gero.

Udalak, nahi erara, ematen ahalko dizkie sarrera bereziak abonatu ez diren taldeei, tenis edo padel pistez balia daitezen.

Eguesibarko Udalak onetsiko ditu tenis eta padel pistak erabiltzeko prezioak.

29.2. Tenis eta padel pisten alokairua gisa honetara eginen da:

Beranduenez nahi den ordua baino 24 ordu lehenago egiten ahalko dira erreserba eskeak, harreralekuan eta horretarako jartzen diren bideak erabilita.

Erreserba eskaerak gehiago badira eskura diren pistak baino, orduen zozketa eginen da, eta hura eskatzen den ordua baino 24 ordu lehenago eginen da, sarbideak kontrolatzeko ezkaratzean dagoen erlojuari begiraturik.

Orduen eta pisten esleipenak jendaurrean jarriko dira, denen jakingarri.

24 ordu baino gutxiagoko tartea izanik, zuzenean esleituko zaio pista hala eskatzen duen abonatuari.

29.3. Abanonatu batek pista bat alokatu, tenis nahiz padel, eta edozein arrazoi dela-eta erabili behar ez badu, horren berri eman beharko du ahalik eta lasterren.

Halakorik egin ezean, alokairua kobratuko zaio eta zor hori ordaindu arte ez du berriz ere pista astebetez alokatzen ahalko.

29.4. Abonatuek erreserbatuta izan eta bertan behera uzten dituzten orduak, horiek eskatu diren ordena hertsiki jarraikiz esleituko dira.

29.5. Alokairuak bulegoetan ordainduko dira, instalazioa erabili aitzin, non ez den ordaintzeko bertzelako biderik adosten instalazioko zuzendaritzarekin.

29.6. Tenis eta padel pistak erabiltzeko, kirolerako egoki diren arropa eta oinetakoak jantzi beharko ditu erabiltzaileak, karrikatik ekartzen direnak erantzita. Arau hori bete ezean, kirol eremu horren erabilpena ukatzen ahalko zaio.

Kirol mota eta alde bakoitzerako ekipamendu egokia erabili beharko dute erabiltzaileak.

29.7. Udalak, ezinbertzekoetan, ordutegiak aldatzen ahalko ditu hala behar duenean (kirol edo kultur jalaldien antolaketa, lehiaketen antolaketa, berritzeko lanak etab.). Horrela gertatuz gero, lehenbailehen gaztigatuko zaie ukituei.

29.8. Udalak erabakiko du tenis eta padel pistak erabiltzeko ordutegia.

30. artikulua. Muskulazio gela.

30.1. 18 urtetik goitiko abonatuek dute muskulazio gelan sartzeko eskubidea.

30.2. Muskulazio gelara sartu ahal izateko ikastaro bat egin behar da, monitore bat egonda, gutxienez ere 4 saio izanen dituena (ordu erdi bat saioko, gutxienez ere).

30.3. Medikuak aginduta eta guraso edo tutoreen baimen idatzia dutela sartzen ahalko dira 18 urtez azpikoak muskulazio gelan, monitorea bertan dagoen orduetan.

30.4. Muskulazio gelako monitoreak eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.

30.5. Muskulazio gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

30.6. Garbitasunagatik eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, eskuoihala eraman beharko da aparatuak erabiltzen direnerako.

30.7. Muskulazio gelaren erabiltzaileek, pisuak altxatzen aritu ondoan, pisuak beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin.

30.8. Gomendioa egiten zaio erabiltzaileari aldez aurretik osasun azterketa egiteko.

30.9. Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira izanen muskulazio gelan dauden aparatu eta materialekin erabiltzaileek egiten duten erabilera okerraren erantzule.

31. artikulua. Jardueretarako gela.

31.1. Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolatzen dituen ikastaroetarako baizik ez da erabiliko jardueretarako gela. Beraz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira hartara sartuko.

31.2. Ikastaroetatik kanpo, kirol eremu hori itxita egonen da abonatuentzat.

31.3. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

32. artikulua. Spa eremua.

32.1. Eremu horietara 18 urtetik goitiko abonatuak baizik ez dira sartuko. Salbuespenez, adin gabeek sarbidea izanen dute, Udalak enpresa kudeatzailearekin batera horrela erabakitzen duenean.

32.2. Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, kirol eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez jakin dezaten.

32.3. Erabiltzaileek modu librean erabiltzen ahalko dute espazio hori, elementu bakoitzaren erabilpen denborei men eginez gero. Spa eremuaren ardura duen sorosleak gehieneko edukiera kontrolatuko du eta jendearen sarrera mugatuko, horren beharrik bada.

32.4. Eremu horietan panel batzuk paratuko dira, erabileraren gaineko aholkuak emateko.

32.5. Higieneagatik, nahitaezkoa da txankletekin sartzea kirol eremu horietan, baita esku-oihala erabiltzea ere.

32.6. Debeku da edozein osagarri (zundak, erlojua, etab.) manipulatzea.

32.7. Debeku da saunan eta aldameneko eremuan bizarra egitea, jatea eta hondarrak sortzen dituen edozein egintza.

32.7. Debeku da spa eremura liburu, aldizkari edo paperak sartzea.

32.8 Bainu jantzia nahitaez erabili behar da, baita bainuko txano eta txankletak ere.

33. artikulua. Tratamenduen eremua.

33.1. Instalaziora abonaturik daudenek eta ez daudenek erabiltzen ahalko dute tratamenduen beremua.

33.2. Tratamendu guztiak 48 ordu lehenago erreserbatu beharko dira. Erreserbak honela egion daitezke:

Abonatuak: zuzenean, instalazioko harrelakeuan, telefonoz edo webgunearen bitartez. Tratamendua burutzean ordainduko da tasa.

Abonatu gabeak: zuzenean harreralekuan eta behar den tasa aitzinetik ordainduta.

Tratamenduen erreserban, instalaziora abonaturik daudenek izanen dute, betiere, lehentasuna.

33.3. Tratamenduak langile kualifikatuek eginen dituzte beti.

33.4. Solarium artifizialaren funtzionamendurako arauak harreralekuan eta solariumerako gelan daude. Erabiltzaileek jarraibideen arabera jokatuko dute, funtzionamendu egokia eta jende ororen aprobetxamendua lortzeko.

34. artikulua. Belar artifizialeko futbol zelaia.

34.1. Futbol zelaiaren erabilera Udalak eta instalazioko zuzendaritzak arautuko dute.

34.2. Modu librean erabiltzeko espaziotzat hartuko da instalazioak irekitzean eta erreserbetarako ezarritako ordutegitik kanpora.

35. artikulua. Haurren eremua.

Haurren eremua 0tik 12 urte bitarteko abonatuendako da. Arduradun heldu batek egon beharko du beti 0tik 3 urte bitarteko erabiltzaileekin.

4tik 12 urte bitarteko haurrak eremuaren arduradunaren zaintzapean geldituko dira.

Irekita dagoen bitartean eremuaren arduradunaren ardurapean egonen da; hark harrera eginen die haurrei eta han egiteko denbora arinduko du jarduerak, mahai jokoak, eskulanak, filmeen proiekzioak etab. antolatuz.

Arduradunak erabakiko du zein den gehieneko edukiera eta zein haur bakoitza eremu horretan egoten ahal den gehieneko denbora, eta horren berri emanen die guraso edo tutoreei.

Haurra bertan dagoen bitartean ez zaio kanpora ateratzera utziko, bere guraso edo tutorearekin ez bada. Aita-amek kontuan hartu beharko dute haurren eremuaren barnean ez dagoela komun publikorik, eta aurkitzeko maneran egon beharko dute beren seme-alabek bertzelako premiarik ote duten.

Udalak eta enpresa kudeatzaileak bertzelako erabilera eta alokairuak erabakitzen ahalko dituzte eremu horretarako.

36. artikulua. Bazkideen aretoa

Bazkideen aretoa erabiltzaileek modu librean erabiltzeko espazioa da.

Alde honetan dauden erabiltzaile guztiek elkarbizitzerako errespetuaren arau oinarrizkoak begiratu beharko dituzte, bai gainerako erabiltzaileei bai altzariei eta materialari dagokienez.

Ez da jostetan aritzeko aldea eta, beraz, ez da libre izanen lasterka, jauzika edo oihuka aritzea, ezta gisa bereko jardueretan ere.

Bazkideen aretoak jarduera programa bat izaten ahalko du, eta haiek egin bitartean haren erabilpena mugatzen ahalko da, parte hartzaileek baizik erabil ez dezaten. Hala gertatuz gero, aitzinetik emanen da aditzera, behar den denborarekin. Udalak bertze erabilera batzuk erabakitzen ahalko ditu, xedea kirola dela, edo salbuespenez, interes orokorrekotzat jotzen dituen bertzelakoetarako.

VI. KAPITULUA

Jarduerak

37. artikulua. Abonamendu aktiboa:

Jardueretarako geletan egiten diren kirol ikastaroak "Kirolerako abonamendu aktiboa" delakoaren barnean egonen dira, horrek aukera ematen baitio erabiltzaileari astearen barnean programaturiko saio guztietarako joateko, batere mugarik gabe.

"Kirolerako abonamendu aktiboa" delako hau urteko abonatuek nahiz neguko abonatuek eskura dezakete.

"Kirolerako abonamendu aktiboa" noiznahi eskura daiteke eta 3, 6, 9 edo 12 hilabeterako. Behin baizik ez da ordainduko, hautatutako denbora tarteagatik, eta instalazioak ezartzen duen sistema erabilita. Modu hau 16 urtetik goitikoendako programatzen diren jardueretarako izanen da.

16 urtetik beheitikoendako kirol ikastaroaek tratamendu desberdina izanen dute.

38. artikulua. Kirol eta ikastaroak eta igeriketakoak.

38.1. Eguesibarko Udalak erabakiko du nola izena eman kirol eta igeriketa ikastaroetan.

38.2. Udalak finkatuko ditu kirol ikastaroetan parte hartzeko ordaindu beharreko prezioak.

38.3. Kirol ikastaro guztietan, jarduera bakoitzeko gehieneko izen emate kopurua finkatuko da; beraz, kupo hori betez gero, ezin izanen da pertsona gehiago hartu.

Bajak sortzen badira, itxaron zerrendan daudenei deituko zaie.

38.4. Halaber, ikastaro guztietan izen emate kopuru gutxienekoa ere finkatuko da (instalazioko zuzendaritzak baloratu beharko du), haren azpitik ikastaroak deuseztatuko baitira.

38.5. Kirol ikastaro batean izena eman ondoan, ez da inola ere berreskuratzen ahalko ordaindutako diru-kopurua (ikastaroak hasiz gero), baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada.

Zenbatekoa itzuliko da jarduera hasi baino lehen izen emana duen pertsonak bere borondatez eskatzen badu baja ikastaroan.

38.6. Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta bakarrik baja ematen ahalko zaio jarduera jakin batean inoiz agertzen ez denari. Neurri hori hala dago jarria, jardueretan dagokeen itxaron zerrendari bide emateko aukera izateko.

38.7. Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izanen dira taldez aldatu.

VII. KAPITULUA

Erregelamendu honetako xedapenak

39. artikulua. Eguesibarko Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitateak jardungo du Udalaren eskuordetza izanik, haren xedapenak interpretatu eta aplikatzen, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra."

Eguesen (Eguesibar), 2008ko otsailaren 25ean.-Alkatea, José A. Andía García de Olalla.

Iragarkiaren kodea: L0803121