II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
BURUTAIN
Ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
Burutaingo Kontzejuan ur hornidura eta saneamenduaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala hasiera batean onetsi ondoan (2008ko 2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, urtarrilaren 4koa) 30 eguneko legezko epean inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez gero, ordenantza horiek behin betikoz onetsirik gelditu dira ondoko testuarekin bat:
ORDENANTZA FISKALA, BURUTAINGO KONTZEJUAN (ANUE) UR HORNIDURA ETA SANEAMENDUAREN TASAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA
Burutaingo Kontzejuaren tasak, uraren ziklo integralari buruzkoak
I. KAPITULUA
Oinarria
1. artikulua. Titulu honetan ezartzen diren tasak Nafarroako toki entitateei aplikatzen zaien araudi fiskalean emandako ahalmenen babesean ezarri dira eta haiekin bat etorriz.
II. KAPITULUA
Ordainarazpenaren izaera
2. artikulua. Titulu honen xede diren tasek ur horniduraren eta saneamenduaren zerbitzua eta aurrekoarekin eta uraren ziklo integralarekin ikusteko duten gainerako jarduera eta zerbitzuak egitea dute oinarri.
III. KAPITULUA
Aplikazio esparrua
3. artikulua. Ordenantza hau Burutaingo Kontzejuaren mugapean aplikatuko da.
IV. KAPITULUA
Zergapeko egintza
4. artikulua. Zergapeko egintza da ordenantza honek araututako zerbitzuak eskura izan edo eskuratu ahal izatea nahiz jarduerak erabili edo erabili ahal izatea. Horiek behar diren tasak sortzen dituzte, ondoko zerrenda honetakoak:
a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eduki eta mantentzea.
b) Herriko saneamendu eta estolderia sareen eskuragarritasuna eta mantentze-lanak.
c) Ur horniduraren zerbitzua erabiltzea:
d) Edateko uraren hornidura edo/eta hondakin-uren hustuketa sareei lotzeko eskubideak. Ur hornidura eta saneamendu zerbitzua fisikoki eskura izatea sartzen da.
Hargunea partikularrak egin behar du, eta kontagailua etxebizitzatik kanpo paratu.
e) Behin-behineko horniduretarako altak.
V. KAPITULUA
Subjektu pasiboak
5. artikulua. Nork ordaindu behar.
1. Honako hauek daude behartuta tasen ondoriozko tributu zorra ordaintzera:
a) Zordun nagusiak: subjektu pasiboa, zergadun nahiz ordezko gisa, baita arau-hausleak ere, dirutan ezarritako zehapenak ordaintzeko.
b) Zordun subsidiarioak: erantzule solidarioak, ustiategien eta jarduera ekonomikoen eskuratzaileak eta erantzule subsidiarioak.
2. Subjektu pasibotzat hartuko dira, zergadun gisa, pertsona fisikoak edo juridikoak, baita nortasun juridikorik gabe ere batasun ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak ere, ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jardueren onura edo haien eragina jasotzen badute, eta ordezko gisa, higiezinen jabeak, haietan bizi direnak aipatu jardueren onuradun badira.
Zehazki, honako hauek dira subjektu pasiboak:
a) Ordenantzaren 4. artikuluko a), b), D) eta e) ataletan ezarritako tasetan, kontratuaren titularra, zergaduna den aldetik eta, ordezko gisa, higiezinaren jabea, hartan bizi direnak zerbitzuaren onuradun badira.
b) Zergapeko egintza ordenantzaren 4. artikuluko c) atalean zehaztua duen tasarako, hargunearen eskatzailea, zergaduna den aldetik eta, ordezko gisa, higiezinaren jabea.
Abonaturik ez dagoenean, ikuskatu diren lur, eraikin, establezimendu, zentro, egoitza eta gainerako higiezinen jabea, maizterra edo edozein motatako erabiltzailea izanen da subjektu pasiboa, betiere, zehapena ekarri duen jarduketaren onura jaso badu.
3. Pertsona fisiko edo juridikoen ustiapen edo jarduera ekonomikoek sortutako zorra eta nortasun juridikorik gabe ere batasun ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateena, titulartasunean edo jardueran haien ondorengo direnei eskatuko zaie.
Ordaintzeko borondatezko epea akituta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.
Norbaitek ustiategi edo jarduera ekonomiko baten titulartasuna eskuratu nahi badu, gaurko titularrak aldez aurretik baietza emandakoan, eskubidea izanen du Mankomunitateari eskatzeko kasuan kasuko jardueran edo ustiategian aritzearen ondorioz diren tributu-zorren ziurtagiri zehatza.
VI. KAPITULUA
Zerga-oinarria
6. artikulua. 4. artikuluko zerrendan aipatutako zergapeko egintzetan hauek dira bakoitzaren karga oinarriak:
a) a) eta b) ataletan ezarritako zergapeko egintzagatik: Kuota finkoa.
b) c) atalean ezarritako zergapeko egintzagatik: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo bertze bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.
c) d) atalean ezarritako zergapeko egintzagatik: kuota finkoa.
d) e) idatz-zatian ezarritako zergapeko egintzagatik: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo bertze bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.
VII. KAPITULUA
Tarifak
7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, tarifa hauek aplikatuko zaizkie tasen zerga-oinarriei:
1. Edateko uraz hornitzeko zerbitzuaren mantentzea eta herriko saneamendu eta estolderia sareak eskura izatea: 6 euro urtean.
2. Ur horniduraren zerbitzua erabiltzea:
Kontsumituriko metro kubikoen ariora, Burutaingo Kontzejuak aldi bakoitzean onesten duen tarifarekin bat.
Erranak erran, etxeko kontsumoa urtean 300 metro kubiko baino gehiago denean, tarifa %10 igoko da.
3. Hargune eskubideak:
-Etxean erabiltzeko: 450,76 euro.
-Industrian erabiltzeko: 1202,02 euro.
4. Behin-behineko horniduretarako altak:
Artikulu honen 2. zenbakian adierazitako tarifa berak aplikatuko dira.
Tarifa guztiak 5 urte iraganda berrituko dira, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita.
VIII. KAPITULUA
Tributu-kuotak
8. artikulua. Zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota.
9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.
IX. KAPITULUA
Salbuespenak
10. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen borzgarren eta seigarren xedapen gehigarrietan ezarritako salbuespenak bakarrik onartuko dira tasak ordaintzeko.
X. KAPITULUA
Sorrarazpena
11. artikulua. 1. 4. artikuluko a) eta b) ataletan ezarritako tasek seihileko natural bakoitzaren lehenbiziko egunean izanen dute sorrarazpena, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztientzat edo zerbitzua lehen aldiz hartzen dutenentzat.
Zerbitzua lehen aldiz hartzen duten erabiltzaileentzat, tasek seihileko natural horren lehenbiziko egunean izanen dute sorrarazpena; hortaz, ezin dira lauhilekoa baino epe laburragoetan banatu.
2. c) eta e) ataletan ezarritako tasek ur kontsumoa hasten den unean izanen dute sorrarazpena.
3. d) atalean ezarritako tasek ur horniduraren sarera edo/eta hondakin urak hustutzekora lotzeko baimena eskuratzen den unean izanen dute sorrarazpena.
XI. KAPITULUA
Ordainarazpena
12. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak hurrengo arauei jarraikiz ordainaraziko dira:
1. 4. artikuluko a), b), c) eta e) ataletan aurreikusitako tasak urtean behin.
2. d) atalean aurreikusitako tasak, sortzapena duten unean.
XII. KAPITULUA
Dirubilketa
13. artikulua. 1. Tributu zorrak haiek jakinarazi eta hogeita hamar egun balioduneko epean ordainduko dira.
2. Borondatezko epe horretan ordaintzen ez bada, dirubilketa premiamendu bidez eginen da obligazioa duenaren ondarearen gainean, indarra duen legeriari jarraikiz.
14. artikulua. Ahal dela, tributu zorrak adieraziko den banku edo aurrezki kutxaren kontuan kargatuz ordainduko dira.
XIII. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
15. artikulua. 1. Erabiltzaile izan nahi duenak sarean lotura izateko eskabidea aurkeztuko dio Burutaingo Kontzejuari eta bertan zehaztuko zenbat ur behar duen. Halaber, eta Kontzejuak hala eskatzen badio, azterlana ere aurkeztu beharko du, hain zuzen ere bere ur beharrak emarian izan dezakeen eraginari buruz, gero haren ebaluazioa eta azterketa egin ahal izateko.
2. Ebaluazioaren ondorioz, eskatutako ur beharrak ur murrizketak ekartzen ahal dituela ikusten bada, Kontzejuak ez du onartuko lotune eskabidea, herriaren onerako.
3. Orokorrean, sare orokorretik etxebizitzetara, harguneek hazbeteko diametroa izanen dute eta kontagailuek 13 edo 15 milimetrokoak izanen dira, Kontzejuaren zerbitzu teknikoaren irizpidearen ariora.
4. Ur gehiago eskatzen den kasuetan (batez ere ustiapenak edo industriarako erabilerak) kontagailuen diametroak zehazterakoan, Kontzejuak aztertuko du afera, kasuz kasu.
5. Sarera lotzeko edo hornitzeko eskatzen duenaren bizkar izanen dira kontagailua erosteko gastuak, baita hura paratzeko eta hornitzeko behar diren materialei eta eskulanei dagozkienak ere.
6. Halaber, sareari lotzeko obrak oro eskatzailearen kontura izanen dira, eta Kontzejuari ez dio inolako gasturik ekarriko.
7. Azkenik, obra guztiak eginda, eskatzailea beharturik dago inguru hura lehengoratzera, alegia, obrak hasi aitzineko itxuran uztera.
8. Prebentzio moduan, instalazio barrenean ur-galera dakarten aberiak dituen hartunearen titularrari ur-hornidura mozten ahalko zaio.
9. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko bertze pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.
10. Halakorik bada, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko aberia baten ondorioz gertatutakoak Kontzejuari lehenbailehen jakinaraztera.
11. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.
12. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako bertze zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.
XIV. KAPITULUA
Uraren erabilera arrazoizko eta eraginkorra
16. artikulua. Uraren eta ingurumenaren babesa.
Espainiako Konstituzioak guztiei aitortzen die inguru egokia izateko eskubidea eta botere publikoen beharkizuna eta, beraz, toki administrazioko agintariena, hura defendatzeko (46. artikulua).
Esparru horretan sartzen da ura aurreztu beharra eta horrek ingurumenean sortzen duen arazoa. Araudi honen xedea ere bada aurrezpen eraginkorraren eta uraren erabilera arrazoizkoaren alde egitea, ondasun urria den aldetik.
17. artikulua. Lehentasunak.
Uraren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Foru Dekretuaren 60. artikuluarekin bat, herritarren hornidurak lehentasuna izanen du, hurrenez hurren, honako hauen aldean: ureztapena eta nekazaritzako erabilerak, industriako erabilerak, akuikultura eta, azkenik, aisialdiko erabilerak, horien artean barne direla baratze eta lorategi ttikien ureztaketa y igerilekuak betetzea.
Aisialdiko erabilera ttikietan, lehentasunak honako hauek izanen dira, hurrenez hurren: baratzeak ureztatzea, lorategiak ureztatzea eta igerilekuak betetzea.
18. artikulua. Baliabidearen babesa.
Burutaingo Kontzejuak, kontzejuburuak edo Batzarreko edozein kidek ordezkatuta, ahalmena du erabakiak hartzeko baliabidea urria denean. Horretarako, biltontzia komenigarria iruditzen zaion bezala kudeatuko du, ondorio gaiztoak apaltzeko presioa falta denean edo sarean batere urik ez dagoenean. Bertzalde, horniduraren iturriak agortuz gero, Kontzejuak lehentasunekotzat jotzen ez diren erabilerak murriztuko ditu, horren berri ahal bezain aitzinetik emanik.
19. artikulua. Igerilekuak betetzea.
1. Igerilekuen jabe eta/edo arduradunek Kontzejuari gaztigatu beharko diote ontziak bete nahi dituztenean, batek baino gehiagok batera eginda hustu ez dadin ur biltontzia.
2. Igerilekuen betetze lana gehienez ere egunean 5 orduz eginen da. Denbora hori gaindituta eten beharko da betetzea.
3. Biltontziak husteko arriskua duela ohartzen den puntuan, Kontzejuak moztuko du hornidura.
4. Baldintza horiek betetzen ez badituzte, igerilekuen jabeak izanen dira horniduraren mozketak ekartzen dituen kalte-galeren erantzule zuzenak, deusetan ukatu gabe etor daitezkeen administrazio zehapenak.
20. artikulua. Uraren kudeaketa hobetzeko neurriak.
Ura aurrezteko neurri guztietarako, baliabide hidrikoaren gutxieneko kontabilitatea behar da. Hartara, arrunt baitezpadakoa da kontagailuak paratzea etxebizitza eta banaketa gune guztietan.
Horren ondorioz, Ordenantza honek ukitzen dituzten guztiek banakako kontagailua izanen dute etxebizitza edo lokal bakoitzerako, eta hura erabat eskura egonen da, irakurketa egin ahal izateko.
XIV. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
21. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 93.etik 99.era bitarteko artikuluetan aurreikusitako arau-hausteak eta zehapenak aplikatuko dira.
Kontagailua paratzeari uko egiteak edo agerian eta etxebizitzetatik kanpora paratzeak zehapena ekarriko du, Nafarrotako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 98.2 artikuluan aurreikusiarekin bat.
20. artikuluan aurreikusitako beharkizunak ez betetzea arau-hauste arina da, eta halakoetan aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 98.1 artikuluan aurreikusita daudeno diru zehapen finkoak.
II. TITULUA
Saneamendu saria
22. artikulua. Saneamendu saria Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta Foru Lege hori garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuak onetsitako Erregelamenduan arauturik dago.
23. artikulua. Sariaren zenbatekoa aurrekontu-urtealdi bakoitzerako dagokion Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legean finkaturik gelditu da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartzen duenetik hura gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L0803000