41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARGUEDAS

Ordenantza fiskalaren behin betiko onespena

Arguedasko Udalak, 2007ko abenduaren 14ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoko lurzoruan, hegalkinean eta zorupean zerbitzuen enpresa ustiatzaileek herritar guztiendako edo ugarirendako egiten dituzten aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasiera bateko onespenaren erabakiak argitara eman ziren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta iragarki oholean. Jendaurreko epea inolako alegaziorik jaso gabe iragan denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behin betiko onetsita gelditu da aipatu ordenantza fiskala. Hona hemen haren testua:

HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAN, HEGALKINEAN ETA ZORUPEAN ZERBITZUEN ENPRESA USTIATZAILEEK HERRITAR GUZTIENDAKO EDO UGARIRENDAKO EGITEN DITUZTEN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Esparru juridikoa.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera, lege bereko 12. artikuluan ezarritakoari dagokionez.

2. artikulua. Zergapeko egintza.

Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, zerbitzua egitearekin ikustekoren bat badute eta interes orokorreko horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten badituzte, herritar guztiei edo ugariri eragiten dieten ala ez kontuan hartu gabe.

Jabari publikoko aprobetxamendu berezia gertatuko da baldin eta, hornidura zerbitzuak egitearen ondorioz, hegalkina, lurzorua edo zorupea okupatzen duen sarea edo azpiegitura erabili behar bada, okupazio hori modu esklusiboan egin ala ez, eta azpiegitura horien titularra nor den kontuan hartu gabe.

Nolanahi ere, zerbitzua udal mugapearen barnean egin dela ulertuko da betiere haren izaera dela-eta jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen aprobetxamenduaren menpeko bada edo harekin ikustekorik badu, prezioa bertze udalerri batean ordaintzen bada ere.

3. artikulua. Tasaren sorrarazpena

Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

Erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasi dela ulertuko da horretarako baimena ematean, lizentzia edo baimena behar denetan; bertzenaz, eskatzen duten herritarrei zerbitzua egiazki egiten zaienean.

4. artikulua. Subjektu pasiboak

Enpresa ustiatzaileek, zergadun gisa, tasa ordaindu behar dute, baldin eta jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiten badute, uraz, gasaz, argindarraz, telekomunikazioaz (telefonia finko eta mugigarria) hornitzeko zerbitzuak edo gisako bertze edozein zerbitzu ustiatu beharrez.

Orobat ordaindu behar dute komunikazio sareak ustiatzen dituzten enpresek, entitateek edo administrazioek, baldin eta horretarako erabiltzen badituzte zuntz optikoko sistemak, kable bidezko telebista edo toki erakundearen jabari publikoan pasatzen diren edo paraturik dauden sareak edo muntadurak behar dituen bertze edozein teknika.

Tasa honi dagokionez, garraio, banaketa nahiz merkaturatze lanetan ari diren enpresak hartzen dira zerbitzuaren enpresa ustiatzailetzat.

Betiere, erabiltzen diren sareen edo azpiegituren titularrak nahiz horiei dagokienez erabilpen, sarbide edo lotura eskubidea duten titularrak izanen dira subjektu pasiboak.

5. artikulua. Zerga-oinarria: Tasak eta tarifak

Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria enpresek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako dirusarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

Halakotzat hartuko dira entitate bakoitzari egozten ahal zaizkion dirusarrera gordinak, enpresa ustiatzaileek erran den denboran eskuratu dituztenak udal mugapean egindako hornidura zerbitzuen ordain. Horien barnean daude, bertzeak bertze, aipatu zerbitzuak egitean erabiltzen diren kontagailu, ekipo eta muntadurak, enpresenak edo erabiltzaileenak direnak, alokatze, abiarazte, zaintze, aldatze, konektatze, deskonektatze eta ordezkatzetik heldu direnak. Halakotzat hartuko dira, orobat, orokorrean enpresa hornitzailearen berezko jardueraren ondoriozko zerbitzuengatik, hirugarrenei dohainik ematen zaien horniduragatik, kontsumo berariazkoengatik eta diruz ordaintzen ez direnengatik egiten den fakturazioari dagozkion dirusarrerak. Azken horiek beren klaseko antzekoei dagokien banaz-bertzeko prezioaren arabera fakturatuko dira.

Aldiz, hauek ez dira dirusarrera gordintzat hartuko: a) egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, eta b) hirugarrenen kontura kobratutako kontusail edo zenbatekoak, kuantifikazio araubide hau aplikatzen zaion entitatearen dirusarrera berariazkoak ez badira.

6. artikulua. Zerga-tasa

Aplikatuko den tasa %1,5 da hornidurako zerbitzuen enpresa ustiatzaileek eskuratzen dituzten dirusarrera gordinen gainean.

Tasa hauek bateragarri izanen dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

7. artikulua. Kudeaketa arauak

Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

9. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aitzinetik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena eginda.

Egindako kalteak konponezinak badira, enpresa ustiatzaileak kalteordaina ordainduko dio Udalari, desegindako ondasunen edo egindako andeatzearen balioa zenbat eta horrenbertze, udal teknikariak hura zenbakietara ekartzeko irizpena eginda.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Gordailua berreskuratu ahal izateko adostasun txostena beharko da, indarra duen arautegia eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden hornidurako zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek hiruhileko bakoitzean aurkeztu beharko dute, udalerrian, erdietsi dirusarrera gordinen aitorpena, behin betiko aitorpen-likidazioaren kontura.

Hiruhileko bakoitzean egiten den aitorpen horren zenbatekoa kalkulatzeko, %1,5 aplikatu beharko zaio arau honetan ezarritako erregelen ariora.

Aldi berean, ordainketa egin behar duten enpresek dagokien tasen dirusarrera egin beharko dute, Udalean berean edo, bertzenaz, hiruhileko bakoitzaren ondoko hilean kasu bakoitzean zehazten den entitatearen bitartez.

11. artikulua. Ordaindu behar dutenek kasuan kasuko urte natural bakoitzeko uztailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute behin betiko aitorpen likidazioa, eta harekin batera aurkeztuko dute enpresako auditoreek egitate zehatzen gainean egiten duten ziurtagiria; hartan zergapean dagoen ekitaldiko dirusarrera gordinak adierazi beharko dira.

Zenbatekoa zehazteko, %1,5 aplikatuko zaio, ordenantza honen arabera, dirusarrera gordin guztien zenbatekoari; azkenean ateratzen den zenbatekoaren eta kontura egindako dirusarreren artean alderik badago, huraxe ordainduko da.

Ateratzen den saldoa negatiboa bada, enpresa ustiatzaileak Udalari ordaindutako soberakina etortzen diren lehen edo hurrengo likidazioetan konpentsatuko da.

Nolanahi ere, tasa ordaindu behar duen enpresak ordainketari ihes egiteko jarrera erakusten badu, udal administrazioak ahalmena izanen du ordainarazpena tramite gehiagorik gabe likidatu eta kobratzeko, bertze bide batzuetatik lortzen ahal dituen datuetan oinarriturik, are aurkeztu gabeko zenbatekoak zenbatespen objektiboen bidez finkatzeko ere.

12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Tributuaren ikuskapenari, tributu arloko arau-hausteei eta kasu bakoitzean tokatzen diren zehapenei dagokien orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta haiekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe geldituko dira, inongo baliorik eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, hari kontra egin eta ezarrita diren maila bereko edo txikiagoko xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Modu osagarrian aplikatzekoa izanen da ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoa.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridikoak izanen ditu testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Arguedasen, 2008ko otsailaren 27an.-Alkate udalburua, José Antonio Rapún León.

Iragarkiaren kodea: L0803390