41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

NAFARROAKO ZERGA OGASUNA. Derrigorrezko dirubilketa. Iragarkia, ondasunak zuzeneko esleipenaren bidez besterentzeko.

Dirubilketa Zerbitzuko zuzendariak 2007ko abenduaren 10ean emandako enkanterako Erabakia eta Ebazpena (2008ko 19. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, otsailaren 11koa).

Zorduna: "Carpintería Metálica Hnos. Pereira, S.L.", IFK B31690944.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Derrigorrezko Dirubilketaren atalburuak iragarri du ondotik zehazten diren ondasunak zuzeneko esleipenaren bidez saltzeko eskaintzak aurkezteko epea hasi dela. Baldintza hauek gobernatuko dute ondasunen besterentzea:

1. Eskaintzak aurkezteko epea: 2008ko apirilaren 18ko 8:30 arte, Nafarroako Zerga Ogasuneko Dirubilketaren Ataleko bulegoetan (Karlos III.a etorbidea, 4, 1. solairua). Eskaintzak apirilaren 18an, 9:30ean, irekiko dira, leku berean.

2. Ez da gutxieneko kopururik finkatu eskaintzetarako.

3. Eskaintzak gutun-azal itxi batean aurkeztuko dira, hauekin batera:

-Eskaintza egiten duen pertsonaren edo entitatearen izena, IFZ/IFK, helbidea eta eskainitako prezioa. Eskaintza entitate batek egiten badu, aurkezlearen ahalordea jarduteko.

-Eskainitako zenbatekoaren %20ko bermea. Berme hori Foru Administrazioaren Diruzaintzan irmo sartuko da esleipen-hartzaileek azken erremateko prezioa ordaintzen ez badute, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko esleipena ez gauzatzeagatik bermearen zenbatekoaz goiti izan litezkeen erantzukizunak.

4. Posturarik hoberenean kartazal itxian aurkeztutako eskaintza batek baino gehiagok bat egiten badute, aurrena erregistratu denari emanen zaio lehentasuna esleipenerako, 5. atalean arautzen den eskaintzen hobekuntza deusetan galarazi gabe.

5. Gutun-azalak ireki ondotik, bertan dauden eskaintza egileek eskaintzak hobetzen ahal dituzte, lote bakoitzerako 500,00 euroko tarteez baliatuz.

6. Interesdunei ohartarazten zaie ondasuna besterentzeko prozesua, esleipena baino lehenago eta edozein momentutan, bertan behera geldituko dela baldin eta zorra, berandutze-korrituak eta prozedura kostuak ordaintzen badira.

7. Esleipen-hartzaileak beharturik daude esleipenean bertan edo bost eguneko epean utzitako bermearen eta lotea esleitzeko prezioaren arteko aldea pagatzera.

8. Enkantean salduko diren ondasunek iragarki honen bukaeran ageri diren karga eta zamak dituzte beren gain, eta espedientean ere jasota dira, eta ez dira iraungiko, ez baita zilegi horretarako askitzat ematea errematearen prezioa.

9. Eskualdatzeak sortzen dituen gastu eta zerga guztiak, baita lehentasunezko zamak kitatzeko agindua Jabetza Erregistroan inskribatzeak sortutakoak ere, esleipen-hartzaileen kontura izanen dira. Ondasunak ez dira entregatuko harik eta zerga horien ordainketa, salbuespena edo loturarik eza frogatu arte.

10. Nafarroako Zerga Ogasunak bere gain du errematea izan ez duten ondasunak Foru Komunitateari esleitzeko eskatzeko eskubidea, Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketari buruzko Erregelamenduaren 147. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutenari jarraikiz.

11. Enkantean jarritako ondasunak Erregistro publikoetan inskriba daitezkeenetakoak direnean, lizitatzaileek espedientean jasotako jabetza-tituluekin konformatu beharko dute, ez baitute eskubiderik besterik eskatzeko.

12. Orobat, ohartarazten da espedienteak ez duela aipatzen besterendu beharreko ondasun higiezinean zorduna ez beste inor bizi denik.

13. Hona hemen zuzenean esleituz besterendu nahi diren ondasunen eta haien gaineko zamen ezaugarriak:

-Lote bakarra.

Erregistrokoa: Caparrosoko 7670. finka, Tafallako 2. Jabetza Erregistroko 1766. liburukia, 93. liburua, 90. folioa. Zortzigarren zenbakia. "B" motako familia bakarreko etxebizitza, estali gabeko ondoko lursailarekin, guztira ehun eta hirurogeita bederatzi metro eta laurogeita hemezortzi dezimetro koadroko azaleran. Beheko eta goiko solairua dauzka. Etxebizitzak berez orubearen laurogeita lau metro eta hirurogeita hamalau dezimetro koadroko azalera hartzen du, gainontzekoa lorategia edo estali gabeko lurzatia da. Parte-hartze kuota: bederatzirena zatitugabea. Titulartasuna: "Carpintería Metálica Hnos. Pereira, S.L." enpresaren izenean ageri da, salerosketa titulu bidez.

Katastrokoa: etxebizitza, ibilgailuak gordetzeko garajea eta ataripea, Caparrosoko Cofita kaleko 52an. 1060. lurzatia, 9. poligonoa, 1. azpieremua, 1., 2. eta 3. hiri unitateak.

Dirauten zamak:

-Lurralde Kontribuzioaren Zerga, Caparrosoko Udalaren aldekoa, 154,58 euroko zenbatekoarekin, 2007ko abuztuaren 8ko idazkiaren arabera.

-Caparrosoko 6650. jatorrizko finkatik datorrenez, hauxe du bere gain: jatorrizko finka hori Caparrosoko Arau Subsidiarioen 3B unitatearen aldaketa izanda, behin-behineko likidazio kontuaren saldo zorduna eta behin betiko likidazioren parte-hartze kuota. Horrela, 6650. finkak hogeita hiru mila eta berrehun eta berrogeita hamalau euro eta hogeita hiru zentimoko balioari erantzuten dio. 2007ko urriaren 1ean Caparrosoko Udalak emandako erantzunaren arabera eta udalaren datuekin bat, ez dago Caparrosoko finka horren gaineko kargurik (1060. lurzatia, 9. poligonoa, 1. azpieremua, 1. eta 2. eta 3. hiri-unitateak).

-Finka bera dela eta: Hipoteka, Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarraren alde, 180.230,00 euroko maileguaren itzulketaren berme gisa, 2005eko ekainaren 10eko seigarren inskripzioan. Nafarroako Kutxaren erantzunarekin bat, Tafallako Jabetza Erregistroan inskribatutako 7.670 finkarekin bermatutako maileguak indarrean segitzen du, 182.037,70 euroko saldo zordunarekin, 2007ko abuztuaren 13an. Iragan den denbora kontuan hartuz, ziurtagiriko zenbatekoak aldaketak izaten ahal ditu.

2008ko martxoaren 7an Tafallako Bigarren Jabetza Erregistroan aurkeztu zen manamendu bat, jabarien eta zamen ziurtagiria luzatzeko eskatzen duena, 134/2008 exekuzio prozeduratik eratorria eta Nafarroako Kutxak Tafallako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko bigarren epaitegian jarraitua.

14. Bahitu beharrekoa: 2006ko abuztuaren 1eko bahitura eginbidea, Tafallako Bigarren Jabetza Erregistroan 2006ko irailaren 6an idatzia, "A" letrarekin.

15. Iragarki honetan adierazten ez den guztian, egintza arautzen duten legezko edo erregelamenduzko xedapenek aginduko dute.

Argibide gehiago nahi izanez gero, harremanetan jarri Derrigorrezko Dirubilketaren Ataleko langileekin (telefono zk.: 848427235, posta elektronikoa: calzuaro@cfnavarra.es).

Iruñean, 2008ko martxoaren 12an.-Nahitaezko Dirubilketaren Ataleko burua, Javier Ezpeleta Iraizoz.

Iragarkiaren kodea: F0804160