41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

539/2008 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2008ko deialdiak onesten dituena.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatean ehizarako lehenbiziko administrazio lizentzia eskuratzeko, ehizari lotutako arloei buruz gaitasun eta ezagutza probak gainditu beharko dira.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan gaitasun proben baldintzak eta edukia garatzen dira. Baldintza hauen artean, homologatutako prestakuntza ikastaro bat egiteko beharra aipatzen da eta ezartzen da gaitasun probetan nahitaez honako gai hauei buruzko ezagutza izatea: ehizari buruzko alderdi legalak, basa faunari buruzko ezagutza, ehiza eta segurtasun metodoak, eta ehizarako tresnak eta baliabideak eta bere erabilera.

Xedapen horiek betearazteko, bidezko da deialdiak eta baldintzak finkatzea, ehizan lehenbizikoz ari nahi dutenek ezagupenik aski badutela egiaztatzeko aukera izan dezaten, ehizarako lehenbiziko administrazio lizentzia eskuratu aurretik.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2008ko deialdiak onestea.

2. Deialdi horien arauak, ebazpen honen eranskinean ageri direnak, onestea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzea.

Iruñean, 2008ko martxoaren 12an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2008ko deialdiak

1.-Xedea.

Deialdi hauen xedea prestakuntza ikastaroa eta ehiza gaietako gaitasun ziurtagiria lortzeko azterketa egitea da. Ziurtagiria Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak luzatzen du eta Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezkoa da.

Izangai bakoitzak ehiza gaiei buruzko gaitasun azterketa gainditzeko bi deialdi izanen ditu. Azterketara aurkezteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea.

2.-Izen-ematea.

2.1. Prestakuntza ikastarorako eta lehenbiziko edo bigarren deialdian azterketa egiteko izena emateko epe bakarra izanen da eta 2008ko apirilaren 18an bukatuko da.

2.2. Izena emateko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira.

Izena emateko epearen barruan, honako agiri hauek aurkeztuko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (Armada etorbidea 2, 31002, Iruña):

a) Prestakuntza ikastaroan eta azterketan parte hartzeko izena emateko eskabidea, eransinean ageri den ereduaren araberakoa. Eskabideak interesdunen eskura egonen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Atalean (Yanguas y Miranda kalea, 27-1. solairua, 31003 Iruña).

Lehen deialdian izena eman eta probetara aurkezten ez direnek eta lehen deialdiko azterketa gainditzen ez dutenek, nahikoa izanen dute prestakuntza ikastaroko bertaratze-ziurtagiria aurkeztea bigarren deialdian parte hartzeko.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Azterketa egiteko 12 euroko tasa ordaindu dela ziurtatzen duen ordainketa-gutuna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarritakoa. Zenbateko hori ordaintzeko ordainketa-gutuna, interesdunak eskatuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Atalak luzatuko du (Yanguas y Miranda kalea, 27-1. solairua, 31003 Iruña).

3.-Onartuen zerrenda.

2008ko apirilaren 25etik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, prestakuntza ikastaroa egiteko tokia, data eta ordua izangai bakoitzeko zehaztuta, bai eta lehenbiziko deialdian azterketa egiteko tokia, data eta ordua.

2008ko ekainaren 9tik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bigarren deialdiko azterketa egiteko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, tokia, data eta ordua izangai bakoitzeko zehaztuta.

Aipatu zerrendak Nafarroako Gobernuko Iragarki Oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (Armada etorbidea, 2, Iruña) argitaratuko dira.

4.-Prestakuntza ikastaroa.

Ikastaroaren xedea da Nafarroako ehiztarien 2008ko azterketa prestatzeko eskuliburuaren edukiak aztertzea eta izangaiei eskuliburua ulertzen laguntzea ezagutza gehiago izan ditzaten eta azterketa gainditzen laguntzeko.

Gaitasun probak gainditu nahi dituzten izangai guztiek nahitaez egin beharko dute ehizari buruzko prestakuntza ikastaroa, bost orduko iraupena duena. Horretarako NANa, papera eta boligrafoa eraman beharko dute. Onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzaren eguna eta ordua.

Prestakuntza ikastaroa emanen den tokia eta egunak eta ordutegia:

-Tokia: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Hitzaldi Aretoa (Armada etorbidea, 2, erdisotoa, Iruña)

-Egunak eta ordutegia:

2008ko maiatzaren 9an eta 16an: 16,00:00etatik 21,00:00etara

2008ko maiatzaren 10ean eta 17an: 9:00etatik 14:00etara

Izangai bakoitza saio bakar batera agertuko da. Ikastaroan parte hartzeko, izena emateko eskabidea bete beharko da eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabide horrek ere balio du ehiztari azterketan parte hartzeko.

Bertaratutako ikasleek ikastaroaren bertaratze ziurtagiria jasoko dute, azterketara aurkezteko aurretiko betebeharra dena.

5.-Azterketa.

5.1. Azterketaren edukia.

Azterketak test moduko 30 galdera teoriko izanen ditu, epaimahaiak 500 galderako multzo batetik aldez aurretik aukeratuak.

Gaitasun ziurtagiria lortzeko azterketa galdera eskuliburu eta koadernoaren edukian oinarritutakoa izanen da. Honen erreferentzia hau da: "Nafarroako ehiztarien 2008ko azterketa prestatzeko eskuliburua"

5.2. Balorazioa.

Erantzun zuzeneko galderak puntu banarekin baloratuko dira. Erantzuna zuzena ez bada, ez da punturik emanen.

Proba hau gainditzeko, 23 puntuko edo gehiagoko puntuazioa erdietsi beharko dute.

5.3. Azterketen egunak:

-Lehendabiziko deialdia. 2008ko maiatzaren 31ka eta/edo ekainaren 1a.

Lehenbiziko deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzaren eguna eta ordua.

-Bigarren deialdia. 2008ko ekainaren 21a eta/edo 22a.

Bigarren deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzaren eguna eta ordua.

Izangaiek NANa eta boligrafoa eraman beharko dute. Azterketara aurkezteko beharrezkoa izanen da prestakuntza ikastaroaren Bertaratze Ziurtagiria izatea.

6.-Emaitzak jendaurrean jartzea.

Kalifikazioa bukatuta, Epaimahaiak izangaiek lortutako emaitzen zerrenda jarriko dute Nafarroako Gobernuko Iragarki Oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (Armada etorbidea, 2, Iruña).

7.-Epaimahaia.

7.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Salvador del Pino López jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko burua.

Ordezkoa: Ana Palacios Arellano andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko teknikaria.

Lehenengo mahaikidea: Enrique Castién Arriazu jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza Kudeatzeko Bulegoko burua.

Ordezkoa: Manuel Lamuela Aguado jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Arrantza Kudeatu eta Animaliak Babesteko Bulegoko burua.

Bigarren mahaikidea: M.ª Carmen Galbarra Cobos andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantzaren Laguntzako Bulegoko burua.

Ordezkoa: Ana Palacios Arellano andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko teknikaria.

Idazkaria: Félix Armendáriz Martínez jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumeneko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Iván Razquin Tarazona jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumeneko Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengoa bertan izan gabe.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

ESKAERA

(Letra larriz idatzi eta datu guztiak osorik bete).

.................................. jauna, .................................. NAN zenbakia duena, karrika: ......................, zenbakia ........., solairua ........, posta kodea: ......................, herria ................ telefonoa:

Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2008ko deialdiko arauak onartzen dituela eta eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela azaltzen du.

Horregatik, eta aipatu deialdian eskatutako agiriak erantsita (NANaren fotokopia eta azterketako tasaren ordainketa-gutuna),

Prestakuntza ikastaroa eta Gaitasun Azterketa egiteko onartzea eskatzen du, ehizarako lehenbiziko lizentzia izateko beharrezkoa den gaitasun ziurtagiria lortzeko..

.....................(e)n, 2008ko ................aren ....(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

Argibideak eskatzailearentzat: Prestakuntza ikastaroa egiteko eguna eta ordua emanen zaio izangai bakoitzari, eta lehenbiziko eta bigarren deialdiko azterketa egiteko tokia, eguna eta ordua argitaratuko diren onartuen zerrendetan zehaztuko dira, deialdiaren arauen arabera, Nafarroako Gobernuko Iragarki Oholean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (Armada etorbidea, 2, Iruña) argitaratuko direnak. Azterketa egiteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea. Azterketara aurkezteko beharrezkoa izanen da prestakuntza ikastaroaren Bertaratze Ziurtagiria izatea.

INGURUMENAREN ETA URAREN ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: F0804125