I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
337/2008 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zuzendari horrexek urtarrilaren 21ean emandako 178/2008 Ebazpena hein batean aldatzen duena. Ebazpen horren bidez Fontellasko (Nafarroa) udal mugapean legarra eta buztina ateratzeko "La Catalana" izeneko proiektuari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egin da. Obras y Desmontes de Navarra, S.A. da sustatzailea.
2008ko otsailaren 5ean sustatzaileak idazki bat igorri eta adierazi zuen ebazpen horren 3. atalak (lehengoratze lanerako abala) dioela jarri beharreko kopurua lehengoratze lanerako aurrekontuaren parekoa izanen dela. Dena dela, legar-hobia ustiatzeko kontusaila abal gisa ezarritako zenbatekoaren barnean sartzen da, eta horrek jarri beharreko diru kopurua asko handitzea dakar. Horregatik, abalari dagokion zenbateko hori berrikusi eta aldatzeko eskaera egin da.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 28ko 30/1992 Legearen (4/1999 Legeak aldatu zuena) 105. artikuluan ezartzen da Administrazioak bere egintzak alda ditzakeela, aldaketa legeriaren kontrakoa ez bada. Horrenbestez, ondokoa proposatu da:
Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatutako 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluan agertzen diren eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,
EBATZI DUT:
1. Hein batean aldatzea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 21ean emandako 178/2008 Ebazpena, zeinaren bidez Fontellasko (Nafarroa) udal mugapean legarra eta buztina ateratzeko "La Catalana" izeneko proiektuari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egin baita. Obras y Desmontes de Navarra, S.A. da sustatzailea. Horren arabera, 3. atala honela idatzita agertuko da:
"3. Legar-hobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Bestela eskudiruzko fidantza aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 143.253,33 euro guztira, alegia, lehengoratze planaren aurrekontuko zenbateko bera, eta hori egin izana Udalari adierazi beharko zaio, hark irekitzeko baimena eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera."
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Fontellasko Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko otsailaren 19an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F0803111