41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

90/2008 EBAZPENA, otsailaren 20ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Burgiko bi lurzatitako legarrak ustiatzeko proiektuari (Burgi, Nafarroa, 8. poligonoko 40. eta 42. lurzatiak) Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Obras Especiales Navarra, S.A. da proiektuaren sustatzailea.

2007ko urriaren 30ean eta 2008 urtarrilaren 15ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu dira goian aipatzen diren Ingurumen ukipenetarako baimen eskaerak (lehenbizikoa 42. lurzatari buruzkoa eta bigarrena 40.ari buruzkoa). Proiektuak abenduaren 28ko Foru Dekretuaren 2.C eranskinean, O letran sartzen direnez, zeinak Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi baitzuen, Ingurumen ukipenetarako baimena lortu behar da.

Dokumentazioa azterturik, dokumentazioa osatzeko eskatu zitzaion sustatzaileari azaroaren 16an, eta informazio hori 2008ko urtarrilaren 7an bidali zen.

Egin beharreko obrak "Erronkaribarko enpresa-parkea urbanizatzea, Nafarroa" izeneko obretarako materiala ateratzea du helburu, 5.000 m³ bi lurzatietatik (40.a eta 42.a). Legarren ustiapena bukatu eta gero, lurzatia landare lurrez beteko da, enpresa-parkerako obretatik aterea, abiaburuko kotaraino.

Foru dekretu horren 36. artikuluaren arabera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen du, arrazoituta, eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapenerako eta Ingurumen kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Burgiko bi lurzatitako legarrak ustiatzeko proiektuari (Burgi, Nafarroa, 8. poligonoko 40. eta 42. lurzatiak) Ingurumen ukipenetarako baimena ematea. Obras Especiales Navarra, S.A. da proiektuaren sustatzailea.

2 Baimen honek ondoko baldintzak izanen ditu ingurumenari dagokionez:

-Bete egin beharko da 3. kapituluan, ustiapenaren deskribapenari buruzkoan, jasota dagoen operazio metodoa.

-Lurzatirako lehendik dagoen sarbidea erabiliko da, eta inguruko heskaiari ez zaio batere kalterik egingo. Ustiategitik, 42. lurzatitik alegia, 3 m-ko babes tarte bat utziko da 40. eta 41. lurzatiak bereizten dituen landarezko hesiraino. Horretarako, plastikozko zintaz balizatuko da hondeategia obra hasi aurretik.

-Malkarraren pasabidean, bi lurzatien artean, urari pasatzen uzteko behar adinako diametroko hodiak jarri behar dira. Obrak bukatutakoan, bai hodiak eta bai pasabidea kendu eginen dira, eta ur ibilguaren geomorfologia zegoen bezala utziko da.

-Landare lurraren pilaketak 10 m-ko zabalerako zerrenda bat utziko du Ezka eta Binies ibaiek osatzen duten BILera.

-Kanpoko betegarririk behar izanez gero, hondeatutako lurrak eta harriak baizik ez dira onartuko.

-Akaberako azalera abiaburuko kotara egokitu behar da eta 50 cm-ko landare lurrezko geruza utziko da gainaldean. Belardi-haziak ereinen dira.

-Proiektuak proposatutako obra-egutegiari men eginen zaio: zazpi hilabete, beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

-Obrak esleitu zaizkion enpresak hitz emandakoaren arabera, ez zaio inolako kalterik eginen Es2200027 BILari.

-Obrak bukatutakoan ez da geldituko bertan obra-hondakinik.

-Obrak hasi aurretik, Vianako Printzea Erakundearen txostena aurkeztu behar da departamentu honetan.

-Hirigintza arlokoa:

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena behar da, legarra ateratzearen ondorioz NA-137 errepidean egin daitezkeen kalteei buruzkoa.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eman dadin, 6.116 euroko bermea jarri beharko da, baimendutako jarduerak kalterik eragiten badu hori konpondu edo gutxituko dela bermatzeko, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izanen dute bi hilabeteko epean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua. Aldez aurretik Nafarroako Gobernuari errekerimendua egin ahal izanen diote, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Burgiko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 20an.-Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0803422