I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
870/2007 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, 2007. eta 2008. urteetan teknologoak prestatzeko beken deialdia aldatzen duena.
Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emandako martxoaren 14ko 763/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zen 2007. eta 2008. urteetan teknologoak prestatzeko beken deialdia (2007ko 39. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, martxoaren 30ekoa).
Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak, 2007. urteko deialdiko eskarmentua ikusirik, proposatzen du 2008. urtean bekak emateko oinarri batzuk aldatzea eta 2008. eta 2009. urteetarako baimendu den gastua handitzea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2008. urterako gastu baimendua handitzea eta 2009. urterako gastua baimentzea, ondoko taulan azaldu bezala:
URTEA GASTUEN AURREKONTUAREN KONTUSAILA ZENBATEKOA
2008 840001 81210 4809 467302 640.000,00
2009 840001 81210 4809 467302 edo horren baliokidea 1.695.000,00
GUZTIRA 2.335.000,00
2. Deialdiaren 2. oinarria aldatzea. Honela geldituko da:
"Teknologoak Nafarroako zentro teknologiko, unibertsitate eta enpresetan prestatzeko beken dotazio ekonomikoa 1.000,00 eurokoa izanen da hilean, 2008. urteko urtarrilaren 1etik aurrera.
Beken iraupena esleipenaren ebazpenean finkatuko da. Hasiera eguna bekaduna lantokian lanean hasten den eguna izanen da".
Beken aprobetxamendua ona bada eta aurrekontuetan horretarako diru aski baldin badago, bekaldia luzatu ahalko da, gehienez ere 24 hilabete egin arte.
Enpresetan jarduteko bekek ez dute iraunen 12 hilabete baino gehiago. Hala ere, bekadunek beste hautapen prozesu batzuetan parte hartu ahalko dute, beste 12 hilabeteko beka lortzeko eta, hala, muga gisa ezarritako 24 hilabeteak betetzeko."
3. Deialdiaren 3. oinarria aldatzea, 1. baldintzari dagokionez. Honela geldituko da:
"Emandako bekaz jabetzeko sinadura unean Nafarroan erroldaturik egotea. Horretarako erroldatze-agiria aurkeztu beharko da".
4. Deialdiaren 4. oinarria aldatzea, 2. baldintzari dagokionez. Honela geldituko da:
"Interesdunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
-Eskabidea; eskabide-orriaren eredua Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuko argibide bulegoetan (Karlos III.aren etorbidea, 2, Iruña) jaso daiteke, edo Interneten, ondoko helbideetan: http://www.navarra.es/industria (Berrikuntza eta Teknologia), http://www.plantecnologico.com eta bekak kudeatzeko entitate laguntzaileen web-orrietan.
Eskabidean interesdunek lehenesten dituzten bekak adierazi ahalko dituzte, bete gabe daudenen artean hautatuz. Eskura dauden beken zerrenda Departamentuaren web-orrian ikus daiteke.
Lehentasunik adierazi ezean, interesdunek bekak banatzeko hautapen prozesu guztietan parte hartuko dute, proiektuaren arduradunek eskatutako ezaugarri profesionalak izanez gero betiere. Lehentasunak adierazi badira eta ez badituzte horietako baterako ere aukeratu, gainerako hautapen prozesuetan parte hartuko dute, betiere horietarako ezaugarri egokiak badituzte.
-Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidearen fotokopia.
-Eskatutako titulazioaren eta ikasketa espedientearen ziurtagiriaren fotokopia.
-Curriculum vitaea. Edonoiz, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak edo bekak kudeatzen dituzten entitateetatik edozeinek izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagiriak eska ditzake."
5. Deialdiaren 10. oinarria aldatzea, 1. paragrafoari dagokionez. Honela geldituko da:
"Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin, salbu egonaldi, mantenu eta joan-etorrien gastuak finantzatzeko direnekin".
6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2008ko martxoaren 12an.-Enpresaren zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.
Iragarkiaren kodea: F0804291