41. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

73/2008 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariaren irailaren 29ko 187/2005 Foru Agindua indargabetzen duena. Foru agindu horrek emakumeak lan munduan sartzeko eta norberaren bizitzako, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautu zituen.

2000ko martxoaren 14an Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu zion Familiari Laguntzeko Departamentuen arteko Plan bat presta zezala. Parlamentuko agindu hori gauzatzeko Nafarroako Gobernuak, 2001eko maiatzaren 7an, Familiari Laguntzeko Plan Integrala onetsi zuen; plan horretan, lehentasunezko jarduketa eremuetako bat zen norberaren bizitzako, familiako eta laneko eginkizunak bateratzea, emakumea lan merkatuan gizonaren baldintza berdinekin sartu ahal izateko bidea sustatzearren.

Plan Integral horretako eskakizunak eta 2005-2007 urteetarako Nafarroako Enplegu Planaren eta Enplegurako Europar Estrategiaren helburuak betetzeko xedez, zenbait foru agindu onetsi dira emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautzen dituztenak.

Orain, egoki ikusi da laguntza araubidea berrikustea eta, horrenbestez, lanaldia murrizteko diru-laguntzen esparrua zabaltzea, batetik, adingabeei 8 urte bete arte kasu emateko, eta bestetik, mendekotasun egoeran dauden ahaideak ere zaindu ahal izateko. Hortaz, bidezkoa da irailaren 29ko 187/2005 Foru Agindua indargabetzea.

Adierazitakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Indargabetzea.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariaren irailaren 29ko 187/2005 Foru Agindua indargabetzea. Foru agindu horren bidez, emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautu ziren.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko otsailaren 21ean.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0803182