4. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udaltzaingoko kabo izateko hamaika lanpostu mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2007ko abenduaren 11n, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

ARAUAK

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Iruñeko Udaltzaingoko kabo izateko hamaika lanpostu mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzea da deialdi honen xedea, eta Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginean (urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz gauzatuko da. Lanpostuak txanda hauetan daude banaturik:

a) 7 lanpostu barne igoera txandan, Iruñeko Udaltzaingoko kideendako.

b) 4 lanpostu igoera txanda irekian, Nafarroako gainerako polizia kidegoetako kideendako.

Barne igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Barne igoera txandan betetzen ez diren lanpostuak betegabe deklaratuko dira, txanda irekian bete gabe gelditu direnak metatuta, horrelakorik baldin bada.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Iruñeko Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko kabo izanen dira; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean inskribatuko dira eta hartan kidetuko, sistema horren babespean gelditurik. Deialdiko lanpostuak betetzeko izendatzen diren funtzionarioek, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen gehigarriek jasotzen duten eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte laguntzaren sistemara kidetuta baldin badaude, horretan segitzeko nahiz Gizarte Segurantzakora kidetzeko aukera izanen dute.

1.3. Iruñeko Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, kontuko diote gizarte aurreikuspenerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

1.4. Izendatzen diren izangaiek martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Izendatuek beren destinoan bertan beharko dute bizi, eta horretarako, Iruñeko udalerrian finkatuko dute helbidea.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Mailaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Barne igoerako txanda:

a) Gutxienez ere hiru urteko antzinatasuna izatea Iruñeko udaltzainaren enpleguan.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

2.1.2. Igoera irekiko txanda.

a) Gutxienez ere hiru urteko antzinatasuna izatea foruzainaren edo Nafarroako udaltzainen kidego bateko kidearen enpleguan.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

2.2. Arestiko baldintzak eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako batean aurkeztu beharko dira (Merkatuko karrika, 7-9; Zapateria karrika, 40; San Saturnino karrika, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea burutu baino lehenago eta harik eta lanpostuaz jabetzen diren arte. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean.

3.2. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko dute:

a) Nortasun Agiri Nazionalararen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

b) Iruñeko Udaltzaingoko, Foruzaingoko, edo Nafarroako udaltzainen kidego bateko kide izendatu izana frogatzen duen egiaztagiria; era berean frogatuko dira lanpostu horretako antzinatasuna eta egoera administratiboa.

c) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Lehendakaritza Alorreko zuzendariak mailaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan, datu hauek baizik ez dira agertuko: polizia zenbakia, izangaia Nafarroako zer Polizia Kidegotakoa den eta zer txandatara aurkeztu den.

5. oinarria.-Mailaz igotzeko lehiaketa nola eginen.

5.1. Mailaz igotzeko lehiaketak hiru urrats izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba praktikoaren urratsa eta hondarrean gaikuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da mailaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Herriko Etxeko iragarki oholetan, Iruñeko Udaltzaingoaren lokaletakoan emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

5.2. Lehiaketaldia.

5.2.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak eta gehienez ere 82,75 puntu emanen dira.

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.

c) Hizkuntzak: euskara, frantsesa, ingelesa eta alemana: gehienez 20,25 puntu.

d) Sariak: gehienez 2,5 puntu.

Aitzineko idatz-zatietan alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek beren merezimenduak azaldu behar dituzte lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean, eta frogatu ere une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

5.3. Proba praktikoaren urratsa.

5.3.1. Proba praktikoaren urratsak honako proba hauek izanen ditu:

a) Proba praktikoak.

b) Proba psikoteknikoak.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira horietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

5.3.2. Proba praktikoek 150 puntu izanen dituzte gehienez, eta haietan ariketa bat edo gehiago egin beharko dira kaboaren enpleguaren edukiaz eta egitekoez. Proba guztiek gehieneko puntuazio bera izanen dute. Baztergarriak izanen dira, eta bazterturik geldituko dira proba bakoitzean puntuen erdiak baino gehiago ateratzen ez dituztenak.

5.3.3. Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.

Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondotik, lanpostuan behar diren ezaugarrien gaineko proposamena igorriko dio Alkatetzari berari. Alkatetzak onetsi eginen du delako soslai hori eta deialdiko epaimahaiari igorriko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Bazterturik geldituko dira gutienez ere 35 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

5.4. Igoerarako gaikuntza ikastaroa.

Proba psikoteknikoak egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta azken probaren tokian, probak gainditu dituzten izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazioa eta txanda adierazita, eta gaikuntza ikastaroa egiteko onartu diren izangaien zerrenda (11 ikasle gehienez). Gaikuntza ikastarorako onartzen diren izangaien zerrenda osatzeko, deialdiaren 1.1 puntuan ezarritako irizpideei jarraikiko zaie.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du gaikuntza ikastaroa, gutxienez 214 eskola ordukoa; hautatzekoa izanen da eta 200 puntuko balorazioa izanen du.

Epaimahaiak gaikuntza ikastaroa egiteko onartutakoaren behin-behineko zerrendarekin batera adieraziko du ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Gaikuntza ikastaroa egin bitartean izangaiak zerbitzu berezien egoeran deklaratuko dituzte administrazio deiegileak edo haien jatorrizko administrazioak, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 23. artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratutako izangaiek, gaikuntza ikastaroan onartuak badaude, Iruñeko Udaleko Trafikoko udaltzainaren lanpostuko lansariak hartuko dituzte Iruñeko Udaletik, baita beren jatorrizko lanpostuan onarturik dituzten gradua, antzinatasuna eta familia laguntza.

Izangaiek bere etorkiko administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, aitzineko lerroaldean adierazten diren alderdien gainekoa, eta hartan zehaztuko da gaikuntza ikastaroa hasteko dataren aitzin-aitzineko hilean kontzeptu horiengatik jasotakoa.

Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izanen du eskubidea aitzineko idatz-zatian aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean, aitzineko idatz-zatian aipaturiko lansarien sistema izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ez eta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

Izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio.

Izangaiek hamabortz egun naturaleko epea dute, gaikuntza ikastaroan onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, ikastaroak dirauen bitartean zerbitzu berezien egoeran daudela frogatzeko.

Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arloetakoren bat gainditzen ez duten izangaiak.

6. oinarria.-Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: andre alkatea edo berak eskuordetzen duen zinegotzia.

Ordezkoa: Ignacio Polo Guilabert, Funtzio Publikoko zinegotzi berezia.

Mahaikidea: Francisco José Fernández Elizalde, Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendaria.

Ordezkoa: Jesús Salinas Andueza, Herritarren Segurtasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

Mahaikidea: Simón Santamaría Cebada, Iruñeko Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Juan José Salaberri Galbete, Nafarroako Foruzaingoko komisario nagusia.

Mahaikidea: Don Javier Arteta Górriz. Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko komisario nagusia.

Ordezkoa: José María Zunzarren Angón, Nafarroako Foruzaingoko komisario nagusia.

Mahaikidea: langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat.

Mahaikide idazkaria: Víctor Sarasa Astráin, Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.

Ordezkoa: Javier García Martínez, Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.

6.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, lehendakariak deituta.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Epaimahaia modu baliozkoan eratuko bada, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Trebakuntza ikastaroa burututakoan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko lehiaketaldiko, proba praktikoko eta gaikuntza ikastaroko puntuazioak batuko dira. Epaimahaiak izendapen proposamena eginen du gainditu duten izangaien alde.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaltzaingoko funtzionario eta kabo izendatuko ditu aitzineko idatz-zatian aipatu proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Iruñeko Udaltzaingoko kabo izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbertzekoetan salbu.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2007ko abenduaren 11n.-Zinegotzi eta Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Izena: ..................... adinez nagusi, NAN/nortasun agiria: ........ jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............ jaioterria (udalerria, probintzia): ............. nazionalitatea: ................ egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............ posta kodea: .................. herria: ............................. telefonoa: ............ lantokiko telefonoa ..............

Honako hau azaltzen dut:

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko kabo izateko hamaika lanpostu lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an), zehazten dudan txandan:

f Barne igoera txanda, Iruñeko Udaltzaingoko kideendako. ZK ....

f Igoera txanda irekia, Nafarroako gainerako Polizia Kidegoetako kideendako. ZK ....

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9, 31001-Iruña).

Iruñean, 20...(e)ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: Gehienez ere 35 puntu.

Nafarroako Polizia Kidego batean egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu agente lanpostuan.

Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko enpleguan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

Administrazio publiko baten bertzelako segurtasun indar eta kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntos en el puesto de puesto de policía.

Edozein administrazio publikotan, lanpostu finkoan, polizia kidegoetakoak ez diren bertzelako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakasle eta ikerketa lana eta bertze merezimendu batzuk: Gehienez ere 25 puntu.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Ikastaro bakoitzeko gehienez ere eman daitekeen balorazioa puntu 1 da.

5. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3. Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: Gehienez ere 4 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruz: Gehienez ere 2 puntu.

6. Bertze merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: bertzeak bertze, hizkuntzak, sektore pribatuan egindako lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, kontsulta egiteko, aholku emateko, parte hartzeko edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: Gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin ikusteko izanez gero soilik baloratuko dira. Kabo lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak ez dira inondik ere baloratuko.

c) Hizkuntzak jakitea.

1. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

2. Euskaraz jakitea. Euskaraz jakitea, plantilla organikoan horrela ezarri bada: 5,25 puntu.

3. Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bortzen bat emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Hizkuntza horietatik bakoitzak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bortz zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari gehienez ere ematen ahal zaion balorazioaren bortzena emanen zaio maila bakoitzari.

d) Sariak: Gehienez ere 2,5 puntu.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.

Iragarkiaren kodea: L0719212