4. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MELIDA

Melidako karriken garbiketaren ordenantza. Hasierako onespena

Melidako Udalak, 2007ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Melidako karriken garbiketaren ordenantza.

Onespen hori 2007ko urriaren 17an eman zen argitara Herriko Etxeko iragarki oholean, baita 2007ko 130. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ere; horren ondotik jendaurrean egon da 30 egunean, inork haren kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da. Ondotik ematen da haren testu osoa.

Melidan, 2007ko abenduaren 11n.-Alkatea, Francisco Jaso Martínez.

MELIDAKO KARRIKEN GARBIKETAREN ORDENANTZA

I. TITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna, herritarren erabilera orokor eta arruntaren ondorioz

1. artikulua. Garbitasunari begira, honako hauek hartzen dira eremu publikotzat: etorbideak, pasealekuak, karrikak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lurguneak, zubiak, bide-tunelak eta zuzenki herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak.

Eremu publikoan diren plazak Udalak garbituko ditu, eta auzokideek garbituko dituzte karrikak, beren etxebizitzen fatxadari dagokion tartean, bai espaloiak bai galtzadak, ukatu gabe eskuz edo modu mekanizatuan Udalak aldian behin egiten duen garbiketa.

2. artikulua. 1. Debekaturik dago eremu publikoan nolanahiko hondakin solido, likido eta gaseosoak botatzea eta uztea. Tamaina txikiko hondakin solidoak horretarako paratutako paperontzietan bota beharko dira, debekatzen delarik horietan bertzelako hondakinak eta zabor poltsak botatzea.

2. Hondakinak bolumen handikoak badira, edo tamaina txikikoak izan arren multzo handia osatzen badute, debeku da eremu publikoan uztea, eta modu berezian bilduko dituzte horretarako antolatutako zerbitzuek.

3. Debekaturik dago paperontzietan zigarroak, puruak, zigarro-muturrak edo bertze zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Botatzekotan, itzalita bota beharko dira.

3. artikulua. 1. Ondoko hauek espaloiak garbitu beharko dituzte, eta hori egin ezean udal administrazioaren aitzinean erantzun beharko dute:

a) Espaloia fatxadarena baldin bada, eraikinaren jabeak, eraikinaren funtzioa edo helburua edozein delarik ere.

b) Beheko solairuan saltokiak edo dendak baldin badaude, beren aitzinaldeak hartzen duen espaloi zatia negozioaren titularrek garbitu beharko dute.

c) Titular administratiboak, espaloiak eraikin publikoei dagozkienak badira.

d) Jabeak, eraiki gabeko orubeei dagozkien espaloiak direnean.

e) Elikagaien salmenta automatikorako makinen titularrak.

f) Jabari publikoko zoruaren gaineko erabilera bereziaren lizentzia administratiboaren titularrak (terrazak).

2. Partikularrek eremu publikoa eskobatu eta garbitzean sortzen diren hondakinak ezin izanen dira, inoiz ere, kalean utzi. Ontzi homologatuetan jaso beharko dira edo, bestela, beren pisu eta neurriarengatik hala behar badu, etxez etxeko zabor bilketako zerbitzuaren esku jarri beharko dira.

II. KAPITULUA

Eremu publikoko zikinkeria, obrek eta bertzelako jarduerek sortua

4. artikulua. 1. Eremu publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, nonahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta orobat behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egitura elementuak garbitzera, eta gelditu diren hondakinak jasotzera.

5. artikulua. 1. Zikinkeriarik ez sortzeko, obrak egiten ari direnek eremu publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz zahorren eta eraisketako nahiz obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreiatu eta zabaldu obra-lanek zehazki hartzen duten esparrutik kanpora, hala agintzen baitu gaur egun indarra duen Udal Planeko Eraikuntzako Ordenantzak.

2. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko 1. zenbakian zehaztu bezala babestu beharko da.

3. Obrak eremu publikoan edo alboko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes-elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko.

4. Eraikinak jaso bitartean, eremu publikoa garbitzeko betebeharra, 5. artikuluan ezarritako esparru material osoan, obrako kontratistarena da, eta astero egin beharko du ortziraletan eta jaiegunen bezperetan.

6. artikulua. 1. Debekaturik dago eremu publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Betiere, hondakinak eremu publikoan uzteko, Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.

2. Eremu publikoan abandonatutako materialak, Hiri hondakin solidoei buruzko azaroaren 19ko 42/1975 Legeari jarraikiz, udal jabetzako bihurtuko dira, eta interesatuak ezin izanen dio ez Udalari ez egiteko horren kargu egin denari ezer erreklamatu egin dutena egiteagatik, material horiek bertatik kentzeagatik, eta gainera aplikatzen ahalko zaio egindako zerbitzuari dagokion tasa fiskala edo kasurako dagozkiokeen zehapenak.

3. Trapu zahar, paper, burdina eta gisako bertze materialen biltegiak berariaz prestatutako eraikinetan kokatuko dira eta edozein etxebizitzatatik bananduta itxitura edo murru baten bitartez.

Txatar biltegiak eta soil-soiki txatarrenak, eta hauen artean sartzen dira automobil baztertuen biltegiak ere, kanpoan edukitzen ahal dira, baina kanpora ikustea eragotziko duen hormaz itxitako hersguneetan.

7. artikulua. Behar diren zerbitzuak bildu zain eremu publikoan utzitako hondakinetan debeku da bilaka ibiltzea eta handik deus hartzea.

8. artikulua. 1. Eremu publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk zamalanak, obra nahiz biltegietako sartu-aterak etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu den pertsonalak eta, bertzenaz, establezimendu edo obretako titularrak eta, azken finean, ibilgailuaren jabeak edo gidariak garbitu beharko ditu eremu publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala jasoko du.

2. Aurreko zenbakian aipatutako pertsonak izanen dira, aipatu hurrenkera berean, ordenantza honetako xedapenak haustearen eta gerta daitezkeen kalteen erantzule.

III. KAPITULUA

Eraikin higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen garbitasuna eta mantentze lana

9. artikulua. Eraikin higiezinen jabeak behartuak daude haien segurtasun, garbitasun eta apaindura publikoko baldintzak zaintzera.

10. artikulua. 1. Establezimendu, finka eta etxebizitzetako jabeak behartuak daude beti garbi eta, hala behar badu, belar eta sasirik gabe edukitzera fatxadak, karriketako zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak eta karrikatik ikus daitezkeen eraikinetako sarbideko eskailerak.

2. Honen aurreko 1. zenbakiari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal-agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aldez aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.

3. Jabeek, orobat, garbi eduki beharko dituzte tximiniak, deposituak, patioak eta argi-patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebisten antenak eta, oro har, eraikinen osagarri diren gainerako instalazioak.

IV. KAPITULUA

Orubeen garbitasuna eta mantentze lana

11. artikulua. 1. Etxebizitzetako eskortak non dauden, orube eta lur horien jabeek hondakinik gabe eduki beharko dituzte, baita behar diren baldintzetan ere higiene, osasungarritasun, segurtasun eta apaindura publikoaren aldetik, bereziki barneko belar eta sasiei dagokienez, su hartzen ahal baitute aise eta gisa hartara idorte garaian arriskuan jartzen ahal inguruko jabetzak.

2. Aurreko aginduan sartzen da orubeetako arratoi eta intsektu galtzea, baita desinfekzioa ere.

3. Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

12. artikulua. Udal Zerbitzua edo herria garbitzeko lana esleitua duen enpresa arduratuko da 11. artikuluan aipatutako lanen ordezko betearazpenaz, gastuak kargatuz egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.

13. artikulua. Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta jabeek erabilera publikorako lagapena egina badute, Udalak, interesatuek diotena entzun ondotik, bere gain har dezake, osotara edo parte batean, 11. artikuluan aipatutako baldintzak betetzeko ardura.

Aitzineko paragrafoan aipatutako kasuan, Alkatetzak, bere ahalmenaz baliatuz, erabakiko du zer egin behar den, herritarren interesei begira.

V. KAPITULUA

Animaliak eremu publikoan edukitzeak garbitasunaren gainean duen eragina

14. artikulua. 1. Jabeak dira beren jabetzapeko animaliek pertsona eta gauzen gainean eragindako kalte edo hondamenen zuzeneko erantzuleak, bai eta eremu publikoa zikinduz egiten duten edozein egintzarenak ere.

2. Jaberik agertu ezean, zikinkeria sortutakoan animalia zeraman pertsona izanen da erantzule subsidiarioa.

15. artikulua. 1. Higiene neurri utziezina denez, eremu publikoan zakurrak edo bertzelako animaliak daramatzaten pertsonak behartuak daude beren animaliei iraizkinak egiten ez uztera, eremu publikoan herritarren berdegune, pasabide, egonleku eta jostaleku diren tokietan.

2. Zakurra beti ibiliko da norbaitekin, pertsona arduradunak lotuta eta kontrolaturik daramala.

II. TITULUA

Herriaren garbitasuna, erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboari eta karrikako agerpen publikoei dagokienez

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta aplikazio esparrua

16. artikulua. Titulu honek udalerriko garbitasuna zaintzeko arauak ematen ditu, ondoko kasu hauetan:

a) Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen arrunta, berezia eta pribatiboa egiten denean.

b) Karrikan egiten diren ekitaldi publikoen eta publizitateko zenbait jardueren ondoriozko zikinkeriari udalerrian aitzintzea.

17. artikulua. 1. Erabilpen arrunt eta pribatiboaren ondorioz eremu publikoan zikinkeria sortzen denean, erabiltzaile titularrak izanen dira haren erantzule.

2. Finkoak nahiz ez-finkoak diren establezimenduetako titularrek, hala nola ostatu, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta gisakoek behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko hiri espazioa.

3. Udal-zerbitzuak edo hiri hondakin solidoen bilketako adjudikazioa duen enpresak aurreko 2. zenbakian aipatutako titularrak behartu ditzake kontsumoagatik beren establezimenduetan sortutako hondakinak edukitzeko elementu homologatuak paratzera. Horretaz gain, titular horiei dagokie, baita ere, elementu horiek zaintzea eta garbitzea.

18. artikulua. 1. Karrikan ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak ekitaldi hori egiteagatik sortzen den zikinkeriaren erantzule izanen dira.

2. Herriaren garbitasunaz den bezainbatean, ekitaldi publikoen antolatzaileek ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Udalak eskatzen ahalko die eskudiruzko fidantza eratu edo bankuko abala aurkezteko, ekitaldi publikoak sortzen duen zikinkeriaren ondorioz antolatzaileei legokiekeen garbiketarako zerbitzu subsidiarioen kostua kitatzeko adinakoa.

19. artikulua. Kartel eta pankartak paratzeko eta itsasteko, orrixkak banatzeko eta titulu honetan araututako bertze edozein publizitate jarduera egiteko, beharrezkoa izanen da Alkatetzak aitzinetik udal baimena ematea.

Debeku da kartelak eta eranskailuak bereziki horretarako antolatutako tokietatik aparte paratzea eta itsastea, udal agintaritzak bereziki baimendutako kasuetan salbu. Horretarako, panelak paratuko dira Melidako hainbat tokitan.

20. artikulua. 1. Errotuluak eta publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko baimena jasotzearekin batera, erantzuleak bere gain hartu beharko du eremu publikoan erabilitako espazioaren eta dagozkion osagarrien garbiketa.

2. Baimena emateko, Udalak eska dezake fidantza eratzea edo bankuko abala ekartzea, zikinkeria sor dezaketen elementuak garbitu eta kentzeko kostuak kitatzeko adinakoa.

II. KAPITULUA

Pintaketak

21. artikulua. Debekaturik dago eremu publikoan pintaketak egitea, hala bertako egiturako elementuetan, galtzada, espaloi eta hiri altzarietan, nola herriko kanpoaldeko horma eta paretetan.

III. TITULUA

Hiri hondakinen bilketa

KAPITULU BAKARRA

Baldintza orokorrak eta zerbitzuak egiteko esparrua

22. artikulua. Hiri hondakin solidoen bilketa eta horien tratatamendua eta deuseztapena, hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzeko eskualdeko Mankomunitateak edo hura ordezkatzen duen erakundeak ematen duen ordenantzan agindutakoaren arabera eginen da.

IV. TITULUA

KAPITULU BAKARRA

Zehapenak

23. artikulua. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 30etik 90 eurorainoko isunak ezartzen ahalko dizkie Alkatetzak. Zerbait egin beharreko kasuetan, isuna jarriagatik eta hura ordainduagatik ere egin behar duenak egin beharko du, eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran, garbiketako eta konponketako gastuen ordainketa eta, hala behar badu, salatu eta auzitara eramanak ere izan litezke ondorio guztietarako. Hori guztia, ordezko betearazpenaren arabera Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazten denari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L0719001