39. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

49/2008 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, 2.740.000 euroko gastua baimendu, udal titulartasun publikoko kultur etxeak egiteko proiektuak prestatu eta haiek eraiki, egokitu eta hornitzeko diru-laguntzak emateko deialdia onetsi, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzen duena.

Deialdi eta Laguntza Atalak, honi erantsitako txostenean azaldu du onuradun bakoitzari emanen zaion diru-laguntza ez dela inola ere milioi euro batetik gorakoa izanen, beraz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7.3 artikuluaren babesean, ez da bidezkoa Nafarroako Gobernuak proposamen hau baimentzea.

Deialdi eta Laguntza Atalak txosten bat egin du, non 2.740.000 euroko gastua baimendu, udal titulartasun publikoko kultur etxeak egiteko proiektuak prestatu eta haiek eraiki, egokitu eta hornitzeko diru-laguntzak emateko deialdia onetsi, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea proposatzen baita.

Deialdi eta Laguntza Atalaren adostasun txostena ikusirik, deialdia onesteko legeek ezarririko betebeharrak betetzen direla kontuan hartuz eta espedientean Kontu Hartzailetza Delegatuaren adostasuna dagoela.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2.740.000 euroko gastua baimentzea, aurtengo ekitaldiko "Kultur etxeen eta udaleko beste kultur gune batzuen eraikuntza eta ekipamendua" izeneko A20002-A2500-7609-334100 kontusailaren kargura.

2. Udal titulartasun publikoko kultur etxeak egiteko proiektuak prestatu eta haiek eraiki, egokitu eta hornitzeko diru-laguntzak emateko deialdiko arauak, eranskinean datozenak onestea.

3. Arau hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Kultur Ekintza Zerbitzuari, Deialdi eta Laguntza Atalari, Ogasunak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen kontra toki entitate interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, berau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 18an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

UDAL TITULARTASUN PUBLIKOKO KULTUR ETXEAK EGITEKO PROIEKTUAK PRESTATU ETA HAIEK ERAIKI, EGOKITU ETA HORNITZEKO DIRU-LAGUNTZAK

ARAUAK

1.-Xedea eta helburua.

1.1. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak deialdi hau ezarri du kultur ekipamenduen sorrera sustatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateetako kultur eginkizunetarako.

1.2. Deialdi honen xedea udal titulartasun publikoko kultur etxeak egiteko proiektuak prestatu eta haiek eraiki, egokitu eta hornitzeko diru-laguntzak ematea da, balorazio irizpideekin bat, betiere aurrekontuetan dirurik bada.

1.3. Deialdi honi dagokionez, kultur etxea kultur ekipamendua da, gune eta dotazio hauek biltzen dituena:

a) Agertoki bat, arte eszenikoetako ikuskizunak baldintza egokietan biltzeko edukiera duena, aski den ekipamendu teknikoaz hornitua eta ongi erabiltzeko behar diren gune erantsiak dauzkana.

b) Erakusketa aretoa, tamaina egokikoa, arte plastikoak erakusteko iluntasun eta segurtasun baldintzak biltzen dituena.

c) Balio anitzetako aretoak, kultur programazio oso bat burutzeko bide ematen dutenak.

d) Bulegoetarako eta ekipamendua kudeatzeko lanetarako guneak.

Kasu batzuetan, deialdi honen bidez agertokiak bakarrik osatzen duen ekipamendua finantzatzen ahalko da, baldin eta unitate bereizi gisa ongi funtzionatzeko osagai eta guneak badauzka eta arte eszenikoetako jarduerak hartzen ahal baditu.

2.-Aurrekontua eta diru kopurua.

2.1. Diru-laguntzak honela finantzatuko dira:

2008ko ekitaldi ekonomikoa: 2.740.000 euro, Kultura Zuzendaritza Nagusiko gastuen aurrekontuko "Kultur etxeen eta udaleko beste kultur gune batzuen eraikuntza eta ekipamendua" izeneko A20002-A2500-7609-334100 kontusailetik.

2.2. Diru-laguntzak gehienez ere onarturiko aurrekontuaren %50 egiten ahalko du. Salbuespen gisa, diru-laguntzak %75 egiten ahalko du, kultur ekipamenduak eskualde oso batean eragina duenean eta inguruabar hori behar den moduan frogatzen denan, deialdi honetako 6.1 puntuko j) atalean xedaturikoaren arabera.

3.-Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren diru ekarpena bateragarria izanen da Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten diru-laguntza guztiekin. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

4.-Onuradunak, aurretik bete beharreko baldintzak eta eginbeharrak.

4.1. Nafarroako udalek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetako laguntzak, aurretik baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Zerga guztiak ordainduak izatea eta Gizarte Segurantzan dagokiena ere betea izatea.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.7. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez egotea.

c) Kultur etxea eginen deneko orube edo ondasun higiezinaren jabetza izatea.

d) Kultur etxea eginen deneko orubearen hirigintza kalifikazioa hirilurrarena izatea.

e) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren adostasun txostena edukitzea, eraikin katalogatuak zaharberritu behar direnean.

4.2. Dirulaguntzen onuradunek Kultur Ekintzako Zerbitzuko teknikarien aholkularitza izanen dute proiektua prestatzeko eta kultur etxea eraiki eta hornitzeko, eta eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Hartzen duten laguntza deialdi honetako diru-laguntzaren xede diren kontzeptuak gauzatzeko soilik erabiltzea.

b) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari adostasuna eskatzea diru-laguntzaren xede diren proiektuak gauzatzean gertatzen diren aldaketen aurrean. Aldaketa horiek foru agindu baten bidez onartuko dira.

c) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legeko 16. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera, aldaketari buruzko espedientea tramitatzea, organo instruktoreak diru-laguntzaren xede den kontzepturen bat (proiektuaren prestakuntza, obren exekuzioa edo ekipamendua) aldatu egin behar dela uste badu.

d) Noiznahi ere onartzea Kultur Ekintza Zerbitzuak egiaztatu ditzala diru-laguntzaren xede den proiektuari buruzko datuak.

e) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera horiek finantzatzeko beste laguntza, dirusarrera edo baliabiderik lortu ote den. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela frogatzea. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik goitikoa bada obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000,00 eurotik goitikoa ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin izenpetuko du.

g) Diru-laguntzaren xede den proiektu osoa justifikatzea.

h) Toki entitateek proiektuak, obrak, ekipamenduak eta instalazioak bukatu direla onartu eta, hala bada, bertan atzemandako akatsak zuzendu direla frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte. Harrera formalik egiten ez denean, bestelako agiriak aurkezten ahalko dira, organo instruktoreak horretarako baimena ematen badu.

i) Obren exekuzio materiala hasi ondoren, toki ikusgarri batean, afixa bat paratzea, Nafarroako Gobernuaren babesa adieraziko duena.

4.3. Kultur Ekintza Zerbitzuak kasuan kasuko ordainketak egin baino lehen inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Egiaztapen material hori diru-laguntza 60.000,00 eurotik gorakoa denean eginen da beti.

5.-Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, arau hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik hasita.

5.2. Laguntzaren eskabideak, arau hauetako I. eranskinean ageri den eskabide ereduarekin bat, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, 31001 posta kodean, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ageri diren erregistro edo bulegoetako edozeinetan ere aurkezten ahal dira eskabideak. Azken kasu honetan 848 -42 -46 -24 faxean jakinarazi beharko da kasuan kasuko postetxean aurkeztu direla agiriak, epearen barruan igorri direla frogatzen duen agiria erantsiz.

6.-Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Toki entitatearen aldetik proiektua koordinatzeaz arduratzen denaren izen-deiturak eta telefonoa.

b) Entitate eskatzailearen adierazpena, laguntzaren onuradun izateko debekuetan ez dagoela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 7. idatz-zatiarekin bat.

c) Zerga guztiak ordainduak dituztela eta Gizarte Segurantzan dagokiena ere betea dutela frogatzen duten agiriak.

d) Herrian, edo 2.2 arauan aipatzen den kasuan, eskualdean, 2006an eta 2007an eginiko kultur jardueren memoria.

e) Udalaren aurrekontu osoaren eta haren kultura arloaren aurrekontu osoaren ziurtagiriak eta ekitaldi ekonomiko horietako sailkapenak.

f) A edo B mailako kultur kudeaketako teknikari bat kontratazio edo izendapenaren egiaztapen fede-emailea, 8.1.a) arauan xedatu bezala.

g) Kultur ekipamenduak ase behar dituen kultur premiak justifikatzeko txostena.

h) Kultur ekipamendua finantzatzeko plana.

i) Kultur etxea egin behar deneko orube edo ondasun higiezinaren gaineko jabetza osoari buruzko ohar soila, Jabetza Erregistroak emana.

j) Udal idazkariaren ziurtagiria, kultur etxea eginen deneko orubearen hirigintza kalifikazioa hirilurrarena dela adierazten duena.

k) Kultur ekipamendua kudeatzeko plana.

l) Esku hartu behar duten toki entitateek sinaturiko lankidetza hitzarmena, eskualderako ekipamendu partekatua baldin bada.

m) Kultur etxea abian jarri eta hurrengo bi urteetarako aurreikusten den programazioaren aurrerapena.

n) Aurreproiektua, diru-laguntza proiektua prestatzeko eskatu bada.

o) Proiektu ikus-onetsia, prezioak gaurkoturik, diru-laguntzaren bidez egin beharreko kultur etxearen proiektuak deialdi hau baino lehenagoko diru-laguntzak hartu dituenean.

p) Memoria tekniko baloratua, diru-laguntza ekipamendurako eskatzen denean.

6.2. Diru-laguntzaren eskabidea osorik bete gabe aurkezten baldin bada, edo hura baloratzeko alderdi garrantzitsuen egiaztapena nahikoa ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio akats horiek zuzen ditzala, 10 egun balioduneko epean. Aditzera emanen da horrela egin ezik eskabidea artxibatuko dela eta halaxe jakinaraziko dela.

7.-Instruitu eta ebaluatzeko organo eskudunak.

7.1. Deialdi eta Laguntza Atala izanen da diru-laguntzak emateko prozedura instruitzeko organo eskuduna.

7.2. Eskaerak baloratzeko batzorde bat osatuko da. Kultura zuzendari nagusia izanen da haren burua. Batzordeak, gainera, kide hauek izanen ditu: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, Deialdi eta Laguntza Ataleko burua, Arte Programen Ataleko burua eta Nafarroako Kultura Kontseiluko bi kide. Idazkari lanetan Laguntza Bulegoko burua arituko da, hizpidea bai baina botorik ez duela. Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena lotzailea izanen da.

7.3. Bere erabakia hobeki oinarritzeko, batzordeak entitate eskatzaileari eskatzen ahalko dizkio behar dituen agiri osagarri guztiak eta kanpoko adituen aholkularitza ere bai.

7.4. Deialdi eta Laguntza Atalak, Ebaluazio Batzordearen akta ikusirik, deialdiaren gainean ebazteko proposamena aurkeztuko du.

8.-Balorazio irizpideak.

8.1. Laguntzen zenbatekoa honako irizpide hauek kontuan hartuz finkatuko da:

a) Kultur ekipamenduak ongi kudeatzeko behar diren langileak edukitzea, 20 puntu bitarte:

-A edo B mailako kultur kudeaketako teknikari baten kontratazio edo izendapena frogatzen duten toki entitate onuradunak: 8 puntu bitarte.

-Kulturgune, ekipamendu edo instalaziorako aurreikusi den kudeaketa plana eta erabilera kulturalen maila: 12 puntu bitarte.

b) Eraginkortasun ekonomikoaren maila:

Kasuan kasuko gune eta ekipamendurako aurreikusten den obraren kostuaren eta Nafarroan berriki eraiki diren antzeko ekipamenduen batez besteko kostuaren arteko erlazioa, 20 puntu bitarte. Obraren kostuan lansarien gastuak, eraikuntzakoak eta ekipamenduak bereiziko dira.

c) Proiektua Kultura Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideekin bat etortzea, horren barnean deialdiaren xede diren gune guztiak edo bakarrik batzuk bilduta, 15 puntu bitarte.

d) Eskualde hartan halako kultur azpiegituretan dagoen eskasia eta proiektua nola egokitzen zaien herrian edo eskualdean benetan dauden beharrei, 20 puntu bitarte.

e) Eskabidea aurkeztean proiektuaren betetze maila, 25 puntu gehienez, ondoren adierazten den moduan banaturik:

-Hasiak diren obrak eta deialdi hau baino lehenagoko edizioetan laguntza hartu duten proiektuetakoak, 7 puntu bitarte.

-Aurreko deialdi batean diru-laguntza jaso zuten proiektuetako obrak gauzatzea, 5 puntu bitarte.

-Obra zibila bukatua duten kultur etxeen ekipamendua, 6 puntu bitarte.

-Kultur etxeak/agertokiak eraikitzeko proiektuak prestatzea, 4 puntu bitarte.

-Oraingo kultur etxeetako ekipamenduak hobetzea, 3 puntu bitarte.

Laguntza hartu ahal izateko gutxienez ere 50 puntu lortu beharko dira.

9.-Deialdiaren ebazpena.

9.1. Kultura Zuzendaritza Nagusiak, lau hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, ebazpena onetsiko du laguntzak eman edo ukatzeko.

9.2. Deialdia bukatutzat ematen duen ebazpena Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da eta laguntzen onuradunak diren toki entitateei jakinaraziko zaie.

9.3. Laguntza eman zaiela jakinik, 15 egun naturaleko epean, onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Emandako diru-laguntza onartu edo ukatzeari buruzko egiaztagiriak. Aipatu den epea eskaturiko agiriak aurkeztu gabe bukaturik, ulertuko da entitate onuradunak uko egin diola laguntzari.

-Udalak edo Tokiko Gobernu Batzarrak osoko bilkuran harturiko erabakia, urte batzuetako gastua eta ukituriko ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontuko dotazioa baimentzen dituena.

10.-Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

10.1. Diru-laguntzak Kultur Ekintzako Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren pagatuko dira, eskatzaileek ondoren aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu ondoren:

a) Esleipen espediente guztien kopia konpultsatua.

b) Fakturak, fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuarekin bat etorri beharko dutenak.

c) Obra unitateen ziurtagiriak.

d) Egindako ordainketen frogagiriak.

Fakturen eta obra unitateen ziurtagirien bidez behar bezala justifikaturiko kopuruari emaniko laguntzaren portzentajearen aplikazioaren emaitzarekin bat etorriko da ordainketa bakoitza. Azken ordainketa egiteko, aipatutako ziurtagiriak aurtengo abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Salbuespen gisa, onuradunak diru-laguntzaren helburuak lortzeko funtsak behar dituela frogatzen duenean, aurrerakin bat egiten ahalko da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimendurik.

10.2. Obra bukaturik, azken ordainketa gauzatu baino lehen, laguntzaren onuradunak eskrituraren edo kasuan kasuko eskrituraren aldaketaren kopia behar bezala diligentziaturik aurkeztuko du, non emaniko diru-laguntzaren zenbateko osoa adieraziko baita, eta Jabetza Erregistroko inskripzioarena ere bai.

10.3. Kultur etxe bat eraikiz gero, gutxienez ere 20 urteko atxikialdia izanen da diru-laguntzaren xede den helbururako.

10.4. 4.2.c) puntuaren aplikazioaren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoan aldaketak izaten ahalko dira, beren ondorio ekonomiko eta administratiboak izanen dituztenak.

10.5. Onartutako proiektu, obra edo ekipamenduan ageri zen gastua baino gutxiago justifikatzen bada, diru-laguntza murriztuko da, laguntzaren portzentaje berberak mantentzeko.

11.-Itzultzea.

Onuradunak proiektu, obra edo ekipamendua egin duela behar bezala justifikatu ezik, aurrerakin gisa pagaturiko laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

12.-Arau-hausteak eta zehapenak.

12.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua hartuko da aintzat.

12.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

13.-Araubide juridikoa eta errekurtsoak.

13.1. Deialdi honetan espresuki ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

13.2. Arau hauek betearazteko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

......................... jaun/andreak, NAN/IFZ ............, helbidea ................... kalean duenak, ............ udalerrian, ............ telefono zenbakia, bere izenean edo ......................... jaunaren/andrearen izenean (ezabatu egia ez dena), NAN/IFZ..............., helbidea ............... kalean duenak, ............ udalerrian, ......... telefono zenbakia, hura ordezkatuz,

Udal titulartasun publikoko kultur etxeak egiteko proiektuak prestatu eta haiek eraiki, egokitu eta hornitzeko diru-laguntzen eskaera. ..............aren ....ko ......../200.. Foru Aginduaren bidez onetsitako arauei jarraikiz (200..ko ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, .........aren ....koa).

Hona hemen aurkezten ditudan agiriak:

1.-Eskabidea aurkezten duen udal edo kontzejuaren izena.

2.-Toki entitatearen aldetik proiektua koordinatzeaz arduratzen denaren izen-deiturak eta telefonoa.

3.-Zerga guztiak ordainduak dituztela eta Gizarte Segurantzan dagokiena ere betea dutela frogatzen duten agiriak.

4.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren adostasun txostena, eraikin katalogatuak direnean.

5.-Entitate eskatzailearen adierazpena, laguntzaren onuradun izateko debekuetan ez dagoela dioena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 7. idatz-zatiarekin bat.

6.-Herrian edo, 2.2 arauan aipatzen den kasuan, eskualdean, 2005ean eta 2006an eginiko kultur jardueren memoria.

7.-Udalaren aurrekontu osoaren eta haren kultura arloaren aurrekontu osoaren ziurtagiriak eta ekitaldi ekonomiko horietako sailkapenak.

8.-A edo B mailako kultur kudeaketako teknikari bat kontratazio edo izendapenaren egiaztapen fede-emailea, 8.1.a) arauan xedatu bezala.

9.-Kultur ekipamenduak ase behar dituen kultur premiak justifikatzeko txostena.

10.-Kultur ekipamendua finantzatzeko plana.

11.-Kultur etxea egin behar deneko orube edo ondasun higiezinaren gaineko jabetza osoari buruzko ohar soila, Jabetza Erregistroak emana.

12.-Udal idazkariaren ziurtagiria, kultur etxea eginen deneko orubearen hirigintza kalifikazioa hirilurrarena dela adierazten duena.

13.-Kultur ekipamendua finantzatzeko plana.

14.-Esku hartu behar duten toki entitateek sinaturiko lankidetza hitzarmena, eskualderako ekipamendu partekatua baldin bada.

15.-Kultur etxea abian jarri eta hurrengo bi urteetarako aurreikusten den programazioaren aurrerapena.

16.-Aurreproiektua, diru-laguntza proiektua prestatzeko eskatu bada.

17.-Proiektu ikus-onetsia, prezioak gaurkoturik, diru-laguntzaren bidez egin beharreko kultur etxearen proiektuak deialdi hau baino lehenagoko diru-laguntzak hartu dituenean.

18.-Memoria tekniko baloratua, diru-laguntza ekipamendurako eskatzen denean.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat dator. Lorturiko datuak dirulaguntzetarako deialdi honen espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek aurka egiteko eta datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian aurreikusitakoaren ondorioetarako, eskabidea aurkezteak berarekin dakar interesatuak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

...........................(e)n, 20......(e)ko ...................aren .........(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ETA TURISMO DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F0803935