39. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARGUEDAS

Ordenantza fiskalaren behin betiko onespena

Arguedasko Udalak, 2007ko abenduaren 14an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Arguedasko 0-3 urtekoendako haur eskolako zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasiera bateko erabakiak argitara eman ziren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta iragarki oholean. Jendaurreko epea inolako alegaziorik jaso gabe iragan denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behin betiko onetsita gelditu da aipatu ordenantza fiskala. Hona hemen haren testua:

ARGUEDASKO 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLAKO ZAINKETA ETA EGONALDI ZERBITZUA EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluaren 7. atalean xedatutakoari jarraikiz ezarri da, eta haren 100. artikuluan xedatutakoaren babesean.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza sortzen da Arguedasko Udalaren 0-3 urte bitarteko haur eskolako zerbitzuak erabiltzeagatik.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Arguedasko Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolako zerbitzuez baliatzen diren adin txikikoen gurasoak, tutoreak edo legezko ordezkariak daude tasa ordaintzera behartuak, betiere haien gurasoen ahalgoa badute, Kode Zibilaren 162. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Kudeaketa eta dirubilketa arauak

4.1. artikulua. Hilabeteko osoak aurreratuta ordainduko da tasa. Interesduna Arguedasko Udalaren 0-3 urtekoendako haur eskolan onartzeko, eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da, baita matrikulako azken ordainagiri pagatua ere.

4.2. artikulua. Tarifak zehazteko oinarritzat hartu behar diren dirusarrerak familiako kide guztiek eskuratzen dituztenak dira. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenean familia unitateari dagokion zerga-oinarriak adierazten ditu familiaren dirusarrerak.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko obligaziorik ez dutenek, honako hau aurkeztu beharko dute:

Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko obligaziorik ez dela frogatzen duena.

Haur eskolaren zerbitzua eskatzen duten adingabeen gurasoen, tutoreen edo legezko ordezkarien lan bizitzari buruzko txostena, eta familiaren dirusarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak (soldaten ziurtagiriak, pentsioenak, TC2, eta abar).

Tarifen aplikazioa

5.1. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren eta Toki Entitateen arteko hitzarmenei lotzen zaizkien Haur Hezkuntzako Eskoletarako aplikatuko diren tarifak Nafarroako Gobernuak urtez urte onesten dituenak izanen dira. Gaur egun, familiek 2006/2007 ikasturtean ordaindu beharreko tarifak Hezkuntza Departamentuko Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 24ko 23/2006 ebazpenean ezarritakoak dira. Izan ere, 0tik 3 urtera bitarteko haurrendako udal ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuetan (Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 28ko 41/2005 Foru Agindua), edo agindu hori ordeztuz Nafarroako Gobernuak onesten dituen arauetan ezartzen direnak.

Udalak aldatuko ditu tarifak, Nafarroako Gobernuak tarifa berriak finkatzen dituen aldiro, ikasturtea hasi baino lehen.

5.2. artikulua. Ezarriko den epearen barrenean, errentaren azkeneko aitorpena edo zehaztutako dirusarreren frogagiriak aurkezten ez dituztenei, edo horiei aski irizten ez bazaie, gehieneko kuota aplikatuko zaie.

5.3. artikulua. Behin hartarako onartua izanez gero, jantokiagatik ordaindu beharra zerbitzua egitetik beretik sortzen da, erabili ala ez.

Jantokian onartu eta hilabetearen buruan izanen ditu ondorioak.

Arau-hausteak eta zehapenak

6.1. artikulua. Arau-hauste larritzat joko da aurkeztutako agiriak edo deklarazioak faltsutzea hautaketarako baremoan eta/edo tarifak aplikatzean puntu gehiago lortzeko.

6.2. artikulua. Arau-hausteei edo zehapenei dagokienean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, Ordenantza Fiskal Orokorrean eta bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honetan ezarri ez den guztietarako honakoak aplikatuko dira: udal honen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko hitzarmena, urtarrilaren 24ko 23/2006 ebazpena, Hezkuntza Departamentuko Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, familiek 2006/2007 ikasturtean ordaindu beharreko tarifak ezartzeko hain zuzen ere 0tik 3 urtera bitarteko haurrentzako udal ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuetan (Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 28ko 41/2005 Foru Aginduaren bidez arautua), edo agindu hori ordeztuz Nafarroako Gobernuak onesten dituen arauetan ezartzen direnak eta oro har aplika daitezkeen gainerako xedapenak.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridikoak izanen ditu testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Arguedasen, 2008ko otsailaren 27an.-Alkate udalburua, José Antonio Rapún León.

Iragarkiaren kodea: L0803389