37. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko martxoaren 3koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez Eroski Sociedad Cooperativari Iruñean duen Eroski-Iruña izeneko saltoki handia handitu eta berritzeko merkataritzako lizentzia berariazkoa ematen zaio, eta jarduketa horiei begira Eroski Sociedad Cooperativak "Azalera Handiko Saltokia Ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala" aldatzeko sustatu duen espedientea onesten da.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16an ondokoa erabaki zuen: Eroski Sociedad Cooperativari Iruñean duen Eroski-Iruña izeneko saltoki handia handitu eta berritzeko merkataritzako lizentzia berariazkoa emateko espedienteari jarraipena ematea, handitze eta berritze proiektu hori udalez gaindikoa zela deklaratzea, ezarritako determinazioei eta zuzenketei jarraikiz, eta proiektua jendaurrean jartzea eta handitu eta berritu beharreko saltoki handia kokatzen den lurretako udalari entzunaldia ematea aldi berean.

Erabaki hori 2007ko 53. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 30ean.

Aurkeztu diren alegazioak ikusirik, eta ezarritako determinazio eta zuzenketak bete ote diren aztertu ondoren, merkataritzaren eta lurralde antolamenduaren alorretan eskumena duten departamentuek baterako proposamena egin dute, espedientea ebatzi aurrekoa, eta Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak eta Lurraldearen Antolamendu Batzordeak proposamen horri buruzko txosten bana eman dute, 2007ko abenduaren 11ko eta 27ko bileretan, hurrenez hurren.

II.-Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean hiru alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondoren azaltzen dira haien edukia eta eman zaizkien erantzunak.

1.-Isabel Azcárate Ezpeleta andrea, Nafarroako Merkatari Elkarteen Federazioa (FCN) ordezkatuz.

Lehenbiziko alegazioa: formatuak eta kokapenak lehenesteko irizpidea.

Alegatzailearen iritziz proiektuak aldirietan edo hiriaren kanpoaldean kokatutako erostetxe handi edo merkataritza gune baten ezaugarriak ditu, eta, irizpide hori aplikatuz, proiektua baztertu egin behar da.

Erantzuna:

17/2001 Foru Legearen 14. artikuluaren arabera, merkataritza gunea da "eraikin edo esparru beraren barrenean dauden salmenta-puntu edo zerbitzuen multzoak osatzen duen saltoki kolektiboa, non enpresa-jarduerak beregain egiten diren, baldin eta lokal guztiak batera proiektatuak badira eta zenbait elementu komunean erabiltzen badituzte".

Bestalde, merkataritza parkea da "merkataritza-gunearen ezaugarriak dituen saltokia; gainera, aisialdiko zerbitzu eta jarduera multzo bat eskaintzen du, hala nola, zinemak, josteta aretoak, tabernak, jantokiak, edo beste mota bateko zerbitzuak, konparazio batera turismoarekin, kulturarekin eta abarrekin zerikusia dutenak" (15. artikulua).

Gehituko den azalera honela banatuko da erabileraren arabera:

-Salmentarako azalerari 4.725 m2 gehituko zaizkio: 4.216 m² ekipamendu pertsonaleko artikuluetarako eta 509 m² Eredutik kanpoko artikuluetarako.

-2.765 m² taberna, kafetegi eta jatetxeetarako.

-5.550 m² aisia, kultura eta osasun zerbitzuetarako (zinemak, bolatokia, jolas aretoak, haur parkea, spa).

Aurrekoaren arabera, proiektua aldirietako merkataritza parketzat hartu da eta 5 puntuko balorazioa eman zaio formatu eta kokapenen lehentasunaren irizpidean.

Hortaz, alegazioa ezetsi behar da.

Bigarren alegazioa: merkatu kuota.

Alegatzaileak dioenez, Alimarket-en arabera Eroskik 2005eko abenduaren 31n %26,1eko merkatu kuota zuen elikagaien banaketaren arloan, eta orduz gero operadore horren elikagai saltoki gehiago ezarri dira.

Gehiegizkoa iruditzen zaio elikagaien banaketaren arloan Eroskik gaur egun Nafarroan duen merkatu kuota. Gainera, tramitatzen ari den merkataritzako lizentzia ematen bada kuota hori nabarmen handituko da.

Lehiaren defentsarako, egiazko merkatu kuota eta proiektuaren eragina azter daitezela eta behar izanez gero merkataritzako lizentzia uka dadila eskatzen du.

Erantzuna:

Proiektuaren bidez egungo eraikineko merkataritza galeria handitu nahi da, baina egungo Eroski hipermerkatuko salmenta azalera aldatu gabe. Galeriari gehituko zaion azalera aurreko alegazioan aipatutako erabileretarako izanen da. Ez dago Ereduko eguneroko ondasunen kategoriarako azalerarik, eta elikagaiak mota horretako ondasunak dira.

Bestalde, txostena eskatu zaio Lehiaren Defentsarako Auzitegiari (LDA). Lehiaren Defentsarako Auzitegiak ez du txostenik eman, saltoki kolektibo handiek ez omen dutelako 7/1996 Legearen (Txikizkako Merkataritza Antolatzeko Legea) 6. artikuluan aurreikusitako derrigorrezko txostenaren beharrik. Hala ere, hauxe adierazi du: "txostenik ez emateak ez du esan nahi Auzitegia proiektuaren aurka dagoenik, eta betiere autonomia erkidegoak lizentzia emateko eskumena izanen du".

Hori horrela, bidezkoa da alegazioa ezestea.

2.-Ruperto Unzué Iñigo jauna, UPSko A-2 orubearen jabea den Capital Norte, S.L. enpresa ordezkatuz.

Edukia:

1. Hipermerkatua handitzeko, gaur egun aparkalekuetarako den azaleraren zati bat hartu nahi da (gaur egun kalean dauden 1.236 tokietatik 556 geldituko lirateke; gainerako tokiak eta proiektaturiko toki berriak sotoan kokatuko lirateke). Alegatzailearen ustez, kalean aparkatzeko tokien kopurua jaitsi eta pertsonen kopurua igoko denez, Eroskiren instalazioen ondoko A-2 lurzati horretan proiektatu dituzten aparkatzeko tokiek eskari handia izanen dute. Horregatik egokia iruditzen zaie zenbait gune "berriz urbanizatzea", poligono osoan toki gehiago sortzeko. Erantsitako krokisean aparkalekuen antolabidea proposatzen dute: berdeguneak gutxitu gabe, aparkatzeko tokiak A-2 orubearen aurreko bidearen ertzetan kokatuko lirateke. Alegatzailea aparkatzeko toki berrietako batzuen urbanizazio gastuak bere gain hartzeko prest agertzen da.

2. Bigarren alegazioan gogora ekartzen du indarra duen UPSan A-2 oruberako zer nolako hirigintza baldintzak eskatzen diren azalera handiko merkataritza instalazioa ezartzeko (Nafarroako Gobernuak 89-08-21eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta 90-09-26ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako erabakiak). Sektorerako zehaztu gabe dauden determinazioen aplikazioari dagokionez, UPSak Iruñeko HAPOra eta Nafarroako Gobernuak hura onesteko hartutako erabakietara jotzeko agintzen duela gogoratzen du, eta Iruñeko HAPOko hirigintzako araudiaren babesean honako hau eskatzen du:

-Beheko solairua eta bi solairu gehiago eraikitzeko eta gehieneko garaiera 12 metro izateko aukera onar dadila.

-Erabat bateragarriak izan daitezela -hau da, ezarpen-egokitasun berberekoak erabilera nagusiarekiko- lurzatiaren "merkataritza" erabilera xehakatua eta "bulegoak" edo "behin-behineko etxebizitza" erabilerak.

-Arestian aipatutako erabilera bateragarriez gain, "taula berean jasotako beste batzuk" ere onar daitezela, Iruñeko HAPOko araudiaren 28. artikuluko 3. taulan, hain zuzen ere.

3. Hirugarren alegazioan, alegatzaileak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren txostena jaso duen hasierako proposamen bateratuan esaten dena gogoratzen du: "Iruñeko HAPOk ahalbidetzen duen aprobetxamendutik UPSan gauzatu gabe geratzen dena 17.394,49 AU edo 25.126 m2 da". Ondoren, alegatzaileak eskatzen du aukera eman dakiola "A-2 orubearen azalerari dagokion aprobetxamendu zatia gauzatzeko: 25.126 m² x 2.100 m² / 63.360 m² = 832 m² eraikigarri. Horiei oraingo 2.000 m² eraikigarriak gehituta, guztira 2.382 m2 izanen lirateke".

Erantzuna:

Alegazioetatik ondorioztatzen denez, espediente honen tramitazioaren haritik eraikinen garaierari, erabilerari eta eraikigarritasunari buruzko determinazio batzuk proposatzen dira A-2 oruberako. Horiei buruzko iritzia aldekoa nahiz kontrakoa izan, ezin dira hemen ebatzi, espediente honen eremutik eta xedetik kanpo daudelako.

Aparkatzeko tokien hornidura dela-eta hau erantzun behar da: lehendabizi, alegatzaileen proposamena, gutxi gorabehera "1:417" eskalako plano batean definitua, onartuko balitz, lehen kalkuluen arabera berdeguneei 850 bat m² kenduko litzaizkieke proposamenak ukitzen dituen 1.600 inguru m²-etatik, eta proposamenean 4,20 metroko sakonera gainditzen ez duten aparkatzeko tokiak diseinatu dira, baita 1,25 metro zabaleko espaloiak ere. Bestalde, gogorarazi behar da "Hirigintzaren gaineko gogoetak" atalean, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren txostena jaso duen hasierako proposamenean, "Aparkalekuak" izenburupean hauxe esaten dela: "espedientea ebatzi aurretik berriz kalkulatu behar da aparkatzeko zenbat toki behar diren, hornidura nahikoa lortu behar da -oztopo arkitektonikoei buruzko xedapenak betez-, eta horretarako, behar izanez gero, azalera eraikia murriztuko da, edo bestela aparkatzeko azalera gehiago aurreikusiko da sotoan". Baldintza hori betetzeko, beraz -hurrengo atalean berriz helduko diogu gai honi-, saltoki handiak eta egin nahi diren gainerako instalazioek sortuko dituzten aparkaleku beharrak ase behar dira.

Ondorioz, alegazio hau ezetsi egin da.

3.-Antonio Munilla García jauna, GURELUR ordezkatuz.

Lehenbiziko alegazioa: alegatzailearen iritziz, merkataritzako lizentzia berariazkoa, egituratu eta eskatu den moduan, ez da eman behar.

Erantzuna: baieztapen horren aldeko argudioak gainerako alegazioetan garatu dira. Erantzuna ere gainerako alegazioen erantzunetan dago.

Bigarren alegazioa: alegatzaileak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 53.c) artikuluak dioena aipatzen du (saltoki handietan aparkatzeko zenbat toki behar diren zehazteko garaian kontuan hartu behar da saltoki handietan biltzen diren jarduera desberdin guztien funtzionamendu konbinatua, aldi berean eta intentsitaterik handieneko egoeran), eta UPSei erantsi beharreko justifikazio azterlanak egiterakoan kontuan hartu beharreko alderdiak ere aipatzen ditu, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legearen Erregelamenduaren 25. artikuluan azaltzen direnak. Ondoren, proiektuak ez dituela aurreko baldintzak betetzen adierazten du. Ildo horretan, alegatzailearen ustez trafikoari buruzko azterlana -2001eko apirilekoa- ez dator bat legezko baldintza horiekin eta gainera ez da inola ere nahikoa, zaharkitua dagoelako; ez ditu aztertzen ez berrikusten "etorkizuneko merkataritza gunerako" -alegatzaileak erabilitako hitzetan- egungo sarbideak; eta iragartzen du, bere planteamenduagatik, puntako orduetan 400 metro arteko ilarak sor litezkeela. Horrek inguruko trafikoan izan dezakeen eragina ez da aztertu.

Hirugarren alegazioa: sustatzaileak 2006ko agirian proposatu zituen aparkatzeko tokiak trafikoari buruzko 2001eko azterlanean oinarrituta kalkulatu ziren. Beraz, gai honetan koordinazio falta larria dago, argi ikusten baita proposaturiko tokiak erabiltzaileen beharretarako gutxiegi izan daitezkeela. Gainera, merkataritza guneari lotutako ia 300 toki jabari publikoan kokaturik daude.

Alegatzaileak merkataritzako lizentzia berariazkoa emateko kontuan hartu behar diren legezko irizpideak aipatzen ditu, besteak beste "bide sarearen gaineko eragina, saltokiaren irisgarritasuna eta aparkalekuen eta beste zerbitzu batzuen hornidura", eta ondorio gisa adierazten du aparkalekuei dagokienez proposamenak ez dituela indarreko arauak betetzen.

Erantzuna 2. eta 3. alegazioei:

Trafikoari buruzko 2001eko apirileko azterlanaren 4. atalean saltoki handiko jarduera bakoitzak erakarriko duen trafikoa aztertzen da, eta jarduera bakoitzak aparkatzeko zenbat toki behar lituzkeen kalkulatzen da. Hauek dira aztertutako trafikoak:

-Hipermerkatuak eta merkataritzako lokalek erakarriko duten trafikoa.

-Zinemek erakarriko duten trafikoa.

-Taberna eta jatetxeek erakarriko duten trafikoa.

-Bolatokiak erakarriko duen trafikoa.

Laburpena:

-Erakarriko den trafikoa, guztira, puntako orduan.

-Aparkaleku beharrak (kontuan izanik merkataritzako erabilerak eta gainerako erabilerak ez direla aldi berekoak oso-osoan).

Beraz, aparkatzeko tokien kalkuluan kontuan hartu da saltoki handian biltzen diren jarduera desberdinen funtzionamendu konbinatua.

Alegatzaileak agerian jartzen du, ordea, proposatutako tokiak trafikoari buruzko 2001eko azterlanean oinarriturik kalkulatu direla, gai horretan koordinazio falta larria dagoela beraz, eta, gainera, merkataritza guneari lotutako ia 300 toki jabari publikoan kokaturik daudela (oker dago, izatekotan "kanpoaldeko kaleko" 115 toki izanen bailirateke, jatorrizko UPSan proiektaturiko lurzati eta erabileren zerbitzurako tokiak, Eroski bera ere tartean). Baina jada ohar horiek bazeuden jasorik hasierako proposamen bateratuan, horren atal den Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren txostenean, hain zuzen ere. Hor ondorio hau azaltzen da: "espedientea ebatzi aurretik berriz kalkulatu behar da aparkatzeko zenbat toki behar diren, hornidura nahikoa lortu behar da -oztopo arkitektonikoei buruzko xedapenak betez-, eta horretarako, behar izanez gero, azalera eraikia murriztuko da, edo bestela aparkatzeko azalera gehiago aurreikusiko da sotoan".

Ohar horiei erantzunez, Eroskik "Aparkatzeko tokien eskaintzaren eta eskariaren balantzea" izenburuko txostena aurkeztu du, trafiko azterlana egin zuen aholkularitza taldearena. Txosten horren arabera, aparkatzeko tokien beharren ebaluazioa (1.775 toki) gaur egun aldatzen ez den saltoki handiaren handitze bati dagokio. Hortaz, trafikoari buruzko 2001eko azterlanean dauden kalkuluak berresten ditu; hala ere, 1.775 toki horiek saltoki handiaren lurzatian beste era batera banatzea proposatzen du. Trafikoari buruzko 2001eko azterlana eta 2006ko abuztuko azken proposamena alderaturik, ondorio gisa esan daiteke saltoki handiko erabiltzaileek aparkatzeko 1.775 toki beharko dituztelako aurreikuspena, trafikoari buruzko 2001eko azterlanean egindako kalkuluen emaitza, hain zuzen ere, orain ere baliozkoa dela. Beste alde batetik, toki horiek lurzati pribatuan banatzeko modu berria, funtsean, hasierako proposamen bateratuan adierazitakoarekin bat dator. ("Aparkalekuak" izenburuko IV.B atalean horren azalpena ematen da).

Trafikoari buruzko azterlana zaharkitua egoteari buruz, egileak esan du 2001eko datuekin egina dela, handitzeko espedientea orduan hasi zelako, baina "hor lortu diren intentsitatea/edukiera adierazleek, batez ere kontuan hartzen bada CETUR formulan edukiera behetik jota kalkulatzen dela, trafikoaren gehikuntza handiak ahalbidetzen dituzte; beraz, trafikoari buruzko azterlana eguneratuko balitz, trafikoaren gehikuntzak ez lituzke edukieran sarraraziko trafikoari buruzko azterlanean aztertu zen biribilgune arazotsueneko sarbideak (saltoki handitik hego-ekialdera dagoen biribilgunekoak)".

Herri Lan zuzendari nagusiak, bestalde, 2007ko martxoaren 1ean, Zainketa Zerbitzuaren eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren txostenak bidali zituen. Lehenengoak honela dio: "Donostiako noranzkoan eremura sartzeko dezelerazio bideak bere osoan hartuko duen trafikoaren azterlana egin behar da, eta aztertu behar da, halaber, trafiko hori nola bideratuko den merkataritza eremura, probintziako trafikoan inoiz eraginik izanen ez duela bermatzeko. Bigarren txostenean, beste gauza batzuen artean esaten da saltoki handia handitu ondoren trafikoak izanen duen gehikuntza egokitzat jotzen dela, trafikoaren simulazioa egin dela Aasidra 2.1 programarekin eta emaitzak onak direla, eta ez dagoela inolako eragozpenik proposaturiko handitzea gauzatzeko. Goian aipatutako eskaerari erantzunez, sustatzaileak 2007ko abuztuaren 3an agiri bat aurkeztu zuen Donostiako noranzkoan eremurako sarbidean izanen den trafikoari buruz argibideak emateko. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak horri buruzko txostena eman zuen eta bertan beharrezkotzat jo zuen Donostiako noranzkoan eremura sartzeko dezelerazio erreia luzatzea (ikus "Trafikoa" izenburuko IV.B.2 atala).

Azkenik, puntako orduetako auto ilarei dagokienez (jada hasierako proposamen bateratuan aztertutako gaia), erantzuna "Trafikoa" izenburuko IV.B.2 atalean dago. Hor zehatz-mehatz aztertzen da arazo hau, eta sarbideen arabera trafikoaren banaketari buruz egin diren hipotesi desberdinetako egoera guztiak onargarriak direla adierazten da, are gehiago sotorako sarbidea librea bada eta ibilgailuak sarrerako kontrolik gabe sartzen badira, orain bezala.

Laugarren alegazioa: formatuak eta kokapenak lehenesteko irizpidea. Alegatzaileak dio proiektuari 0 puntu eman behar zitzaiola formatu eta kokapenak lehenesteko irizpidearen arabera, eta horrek proiektaturiko handitzea eragotzi behar lukeela. Uste du ez dela merkataritza parkea, merkataritza gunea baizik.

Erantzuna: Alegazio honen muina FCNk aurkeztutako 1. alegazioarena bera da. Ikusi, beraz, alegazio horri emandako erantzuna.

Bosgarren alegazioa: alegatzaileak dio espedienteak 17/2001 Foru Legearen 22. artikuluan aurreikusitako txosten batzuk falta dituela: proiektuaren bideragarritasun ekonomikoaren azterlana, merkatu azterlana fakturazio aurreikuspenekin, eta ingurumen eraginaren ebaluazioa. Derrigorrezko tramite horien faltak merkataritzako lizentzia ematea eragotzi behar duela uste du.

Erantzuna:

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan bada EMERGfk enpresaren azterlan bat handitzearen eraginari eta bideragarritasunari buruzkoa. Bere edukiagatik bideragarritasun azterlana eta fakturazio aurreikuspena da, nahiz eta izenburua bestelakoa izan. Hasierako proposamen bateratuaren barnean dagoen Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren txosteneko 1.E.1 puntua azterlan horren laburpena da: eraginpeko eremua, gastua, merkataritza egitura, merkataritza egituraren salmenta ahalmena eta merkataritza balantzea.

Bestalde, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, iragan abuztuaren 30eko txostenean, hauxe dio: "Ez dago IEA tramitatu beharrik; izan ere, 6/2001 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideetan oinarrituta hartu behar da IEA prozedura eskatzeko erabakia, proiektua II. eranskinean sailkatuta dagoelako, baina ez da irizpide horietako bat bera ere betetzen. Hiri lurzoru finkatuko eremu bateko jarduera handitzea proposatu da, eta ez da pentsatzekoa proposaturiko handitze eta berritze proiektuak ingurumenean eragin nabarmenik izanen duenik".

Bidezkoa da, hortaz, alegazioa ezestea.

Seigarren alegazioa: merkataritzako lehiaren ingurukoak. Lehiaren Defentsarako Auzitegiaren txostena falta dela eta horren arrazoia ez dakiela adierazten du. Gainerakoan alegazio hau FCNk aurkeztutako 2. alegazioaren berdina da.

Erantzuna:

Aipatu alegazioaren erantzunean esan den bezala, Lehiaren Defentsarako Auzitegiari (LDA) txostena eskatu zaio. Lehiaren Defentsarako Auzitegiak ez du txostenik eman, saltoki kolektibo handiek ez omen dutelako 7/1996 Legearen (Txikizkako Merkataritza Antolatzeko Legea) 6. artikuluan aurreikusitako txostenaren beharrik. Hala ere, hauxe adierazi du: "txostenik ez emateak ez du esan nahi Auzitegia proiektuaren aurka dagoenik, eta betiere autonomia erkidegoak lizentzia emateko eskumena izanen du".

Alegazioan Eroskiren merkatu kuota ere aipatzen da, eta horri buruzko erantzuna FCNk aurkeztutako 2. alegazioari emandakoa bera da.

Bidezkoa da, hortaz, alegazioa ezestea.

III.-Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Kontseiluaren erabakia.

2007ko uztailaren 30ean, orduko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinarazi zitzaion Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Kontseiluak erabaki hau hartu zuela: Eroski-Iruña saltoki handia handitu eta berritzeko UPSaren espedientean agertzea, alegazioak aurkeztuz Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16an hartutako Erabakiaren kontra, eta, halaber, espedientea jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko beste epe bat ireki dadila eskatzea.

Espedientea jendaurrean jartzeko eta entzunaldirako beste epe bat irekitzeari dagokionez, esan behar da ezen, legez ezarritakoa bete dela alde batera utzirik, Udaleko Hirigintza Gerentziaren erabaki hori 2007ko apirilaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zela. Egun hartatik hiru hilabete iragan ziren Gerentziak alegazioak aurkeztu eta beste epe bat irekitzeko eskatu zuen arte. Horregatik eskaera epez kanpokoa da.

Alegazioei dagokienez, lehendabizi esan behar da, epez kanpo aurkeztu diren arren, beste kasu batzuetan aplikatu izan den praktika juridikoak bide ematen duela alegazio horiei ekiteko, aurkeztu zirenean espedienteari buruzko ebazpen-proposamena artean egin gabe zegoelako.

1. alegazioa. Aldirietako poligonoetan aisia guneak ezartzeak hiriko jardueraren galera eragiten du eta hiriak berezko dituen eta bizia ematen dioten erabileren dibertsifikazioa eragozten du. Iruñeko Udal Planean bestelako irizpideak jaso dira, horien artean "hiriaren erdialdeko guneen zentralitate ezaugarriak zaindu eta sendotu daitezela proposatzea", eta gune horietan "bizileku erabilerak mantentzea planteatzen da, erakunde, hornidura eta ordezkaritza erabileren ondoan eta merkataritza eta bulego erabilerekin batera".

Bestalde, aisiarako gune handi horien sorrerak ibilgailuen erabileraren eta trafikoaren gehikuntza handia eragiten du. Hori behin eta berriz aldarrikatzen den energia aurrezpenaren politikaren kontrakoa da eta, zenbait ordu eta tokitan, lehendik dauden trafiko arazoak larriagotzen ditu.

Erantzuna:

Iruñeko Udal Planean jasotako ereduarekin bat egin behar dugu ezbairik gabe, are gehiago hiri sistema ahalik eta iraunkorrena izan dadin lortzeko beharra beste gogoeta batzuen gainetik lehenesten den garai hauetan.

Ildo horretan ez dago inolako zalantzarik, aipatu irizpidea gauzatu egin da Iruñeko Udalak hiriko erdialdean egindako hainbat jarduketaren bitartez, nahiz ezin izan zaion eutsi hartutako erabaki guzti-guztietan, Udalaren erabakimenaren esku ez zeuden baldintzen ondorioz edo ekipamenduak eskatzen zuen formaturako lur egokien faltaz.

Agian Udalaren analisian halako ikuspegi metropolitar bat nabari da eta horren eraginez aztertu behar litzateke ea egokiak ote diren zentralitate gune berriak (EHAetan iradokitzen den bezala), edo hirigintza hutsaren aldetik gutxi-asko desiragarriak diren eta egiazko eskariei erantzuten dieten merkataritza eta zerbitzu formatu berrien eskaintzaren oreka espaziala, espediente honetako merkataritza tramitearen txostenetan ikusten den moduan. Ildo horretan, eta irizpideok espedientean aurrera egitea ahalbidetzen badute, proiektuari eskatu behar litzaioke ahalegina egin dezala hiriaren ondoko bizileku eremuak hirian integratzeko (batez ere Berriozar eta haren garapen gune berriak, Artiberri eta Etxebakar, guztira 20.000 bizilagun inguru hartzeko adinakoak). Nafarroako Lurralde Estrategiaren printzipioekin bat datorren hiri integrazio hori lortzeko, motorrik gabeko trafikoa antolatu beharra dago Berriozartik PA-34 Iruñeko Ingurabideaz bestalderaino eta saltoki handiaren inguruetaraino. Beraz, determinazio gisa proposatzen da eraikuntza proiektuaren barnean oinezko eta txirrindularientzako pasabide bat egin dadila PA-34 ingurabidearen gainetik, Berriozarko eta Iruñeko udalekin eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarekin ados jarrita.

Bestalde, Saltoki Handien Lurralde Ereduko formatu eta kokapenen lehenespenari buruzko irizpidea aplikatzean, proiektuari "nahikoa" kalifikazioa eman zaio (ikus Merkatari Elkarteen Federazioaren alegazioa).

Hortaz, ezezkoa emateko legezko proposamena egitea ez da egokitzat jotzen, are gehiago lehendik dagoen saltoki handi bat handitzeko proiektu baten aurrean gaudelarik. Horregatik, alegazioaren ezespena planteatu behar dugu. Alegazio hori Plan Orokorreko printzipio batean oinarrituta egin da eta bat gatoz printzipio horrekin, baina honako espediente honetan hura aplikatzeak zailtasun gaindiezinak ditu legezko aplikazioaren eta aplikazio praktikoaren ikuspuntutik.

2. alegazioa: aurkeztutako agiria udalez gaindiko proiektu sektorialtzat definitzen da eta horrek ez dirudi egokia, haren xedea ez datorrelako bat agiri mota honetarako LAHFLaren 42.2 artikuluak ezartzen duen xedearekin; jardueraren udalez gaindiko eragina ere ezbaian jartzen da. Erreferentziako esparruan indarra duen planeamendua udalez gaindiko plan sektorial bat denez, hizpide dugun agiria indarreko plan sektorialaren aldaketa gisa tramitatu behar zatekeen.

3. alegazioa: gerentziak uste du eremua ez dela hiri lurzoru finkatua, tramitaturiko agiriak dioen bezala, hiri lurzoru finkatu gabea baizik; izan ere, indarra duen UPSan ezarritakoaren arabera eraikita dagoen lurzati batean, oraingoaren aldean guztiz bestelakoa den antolamendua aurreikusten da: eraikitako azalera bikoizten da, erabilera berrien ezarpena proposatzen da eta eremu libreak eta aparkalekuak berrantolatzen dira. Horregatik, eta LAHFLaren 92.1.c artikuluan ezarritakoari jarraituz, lurzorua finkatu gabeko hiri lurzoru gisa kalifikatu behar litzateke, eta banaketa eremu bat mugatu, eredu-aprobetxamenduaren esleipenarekin eta ateratzen den aprobetxamenduaren %10aren lagapenarekin.

Erantzuna 2. eta 3. alegazioei:

Alegazio horiei dagokienez, hasierako proposamen bateratuan gai honi buruz jasotako oharrak eta ondorioa aipatuko dira lehendabizi:

-Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak indarra hartu zuenetik, saltoki handiak udalez gaindiko proiektu sektorialen bidez ezartzen dira.

-Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko proiektu sektorialtzat onetsi zuen Eroskiren saltoki handia, baina haren edukia, baita lehenbiziko aldaketarena ere, "Azalera handiko merkataritza instalazioa ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren testu bategin eta laburtua" izeneko agirian jaso zen. Agiri hori Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan dago behar bezala eginbidetua.

-Sustatzaileak 2002ko uztailaren 4an tramitatzeko aurkeztu zuen agiriaren grafikoetan agiri hori "Proiektu Sektorialaren" aldaketa dela jartzen du, eta memorian eta hirigintzako arauetan, aldiz, "Plan Sektorialaren" aldaketa dela.

-"Eroski-Iruña merkataritza parkea handitu eta berritzeko proiektua" izenekoaren 2.1 atalean (bertan "aurreproiektua (SHLEra egokitua)" oharra ere ageri da, hau da, Nafarroako Saltoki Handien Lurralde Eredura egokitua), lehendabizi esaten da "enpresa sustatzaileak ezarritako programa 19.357 m2 eraikitzean" datzala, eta gero hauxe esaten da: "Alegia, 'Eroski' Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa bat tramitatzen ari da eta hor 40.000 m² proposatzen dira, guztira, 'Iruña Merkataritza Parkea' ezartzeko. Beraz, 20.000 m² gehiago erantsiko zaizkie lehendik dauden 20.000 m² eraikiei. Gainerako metro karratuak proiektuaren doikuntzak, geroko birmoldaketak eta abarrekoak ahalbidetzeko izanen dira."

Ohar horien azkenean ondorio hauek ateratzen dira:

-"Nolanahi ere, Eroskiren instalazioen handitze eta berritze hauek, azken batean, egungo instalazioen eraikuntza ahalbidetu zuen jatorrizko arau-esparruaren aldaketa dakarte. Bestalde, horrenbesteko garrantzia duen "merkataritza parkea handitu eta berritzeko proiektu" baten aurrean gaudenez, zilegi litzateke hura udalez gaindiko proiektu sektorial izendatuz tramitatzea".

-"Aurreko oharrak gorabehera, ondoren azaltzen den analisian, indarra duen UPSaren -plana zein proiektua izan- edukien aldaketa gisa hartu da espedientea. Proposamena modu orokorrean eta hirigintzaren aldetik baloratzea eta izan ditzakeen gabezia tekniko eta funtzionalak atzematea izan dira analisiaren helburuak".

Azkenik, 2007ko apirilaren 16an Nafarroako Gobernuak hau erabaki zuen: "Eroski Sociedad Cooperativari Iruñean duen Eroski-Iruña izeneko saltoki handia handitu eta berritzeko merkataritzako lizentzia berariazkoa emateko espedienteari jarraipena ematea eta proiektu hori udalez gaindikoa dela deklaratzea".

Bada, espediente honen mugak gainditzen ahal dituen ondorio batera iristeko, kontuan hartu beharko dira gorabehera hauek:

a) Espedientea 2002ko uztailaren 4an abiarazi zen, "UPSa" aldatzeko espediente bat aurkeztuz. Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea indarrean zegoen, eta horren arabera, saltoki handiak, oro har, udalez gaindiko proiektu sektorialen bidez ezarri behar dira. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legea ere indarrean zegoen, eta honelako proiektuak udalez gaindiko proiektu sektorial gisa tramitatzea ahalbidetzen zuen.

b) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeak indarra hartu zuenean espedientea artean ebatzi gabe zegoen. Espedienteari berriz ekin zitzaion 2006ko abuztuaren 4an. Egun horretan aurkeztu zen, Industria eta Merkataritza Departamentuak aurrez eskaturik, "Eroski-Iruña merkataritza parkea handitu eta berritzeko proiektua" ("Aurreproiektua (SHLEra egokitua)", hau da, Nafarroako Saltoki Handien Lurralde Eredura).

c) Gorago esan den bezala, 2007ko apirilaren 16an Nafarroako Gobernuak deklaratu zuen Eroski-Iruña saltoki handia handitu eta berritzeko proiektua udalez gaindikoa zela.

d) Beste alde batetik, 35/2002 Foru Legearen xedapen indargabetzaile bakarraren 2. idatz-zatian "indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak". Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak dio saltoki handiak udalez gaindiko proiektu sektorialen bidez ezarri behar direla. Horretan ez dator bat indarra duen LAHFLarekin.

e) Halaber, 35/2002 Foru Legearen seigarren xedapen iragankorrak, "Lurraldearen antolamenduko tresnak" izenburukoak, ez dio ezer onespenerako tramiteak LAHFLak indarra hartu aurretik hasiak dituzten udalez gaindiko plan eta proiektuei edo UPSen aldaketei buruz; eta foru lege horrek indarra hartu aurretik onetsitako udalez gaindiko plan eta proiektuei dagokienez hauxe dio: "Nafarroako Gobernuak bakoitzari buruz plan edo proiektu sektorialaren izaera zehaztuko du, foru lege honetako 42., 43. eta 44. artikuluetan jasotako irizpide materialen arabera".

Horiek horrela, Eroskik aldatzeko eskatu zuen "indarreko tresna"ren ezaugarriak, edukia eta determinazioak eta hura garatzeko egin zen kudeaketa kontuan izanik, plan sektorial baten aurrean gaudela uste dugu, eta espedientea plan sektorial baten aldaketa balitz bezala ebatzi behar dela.

Behin zehazturik aztertzen ari garena plan sektorial baten aldaketa dela, honako xedapen honen aplikazioari buruz ebatzi behar litzateke: "Udalez gaindiko plan sektorialaren garapenak ezarri beharko du higiezinen trafikoan sar daitekeen irabazteko aprobetxamenduaren %10eko lagapena egitea ukituriko udalei, urbanizazio kargarik eta bestelakorik gabe". Lagapen hori "behar diren kudeaketa tresnen bitartez" eginen da. Lagapena "behar diren kudeaketa tresnen bitartez" egin ahal izateko, ordea, banaketa eremu bat mugatu behar litzateke nahitaezko lagapenerako eta hainbanaketarako, eta, hiri lurzorutzat sailkatutako lurren kasuan, banaketa eremuak hiri lurzoru finkatu gabea hartuko luke barnean. Horixe da argitu beharreko azken puntua.

Udalaren iritziz, LAHFLaren 92.1.c artikuluan ezarritakoaren arabera, hiri lurzoru finkatu gabea da. Hala izan dadin, artikulu horretan baldintza hauek ezartzen dira:

-Baldin badu urbanizazio bat, zeinak bere finkapenerako lurzatietan beharko baititu eraikuntzarekiko osagarriak diren obrak baino haratago doazen jarduketak edo haien erreforma, berrikuntza edo hobekuntza, exekuzio unitateak zehaztuz.

-Hirigintza planeamenduak lehenagokotik oso desberdina den antolamendua aurreikustea, edo ukitutakoen artean berdinbanaketako operazioak eskatuko dituzten birmoldaketako edo barne erreformako jarduketak aurreikustea.

Alegatzaileak bigarren baldintza hartu du oinarri, egungoaren aldean oso bestelakoa den antolamendua proposatzen dela esatean. Izan ere, argi dago eraikuntzako jarduketa berrien emaitzak, hala eraikinak nola erabilerak, oraingoen aldean guztiz desberdinak izanen direla. Hala ere, jarduketa horiek jabetzako lehengo lurzati berean eginen dira, ez dute aldaraziko lurzatiaren inguruko antolamendua, eta, gure iritziz garrantzitsuagoa dena, ez da beharrezkoa izanen "ukitutakoen artean berdinbanaketako operazioak" egitea. Esan daiteke, beraz, aztergai duguna hiri lurzoru finkatua dela eta ez dagoela banaketa eremurik finkatu beharrik legezko ondorioetarako.

4. alegazioa: jarduerarako behar diren aparkatzeko tokiak lurzatian bertan kokatu behar dira eta ez kanpoan, agirian proposatzen den bezala. Gerentziak gogorarazten du, bestalde, aparkalekurako proposatu diren lurzatietako bat U.I.-I/Z.N.-1 unitatean dagoela eta horren plan partziala berriki onetsi dela.

Erantzuna:

Izan ere, Iruñeko Udal Planeko I-ZN1 eremuaren barnean langileek aparkatzeko 176 toki aurreikusi dira eta hori onetsitako plan partzialaren aurkakoa da. Beraz, aurreikuspen hori beste nonbait gauzatu beharko da. (Honi dagokionez, ikus "Aparkalekuak" izenburuko IV.B.1 atalean jaso diren ondorioak).

5. alegazioa: komeni da inguruan trafikoaren norabideak aztertzea eta trafikoa berrantolatzeko aukera baloratzea, baita sarbideen berrurbanizazioa ere, bereziki poligonoaren sarrerako biribilgunean. Komeni da, halaber, lurzatiaren ekialdean dagoen kalea bide publikoa izateko lagatzea, trafikoa hobetzearren.

Erantzuna:

Garrantzitsua da lurzatiaren ekialdean dagoen kalean ibilgailuen trafiko egokia bermatzea. Berme hori lortzeko, kale hori laga daiteke bide publikoa izan dadin, edo bestela determinazio gisa ezar daiteke kale horren erabilera publikoa izanen dela, titulartasuna eta mantentzea pribatuak izan arren.

6. alegazioa: eraikuntza berriari ekialdean ezarri zaion lerrokadurak gehiegi estutzen du alboko kalea (espaloia bera desagertzeraino), eta eraikuntza A-2 orubera hurbiltzen du. Kale garrantzitsua da eta ez litzateke haren sekzioa estutu behar.

Erantzuna:

Azaldutakoa aztertu ondoren, beharrezkotzat jotzen da ekialdeko kaleko galtzadaren sekzioari eustea (7 metro). Horretarako, 2 metroko espaloia ere gehituta, gutxienez 3 metro atzerago kokatu behar litzateke kale horretan egin nahi den eraikin berriaren fatxada.

IV.-2006ko abenduaren 1eko hasierako proposamen bateratuan jasotako determinazio eta zuzenketei buruz.

A) Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren txosteneko 4.8 atalean ("Baterako ebaluazioa-ebaluazio formularioa") jasotako determinazioak.

Proposatzen da merkataritzako lizentzia berariazkoa eman dakiola 2006ko abuztuaren 4an aurkeztutako proiektu egokituari, determinazio honekin: ekipamendu pertsonalean espezializaturiko establezimenduei (F03 eta F06) eta Eredutik kanpoko artikuluei lekua egiteko handitu dadila merkataritza galeria, eta salmentarako gehieneko azalerak hurrenez hurren 4.216 eta 509 m² izan daitezela.

Espediente honen alderdi komertzialak alegatuak izan dira, eta egindako alegazioen ebazpenaren bidez berretsirik dago, merkataritzako lizentzia berariazkoa emateari dagokionez, aurreko determinazioa.

B) Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren txosteneko III. atalean proposatzen diren determinazio eta zuzenketak.

B.1.-Aparkalekuak:

Espedientean dagoen trafiko azterlanean zehazten da aparkatzeko 1.775 toki behar direla jarduera egiteko. Hala ere 1.908 toki planteatzen dira, honela banatuak:

-1.061 toki erabiltzaileentzat, sotoan.

-556 toki erabiltzaileentzat, kanpoan (Eroskiren lurzatian).

-176 toki langileentzat,1.462 zenbakiko lurzatian.

-115 toki erabiltzaileentzat, "kanpoaldeko kalean".

Bestalde, memoriak dioenez, "aparkaleku erabilerak merkataritza establezimenduarentzat beharrezko erabilerak dira eta zentzu hertsian erabilera horren parte dira".

Hasierako proposamen bateratuan planteamendu horri buruz honako oharrak egiten dira:

-Trafikoari buruzko azterlanean aparkatzeko tokien kopurua kalkulatzeko kontuan hartutako azalerak ezegokiak izan litezke, 2006ko abuztuan aurkeztutako proiektu egokituan ageri diren azalerak ikusirik.

-"Kanpoaldeko kalean" erabiltzaileentzat jarri diren 115 tokiak ezin dira Eroski saltoki handiari "lotutako" toki gisa zenbatu. Izan ere, toki horiek eremu publiko batean daude, jatorrizko UPSan proiektaturiko lurzati eta erabilera guztien zerbitzurako.

-Langileentzat 1.462 zenbakiko lurzatian jarri diren 176 tokiak ere ezin dira konputatu Eroski saltoki handiaren aparkaleku beharrak asetzeko. Toki horiek Iruñeko Udal Planeko I-ZN1 eremuan daude, hau da, beste antolamendu eremu batean.

Horregatik, ondorio hau ateratzen da: "espedientea ebatzi aurretik berriz kalkulatu behar da aparkatzeko zenbat toki behar diren, hornidura nahikoa lortu behar da -oztopo arkitektonikoei buruzko xedapenak betez-, eta horretarako, behar izanez gero, azalera eraikia murriztuko da, edo bestela aparkatzeko azalera gehiago aurreikusiko da sotoan".

Ohar horiei erantzunez, sustatzaileak "Aparkatzeko tokien eskaintzaren eta eskariaren balantzea" izenburuko txostena aurkeztu du, trafiko azterlana egin zuen aholkularitza taldearena. Txosten horren arabera, aparkatzeko tokien beharren ebaluazioa (1.775 toki) gaur egun aldatzen ez den saltoki handiaren handitze bati dagokio. Hortaz, trafikoari buruzko hasierako azterlanean dauden kalkuluak berresten ditu. Hala ere, 1.775 toki horiek lurzati pribatuan beste era honetara banatzea proposatzen du:

Aparkatzeko tokiak 1. sotoan: 932 toki.

Aparkatzeko tokiak 2. sotoan: 287 toki.

Aparkatzeko tokiak kanpoan: 556 toki.

Guztira: 1.775 toki.

Beraz, dio azkenean, aurreikusitako tokiek betetzen dituzte kalkulatutako beharrak (1.775 toki), eta haien ondoan kontuan hartu beharko dira kanpoaldeko kaleko 115 tokiak, poligonoaren zerbitzurako direnak, horiek ere eskari hau aseko baitute.

Izan ere, trafikoari buruzko azterlanean aparkatzeko zenbat toki behar diren kalkulatzeko erabilitako datuak eta 2006ko abuztuko azken proposameneko datuak alderatu ditugu, eta hona ondorioa:

-Trafikoari buruzko 2001eko azterlanean, beheko solairuko erabilerei dagokienez, oinarritzat hartzen dira 14.863 m²-ko GLA hipermerkaturako eta 13.971 m²-ko GLA galeriarako. "2006ko proposamenean", berriz, hipermerkatuak 14.762 m²-ko azalera du guztira; galeriak 10.257,04 m²-ko azalera erabilgarria du guztira, horietatik 1.430,31 m² SPA batean eta 325,36 m² aisia eta kultura gunean (ekipamendu pertsonaleko ondasunen salmentari kendutako azalera, hasierako proposamen bateratuan ageri den moduan), eta 12.383 m²-ko azalera eraikia du guztira.

-Goiko solairuan aurreikusita dauden erabilera trafiko-sortzaileei dagokienez, trafikoari buruzko azterlan horretan erabilitako datuak eta "2006ko proposamenean" ageri direnak ia berdinak dira (hurrenez hurren, taberna eta jatetxeak: 2.766 m²-ko GLA / 2.765 m²-ko azalera erabilgarria; zinemak: 3.583 m²-ko GLA / 3.560 m²-ko azalera erabilgarria; bolatokia: 2.000 m²-ko GLA / 1.990 m²-ko azalera erabilgarria).

Aurrekoa ikusirik, uste dugu saltoki handiko erabiltzaileek aparkatzeko 1.775 toki beharko dituztela aurreikustea, hots, hasierako trafiko azterlanean egindako kalkuluen emaitza, oraindik ere baliozkoa dela. Beste alde batetik, aparkatzeko toki horiek lurzati pribatuan banatzeko modu berriak, funtsean, hasierako proposamen bateratuan adierazitakoari erantzuten dio.

Alabaina, saltoki handiaren erabiltzaileek beharko dituzten 1.775 tokietatik aparte, 1.462 zenbakiko lurzatian aparkatzeko 176 toki proposatzen ziren langileentzat. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak egindako alegazioetako batean, ordea, gogora ekartzen da lurzati hori U.I.-I/Z.N.-1 unitatean dagoela eta Iruñeko Udalak behin betiko onetsi zuela unitate horren plan partziala 2006ko urriaren 26ko osoko bilkuran (2006ko azaroaren 27ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 142 zenbakikoa). Beraz, saltoki handia egiteko geroko proiektuan aurreikuspen hori nola gauzatuko den justifikatu beharko da.

B.2.-Trafikoa:

Bi dira atal honetan aztertu beharreko agiriak: a) hasierako proposamen bateratua; eta b) Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak gaiari buruz emandako txostenak.

-Hasierako proposamen bateratuan, lehendabizi kalkulatzen da saltoki handian puntako orduan ibilgailuen sarrerak irteerak adina izanen direla, 1.235, eta ibilgailu bakoitzak 3 minutu itxaron behar badu (normalean denbora hori erabiltzen da honelako kalkuluetan) 370 bat metroko auto ilarak sortuko direla. Inguruko trafikoan horrek izanen lukeen eragina ez dela aztertu gehitzen da, eta, beraz, aztertu eta berrikusi behar direla sarbideak eta zirkulazioak, ustez ibilgailuen ilarak sortuko diren tarteak, industrialdera eta beste jarduera eremu batzuetara doazen ibilgailuek trafikoan izanen duten eragina eta abarrekoak, eta konponbide egokiak proposatu behar direla, eremurako sarbide nagusian trafikoaren arintasuna bermatzeko.

-Herri Lan zuzendari nagusiak, bestalde, 2007ko martxoaren 1ean, Zainketa Zerbitzuaren eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen txostenak bidali zituen. Lehenengoak honela dio: "Donostiako noranzkoan eremura sartzeko dezelerazio bideak bere osoan hartuko duen trafikoaren azterlana egin behar da, eta aztertu behar da, halaber, trafiko hori nola bideratuko den merkataritza eremura, probintziako trafikoan inoiz eraginik izanen ez duela bermatzeko. Bigarren txostenean, beste gauza batzuen artean esaten da saltoki handia handitu ondoren trafikoak izanen duen gehikuntza egokitzat jotzen dela, trafikoaren simulazioa egin dela Aasidra 2.1 programarekin eta emaitzak onak direla, eta ez dagoela inolako eragozpenik proposaturiko handitze proiekturako.

Eskakizun horiei erantzuteko, sustatzaileak agiri bat aurkeztu du, trafikoari buruzko azterlana egin duen aholkularitza taldeak egina.

B.2.1. Lehenbiziko kontuari dagokionez, zeina hasierako proposamen bateratuan jaso baitzen, aholkularitza taldeak dio ez dakiela zer baliokidetasun faktore erabili den auto ilaren luzera kalkulatzeko, eta, nolanahi ere, bideen gaineko eragina bi faktoreren mende egonen dela: trafikoaren gehikuntza nola banatzen den saltoki handira doazen sarbideen artean, eta nolakoa den oraingo trafikoa, ibilgailuen gehikuntzaren eragina jaso behar duena. Uste du faktore horiek ez direla kontuan hartu egindako oharretan. Ondoren azpimarratzen du trafikoari buruzko azterlanean saltoki handiaren sarrerako biribilgunean aztertu zela trafikoaren gehikuntzaren eragina. Biribilgune hori saltoki handiaren hego-ekialdean dago eta sareko gunerik arazotsuentzat jotzen da. Hala, 1.136/1.974 = 0,575eko intentsitatea/edukiera ratioa lortu zen -"goitik jota", aholkularitza taldearen iritziz-, ratio hori asetasunetik (1eko ratioa) urrun dago eta, beraz, trafiko gehikuntza nabarmenak jasan dezake.

Bada, lehenbiziko kontu horri dagokionez, esan behar da auto ilarei buruzko oharra egin zela sotoko aparkalekura sartzeko arrapala bakarra dagoela kontuan harturik eta, gainera, sotoko sarreran kontrol guneren bat izanen delakoan eta horrek trafikoa motelduko duelakoan. Horiek horrela -arrapala bakarra sotora sartzeko, eta ibilgailuak kontrolatzeko gunea-, eta ibilgailu bakoitzak 3 minutu itxaron beharko duela kalkulatuz, ondoriotzat atera zen 370 bat metroko auto ilarak sor zitezkeela (1.235/60:3 x 6 = 370,5) egoerarik okerrenean. Baina hipotesi hori ez zen erabat zuzena, alde batetik ibilgailuetako batzuk kalean aparkatuko direlako noski, eta bestetik, aholkularitza taldeak bere txostenean dioen bezala, badirelako beste sarbide batzuk. Beraz, balorazio hori zuzendu behar litzateke, orain proposatzen diren bi sarbide bakarrak kontuan izanik (erdiko ardatzeko sarbidea eta hegoaldeko sarbidea).

Trafikoari buruzko azterlanaren arabera, puntako orduan (ostirala, 19:00-20:00) ibilgailuen %26,4 (671 sarreratatik 177) hegoaldeko sarbidetik sartuko dira. Beraz, hegoaldeko sarbideko trafikoa orain honakoa litzateke: 1.235 x %26,4 = 326 ibilgailu. Sarbide horretan kontrol gunerik ez dagoenez, 2' - 1' bitarteko itxaronaldiak kalkulatzen ahal ditugu (ibilgailuen maniobrak, zebra-bideak etab.) eta, ondorioz, 65 eta 33 metro bitarteko ilarak. Ilara horiek egungo gasolina-zerbitzuguneko sarbidearen eta sarrera gunearen arteko erreia hartuko lukete eta eragina jasangarritzat jo daiteke. Hipotesi hori ontzat ematen bada, hegoaldeko sarbide honetatik sartzen diren ibilgailuen trafikoa erdiko sarbidetik sartzen diren ibilgailuen trafikoari kendu behar zaio: 1.235 - 326 = 909 ibilgailu. Eta horrela, 3'-ko itxaronaldiarekin, 273 metroko ilarak sortuko lirateke erdiko sarbidean.

Hona beste hipotesi bat: puntako orduan sartzen diren ibilgailuen trafikoa sotoan eta kalean aurreikusitako tokien kopuruen arabera banatzen bada -sotoan 848 ibilgailu sartuko lirateke eta kalean 387 ibilgailu aparkatuko lirateke-, eta kalkulatzen bada kalean aparkatuko diren ibilgailuak erdi bana banatuko direla bi sarbideen artean, emaitza hau ateratzen da: hegoaldeko sarbidetik 194 ibilgailu sartuko dira guztira eta erdiko sarbidetik 1.041 ibilgailu sartuko dira guztira. Bigarren kasu horretan 312 metroko ilara sortuko litzateke, aztertutako azken bi kasuetatik luzeena.

Erdiko sarbideari erreparatuz gero, ikusten da noranzko bakarrekoa dela eta bi errei dituela. Saltoki handiaren hego-ekialdeko biribilgunetik eta balizko kontrol gune batetik neurtuta 255 metro inguruko luzera du. Beraz, ilararik luzeenari, 312 metrokoari, eutsi ahal diezaion, sarbide horretako azken 57 metroetan ibilgailuek bi erreiak hartu behar dituzte (255 + 57 = 312), eta egoera hori jasangarritzat jotzen da. Alabaina, ilararik luzeen hori kalkulatzeko, ibilgailu bakoitzak 3' minutu itxaron beharko duela pentsatu da, sotora doazenak eta kanpoan aparkatzen direnak bereizi gabe. Beraz, ibilgailuak kontrolatzeko gunerik ez balego -hau da, sotorako sarrera librea balitz, orain bezala, eta hala izan behar luke etorkizunean ere, trafikoa ahalik eta arinena izan dadin-, ilara nabarmen laburtuko litzateke (208 metrora, autoek 2' itxaron behar badute, eta 104 metrora, 1' itxaron behar badute).

Azkenik, sarrerei eta zirkulazioei dagokienez, proposaturiko antolamenduan kendu egin dira kaleko aparkalekutik hegoaldeko bide nagusira gaur egun dauden irteerak, sotoko aparkalekutik irteteko arrapalak elkarren ondoan daude -horrela irteerako mugimendu guztiak sotoko mutur batean egin behar dira-, eta hegoaldeko bidera iristeko ezarri den konponbidea ez da egokia. Gutxienez irteera bat ireki behar da kaleko aparkalekutik hegoaldeko bide nagusira (egungo irteera dagoen tokitik oso hurbil koka liteke); eta sotoko aparkalekutik irteteko arrapalak -bi, gutxienez- leku estrategikoetan kokatu behar dira, aparkaleku osoari zerbitzua emateko moduan, eta hori guztia, ezertan eragotzi gabe saltoki handia jarduera sailkatu gisa tramitatzean ezartzen ahal diren baldintzak (suteetarako edo bestelako larrialdietarako ebakuazio bideak).

B.2.2. Bigarren gaia dela eta, aholkularitza taldeak 2007ko abuztuaren 3an argibideak emateko agiri bat aurkeztu zuen Donostia aldetik eremura sartuko den trafikoari buruz. GURELURek aurkeztutako 2. eta 3. alegazioei erantzutean agiri hori aipatu da. Aurrez behar bezala eskaturik, Herri Lan zuzendari nagusiak, iragan azaroaren 23an, Zainketa Zerbitzuaren eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren txostenak bidali zituen, Eroskik aurkeztutako "Dezelerazio bideko trafikoari buruzko azterlan osagarria" izenburuko agiriari buruzkoak.

Lehenbiziko txostenak dioenez, Donostia aldetik saltoki handira datozen ibilgailuentzako dezelerazio bideko trafikoak PA-34ko trafikoari eragiten badio, sustatzaileak obra egokiak egin beharko ditu dezelerazio errei hori zabaltzeko behar adinako tartean, dezelerazio bideko trafikoak PA-34ko trafikoari eragin ez diezaion; eta jarduketa horren gastuak sustatzailearen kontura izanen dira.

Bestalde, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren txostenean determinazio hauek daude:

-Egungo trafikoaren eta sortuko den trafikoaren eraginaren ziozko ardatza/adarra konexioa behar bezala justifikatutzat ematen da.

-Ez da ikusten biribilguneko ilarek adar horretan izanen duten eraginari buruzko azterlanik.

-Zerbitzu honek, aurkeztutako trafiko azterlana ikusirik, dezelerazio erreia 200 m-ra luzatzeko eskatzen du. Izan ere, egungo trafikoak eta sortuko diren trafikoak kontuan izanik, 75 metrotik gorako ilarak sortuko dira PA-34tik (Iruñeko mendebaldeko sarrera) sartzeko biribilguneko adarrean. Alegia, puntako orduetan probintziako trafikoari eraginen zaio, erabat hartuko baita egungo dezelerazio erreia gehi PA-34ko eskuineko erreiaren zati bat.

-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 100. artikuluaren arabera, "sustatzaileak ordaindu eta, hala behar denean, exekutatu beharko ditu jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak eta, hala denean, sistema horiek handitu edo indartzeko behar diren obrak, jarduketaren tamaina edo dentsitatea dela medio edo ondorioz ekarriko dituen intentsitateengatik egin beharko direnak".

Azkenik, txosten honek hauxe dio: Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak Eroski-Iruña saltoki handia handitzeko trafiko azterlanari onespena eman diezaion, goian esandako determinazioak bete behar dira, baita Zainketa Zerbitzuak ezarritakoak ere. Bidezkoa da, beraz, txosten horietan adierazitakoak jasoko dituen determinazioa ezartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailearekin eta Lurraldearen Antolamendu Batzordearekin ados, Nafarroako merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoarekin bat, Berrikuntza, Merkataritza eta Enplegu kontseilariaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren proposamenei jarraituz,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioen gainean ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Eroski Sociedad Cooperativari Iruñean duen Eroski-Iruña izeneko saltoki handia handitu eta berritzeko merkataritzako lizentzia berariazkoa ematea, determinazio honekin: ekipamendu pertsonalean espezializaturiko establezimenduei (F03 eta F06) eta Eredutik kanpoko artikuluei lekua egiteko handituko da merkataritza galeria, eta salmentarako gehieneko azalerak hurrenez hurren 4.216 m² eta 509 m² izanen dira.

3. Aipatutako saltoki handia handitu eta berritzeko xedez Eroski Sociedad Cooperativak sustatu duen "Azalera Handiko Saltokia Ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala" aldatzeko espedientea onestea, ondoko determinazio eta zuzenketekin:

a) PA-34tik 'Eroski-Iruña' saltoki handira sartzeko egun dagoen dezelerazio erreiaren luzera 200 metrora handituko da. Jarduketa horren gastuak Eroski Sociedad Cooperativaren kargura izanen dira, merkataritza establezimendu hori handitu eta berritzeko jarduketaren sustatzailea baita. Obrak egin aurretik exekuzio proiektua aurkeztu behar dio Herri Lan Departamentuari, onets dezan.

b) Saltoki handia handitu eta berritzeko eraikuntza proiektuari PA-34 Iruñeko Ingurabidearen gaineko pasabide bat gehituko zaio txirrindulari eta oinezkoentzat, Berriozarko udal mugapetik saltoki handia barnean duen plan sektorialaren eremuraino.

c) Ekialdeko kalearen erabilera publikoa izanen da, titulartasuna eta mantentzea pribatuak izan arren.

d) Ekialdeko kaleko galtzadak egun duen 7 metroko sekzioari eusteko eta 2 metro zabaleko espaloia proiektatzeko, kale horretan proposatzen den eraikin berriaren fatxadaren lerrokadura 3 metro atzerago jarriko da gutxienez.

e) Langileek aparkatzeko 176 tokien aurreikuspena nola gauzatuko den justifikatu behar da saltoki handiaren exekuzio proiektuan.

f) Sotorako sarrerak oraingoak bezalakoak izanen dira, bi erreikoak eta ibilgailuak kontrolatzeko gunerik gabekoak.

g) Saltoki handiaren exekuzio proiektuan, kaleko aparkalekutik hegoaldeko bide nagusira irteera bat jarriko da gutxienez, eta sotoko aparkalekutik irteteko bi arrapala proiektatuko dira gutxienez, leku estrategikoetan, aparkaleku osoari zerbitzua emateko moduan; hori guztia, saltoki handia jarduera sailkatu gisa tramitatzean ezartzen ahal diren baldintzak eragotzi gabe (suteetarako edo bestelako larrialdietarako ebakuazio bideak).

4. Eroski Sociedad Cooperativari "Azalera Handiko Saltokia Ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala"ren aldaketaren testu bategina aurkez dezala eskatzea. Entitate horrek sustatu du aldaketa, Iruñean duen Eroski-Iruña saltoki handia handitu eta berritzeko.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Enpresaren Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Erabaki hau Iruñeko eta Berriozarko udalei, Eroski Sociedad Cooperativari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea erabaki honek administrazio bidea agortzen duela eta beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko martxoaren 3an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0803658