37. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

VILLAFRANCAKO "VIRGEN DEL PORTAL" ZAHAR ETXEA

Zerbitzuko tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Virgen del Portal Zahar Etxeko Gobernu Batzordeak, 2007ko abenduaren 11n egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen zerbitzuko tasak arautzen dituen ordenantza (2008ko 7. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, urtarrilaren 16an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Villafrancan, 2008ko otsailaren 20an.-Batzordeko burua, Jesús Rudi Ochoa.

ORDENANTZA FISKALA, VILLAFRANCAKO (NAFARROA) "VIRGEN DEL PORTAL" ZAHAR ETXEKO ZERBITZUKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskal hau ezarri da Nafarroako toki entitateei aplikatzen ahal zaien zerga araudiak ematen dizkien ahalmenen babespean eta haiekin bat, hau da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 180. artikulua eta ondokoak eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 100. artikulua eta ondokoak.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honek tasak ezartzea du xede Villafrancako "Virgen del Portal" Zahar Etxean egiten diren zerbitzuak emateagatik.

Ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala, hortaz, 2/95 Foru Legearen 100. artikuluak eta ondokoek aipatzen dituzten zerbitzuak edo jarduerak egiteko tasena da.

III. KAPITULUA

Aplikazio esparrua

3. artikulua. Villafrancako Crucero del Portal kalean den Virgen del Portal Zahar Etxean aplikatuko da ordenantza hau.

IV. KAPITULUA

Zergapeko egintza

4. artikulua. Zergapeko egintza "Virgen del Portal" Zahar Etxean egiten diren zerbitzuak edo jarduerak eskura izateak eta/edo erabiltzeak sortzen du, zahar etxe horretan sartzean edo haren zerbitzua emateko eskatzean.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Subjektu pasiboak dira eta, beraz, ordenantza honetan ezarritako tasak zergadun gisa ordaintzera behartuta daude pertsona fisiko eta juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.

Borondatezko zerbitzua denez, pertsona edo erakunde eskatzaileak dira zergak ordaintzera behartuta dauden subjektu pasiboak, laguntza hartzen badute.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria zehazteko, kontuan hartuko da zein den emandako zerbitzua, ordenantza honetako tarifetan adierazitako zenbatekoen arabera.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean entitate eskuduneko Gobernu Batzarrak ezarriko ditu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari aplika dakizkiokeen tasa eta tarifak, eta ordenantza honen eranskinean agertuko dira, haren parte direlarik.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuota

8. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-tasaren oinarriari indarra duten tarifak aplikatuko zaizkio.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. Ez da inolako salbuespenik onartuko.

X. KAPITULUA

Sorrarazpena

11. artikulua. Ezarritako tasak sorraraziko dira interesduna Zahar Etxean bizitzera sartzen denean, edo haren zerbitzua hartzen duenean bertan bizitzera sartu gabeko kasuan.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

12. artikulua. Hilaren lehen bost egunean ordainduko dira ordenantza honetan araututako tasak. Hilabeteko hori ez du entitateak itzuliko zaharrak, nahita edo ez, hura uzten duenean, dela ospitalera edo hotelera joan delako edo hil delako. Bi hileko ordaintzen ez badira, zerbitzua emateari utziko zaio.

XII. KAPITULUA

Diru-bilketa

13. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Legearen 86. artikuluan aurreikusiarekin bat, tributu-zorrak "jakinarazpen gabetzat" jotzen dira.

14. artikulua. 13. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, luzapen aldian ordaintzen ahalko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legeak eta aplikatzen ahal diren gainerako legeek ezartzen dituzten errekarguekin.

Epe hori zorrak ordaindu gabe iraganez gero, premiamendu bidez ordainaraziko dira, non ez duen entitateko Gobernu Batzordeak hura geroratzeko baimena eman.

15. artikulua. Tributu zorren ordainketa honela egiten ahal da:

Banku batean helbideratuz.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 93. artikuluan eta ondokoetan arau-hauste eta zehapenen gainean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

TARIFEN EDO PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA

Lagundu beharrekoa:

-Partekatua: 1.366 euro.

-Banakoa: 1.470 euro.

Erdi lagundua:

-Partekatua: 926 euro.

-Banakoa: 1.030 euro.

Bere buruaz baliatzen dena:

-Partekatua: 711 euro.

-Banakoa: 815 euro.

Iragarkiaren kodea: L0802869