37. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOBEITI

Aldaketa Artikako María de Maeztu Udal Kultur Etxearen espazio eta baliabideen antolaketa eta erabilera arautzen dituen udal ordenantzan, II. eranskina erantsi beharrez, Berriobeitiko Liburutegi Publikoaren zerbitzua arautzen baitu. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2007ko abenduaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Artikako María de Maeztu Udal Kultur Etxearen espazio eta baliabideen antolaketa eta erabilera arautzen dituen udal ordenantzan, II. eranskina erantsi beharrez, Berriobeitiko Liburutegi Publikoaren zerbitzua arautzen baitu.

6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraituz, 2008ko 6. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 14an, baita iragarki oholean ere. Jendaurreko aldia iragan da eta inork ez du alegaziorik aurkeztu. Horregatik, ordenantza behin betikoz onetsita dago eta haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da

Aldaketa Artikako María de Maeztu Udal Kultur Etxearen espazio eta baliabideen antolaketa eta erabilera arautzen dituen udal ordenantzan, II. eranskina erantsi beharrez, Berriobeitiko Liburutegi Publikoaren zerbitzua arautzen baitu.

II. ERANSKINA

Berriobeitiko Liburutegi Publikoaren antolaketa eta erabilera

Berriobeitiko Udalaren Liburutegi Publikoa María de Maeztu Udal Kultur Etxean dago, Artikako Kontzejuan. Ondotik aipatzen diren konpromiso orokor, eskubide eta betebeharrak Estatuko hainbat liburutegi publikotan bildurik daude, eta maileguak egiteko eta erabiltzaile karneta lortzeko araudia Nafarroako Liburutegi Publikoen Saretik eskuratu da.

Liburutegi publikoa guztien erakundea da. Hartan lan egiten dutenak komunitatearen zerbitzuan daude eta biztanle guztien baliabideen administratzaile lana betetzen dute; horregatik, konpromisoa hartzen dute zerbitzuak ahalik eta jende gehienaren eskuetara ailegatzeko maneran antolatzeko eta herritarrek hobekuntzarako egin nahi dituzten iradokizun guztiak kontuan hartzekoa.

1. artikulua. Liburutegiko zerbitzuek islatu behar dute komunitateak kulturaren eta hizkuntzen aldetik duen aniztasuna. Ahal dela, erantzuna eman behar zaie erabiltzaileen talde berezien premiei. Funtsak biztanleriaren interesei egokituko zaizkie. Liburutegiak konpromisoa hartzen du erabiltzaileek eskatzen dituzten material guztiak erosteko, betiere interes orokorrekoak badira eta horretarako aurrekonturik bada.

2. artikulua. Liburutegian herritar guztiek dute sarbidea, baita dohain izan ere, batere bereizkeriarik gabe. Seguritasun eta higiene kontuak direla eta, instalazioak zaintzearren eta bilduma bibliografikoak eta ekipoak begiratzen direla bermatzeko, honako hauek debeku dira liburutegiko espazio publikoetan:

-Jatea eta jatekoak sartzea.

-Edariak sartzea.

-Erretzea.

-Altzariak lekuz aldatzea.

Erabiltzaile guztien ikasketa eta ikerketa lana erraztearren, isilik egon beharko dute denek liburutegiko espazio publikoetan. Gainera, liburutegiko espazio publikoetan ez da libre izanen sakelako telefonoak pizturik edukitzea.

3. artikulua. Berriobeitiko liburutegi publikoak erabiltzaile guztiei utziko die liburuak mailegatzen, baldin eta irakurle karneta badute edo, bertzenaz, Udalaren kreditazio txartela. Zerbitzu hau horretarako baimena jaso duten dokumentu guztietarako ere izanen da, erran nahi baita, helduek mailegatzeko liburuen bilduma, haur eta gazteek mailegatzeko liburuen bilduma, ikus entzunezkoen aretoan mailegatzeko dauden ikus entzunezko materialen bilduma eta mailegatzeko aldizkako argitalpenen bilduma. Ez da libre izanen erreferentziako bildumaren alerik mailegatzea (entziklopediak, hiztegiak etab.) ezta bertzelako dokumenturik ere, liburutegiko langileei komenigarri iruditzen ez bazaie.

4. artikulua. Liburutegiaren ardura duten langileak jendearen esanetara daude, erabiltzaileen aisialdi, ikerketa eta gainerako xedeak lortzeko behar diren argibide guztiak emateko. Aldiz, etxeko lanak berak egitea, testuak prestatzea eta gisakoak ez dira langileen eskumenetan sartzen.

5. artikulua. Liburutegiaren ardura duten langileek liburutegiko ordenagailuak erabiltzen utziko diete erabiltzaile guztiei, baldin eta irakurle karneta badute edo, bertzenaz, Udalaren kreditazio txartela. Salbuespenez, sarbidea emanen zaie bertze pertsona batzuei, karnet hori izan gabe ere, bertzelako nortasun agiri baliozkorik erakusten badute.

6. artikulua. Ordenagailuak erabil daitezke bai Internetera dohain lotzeko bai erabiltzaileek dokumentuak prestatzeko, gehienez ere egunean 30 minutuz aritzen badira eta inoiz ez bi lagun baino gehiago ekipo informatiko bakoitzean. Dokumentuak inprimatzen ahalko dira, eta horretarako, erabiltzaileek 6 euro zentimo ordaindu beharko ditu inprimatzen duen orri bakoitzeko. Zerbitzu honen eskaria nolakoa den, eta liburutegiko langileek horrela irizten badiote, ordenagailuen zerbitzua aldez aurreko hitzorduaren bidez antolatzen ahalko da, eta/edo 012 zenbakiaren bitartez.

7. artikulua. Erabiltzaile bakoitzak gehienez ere 7 dokumentu mailegatzen ahalko ditu batera. Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareko zentro bakoitzean, honela eginen da dokumentu guztien mailegua:

-3 liburu 21 egunean, eta bertze bitan berritzen ahalko da denbora bererako, bertze erabiltzaile batek erreserbatu ez baditu.

-2 aldizkari 7 egunean (inoiz ez izenburu bakoitzetik bildutako azken zenbakia), eta bertze bitan berritzen ahalko da denbora bererako, bertze erabiltzaile batek erreserbatu ez baditu.

-2 bideo, CD-ROM, DVD, CD etab., 4 egunean.

8. artikulua. Liburutegiko zerbitzuen artean, aretotik kanpo mailegatzeko eta Internetera lotzeko beharrezkoa da identifikazioa; horretarako bidea ematen dute erabiltzaile karnetak edo, bertzenaz, Udalaren kreditazio txartelak. Karneta baliozkoa da Nafarroako liburutegi publiko guztietarako eta nornahik eska dezake, baita erabil ere.

Karneta eskuratzeko, eskaera beteko da Nafarroako edozein liburutegi publikotan, eta hartan datu pertsonalak jasoko dira (izen-deiturak, NANa, helbidea, jaioteguna etab.); orobat, NANa edo pasaportea erakutsiko da eta karnet tamainako bi argazki utzi, berriki eginak. 14 urte baino gutiago izanez gero, eskaera aitak, amak edo tutoreak sinatu beharko du.

Irakurle karnetean sartzen diren datuetariko bat aldatzen bada (helbide edo telefono aldaketa etab.), horren berri emanen zaio liburutegiari.

Irakurle karneta behar ez bezala erabiltzeak hura gabe gelditzea ekar dezake. Karneta galduz gero, erabiltzaileak berriz ere eskaera egin beharko du.

9. artikulua. Erabiltzaile guztiek, nahi badute, eskatzen edo iradokitzen ahalko diote liburutegiari funtsean ez dauden funtsen erosketa, nahiz eta liburutegiak konpromisorik hartu ez horiek erosteko, haien ezaugarriak zein diren eta liburutegira egokitzen ote diren ikusita.

10. artikulua. Nornahik iradokizunak, eskakizunak edo arrangurak egin nahi badizkio Berriobeitiko Udalari, liburutegiko langileek horretarako behar diren inprimakiak jarriko dituzte haren eskuetan.

11. artikulua. Berriobeitiko liburutegi publikoko langileek, Berriobeitiko Udalak emanik, ahalmena dute liburutegiaren barnean ordena mantentzeko. Premiarik izanez gero, albienteari dei eginen zaio, Kultur Etxean desordenari bukaera emateko.

12. artikulua. Ordena nolanahi hautsiz gero, kargu hartzea izanen da berehalako zehapena. Arazoa bukatzen ez bada, erantzuleak bidaltzen ahalko dira bai liburutegitik bai Kultur Etxearen eraikinetik, gutienez ere egun batez eta gehienez ere denbora zehaztu gabean. Gainera, liburutegiko karneta kentzen ahalko zaio.

13. artikulua. Zehapen batek inor hilabete bat baino gehiagorako bidaltzea ekarriz gero, idatziz jakinarazi beharko zaio zehatuari edo haren legezko erantzuleei, adin txikikoa bada, baita Berriobeitiko Udalari ere, jakin dezan. Aukeran egonen da Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuari ere horren berri ematea.

14. artikulua. Berriobeitiko liburutegi publikoak maileguan ematen dituen dokumentuak liburutegian berean itzuli beharko dira beti, egoera onean eta horretarako emandako epean itzuli ere.

Dokumentuak itzultzeko aurreikusitako epeak bete ezean, zehapena izanen da mailegatzeko aukera ematen duen karnetaren erabilpena etetea, atzerapen egunak eta dokumentuak zenbat, horrenbertze egun. Dokumenturen bat galdu edo hondatuz gero, ale berria jarriko da haren ordez.

15. artikulua. Erabiltzaileek begiratu beharko dute liburutegiko instalazio, ekipamendu eta funts bibliografiko eta dokumentalen osotasuna eta egoera.

Berriobeitin, 2008ko otsailaren 20an.-Alkatea, José María Irisarri Ollacarizqueta.

Iragarkiaren kodea: L0802887