37. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BARAÑAIN

Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2007ko azaroaren 29an egin osoko bilkura arruntean, legez ezarritako quoruma zuela, hasiera batean onestea erabaki zuen Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantzako aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2008ko 2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 4an, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean ere.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka -xedapen administratibo bat baita- ez dela administrazio bidean errekurtsorik aurkezten ahal (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean aurkeztuta, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztuta, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2008ko otsailaren 13an.-Alkate udalburua, Florencio Luqui Iribarren.

ERANSKINA

Udal ordenantza, merkataritza ez egonkorra arautzen duena

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Barañaingo udal mugapean merkataritza ez egonkorra arautzea du xede ordenantza honek, eta Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean onetsi da, eta osasunaren arloan aplikatzen ahal den araudiko osasun baldintzak bete beharko ditu.

2. artikulua. Merkataritza ez egonkorrean egin daitezkeen merkataritza jarduerak dira merkatu txikietan aurretik ezarritako lekuetan eta egunetan eta baimena emanda egiten direnak.

II. KAPITULUA

Merkatu txikietako merkataritza

3. artikulua. 1. Saltoki finko batetik kanpora egiten dena da merkatu txikiko merkataritza ez egonkorra. Saltzen dituen produktuen artean elikagaiak ere egon daitezke.

2. Barañaingo udalerrian merkataritza ez egonkorrean aritzeko bakarra izanen da. Hartan saltokiak elkarturik egonen dira eta Udalaren baimena beharko dute. Tokia udal organo eskudunak erabakiko du eta gehienez ere astean behin eginen da, astearteetan, dagokion organoak urteko laugarren hiruhilekoan ezarritako daten artean, gehienez ere urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte.

4. artikulua. 1. Urteko epe batean merkatu txikia ezartzeko hartzen den erabakian, Udalaren organo eskudunak honako hau zehaztuko du:

a) Zehatz-mehatz zein tokitan kokatuko den, Udalak erabakita.

b) Zein egun eta ordutan eginen den:

b.1. Udako ordutegia: maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, saltzaileak goizeko 6etatik aurrera hasiko dira sartzen.

b.2. Neguko ordutegia: urteko gainerako hilabeteetan, saltzaileak goizeko 7etatik aurrera hasiko dira sartzen.

b.3. Goizeko 9etatik aurrera debeku da saltzaileak sartzea. Merkatu txikia 8:00etan hasiko da 15:00ak arte. 15:00etatik aitzina, gehienez ere, saltzeko eremua hutsik geldituko da, saltzaile eta salgairik gabe.

b.4. Herriko bestak direla-eta, merkatu txikirik ez da eginen bi asteartetan elkarren segidan, besten aitzineko astekoan eta bestetakoan.

b.5. Asteartea jaieguna bada, merkatu txikia aste horretako astelehenean eginen da.

b.6. Urtero, Barañaingo Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak merkatu txikiaren egutegia onetsiko du.

c) Gehienez ere 82 saltoki jartzen ahal dira.

d) Sasoiko nekazarientzat 5 saltoki gordeko dira gehienez, beren ekoizpenak sal ditzaten, baita sasoiko produktu edo salgaiak ere. Horrelakotzat hartzen dira barkilloak, gaztainak, palmondo adarrak, izeiak eta turroiak, besteak beste, baita herriko jaiekin ikusteko duten horiek ere.

e) Salgaien erakusketa euskarri edo salmahaietan eginen da, lurretik gutxienez ere 80 zentimetrora. Fabrikazio edo ekoizpen akats ezkutuak dituzten produktuak saldu nahi izanez gero, elikagaiak kanpo, akatsaz ohartarazteko txartelak jarri beharko dira bistan, kontsumitzaileek ongi ikusteko moduan. Saltzaileak jatorrizko marka eta salgaien jatorria egiaztatzen dituen dokumentazio behar adinakoa eduki beharko du.

III. KAPITULUA

Udalaren baimenak

5. artikulua. Indarra duten xedapenek arautuko dute kalez kaleko salmenta eta Barañaingo Udaleko Gizarte Ongizate, Osasun eta Kontsumoaren Batzordearen menpeko zerbitzuek tramitatuko dituzte baimenak.

Urtero, baimen guztiek abenduaren 31n galduko dute indarra eta, beraz, urtero berritu behar dira.

Berritu ahal izateko, azaroaren 1etik 15a bitartean eskatu behar da, eta ordenantza honetan galdetzen den dokumentazio guztia ekarri.

6. artikulua. 1. Merkatu txikietan saltzeko beharrezkoak diren udal baimenak erdiesteko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

a) Eskabidea egin baino lehen, merkataritza eta industria jardueretarako lizentzia fiskalaren epigrafean inskribaturik egotea eta behar den tarifaren ordainketa eguneratua duela frogatzea.

b) Gizarte Segurantzako dagokion sailean inskribaturik egotea eta ordaindu beharreko kuotak eguneratuak dituela frogatzea.

c) Merkataritzaren xede izanen diren salgai edo produktuen inguruan, erregelamendu tekniko-sanitarioek eta aplikatzekoak gerta daitezkeen bestelako xedapenek eskatu baldintzak beteko dituela ziurtatzea.

d) Elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen karneta, indarrean dagoena, izatea, edo ondotik emandako xedapenen bidez haren baliokide dena.

e) Atzerritarren kasuan, bizilekurako baimena eta bere kasa lanean aritzekoa izatea, indarra duen araudian ezarritakoaren araberakoak.

f) Udalaren baimena eskatzea, datu hauek ekarrita:

-Izen-deiturak.

-Nortasun agiri nazionalaren zenbakia.

-Herria, kalea, zenbakia eta solairua, baita posta kodea eta telefonoa ere.

-Saltokiaren neurriak, behar bezala egiaztatuak.

-Baimenduta saldu nahi diren gaiak, zehatz-mehatz.

-Titularraren saltokietan lan egiten dutenei buruzko xehetasunak.

2. a) Udalaren baimenen titularrek karnet neurriko bi argazki ekarri beharko dituzte eta ezarritako tributuak ordaindu, urtarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a baino lehen Barañaingo Herriko Etxeko bulegoetan.

b) Organo eskudunak badu eskubidea sasoikako langileei saltokiak emateko edo ez: gehienez ere, hiru hilabetetarako; gutxienez ere, hilabeterako. Saltokia zenbat denboratan okupatzen den, horren arabera egokituko da tarifa. Gainerako esleipen-hartzaileei Udalak emanen die lizentzia; gutxienez ere, hiru hilabeterako balioko du eta, gehienez ere, urtebeterako. Iritziaren araberakoa izanen da eta, beraz, Udalak balio gabe uzten ahal du, arrazoiak ikusita, komenigarritzat jotzen duenean, baina horrek ez du inolako kalte-ordainik edo gisakorik ekarriko. Halaber, interesdunak idatziz eskatuta baliogabetzen ahal da lizentzia.

7. artikulua. Udalaren organo eskudunak merkatu txikian gordetzen baditu nekazariek beren uztetatik saltzeko saltokiak, harien eskatzaileek, 7. artikuluan adierazitako dokumentuez gain, uztak biltzen dituzten udalerriko idazkariaren ziurtagiria ekarriko dute, eskatzailea uzta-biltzailea dela frogatzeko.

Gizarte Ongizate, Osasun eta Kontsumoaren Batzordeak du eskubidea sasoikako langileei saltokiak emateko edo ez: gehienez ere, hiru hilabetetarako; gutxienez ere, hilabeterako. Saltokia zenbat denboratan okupatzen den, horren arabera egokituko da tarifa.

8. artikulua. 1. Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideek merkatu txikian saltzen aritzeko baimena jaso dezakete Udaletik. Ordenantza honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileei errekerimendu eginen zaie, hamar eguneko epean zuzen bete dezaten aurkeztutako dokumentazioa; horrela egiten ez badute, eskaerari uko egin diotela ulertuko da; aldez aurretik ebazpena emanen da eta hura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluko baldintzetan eman beharko da.

2. Saltokiren bat inoren esku geldituz gero, aurkeztutako eskabideen hautapena eginen du Gizarte Ongizate, Osasun eta Emakumearen Batzordeak, irizpide hauetan oinarriturik: produktu berdinak saltzen dituzten saltokiak ez ugaritzea eta kasu sozialak zein unean-uneko eskaria baloratzea.

9. artikulua. 1. 5.1.d) artikuluan aipatu pertsona edo elkarte bakoitzak salmentarako baimen bakarra baino ezin du eskuratu.

2. Baimenak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta gehienez ere urtebeterako indarra izanen dute.

3. Nekazarientzako baimenek indarra izanen dute gaiak biltzeko sasoiak dirauen bitartean bakarrik.

10. artikulua. Hona baimenetan zer azaldu behar den: titularraren argazkia eta datu pertsonalak, saltokiaren kokagunea merkatu txikiaren barrenean, eta salgai jartzen ahal diren gai eta produktuak.

11. artikulua. 1. Ibilgailu egokietan baimendutako salmentetan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.

2. Saltoki guztiek beren titularrei emandako baimenak jendaurrean izanen dituzte, erosleak kokatzen diren tokitik erraz irakurtzeko moduan.

3. Saltokietan megafonia eta musika jartzea debekaturik dago eta baita soinu bidezko publizitate mezuak jaulkitzea ere. Musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak jar daitezke eta musika jaulki, betiere, udal ordenantzek eta indarra duen araudiak musika sortzen den lekuan baimendutako gehieneko soinu maila gainditzen ez bada.

12. artikulua. Kamioi-dendei nahiz saltokiei baimendutako salmentetarako, salmahaien gehieneko luzera sei metrokoa izanen da.

IV. KAPITULUA

Osasun ikuskapenak, administrazio kontrolak eta zaintza

13. artikulua. 1. Eremu publikoko saltokietako gai eta produktuen osasun kontrola eta ikuskapenak osasun arloko agintari eskudunei dagozkie.

2. Barañaingo Udaltzaingoari dagozkio eremu publikoko salmentaren kontrolak eta zaintza. Ordenantza hau betetzean hautematen diren irregurlartasun guztien berri eman beharko dio Gizarte Ongizate, Osasun eta Kontsumoaren Alorrari. Okupatzen ez diren saltokien kontrola ere eginen du.

V. KAPITULUA

Saltzaileen eskubide eta betebeharrak

14. artikulua. 1. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen eskubideak honako hauek dira:

a) Dagozkien saltokiak okupatzea.

b) Baimendutako gaiak saltzea, onartzen diren egun eta orduetan.

2. Saltokietan lanean ariko dira baimendutako jendeak edo salmentan laguntzen dutenak. Orobat, baimendutako pertsonaren menpe dauden langileak ari daitezke, hots, besteren kontura lanean ari direnak. Baimendutako pertsona horrek laguntzaileak Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean sartuta daudela frogatu beharko du, betiere baimena lortzeko eskabidea egitean horren berri eman bazuen.

15. artikulua. Eremu publikoan saltokiak jartzeko baimena duten pertsonek hiru arlotan izanen dituzte betebeharrak: osasungintzan, merkataritzan eta zergetan.

16. artikulua. Higiene eta osasungintzaren arloan une bakoitzean indarra duen araudian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte elikagaiak merkaturatzen dituzten saltokiek.

Produktuen higienea.

a) Elikagaiak, ontziratuak izan edo ez, ez dira lurrean zuzenean jarriko; izan ere, kutsatzea eragotziko duen altuera batean jarri beharko dira beti. Elikagaiak garraiatzeko ibilgailuek ez dute beteko 2207/1995 Errege Dekretuak eta indarra duten gainerako arauek diotena.

b) Ontziratu gabeko elikagai guztiak, frutak eta barazkiak kenduta, jendearengandik behar bezainbat babesturik egonen dira beti, beirarasetan eta gisakoetan sartuak.

c) Urdaiazpiko eta hestekiak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ukituko. Salmahaiak garbitzeko modukoak eta iragazkaitzak izanen dira eta behar bezain garbi egonen dira. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean.

d) Salmentatik kenduko dira behar bezala kontserbatzen ez diren produktu guztiak. Puntu honetan, nagusiki, haragikiak hartzen dira kontuan (odolkiak, saltxitxak era gisakoak), baita bakailaoa eta hoztea behar duten esnekiak ere.

e) Debeku da elikagaiekin xerrak, xaflak eta apurrak egitea, non eta saltokiak ez dituen, osasungintzaren eta higienearen aldetik, gutxieneko baldintzak, hala nola ur hargunea eskuak garbitzeko, lanabesak eta eskuztatzeko leku aski, kanpoko kutsaduretatik babestua eta garbitzea erraztuko duen azalera duena.

f) Tradizioko arrazoiengatik, onartuko da haragikien eta gazta onduen "noizbehinkako mozketa" (puska handietan) eta bakailaoari mozketa bat egitea, gillotina bereziarekin, eskuztatu ahal izateko.

Saltokiko higienea.

a) Saltzaile bakoitzak du saltokia eta inguruak garbi eta txukun edukitzeko ardura, eta lanaldia bukatuta garbi-garbiak utzi beharko ditu. Horretarako ez da salgai, ontzi, saski edo antzekorik utziko haren gibelean edo inguruan.

b) Zaborrak poltsa ongi itxietan utziko dira horretarako prestatu edukiontzietan.

c) Hondakin larriak, kartoizko ontziak, saskiak etab. hautsi beharko dira edo tolestu edo txikitu, edukiontzian sartu ahal izateko. Ez dira inola ere edukiontziaren inguruan utziko.

d) Elikagaiak saltzen dituzten saltoki guztiak idorpean egonen dira, haiek babesteko.

e) Lanaldia hastetik, norberaren garbitasuna eta arroparena zaindu beharko da. Saltokian aritzeko baino ez den arropa erabiliko da.

f) Elikagaien saltoki baten barrenean dauden guztiek janari erabiltzailearen ziurtagiria izanen dute, ikuskarien eskura.

g) Merkatu txikiaren esparruan ez da animaliarik sartzen utziko.

h) Ordenantza honetan adierazitakoa gorabehera, Iruñerriko Mankomunitatearen Hiri Hondakinen Kudeaketa arautzen duen ordenantzan ezartzen denari jarraituko zaio.

17. artikulua. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.

b) Udal baimenak jendaurrean jartzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko moduan.

c) Erakusten dituzten produktu guztiak saltzeko moduan edukitzea. Betiere, baimenduriko produktuak baizik ezin izanen dira ikusgai jarri.

d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan nahitaezkotzat jotzen diren agiri guztiak udal zerbitzuei erakustea.

e) Saldu nahi diren gaien ondoan salneurria idatzirik jartzea, argi eta zehatz. Horretarako, prezioen errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira.

f) Pisu eta balantzeetarako kontrastea, Udalaren organo eskudunak ezarritakoa, onartzea.

g) Saltokira ezin etorria suertatuz gero, garaiz jakinaraztea, Herriko Etxeko Erregistro Orokorrean idatzia aurkeztuz, eta hartan itxieraren eta horretarako arrazoien berri ematea.

18. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Saldu ahal izateko erabakitzen den kasuetan, eskaturiko fidantza uztea.

b) Udalak osoko bilkuran onetsiriko tasa eta eskubideak ordaintzea. Hiruhileko bakoitzaren hasieratzat honako hauek hartuko dira: urtarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a.

VI. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

19. artikulua. Baimenen titularrek dute erantzukizuna ordenantza honetako xedapenak hausten dituztenean, baita salmentan laguntzen duten familiakoek eta soldatapekoek hautsiz gero ere.

20. artikulua. 1. Merkataritza ez egonkorra arautzen duen 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak honelakoak izan daitezke:

A.-Arau-hauste arinak:

a) Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek larri edo oso larritzat ez badira hartzen.

b) Zehatz-mehatz, hauek dira arau-hauste arinak:

-Merkatu txikia hasten den orduan saltzen ez hastea.

-Saltokia baimenik gabe hiru egun edo gutxiagotan itxia edukitzea, aurretik idazki batean justifikatu gabe.

-Udal baimenaren kopia jendaurrean ez izatea.

-Elikagaiak saltzen direnean, janari erabiltzailearen karnetik ez izatea.

-Ordenantza honi jarraikiz, saltokietan aritzeko baimena duten pertsonak egon beharrean, beste batzuk egotea, aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.

-Ordenantza honetan eskatu osasun eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.

B.-Arau-hauste larriak:

Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Hutsegite arinetan berrerortzea.

b) Merkataritzaren xedeko produktuak arautzen dituen araudiak eskatu baldintzak ez betetzea.

c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibiderik ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

C.-Arau-hauste oso larriak:

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau hauste larrietan berrerortzea.

b) Saltzeko baimenik ez izatea.

c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean aurre egin, hertsatu edo mehatxatzea.

21. artikulua. Arau-hauste arinak 150,00 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 150,01 eurotik 600,00 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 600,01etik 3.000,00 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kendu edo baliorik gabe utzita.

Aurreneurri gisa, salgaiak bahitzen ahalko dira, baldin eta, egindako jarraipena eta gero, merkatuan saltzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste bada; agintari eskudunaren ustez osasunarentzat arriskurik sortzen badute, edo saltzeko behar den baimenik ez bada, konfiskatu eginen dira.

22. artikulua. 1.-Espediente zehatzaileak, beren prozedurari dagokionez, indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2.-Arau-hauste arin, larri eta oso larriengatik zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aldez aurretik; hura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Zehapen ahalmenaren prozedurarako Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat tramitatuko da.

3.-Zehapenak ezartzeko ahalmena alkatearena da. Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak emanen die haien berri.

4.-Kasuak oso larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientearen tramiteak dirauen bitartean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Udalak merkatu txikiaren kokapena alda dezake, hirigintza, osasun, edo beste arlo bateko baldintza edo beharretan oinarrituz.

Iragarkiaren kodea: L0802460