37. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

119/2008 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako administrazio publikoei buruzko ikerketak sustatzeko laguntzak ezartzen dituena, haren zerbitzuko langile finkoentzat.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak dituen eskumenen artean garrantzitsuenetako bat Nafarroako administrazio publikoetako langileen prestakuntzaren, birziklatzearen eta hobekuntzaren goi-ardura da, baita Nafarroako sektore publikoa hobetzeko behar diren jarduera osagarriena ere. Eskumen horiek garatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari, oro har, eta Idazkaritza Nagusiari, bereziki, eskumen hau dagokio: Nafarroako administrazio publikoentzat interesgarri diren argitalpenak, sariak eta laguntzak kudeatzea, haien funtzionamenduari buruzkoak.

Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko langile publikoek Nafarroako administrazio publikoetako jarduerei buruz zuzenean lotutako ikerketa zientifiko zorrotzak egin dezatela sustatu nahirik, horrek Nafarroako Foru Komunitatearen sektore publikoaren kalitatea hobetzen lagundu baitezake, beharrezkoa da foru agindu hau onestea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gaineko ikerketak sustatzeko diru-laguntzak lehia bidez emateko araubidea finkatzeko, haren zerbitzuko langile finkoentzat.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Doktorego-tesi bat Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Nafarroako Unibertsitatean edo Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Nafarroan dituen zentroetan defendatzeko laguntza emanen da, tesi hori, gehienbat, Nafarroako Foru Komunitatearekin zuzenean lotutako gaiei buruzkoa bada edo haren antolamenduari edo eskumenei buruzkoa, eta Administrazioarentzat interesgarria baldin bada, lehenengo argitalpenaren eskubideak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari lagatzen baldin bazaizkio.

2. artikulua. Onuradunak.

Laguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario publikoek edo lan kontratatu finkoek eska dezakete, bai, halaber, Nafarroako toki entitateetakoek, 2008ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatzen den egunera bitartean doktorego-tesi bat defendatu baldin badute.

3. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza eskatu nahi dutenek dokumentazio hau aurkeztu behako dute:

a) Idazki bat, deialdiaren xede den laguntza eskatzeko.

b) Kasuan kasuko unibertsitatearen ziurtagiria, 2008ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatzen den egunera bitartean doktorego-tesia defendatu duela frogatzen duena.

c) Doktorego-tesiaren kopia bat.

d) Idazki bat, lehenengo argitalpenaren eskubideak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari lagatzen dizkiola adierazten duena.

4. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

Eskaerak 2008ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuak oniritzitako erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Halaber, eskaera, eskatutako agirien kopiarekin batera, posta elektronikoz aurkezten ahalko da, secretariageneral@navarra.es helbidean, legezko ondorio guztietarako. Hala bada, eskatzaileak posta elektronikoko helbide bat eman beharko du hurrengo jakinarazpen administratiboetarako.

5. artikulua. Eskaerak tramitatu eta ebaztea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutaren Idazkaritza Nagusiak aztertuko du aurkezten den dokumentazioa eta, akatsen bat aurkituz gero, interesdunari jakinaraziko dio, ezartzen den epean, hilabete batetik beherakoa betiere, akatsak zuzendu edo eskatzen zaizkion datuak ekarri eta dokumentazioa osatzeko. Bestela, dagokion ebazpena emanda espedientea artxibatuko da.

2. Onartutako eskaerak bi edo gehiago badira eta haiek finantzateko behar besteko dirurik ez badago aurrekontuan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Idazkaritza Nagusiak ebaluatuko du zein diren lehentasunezkoak eta hautagaiak, irizpide hauei jarraikiz:

a) Administrazio publikoekiko harreman handiagoa edo txikiagoa izatea: gehienez 5 puntu.

b) Nafarroarekiko harreman handiagoa edo txikiagoa izatea: gehienez 5 puntu.

c) Nafarroako sektore publikoarentzako aplikazio praktiko handiagoa edo txikiagoa izatea: gehienez 5 puntu.

d) Ikerketa argitaratzeak interes handiagoa edo txikiagoa izatea: gehienez 5 puntu.

e) Ikerketaren berritasun edo originaltasun handiagoa edo txikiagoa: gehienez 5 puntu.

3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, aurkezten den dokumentazioa eta ematen diren txostenak ikusirik, foru agindu honetan ezarritako laguntzei buruz behar den administrazio ebazpena emanen du eta interesdunari jakinaraziko dio.

4. Laguntzari buruzko ebazpena emateko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskatzaileak haiek lortzeko behar diren agiri guztiak aurkezten dituenetik hasita. Epe hori bukatuta, isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

6. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntza 3.000 eurokoa izanen da, eta hortik behar diren atxikipenak eginen dira. Aurrekontu-urtea aintzat hartuz eginen da ordainketa, laguntza emateko ebazpenean zehazten den bezala.

7. artikulua. Laguntzen bateraezintasuna.

Nafarroko Adiministrazioak ematen duen beste edozein laguntzarekin baterazina izanen da, biak helburu berekoak badira ere.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza emateko oinarri izan den jarduera egitea.

b) Jarduera egin izana justifikatzea, laguntza ematean ezartzen diren baldintzetan.

c) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari lehen argitalpenaren eskubideak lagatzea, hala eskatzen bazaio.

9. artikulua. Laguntza itzultzea.

Laguntza emateko ezartzen diren baldintza eta konpromisoak betetzen ez badira, laguntza oso-osorik itzuli beharko da, bai eta dagozkion berandutza-korrituak ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 37. artikuluan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hausteen eta zehapenen araubidea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

2. Arau-hausteak finkatzeko eta zehapenak zehazteko zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 115/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoa izanen da.

11. artikulua. Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzaren banaketaz eta kudeaketaz ematen dituen egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.-Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.

Bigarrena.-3.000 euroko gastua baimentzen da, foru agindu hau aplikatu eta garatzeko, 2008rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Azterketa eta ikerlanetarako laguntza eta sariak" izeneko 040000-03000-4809-921300 kontusailaren kontura.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko martxoaren 5ean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0803743