32. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

527/2008 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Landa Garapenerako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez aldeko erabakia hartzen da "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestua Kontseiluak martxoaren 20an emandako 510/2006/EE Erregelamenduan aurreikusten den Europako jatorrizko deitura babestuen eta adierazpen geografiko babestuen erregistroan inskribatzeko eskaerari buruz, "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestuaren baldintzen agiria argitaratzen da eta babes nazional iragankorra eskatzen da.

Asociación Navarra del Aceite de Oliva Virgen (ANAOLIVA) elkarteak 2006ko urriaren 4an eskaera aurkeztu zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestua inskribatzeko Europako erregistroan, Kontseiluak 2006ko martxoaren 20an nekazaritzako produktuen eta elikagaien adierazpen geografikoen eta jatorrizko deituren babesari buruz emandako 510/2006/EE Erregelamenduan aurreikusten den horretan.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 2007ko azaroaren 23an Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratu zuen "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestua erregistratzeko eskaera eta haren Agiri Bakarra jendaurrean azaltzeko, hala agintzen baitu uztailaren 27ko 1069/2007 Errege Dekretuaren 6. artikuluak. Europako jatorrizko deitura babestuen eta adierazpen geografiko babestuen erregistrorako inskripzio eskaerak tramitatzeko eta haien aurka egiteko prozedura dekretu horren bidez arautu da.

Aurka egiteko aldia amaitu da eta epe horretan ez da aurkeztu "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura erregistratzeko eskaerari buruzko idazkirik.

Aurreko tramiteak amaitu ondoren, eta ikusirik deitura erregistratzeko eskaera horrek betetzen dituela, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuaren iritziz, Kontseiluaren martxoaren 20ko 510/2006/EE Erregelamenduan ezarritako baldintzak, bidezkoa da "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestua inskribatzeko eskaeraren aldeko ebazpena ematea, uztailaren 27ko 1069/2007 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestua Kontseiluak martxoaren 20an emandako 510/2006/EE Erregelamenduan aurreikusten den Europako jatorrizko deitura babestuen eta adierazpen geografiko babestuen erregistroan inskribatzeko eskaerari buruz aldeko erabakia hartzea eta hala ematea aditzera.

2. "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestuaren baldintzen agiria Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Ebazpen honen eranskinean dago. Baldintzen agiri hori bide elektronikoetatik kontsultatzen ahal da, baita deskargatu ere, http://www.cfnavarra.es orrian.

3. Ebazpen hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari bidaltzea, berak Europako Batzordeari bidal diezaion, Kontseiluak martxoaren 20an emandako 510/2006/EE Erregelamenduaren 5. artikuluan eskatzen diren agiriak erantsita, uztailaren 27ko 1069/2007 Errege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari eskatzea "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestuari babes nazional iragankorra eman diezaiola, 1069/2007 Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan aurreikusi bezala, behin Europako Batzordeari erregistro eskaera helarazi ondoren.

5. Ebazpen hau Asociación Navarra del Aceite de Oliva Virgen (ANAOLIVA) elkarteari, Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Atalari eta Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuari (ICAN) jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko otsailaren 19an.-Landa Garapenerako zuzendari nagusia, Jesús María Echeverría Azcona.

ERANSKINA

"Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestuaren baldintzen agiria

a) Produktuaren izena.

"Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestua (JDB).

b) Produktuaren deskripzioa.

Estra kategoriako oliba olio birjina, olibondoaren (Olea europaea L.) barietate jakin batzuen fruituetatik lortua, prozedura mekanikoen bidez edo olioa eraldatzen ez duten bestelako prozedura fisikoen bidez, olibaren zaporeari, aromari eta ezaugarriei eutsiz.

Inskribaturik dauden olibadietan bildutako olibekin egiten da olioa. Lurra ukitu ez duten olibak biltzen dira. Arroitz (bertako barietatea), Arbequina edo Empeltre barietateetakoak gutxienez %90 dira, eta beste barietateetakoak gehienez ere %10 izan daitezke.

Hona hemen Nafarroako Olioaren ezaugarri fisiko-kimikoak eta organoleptikoak:

b. 1) Fisiko-kimikoak:

-Azidotasuna: gehienez 0,5&degree.

-Peroxidoen indizea: gehienez 15 mEq O2

-Ultramoreen absorbantzia (K270): gehienez 0,15

-Ultramoreen absorbantzia (K232): gehienez 2

b. 2) Ebaluazio organoleptikoa:

-Fruta kutsuaren mediana, Mf: gutxienez 3.

-Akatsaren mediana, Ma: 0

b. 3) Gantz-azidoak:

-Oleikoa/linoleikoa erlazioa: gutxienez 7

Ikuspuntu organoleptikotik olio orekatu eta konplexuak dira, fruta kutsu oso nabarmena dute (-3) eta haien lurrinak askotariko ñabardurak ditu, oliba berdeak, espeziak eta oliba helduak tartean. Ahoan zapore arina eta mingots edo min samarra izan dezakete, ukitu desberdinekin: orburua (Arroizkoa), banana (Arbequina) edo arbendol gozoak (Empeltre).

c) Eremu geografikoa.

Eremu geografikoa Nafarroako hegoaldea da. Kodes, Lokiz, Urbasa, Andia, Erreniega, Alaitz, Izko eta Leire mendiek mugatzen dute iparraldetik. 41&degree. 54'-ko eta 42&degree. 49'-ko ipar latitudeko paraleloen artean dago (gradu hirurogeitarrak).

Eremu horrek ondoko 135 udalerri hauek biltzen ditu, gehi Bardeako lurrak.

-Udalerriak:

Abaigar, Abartzuza, Aberin, Ablitas, Adios, Oibar, Allin, Allo, Antzin, Andosilla, Añorbe, Aras, Los Arcos, Arellano, Arguedas, Armañantzas, Arroitz, Artaxoa, Artazu, Aiegi, Azagra, Azuelo, Barasoain, Barbarin, Bargota, Barillas, Beire, Beraskoain, Berbintzana, Biurrun-Olkotz, Buñuel, El Busto, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Cárcar, Zarrakaztelu, Cascante, Kaseda, Castejón, Cintruénigo, Zirauki, Corella, Cortes, Desojo, Deikaztelu, Eneritz, Eslaba, Esprontzeda, Lizarra, Etaio, Ezporogi, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Fustiñana, Galipentzu, Garinoain, Gesalatz, Girgillao, Iguzkitza, Xabier, Larraga, Elizagorria, Leatxe, Legarda, Legaria, Leotz, Lerga, Lerin, Lezaun, Ledea, Lodosa, Irunberri, Lukin, Mañeru, Martzilla, Mélida, Mendabia, Mendaza, Mendigorria, Metauten, Milagro, Mirafuentes, Miranda-Arga, Monteagudo, Morentin, Mues, Murchante, Murieta, Murillo El Cuende, Murillo El Fruto, Muruzabal, Nazar, Obanos, Oko, Olexua, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Oteitza, Azkoien, Piedramillera, Pitillas, Gares, Puiu, Ribaforada, Zare, San Adrián, San Martin Unx, Zangoza, Santsol, Santakara, Sartaguda, Sesma, Sorlada, Tafalla, Tiebas-Muru Artederreta, Tirapu, Torralba del Rio, Torres del Rio, Tutera, Tulebras, Ukar, Uxue, Untzue, Uterga, Valtierra, Viana, Villafranca, Villamayor de Monjardin, Villatuerta, Deierri, Esa.

Bardeako lurrak ez dira inongo udalerrirenak baina zerrendako udalerri batzuetako nekazariek lantzen dituzte eta eremuan sartuta daude.

Olibadiek 5.141 hektarea hartzen dituzte (Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren 2005eko datuak).

Deituraren babespeko olioak eremu horretan ekoitzitako olibekin egin behar dira, eta eremu horretan kokatutako industrietan egin eta ontziratu behar dira.

d) Produktua eremuan ekoitzi dela erakusten duten elementuak.

"Aceite de Navarra" JDBaren kontrola eta ziurtapena baldintzen agiri honetako g) atalean aipatutako kontrol erakundeari dagozkio.

Produktuaren jatorriaren kontrola bermatzeko bi erregistro egin dira: olibadien erregistroa eta olioa egin eta ontziratzeko industrien erregistroa.

Mugatutako eremu geografikoan dauden olibadiak, baimendutako barietateetakoak izanez gero, olibadien erregistroan inskribatzen dira. Gutxienez datu hauek jasotzen dira: olibondo sailak argi identifikatzen dituzten datuak (udalerria, poligonoa eta lurzatia), olibadiaren produkzio ahalmena zehazteko kontuan hartzen diren ezaugarriak (barietatea, azalera, olibondoen kopurua edo dentsitatea, lehorreko saila ala sail ureztatua den, olibadiaren adina).

Kanpaina bakoitzean, oliba biltzen denean, olibadiak inskribatuak dituzten ekoizleek beren oliba emanaldiak erregistratzeko sistema eramaten dute. Sistema horren bidez adierazi behar dute zein enpresari saldu edo eman dizkioten olibak, emanaldi bakoitzaren data, barietatea eta pisua, eta olibadiak dauden lurzatiak eta udalerria.

Mugatutako eremuan dauden oliogintzako industriak, kontrol batzuk gaindituz gero, olioa egin eta ontziratzeko industrien erregistroan inskribatzen dira.

Inskribaturiko industriek bermatu behar dute merkaturatzen duten olio babestuak agiri honetako baldintzak betetzen dituela, eta autokontrolari eta trazabilitateari dagokienez, hemen ezarritako eginbeharrak dituzte; beren erregistro sistemen bidez honako datu hauek ematen ahal dituzte:

a) Jasotako oliba, hornitzailearen izen soziala, data, barietatea, pisua eta udalerria, oliba emanaldi bakoitzeko.

b) Merkaturatutako Nafarroako Olioaren kantitatea eta helmuga.

c) Lehengaiaren (a) eta merkaturatutako olioaren (b) arteko korrelazioa.

Bestalde, g) atalean aipatutako kontrol erakundeak ebaluazio eta ziurtapen lanak egiten ditu; horiek, jatorriaz gain, produktuaren kalitatea ere bermatzen dute. Olioa egin eta ontziratzen duten industrietan ezarritako autokontrol sistema eta trazabilitatea egiaztatzeko egiten dira kontrolak. Hauek dira kontrolatu beharreko alderdi nagusiak:

1.-Olibak baimendutako barietateetakoak direla eta mugatutako eremuko lurzatietatik ekartzen direla.

2.-Olioa egin eta ontziratzeko industriek e) atalean azaltzen den moduan jasotzen dituztela olibak eta egiten dutela olioa.

3.-Olioa egin eta ontziratzeko industriek analisi fisiko-kimiko eta organoleptikoak egiten dituztela, 2568/91/EE Erregelamenduan eta horren aldaketetan ezarritakoari jarraituz; besteak beste, b1, b2 eta b3 ataletako determinazioak betetzen dituztela olioa sotoan kalifikatzeko. Baldintzen agiri honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten olioak industria bereko beste olioetatik aparte biltegiratzen dira, markatutako deposituetan.

4.-Olioa beti ontziratu eta etiketatu behar da inskribaturiko industria oliogile eta ontziratzaileen instalazioetan. Olioa egiazkoa dela erakusteko, industria horiek "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestuaren adostasun marka jartzen diote salmenta unitate bakoitzari.

5.-Adostasun marka erabiltzen ahal da lotura hauek egiaztatuz gero: Inskribaturiko olibadiak / ekoizleek emandako olibak / industrietan jasotako olibak / lortutako olioa / babesten ahal den olioa / ziurtatutako olioa.

Prozesuan zehar kontrol guztiak gainditu behar ditu olioak, bere jatorriaren bermearekin ontziratu eta merkaturatu ahal izan dadin, "Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestuaren adostasun marka daramala.

e) Nola lortzen den produktua.

-Olibondoaren laborantza.

Lurrera erori ez diren olibak bakarrik biltzen dira, arbolatik zuzenean, metodo tradizionalen bidez (jeztea, makilaz jotzea edo eragitea), lurrean oihalak jarrita olibak lurra ukitu eta hondatu ez daitezen, edo uzta-makinaren bidez.

Oliba biltzeko garaia urrian hasi eta otsailaren erdialdean amaitzen da. Arbequina barietatetik hasten da eta Arroizko barietatea da azkena. Normalean 3,5 eta 4 bitarteko heldutasun indizea duten olibak biltzen dira, baina Arbequina barietatekoak berdeago biltzen dira.

Olibak soltean garraiatzen dira olioa egin eta ontziratzeko lantegietara, edukiera mugatuko kaxa eta edukiontzi zurrunetan edo atoian, fruituak honda ez daitezen. Debekaturik dago zakuetan garraiatzea, fruituak mailatu eta hondatu egiten direlako.

Hartzitu ez daitezen, olibak berrogeita zortzi ordu igaro aurretik ehotzen dira.

-Nola egiten den olioa.

Olioa egin eta ontziratzeko industriek eskuarki sistema jarraituan dihardute eta oso diferentzia gutxi dituzte prozesamenduan, aukeraketan eta olioaren erauzpenean.

Olioa egin eta ontziratzeko industriako patioan jasotzen dira olibak. Bertan daude instalaturik pisatzeko tresnak, olibak hartzeko toberak, hostoak bereizi eta olibak garbitzeko sistemak eta, azkenik, errotak elikatzen dituzten toberetaraino fruituak eramaten dituzten uhal garraiatzaileak.

Mailuzko errotak dira erabilienak. Oretik olioa ateratzeko erabiltzen diren tresnak beste gela batean jarri ohi dira, baina errotari atxikita.

Errotan lortutako orea irabiagailura pasatzen da. Gutxi gorabehera 60 minutuz irabiatzen da, 30&degree. C-ko tenperatura gainditu gabe. Ondoren, injekzio ponparen bidez, irabiatutako orea decanter-ean sartzen da (ardatz horizontaleko zentrifugadorean) osagaiak bereizteko: alde batetik olioa eta bestetik patsa eta zukua.

Ez dira onartzen patsari "bigarren estutua" emanez lortutako olioak.

Lortutako olioa zentrifugatu egiten da garbitasun egokia lortzeko.

Prozesatutako olioa dekantazio ontzietara eramaten da, eta handik, dekantazio prozesuaren ondoren, biltegietara.

Landutako olioa instalazioen barrualdean biltegiratzen da, altzairu herdoilgaitzezko biltegietan. Sotoa eta biltegiak behar bezala isolatzen dira, edo bestela tenperatura kontrolatu egiten da aldaketa termikoak saihesteko. Izan ere, tenperatura oso baxua denean olioa solidotu egiten da, eta tenperatura oso altuak oxidazioa eragiten du.

Biltegiek hondo konikoa edo inklinatua eduki behar dute, purga-txorrotarekin, aldian behin drainatu eta purgatzeko.

-Ontziratzea eta merkaturatzea.

"Nafarroako Olioa" Jatorrizko Deitura Babestua duten olioak, merkaturatzekoak direnean, jada behar bezala ontziraturik eta etiketaturik irteten dira olioa egin eta ontziratzen duten industrietatik.

Ezinbestekoa da olioa mugatutako eremu geografikoan bertan ontziratzea. Izan ere, ontziratu ondoren olioak eboluzionatzen jarraitzen du; ontziratzea, beraz, oliogintza prozesuaren azken fasea da, jatorrizko deitura duen olioaren kalitate-ezaugarriak babesteko fase erabakigarria, haren bidez bermatzen baita merkaturatu aurretik produktuak baldintzen agiri honetan ezarritako betekizunak betetzen zituela. Olioa ateratzeko eta kontserbatzeko prozesu egokiaren ondoren, kontsumorako prestatu behar da. Horretarako, olioa ontziratzen denean dekantazio eta iragazte prozesuak kontrolatu behar dira, eta ontziratzen denetik kontsumitzen den arteko denbora ahalik gehien laburtu behar da, ontziratutako produktuaren arrisku nagusia saihesteko, oxidazioa, hain zuzen ere. Hori dela eta, stock-ean dagoen olio ontziratuaren bolumenak eskarien maiztasunaren eta bolumenaren araberakoa izan behar du.

Merkaturako olioa ontziratzeko, gehienez 5 litroko edukiera duten ontziak erabiltzen dira, olioaren kalitatea kaskartu eta haren ospeari kalte eginen liokeen materialik gabekoak. Eragiketa hori olioa egin eta ontziratzeko industrian bertan egiten da.

Polietilenozko (PEAD/HDPE) ontziak debekaturik daude.

Etiketa ere nahitaez jarri behar da olioa egin eta ontziratzeko industria inskribatuetan, h) atalean adierazten den moduan.

Oliogintzarekin zuzenean lotutako ontziratzailerik ez da onartzen.

f) Ingurunearekiko lotura.

Nafarroako olibadien urrezko aroa XX. mendearen lehen erdian izan zen. Garai hartan goraipamen ugari lortu ziren, adibidez 1929. urtean Cascanteko olio bati saria eman zioten Sevillako Erakusketa Unibertsalean.

Olibadiek 1967. urtean izan zuten azalerarik handiena, 8.682 hektarea. Gero olibadiak murriztu egin ziren pixkanaka eta 1995ean 2.297 hektarea besterik ez ziren.

Urte horretatik aurrera olibondoen laborantza berpiztu egin da. Lehendik zeuden olio errota kooperatiboak berregituratu eta gaur egun lanean diharduten bederatzietara murriztu dira, eta olio errota pribatuak ere ezarri dira. Gainera, industria irizpide berritzaileak eta merkaturatze metodo dibertsifikatuak erabiltzen dira. Horrek, olioa erauzteko prozeduren aurrerapen handiarekin batera, kalitate bikaineko olioak ekarri ditu eta "Nafarroako Olioa" nazioarteko merkatuan kokatu da, betidanik barneko kontsumora bideratzen zen produktua izateari utzita. Azken hamarkada honetan olibadiak 2.297 hektarea izatetik 5.141 hektarea izatera pasatu dira (iturria: olibadien 2005eko aitorpenak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua).

Produkzio eremua 41&degree. 54'-ko eta 42&degree. 49'-ko ipar latitudeko paraleloen artean dago (gradu hirurogeitarrak).

Nafarroan, olibadiaren hedapen eremuaren iparraldeko mugak Nafarroa mediterraneoa deitzen zaion lurraldea markatzen du. Lurralde hori ia osorik dago Ebro ibaiaren haranean, eta 600 m-tik beherako altitudeak ditu.

Klimak eragin mediterraneo nabarmena du. Tenperatura aldaketak handiak dira udatik negura eta baita egun berean ere, eta nabarmenagoak dira udazkenean (18&degree. C-ko gorabeherak); euri gutxi egiten du (lurraldearen zatirik handiena 400 mm-ko isohietaren barruan dago) eta eguzki orduak asko dira (lainorik gabeko 2.500 ordu urtean); batez beste urteko 120 egunetan baino gehiagotan dago zerua oskarbi, gehienbat ipar-mendebaldeko haize nagusiaren eraginez (ziertzoa), eta horrek neguko hotza eta udako giro lehorra areagotzen ditu. Izotzik gabeko egunak 190 izaten dira batez beste, eta udazkeneko lehenengo izoztea urriaren bigarren hamabostaldian izaten da.

Lurzoruak sakon samarrak edo sakonak dira; kare lur arre karbonatatuak dira, jatorriz hala direlako eta egiten duen euri urriak ez duelako deskaltzifikazio handirik eragiten.

"Libro blanco de la Agricultura y el Desarrollo Rural" liburuaren laburpena (M. Angeles Lizarraga Lezáun, Nafarroako Unibertsitateko Geografia Departamentua)

Horrelako klima izanik lurraldea egokia da beste edozein laborantza motarako, baina eremu mediterraneoaren iparraldeko muga da olibondorako.

Jatorri geografikoak produktuaren kalitate bereziarekin duen lotura produkzio baldintzen zuzeneko ondorioa da. Nabarmentzekoak dira mugatutako eremu geografikoaren latitudea (Iberiar Penintsulako ipar muturra) eta baldintza edafoklimatikoak: lurzoru karetsua, klima lehor eta eguzkitsua eta egunetik gauerako tenperatura aldaketa handiak oliba heltzen ari den garaian, ondorioz olibak denbora gehiago behar baitu pixkanaka heltzeko. Gainera goiz bildu behar da, izozteen garaia hasi aurretik (lehenbiziko izotza urriaren bigarren hamabostaldian) eta horrenbestez, guztiz heldurik ez dauden olibak biltzen dira.

Faktore horiek sorrarazi dute Arroizko barietate autoktonoa, eta beste barietateak (Arbequina eta Empeltre) ingurunera moldatu dira. Horrela bermatuta dago azken produktuak b) atalean azaldutako osaera kimiko eta ezaugarri organoleptiko bereziak izanen dituela, eta halaxe erakutsi dute hainbat urtetako jarraipenaren emaitzek. Azterketek agerian jarri dituzte olio hauen berezitasunak, batez ere gantz-azido oleikoaren eta linoleikoaren arteko erlazio altua (hori latitudeari eta heldutasun graduari zor zaie) eta fruta kutsu bizia (lurzoru karetsuak, klima lehor eta eguzkitsua, heldutasun gradua). Bibliografia zientifikoan ongi dokumentaturik dauden ezaugarriak dira eta beste latitude batzuetan ekoitzitako olioetatik bereizten dute Nafarroakoa.

("Obtención del aceite de oliva virgen" Luis Civantos. 1999, "Manual del aceite de oliva" R. Aparicio eta J. Hardwood 2003, "Química y tecnología del aceite de oliva" D. Boskou 1998)

g) Baldintzen agiria betetzen dela egiaztatzea.

Baldintzen agiri hau betetzen dela egiaztatzea kontrol erakunde honen ardura da:

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutua, S.A. (ICAN)

Serapio Huici etorb., 22

31610 Atarrabia - Nafarroa - Espainia

Telefonoa: 948 01 30 45

Faxa: 948 07 15 49

Helbide elektronikoa: control@icannavarra.com

ICAN, S.A. entitatea Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren sozietate publiko bat da. Beste eginkizun batzuen artean, kalitate bereziko nekazaritzako elikagaiak ikuskatu eta kontrolatzen ditu eta ziurtagiriak ematen dizkie (JDB, AGB, Ekoizpen Integratua, Artisautzako Elikagaiak etab.).

ICAN, S.A. entitateak EN 45011 araudia betetzen du eta ISO/IEC 67 gidan definitutako "5. sistema" erabiltzen du arauzkotasunaren ebaluazioa egiteko. Sistema horri jarraituz, hasierako eta urteroko jarraipen lan hauek egiten ditu olioa egin eta ontziratzen duten industrien instalazioetan, baldintzen agiria betetzen dela egiaztatzeko:

1. Produkzioaren autokontrolerako sistemaren ebaluazioa.

2. Saioak laginekin.

Olibadien Erregistroan inskripzioa egin aurretik, eskabide guztien agiriak egiaztatzen dira eta %2ko landa ikuskapena egiten da.

Saioak CE 2568/91 Erregelamenduari eta haren aldaketei jarraituz egiten dira, UNE-EN ISO/IEC 17025 araua betetzen duten laborategietan. Gehieneko errore tarteak honakoak dira:

-Azidotasuna: - 0,1&degree.

-Peroxidoen indizea: - 3 mEq O2

-Ultramoreen absorbantzia (K270): - 0,03

-Ultramoreen absorbantzia (K232): - 0,4

-Oleikoa/linoleikoa erlazioa: - 0,7

h) Etiketak.

Babespeko olioei Deituraren adostasun marka jartzen zaie, hau da, Deituraren logotipoa -"Nafarroako Olioa Jatorrizko Deitura Babestua" hitzekin- eta kontrol erakundeak esleitutako zenbaki seriatu bat.

Olioa Egin eta Ontziratzeko Industrien Erregistroan inskribaturiko industrietan jarri behar dira adostasun markak, nahitaez. Erabiltzen diren adostasun marken kopurua babespeko olioaren bolumenaren araberakoa da.

Babespeko olioei jartzen zaizkien etiketa komertzialetan, ongi ikusteko moduan, indarreko legerian eskatzen diren datu orokorrez gain, inskribaturiko industriaren datu hauetakoren bat jarri behar da derrigorrez: Jatorrizko Deituraren Erregistroko zenbakia, izen soziala edo Osasun Erregistro Industriala.

i) Lege baldintzak.

-510/2006/EE Erregelamendua, Kontseiluarena, adierazpen geografikoen eta jatorrizko deituren babesari buruzkoa.

-1898/2006/EE Erregelamendua, Batzordearena, 510/2006/EE Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

-25/1970 Legea, abenduaren 2koa, Mahastien, Ardoaren eta Alkoholen Estatutua: mahatsaren eratorriak ez diren eta jatorrizko deitura duten nekazaritzako elikagaiei buruzko arauak.

-835/1972 Dekretua, martxoaren 23koa, 25/1970 Legearen Erregelamendua, lehen aipatua.

-1069/2007 Errege Dekretua, uztailaren 27koa, Europako jatorrizko deitura babestuen erregistroko inskripzioak eskatzeko eta inskripzio eskaerei aurka egiteko prozedura arautzen duena.

Iragarkiaren kodea: F0802980