32. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

277/2008 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Villafrancako udal mugapeko zerri-ustiategi baterako (gizendegia). Jardueraren titularra Javier Elcuaz Barberia da.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3.b) epigrafean jasota dago, "Hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako gizentzeko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Halaber, instalazio hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 9.1 c) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo behi nahiz zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako hazteko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Espedientea Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean adierazitakoari jarraikiz tramitatu da, bertan agindutako txostenak prestaturik.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Villafrancako udal mugapean, 2. poligonoko 795. lurzatian, zerrikumeak hazteko abeltzaintza ustiategi baterako. Jardueraren titularra Javier Elcuaz Barberia da.

2. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean aritzeko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedaturikoaren arabera.

3. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1062/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

4. Ingurumen baimen integratuak zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluko administrazio prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa den edo ez, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6. Instalazioa Nafarroako Hondakin Arriskugarrien Sortzaile Txikien Erregistroan inskribatzea PP/1752/NA/2007 zenbakiarekin, 312/1993 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A102 (3) da (zerri ustiategia), Hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal diren hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarriak sortzean egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskinean sartzeko.

7. Nekazaritzako instalazio horretan simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onetsi da.

8. 2008ko martxoaren 1a baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpena badago.

10. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

11. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Ebazpen hau jakinaraztea Javier Elcuaz Barberiari, Villafrancako Udalari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 12an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra.-Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (7. solairua, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0802744