32. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

272/2008 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Tuterako udal mugapean zeramika produktuak egiteko lantegirako. Jardueraren titularra Tejería Iturralde, S.L. da.

2006ko abenduaren 27an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Ingurumen baimen integratua eskatu zuen, Tuteran duen industria instalaziorako.

Eginda dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 3.5 epigrafean dago jasota, "Labekatze bidezko zeramika produktuen fabrikazioa, bereziki teilak, adreiluak, erregogorrak, azulejuak edo zeramika produktu apaingarriak edo etxean erabiltzekoak, eguneko 75 tona baino gehiago ekoizteko ahalmenarekin, eta/edo 4 m³ baino gehiagoko labekatze ahalmenarekin eta labeko 300 Kg/m³ karga-dentsitate baino gehiagokoak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Orobat, instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 3.5. epigrafean dago jasota, "Labekatze bidezko zeramika produktuen fabrikazioa, bereziki teilak, adreiluak, erregogorrak, azulejuak edo zeramika produktu apaingarriak edo etxean erabiltzekoak, eguneko 75 tona baino gehiago ekoizteko ahalmenarekin, edo/eta 4 m³ baino gehiagoko labekatze ahalmenarekin eta labeko 300 Kg/m³ karga-dentsitate baino gehiagokoak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago. Ebazpen honen V. eranskinean jaso dira entzunaldian titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta horiei emandako erantzunak.

Ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Tuterako udal mugapean zeramika produktuak egiteko lantegirako. Titularra Tejería Iturralde, S.L. da.

2. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1124/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen baimen integratuak zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

5. Instalazioak Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Sortzaile Txikien Erregistroan duen inskripzioa bere horretan uztea PP/882/NA/2005 zenbakiarekin, urriaren 13ko 312/2005 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A272 da, hots, zeramika produktuen fabrikazioa, hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal diren hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien produkzioan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

6. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko plana onetsi da (planeko neurriak titularrak aurkeztutako dokumentazioan sartu dira), ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

7. Ontzien hondakinen aurkako aurreneurrien enpresen plana onetsi da. Ontziei eta ontzi hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen 7. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, ontziratzaileek plan hori egin eta autonomia erkidegora igorri beharko dute hiru urtetik behin, apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuan zehaztutako ontzi hondakinen kopurua sortu dezaketen produktu ontziratuak edo industria edo merkataritza ontziak merkaturatzen badituzte. Ontzi hondakin horien ekoizpena eta kaltegarritasuna ahal den txikiena izan eta jatorrian aurrea hartzeko neurriak ezarririk daude titularrak aurkeztu duen dokumentazioan, hobekuntza teknikoen barruan.

8. 2008ko apirilaren 1a baino lehen, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpena badago. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

10. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Tejería Iturralde, S.L.ri, Tuterako Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 12an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra.-Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (7. solairua, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0802762