32. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

381/2008 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei 2008-2009 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak eta irakasleen lanaldia murrizteko eskaeren prozedura onesten dituena.

Administrazio honen mendeko ikastetxe eta programetan aurrez ikusitako eskolatzearen bilakaerak eta lanpostuak betetzeko ikasturte honetan onetsitako deialdien ebazpenak neurriak hartzera behartzen dute, irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei 2008-2009 ikasturterako behin-behineko lanpostua azkar eta modu eraginkorrean esleitu ahal izateko.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak ematen dituen martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuak, martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuaren bidez aldatu zenak, adierazten du zenbait neurri hartu behar direla, aplikagarria den araudi osagarria Administrazio honen benetako egoerari egokitzeko.

Horretarako, bidezkoa da 2008-2009 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak ematea. Ildo horri jarraikiz, batetik, funtzionarioek herrian edo eskualdean segitzeko eskubidea badute, eskubide hori bermatuko zaie eta, bestetik, funtzionarioek euskaraz irakasteko konpromisoa hartu badute, konpromiso hori betetzen dela ziurtatuko da.

Apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lanaldia murrizteko arauak ematen ditu, eta 4. artikuluan ezartzen du irakasle ez-unibertsitarioen lanaldiaren murrizketa ikasturtea amaitu arte izanen dela. Hortaz, eskatzen diren luzapenak ikasturte osorako izanen dira.

Irakasleen lanaldi murrizketak onartzeak eragina izan dezake ikastetxeetako plantillak zehazterakoan eta, horrenbestez, destinoko ikastetxea behin-behinekoz aldatzea ekar dezakeen egoera batek ukitzen dituen irakasleak zehazterakoan. Horregatik, komeni da lanaldi murrizketak plantillak eratu aurretik eskatzeko prozedura ezartzea, ahalik eta lekualdatze gutxien izan dadin. Lanaldi murrizketak ematerakoan lehentasuna izanen du beti ikasleek hezkuntzarako duten eskubideak.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an emandako 155/2007 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei 2008-2009 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak eta irakasleen lanaldia murrizteko eskaeren prozedura onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2008ko otsailaren 25ean.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Behin-behineko destinoak, praktikaldikoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak

Hezkuntza Departamentuak jarraibide hauetan ageri diren langileei 2008-2009 ikasturterako behin-behineko destinoa edo zerbitzu eginkizunetakoa esleituko die.

Destinoak honako prozedura hauetako bakoitzean eginen diren jendaurreko ekitaldietan esleituko dira:

I.-Irakaslanik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleei destinoak zerbitzu eginkizunetan esleitzea.

II.-Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko, beren ikastetxetik aldarazitako irakasleei destinoak zerbitzu eginkizunetan esleitzea.

III.-Behin-behineko destinoak esleitzea eta praktiketan dauden funtzionarioei destinoa esleitzea.

IV.-Destinoak zerbitzu eginkizunetan esleitzea.

a) Antolaketa arrazoiengatik zerbitzu eginkizunetarako baimena eman zaien irakasleei destinoak esleitzea.

b) Osasun arrazoiengatik zerbitzu eginkizunetarako baimena eman zaien irakasleei destinoak esleitzea, Batzordeak hala erabakitzen duen kasuetan.

c) Zerbitzu eginkizun gurutzatu baterako baimena eman zaien irakasleei destinoak esleitzea.

d) Aparteko gorabeherengatik zerbitzu eginkizunetarako baimena eman zaien irakasleei destinoak esleitzea.

e) Beste Hezkuntza Administrazio batzuen mendeko irakasleak izanda, 2008-2009 ikasturtean Nafarroan irakasteko zerbitzu eginkizunetarako baimena duten irakasleei destinoak esleitzea.

Lanpostuak esleitzeko jendaurreko ekitaldiak zein egunetan eginen diren aldez aurretik jakinaraziko da iragarkia jarriz prentsan edo Hezkuntza Departamentuaren web orrian: www.pnte.cfnavarra.es.

Interesdunak berak edo bere ordezkari batek -betiere interesdunaren nortasun agiriaren fotokopia eta ordezkariari baimena emateko idazki bat aurkezten baditu- parte hartzen ahalko du lanpostuak aukeratzeko jendaurreko ekitaldietan.

Eskaintzen diren lanpostuak, eta 2008-2009 ikasturterako behin-behineko beste destino bat aukeratu behar duten edo zerbitzu eginkizunetan izanen diren funtzionarioen izen-deiturak, jarraibide hauetan aipatzen diren jendaurreko ekitaldi orotan, jendaurrean paratuko dira Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.pnte.cfnavarra.es), betiere destinoak esleitzeko jendaurreko ekitaldiak egin baino lehen.

I.-Irakaslanik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleak

1.-Behin betiko destinoa duten irakasleek beren ikastetxean segituko dute 2008-2009 ikasturtean, ikastetxe horretan irakaslana badute.

2.-Behin betiko destinoko irakasleak, 2007-2008 ikasturtean irakaslanik ez izateagatik aldarazi badituzte eta 2008-2009 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, destinoko ikastetxean bertan zerbitzu eginkizunetan egonen dira, eman dezaketen espezialitate batean behar beste ordu egonez gero, non eta ez duten idatziz adierazten, 2008ko martxoaren 31 baino lehen, beste lanpostu bat hautatu nahi dutela.

3.-Lekuz aldarazi berriak.

Behin betiko destinoko irakasleek, beren behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2007-2008 ikasturtean aritu zireneko ikastetxetik aldarazi behar badituzte, hurrengo ikasturtean zerbitzu eginkizunetan aritzeko lanpostu bat aukeratuko dute horretarako eginen den jendaurreko ekitaldi batean, zehazten den datan.

4.-Hezkuntza maila berean espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuak ikastetxe berean dituzten Maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoetako irakasle batzuen artean erabaki behar denean zein joanen den zerbitzu eginkizunetan behin betiko destinotik behin-behineko batera, baldin eta horietako bakar batek ere borondatez lekuz aldatu nahi ez badu, irizpide hauek aplikatuko dira:

-Lekuz aldatzea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan soilik izaten bada, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioa aldatuko da, ebazpen honen 5. atalean kidego horretarako orokorki ezarritako irizpideei jarraikiz.

-Lekua aldatzea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoan eta/edo Batxilergoan soilik izaten bada, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioa aldatuko da, ebazpen honen 5. atalean kidego horretarako orokorki ezarritako irizpideei jarraikiz.

-Lekuz aldatzea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta/edo Batxilergoan, batera izaten bada, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioa aldatuko da, ebazpen honen 5. atalean kidego horretarako orokorki ezarritako irizpideei jarraikiz.

5.-Espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuak betetzen dituzten irakasle batzuen artean erabaki behar denean zein dagoen behartua behin betiko destinotik behin-behinekoz ikastetxez aldatzera (zerbitzu eginkizunetan) eta, horri jarraikiz, irakasle horietako batek ere ez badu bere borondatez ikastetxez aldatzea erabakitzen, elkarren jarraian aplikatuko dira hurrengo irizpideak:

Iruñeko udal ikastoletatik eta beste toki entitate batzuetatik datozen irakasleen eta Maisu-maistren Kidegoa.

1. Ikastetxean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena. Ondorio hauetarako, Iruñeko udal ikastoletatik etorritako irakasleei konputatuko zaien antzinatasun data izanen da Iruñeko Udalak onetsitako "lekualdatze lehiaketa murriztua, udal ikastoletako irakasle funtzionarioak udaleko plantilla organikoan zehaztutako lanpostuei behin betiko atxikitzeko" deialdiaren ondorioz eginiko atxikipen egunetik hasita edo, kasua bada, zein lanpostutatik parte hartzen duten, lanpostu hari eginiko atxikipen egunetik hasita, lanpostuak betetzeko beste prozeduraren baten bidez lortu bada atxikipena. Beste toki entitate batzuetatik heldu diren funtzionarioen antzinatasun data Nafarroako Gobernuan funtzionario bihurtu zirenekoa izanen da.

2. Maisu-maistren Kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora laburrena. Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz sartu ziren irakasleei dagokienez, Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionario gisa zuten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztaturik dutena gehituko zaio, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Iruñeko edo beste toki entitateetako udal ikastoletatik etorritako funtzionarioei konputatuko zaizkie Iruñeko Udalarekin edo beste toki entitate horrekin lan kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak. (Zerbitzuko lehenbiziko urtea ez da puntuatuko).

3. Kidegoan sartzeko urterik hurbilena.

Irizpide hau ez zaie aplikatuko Iruñeko udal ikastoletatik eta beste toki entitate batzuetatik heldu diren funtzionarioei. Halakoetan irizpide hau aplikatuko da: kasuan kasuko hautapen prozeduran lortutako puntuazio txikiena.

4. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsiriko zerrenda-zenbakirik altuena edo puntuaziorik txikiena.

Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoak.

1. Funtzionarioa zein kidegotakoa den, hartan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora laburrena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz kidegoetan sarturiko irakasleei dagokienez, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetako karrerako funtzionario gisa zuten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztaturik dutena gehituko zaio, lehen zerbitzu urtea kenduta.

2. Ikastetxean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena.

3. Kidegoan sartzeko urterik hurbilena.

4. Katedradunen Kidegokoa ez izatea.

5. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsiriko puntuaziorik txikiena.

Hori dena, Katedradunen Kidegoko funtzionarioei dagozkien eskubideak galarazi gabe, baldin eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoak indarra hartu aurretik erdietsi bazuten lanpostua.

Ekonomia, Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa eta Teknologia ematen duten irakasleak.

Ekonomiako, Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko eta Teknologiako lanpostuak betetzen dituzten hainbat irakasleren artean erabaki behar denean zein dagoen behartua behin betiko destinotik behin behinekoz ikastetxez aldatzera (zerbitzu eginkizunetan) eta, horri jarraikiz, irakasle horietako batek ere ez badu bere borondatez ikastetxez aldatzea erabakitzen, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira, inola ere galarazi gabe, hala behar denean, kasuko espezialitatearen titular den funtzionarioari onartuko zaion lehentasuna.

Lanbide Hastapeneko Programetako irakasleak.

Ikastetxe batean, Lanbide Hastapeneko Programetan behin betiko destinoa duten irakasle guztiek bertan eskola eman ahal izateko adina irakastordu ez baldin badago, irakastordurik gabe gelditutako irakasleak, titulazio egokia ez dutenak salbu, behartuak izan daitezke lekuz aldatzera, edo curriculum aniztasuneko zein curriculum egokituko unitateetan edo lanbide heziketako heziketa zikloetan eskola ematera.

Lanbide Hastapeneko Programetako lanpostuak betetzen dituzten zenbait irakasleren artean erabaki behar denean zein dagoen behartua behin betiko destinotik behin behinekoz ikastetxez aldatzera (zerbitzu eginkizunetan) eta, horri jarraikiz, irakasle horietako batek ere ez badu bere borondatez ikastetxez aldatzea erabakitzen, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira.

6.-Lehentasun ordena.

Irakaslanik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleek lanpostuak aukeratzeko ordena zehazterakoan, behin betiko destinoko herria edo eskualdea izanen da kontuan eta, berdinketarik gertatzen bada, hurrengo irizpideak aplikatuko dira elkarren jarraian:

1. Beraiei dagokien kidegoan eman dituzten zerbitzuak. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako hogeita bederatzigarrenari jarraikiz, kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2008ko maiatzaren 31ra arte emandako zerbitzuak kontatuko dira.

Iruñeko eta beste toki entitateetako udal ikastoletatik etorritako funtzionarioei konputatuko zaizkie Iruñeko Udalarekin edo beste toki entitate horrekin lan kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak. (Ez da puntuatuko zerbitzuko lehenbiziko urtea).

2. Kidegoan zein urtetan sartu ziren, nor lehenago. Ondorio hauetarako, Iruñeko udal ikastoletatik etorritako irakasleei konputatuko zaien antzinatasun data izanen da Iruñeko Udalak onetsitako "lekualdatze lehiaketa murriztua, udal ikastoletako irakasle funtzionarioak udaleko plantilla organikoan zehaztutako lanpostuei behin betiko atxikitzeko" deialdiaren ondorioz eginiko atxikipen egunetik hasita edo, kasua bada, zein lanpostutatik parte hartzen duten, lanpostu hari eginiko atxikipen egunetik hasita, lanpostuak betetzeko beste prozeduraren baten bidez lortu bada atxikipena. Beste toki entitate batzuetatik heldu diren funtzionarioen antzinatasun data Nafarroako Gobernuan funtzionario bihurtu zirenekoa izanen da.

3. Maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsiriko zerrenda-zenbaki baxuena edo kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsiriko puntuaziorik altuena.

Iruñeko eta gainerako toki entitateetako udal ikastoletatik heldu diren funtzionarioei ondoko irizpidea aplikatuko zaie: kasuan kasuko hautapen prozeduran lortutako puntuazio txikiena.

Behin betiko destinoko herrian edo eskualdean irakaslearen espezialitateko lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahalko zaie, baina irakaslanik ez izateagatik aldarazitako irakasleek (kasuan kasuko espezialitateko titularrek) lehentasuna izanen dute destinoa hautatzerakoan.

II.-Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko ikastetxez aldarazitako irakasleak.

1.-Euskaraz irakasteko konpromisoa bete behar duten irakasleek, hots, behin betiko destinoa dutenek, beren destinoko ikastetxean berean beteko dute konpromisoa, betiere irakats dezaketen espezialitate batean nahiko ordu emateko aukera badute.

Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek lanpostu hauetan ere betetzen ahalko dute irakasle lana: Lehen Hezkuntza euskaraz, Euskal Filologia eta Euskara, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoak, berriz, A ereduko Euskal Hizkuntza eta Literaturako lanpostuetan ere aritzen ahalko dira.

2.-Behin betiko destinoko irakasleek, 2007-2008 ikasturtean konpromiso hori betetzeko aldarazi badituzte eta egoera horretan segitzen badute, ikastetxe berean segituko dute zerbitzu eginkizunetan, eman dezaketen espezialitate batean behar beste ordu egonez gero, non eta ez duten idatziz adierazten, 2008ko martxoaren 31 baino lehen, beste lanpostu bat hautatu nahi dutela.

3.-Lekuz aldarazi berriak.

Konpromiso hori hartu duten irakasleek, behin betiko destinoa badute eta beren ikastetxean berean betetzerik ez badute, zerbitzu eginkizunetan ikastetxez aldaraziko dituzte. Destinoa aldatu behar duten irakasleek eginen den jendaurreko ekitaldi batean aukeratuko dute hurrengo ikasturterako lanpostu berria.

4.-Lehentasun ordena.

Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko beren ikastetxeetatik aldarazten dituzten irakasleek lanpostuak aukeratzeko ordena zehazterakoan, destinoko herria edo eskualdea izanen da kontuan, eta berdinketarik gertatzen bada, hurrengo irizpideak aplikatuko dira elkarren jarraian:

1. Euskaraz irakasteko konpromisoaren antzinatasunik handiena.

2. Beraiei dagokien kidegoan eman dituzten zerbitzuak. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2008ko maiatzaren 31ra arte emandako zerbitzuak kontatuko dira.

3. Kidegoan zein urtetan sartu ziren, nor lehenago.

4. Maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsiriko zerrenda-zenbaki baxuena edo kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsiriko puntuaziorik altuena.

III.-Behin-behineko destinoak eta praktikaldikoak esleitzea.

Behin-behineko destinoa duten irakasleek eta praktiketako funtzionarioek destino berria aukeratu beharko dute 2008-2009 ikasturterako, horretarako eginen den jendaurreko ekitaldi batean.

A.-Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioak.

1. Ondoan aipatzen diren maisu-maistrek aukeratu beharko dute behin-behineko destinoa:

a) 2008-2009 ikasturtean behin-behineko destinoa duten maisu-maistra guztiek eta praktikaldian gai kalifikazioa jaso dutenek, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak azaroaren 9ko 2521/2007 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa lortu dutenak izan ezik.

b) Behin betiko destinoa galtzea ekarri dien egoera administratibo batetik etorri eta berriz ere jardunean dauden kidego horietako maisu-maistrek.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Maisu-maistren Kidegoan sartzeko deialdian, Giza Baliabidee Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 22an emandako 492/2007 Ebazpenaren bidez onetsian, hautatutako praktikaldiko funtzionarioek, praktikak luzatuak badituzte edo 2008-2009 ikasturtean errepikatu beharko badituzte.

2. Lehentasun ordena.

Maisu-maistrak Kidegoan duten antzinatasunaren arabera agertuko dira zerrendan, antzinatasun handienekoa lehenengoa dela. Horretarako, 2008ko maiatzaren 31ra arte emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan. Berdinketarik izanez gero, hautapen prozeduran zerrenda-zenbaki baxuena edo kidegoan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik altuena lortu duen funtzionarioak izanen du lehentasuna.

Behin-behineko destinoa duten maisu-maistrek destinoa hautatu ondoren, praktikaldia luzatua duten funtzionarioek edo 2008-2009 ikasturtean praktikaldia errepikatu behar dutenek destinoa hautatuko dute hautapen prozedurako puntuazio osoa kontuan hartuta, zerbitzuko beharren arabera, hautatuak izan zireneko espezialitate eta hizkuntzako lanpostu hutsetan edo, hala ez bada, Lehen Hezkuntzako espezialitateko lanpostu hutsetan, prozesu hori gainditu zuten hizkuntzan.

B.-Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun, Irakasle eta Tailer Maisuen eta Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioak.

1. Ondotik aipatzen diren kidegoetako funtzionarioek aukeratuko dituzte behin-behineko destinoak:

a) Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun, Irakasle eta Tailer Maisuen, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionario guztiek, 2008-2009 ikasturtean behin-behineko destinoa baldin badute.

b) Behin betiko destinoa galtzea ekarri dien egoera administratibo batetik etorri eta berriz ere jardunean dauden kidego horietako funtzionarioek.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartu eta bertara igotzeko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoetan sartzeko deialdian hautatutako praktikaldiko funtzionarioek. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 28an emandako 2752/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zen deialdia.

2. Lehentasun ordena.

Funtzionarioak kidegoan duten antzinatasunaren arabera agertuko dira zerrendan, antzinatasun handienekoa lehenengoa dela. Horretarako, 2008ko maiatzaren 31ra arte emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan. Berdinketarik izanez gero, hautapen prozeduran puntuazio handiena duen funtzionarioak izanen du lehentasuna.

Kontuan hartuko dira, dagokion kasuan, titularrak diren funtzionarioen lehentasunezko eskubideak.

Praktikak egiten ari diren funtzionarioek zerbitzuko beharren arabera hautatuko dute destinoa, hautapen prozedurako kidego, espezialitate eta hizkuntzako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetan edo, kasua bada, antzeko espezialitateetan, dagokien hautapen prozesuan lortutako puntuazio osoa kontuan hartuta eta irizpide hauei jarraikiz:

1. Lanpostuak izangai hautatuak baino gehiago diren espezialitateetako praktiketan ari diren funtzionarioek hautatuko dute lehenik destinoa.

2. Horien ondoren, lanpostuak izangai hautatuak baino gutxiago diren espezialitateetako praktiketan ari diren funtzionarioek hautatuko dute destinoa. Kasu horretan, izangai hautatuen eta lanpostu hutsen arteko aldea zein espezialitatetan den handiagoa, espezialitate horretako funtzionarioek hautatuko dute lehenik. Izangai horiek aukeran izanen dute ondokoak hautatzea: beren espezialitate eta hizkuntzako lanpostu arruntak, beren espezialitate eta hizkuntzako lanpostu ibiltariak, profildun lanpostuak, bai eta antzeko espezialitateetako lanpostuak hautapen prozesuko hizkuntzan ere, edo beste hizkuntza batean, behar den hizkuntz gaitasuna badute. Espezialitate bakoitzeko izangaiei eskaintzen zaizkien beste espezialitate batzuetako lanpostuen kopurua hau izanen da: espezialitate bakoitzeko hautapen prozesua gainditu duten izangaien kopuruaren eta horietako bakoitzean dauden lanpostu hutsen arteko aldea, profileko lanpostuak eta ibiltariak kenduta.

IV.-Destinoak zerbitzu eginkizunetan esleitzea.

1.-Eskatzaileen betebeharrak.

2008-2009 ikasturterako zerbitzu eginkizunak irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasleen kidegoetako karrerako funtzionarioek eskatzen ahalko dituzte, jarraibide hauen arabera, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzean baldintza hauek betetzen badituzte:

-2008-2009 ikasturterako beste zerbitzu eginkizunik onarturik ez izatea.

Beste zerbitzu eginkizunik edukiz gero, arau hauetako 4. puntuan xedatutakoa izanen da kontuan.

-Behin betiko edo behin-behineko destinoa ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetan izatea. Jatorrizko destinoa beste hezkuntza administrazio batekoa bada, eskaturiko zerbitzu eginkizuna emateko ezinbesteko baldintza izanen da jatorrizko administrazioaren adostasun txostena izatea, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak eskatuko duena.

2.-Giza Baliabideen Zerbitzuak salbuespen gisa honako kasuotan bakarrik ematen ahalko ditu zerbitzu eginkizunetan aritzeko baimenak:

a) Antolaketako arrazoiak:

Administrazioaren interesagatik honako arrazoi hauek direla medio ematen ahal dira zerbitzu eginkizunak:

1. Zerbitzu eginkizunak, Hezkuntza Departamentuko programa jakin batean aholkulari edo parte-hartzaile izateko.

2. Zerbitzu eginkizunak, ikastetxe batean programa jakin batean irakasle gisa parte hartzeko.

3. Zerbitzu eginkizunak, zuzendari eta zuzendaritza taldeko kide izendatua izanik ikastetxe batean irakasle jarduteko.

4. Zerbitzu eginkizunak, toki entitate bateko kide izanik ikastetxe batean irakasle jarduteko.

5. Zerbitzu eginkizunak, ikastetxe batean ikasketak berregituratzearen ondorioz.

Atal honetan aurreikusi diren zerbitzu eginkizunetarako baimenak emateko, ezinbestekoa izanen da kasuan kasuko zerbitzuaren proposamen arrazoitua. Proposamen hori Giza Baliabideen Zerbitzura igorri beharko da 2008ko martxoaren 31 baino lehen.

Zerbitzu eginkizunetarako baimena zuzendaritza karguren bat betetzeko eskatzen denean, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak eginen du aurreko lerroaldean aipatzen den proposamena.

b) Eskaera egin duen funtzionarioaren osasun egoera.

Osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunetarako baimena emateko laneko arriskuei aurrea hartzeko araudiari jarraituko zaio

Zerbitzu eginkizunetarako baimen hori eskatzen duten funtzionarioek medikuaren agiri eguneratua erantsi beharko diote eskabideari, baimena zein egoeragatik eskatzen den azaltzeko. Medikuaren agiria gutun-azal itxian aurkeztuko da.

Gero, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko fakultatiboek peritazioa egin eta txostena igorriko diote Ebaluazio Batzordeari, eskatu diren zerbitzu eginkizunei buruzko ebazpena eman dezan.

c) Zerbitzu eginkizun gurutzatuak: organikoki eta funtzionalki Hezkuntza Departamentuaren mende dauden funtzionarioentzat bakar-bakarrik, baldin eta urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian destinoen trukerako ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte.

Destinoa eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren lortzen bada, zilegi izanen da era honetako zerbitzu eginkizunak eskatzea 2008-2009 ikasturterako destinoa esleitu eta gero.

Kasuan kasuko ikastetxeko zuzendariaren oniritzia beharko dute eskabideek.

d) Aparteko gorabeherak.

Eskatzailearen ezkontidearen, aurrekoen edo ondorengoen eritasun larriagatik eta funtzionarioaren destinoko herrian eri hori behar bezala zaintzerik ez denean.

Gorabehera hori frogatzen duten egiaztagiri mediko gaurkotuak alde batera utzi gabe, eskatzaileak bi ziurtagiri ekarri beharko ditu: bata, zerbitzu eginkizunetarako baimena zein herritan eskatu, eria hartan bizi dela frogatzen duena, eta bestea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek emandakoa, eria eskatzaileak zaindu behar duela frogatzen duena.

Eskabidean alegatutako datuak faltsuak badira, eman den zerbitzu eginkizunetarako baimena deuseztatu eginen da, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

Honako d) atal honetan zerbitzu eginkizunetarako destinoa bi ikasturtekoa izanen da gehienez, interesdunek agiri bidez frogatzen dituzten aparteko egoerak alde batera utzi gabe, jarraibide hauen 5. puntuan aipatzen den batzordeak aztertuko baititu, hala egin behar denean.

b), c) eta d) ataletan aurrez ikusitako arrazoiak direla-eta, zerbitzu eginkizunetan aritzeko baimena eskatzen ahalko dute bakar-bakarrik organikoki eta funtzionalki Hezkuntza Departamentuaren mende dauden funtzionarioek.

e) Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 19an emandako 475/2007 Ebazpeneko eranskinaren V.2.e) atalaren bidez onartutako zerbitzu eginkizunen arabera, 2007-2008 ikasturtean Nafarroan zerbitzuak eman dituzten beste hezkuntza administrazio batzuen mendeko funtzionarioentzat bakar-bakarrik.

Beste hezkuntza administrazio batzuetako funtzionarioek, 2007-2008 ikasturtean hezkuntza administrazio honen zerbitzuan aritu badira, atal honen bidez beste zerbitzu eginkizun bat eskatzen ahalko dute 2008-2009 ikasturterako.

Funtzionario horiek, halaber, Nafarroan zerbitzuak ematen segitzeko arrazoiak zein diren adierazi beharko dute, eta behar bezala frogatu.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 19an emandako 475/2007 Ebazpeneko eranskinaren V.2.e) atalean ezarritakoari jarraikiz, e) atal honen bidez ematen diren zerbitzu eginkizunak ezin izanen dira hurrengo ikasturtean berritu.

Irakaskuntzako lanpostuetan jarduteko asmotan diren prestakuntzarako zerbitzu berezietako langileek ez dituzte beren destinoak hautatuko harik eta zerbitzu eginkizunak emateagatik beste hezkuntza administrazioetatik heldu diren parte-hartzaileek beren destinoak hautatzen dituzten arte.

3.-Atal honetako 5. puntuan aipatutako Batzordeak erabakiko du, kasu bakoitza aztertuta, osasun arrazoiengatik edo aparteko egoerengatik onartzen diren zerbitzu eginkizunetarako destinoa, edo bestela, destinoa eginen den jendaurreko ekitaldi batean hautatzea finkatuko du.

4.-Eskabideak.

Zerbitzu eginkizunetarako baimenak eskuratzeko eskabideak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan aurkeztu beharko dira, jarraibide hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean, jarraibide hauen III. eranskin gisa ematen den ereduaren arabera.

Epez kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira baloratuko.

Interesdunek beren eskaerari uko egiten ahalko diote eskabideak aurkezteko epean. Hori deusetan galarazi gabe, zerbitzu eginkizunetan beste lanpostu bat betetzeko hautatzen diren funtzionarioek epe horretatik kanpo egiten dituzten ukoak ere onartuko dira.

5.-Hautapen Batzordea.

Eskaerak ebatziko dira kide hauek osatuko duten batzordearen proposamena ikusi ondoren:

Batzordeburua: Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia.

Batzordekidea: Hezkuntzako ikuskatzaile tekniko bat.

Batzordekidea: Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako funtzionario bat.

Batzordekideak: Irakaskuntza ez-unibertsitarioko langileen batzorderako azken hauteskundeetan boto gehien lortu duten sindikatuetako hiru ordezkari.

Idazkaria: Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat.

Batzordeak aholkulari espezialistak ekartzea proposatzen ahalko du, beren eskumeneko arloen balorazioa egin dezaten, bereziki d) atalean aipatzen diren zerbitzu eginkizunak emateko. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu aholkulari horiek.

6.-Atal honetako 5. puntuan aipatzen den Batzordeak hartutako erabakiak, eskatzen diren zerbitzu eginkizunen ingurukoak, jendaurrean jarriko dira Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian: www.pnte.cfnavarra.es. Zerbitzu eginkizunen behin-behineko zerrendaren kontra interesdunek zilegi izanen dute, hiru eguneko epean, erreklamazioak aurkeztea eta eman zaizkien zerbitzu eginkizunei uko egitea. Erreklamazioak ebatzita, emandako zerbitzu eginkizunen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

7.-Zerbitzu eginkizunak ikastetxe zehatz baterako emateko ezinbestekoa izanen da ikastetxe horretan kasuan kasuko espezialitate eta hizkuntzako lanpostu hutsen bat izatea, 2008-2009 ikasturterako hezkuntza plagintzaren arabera aurreikusitako beharrak zein diren zehaztu eta gero.

V.-Esleitutako destinoak argitara ematea.

Jarraibide hauetako I., II., III. eta IV. ataletan aipatzen diren funtzionarioei esleitutako destinoak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez, 2008-2009 ikasturterako destinoak esleitzeko jendaurreko ekitaldiak egin ondoren. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ebazpen horrek interesdunei banan-banan egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du.

VI.-Lanpostuak betetzeko baldintzak.

A.-Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioak.

Maisu-maistrek behin-behineko lanpostuak aukeratzen ahalko dituzte baldin eta behar duten gaikuntzaren jabe badira.

Haur Hezkuntza eta Gorputz Hezkuntza espezialitateetan karrerako funtzionario gisa bi ikasturteko esperientzia frogatu dutela-eta 2007-2008 ikasturtean lanpostu batean diharduten behin-behineko funtzionarioek edo zerbitzu eginkizunetan daudenek destino berria aukeratzen ahal dute egoera hori alegatuz. Horretarako, jarraibide hauen I. eranskineko ereduaren araberako adierazpena bete beharko dute. Giza Baliabideen Zerbitzuak egiaztatuko du adierazpen hori, eta horren berri emanen dio irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasleen batzordeari.

Kasuan kasuko gaikuntza daukaten maisu-maistrek lehentasuna izanen dute gaiturik dauden espezialitateko lanpostuak aukeratzerakoan, gaikuntzarik izan gabe aurreko lerroaldean adierazitako esperientzia frogatzen dutenen aldean.

Haur Hezkuntza:

Gaikuntza, Eskolaurrean.

Lehen Hezkuntza:

Gaikuntza, hasierako eta erdiko zikloetan

Ingelesa:

Gaikuntza, Filologian, Gaztelania eta Ingelesa

Frantsesa:

Gaikuntza, Filologian, Gaztelania eta Frantsesa

Euskara:

Gaikuntza, Euskaran (Nafarroa)

Musika:

Gaikuntza, Musika Hezkuntzan

Gorputz hezkuntza:

Gaikuntza, Gorputz Hezkuntzan

Pedagogia Terapeutikoa:

Gaikuntza, Hezkuntza Berezian (Pedagogia Terapeutikoa)

Entzumena eta Hizkuntza:

Gaikuntza, Hezkuntza Bereziko Entzumenean eta Hizkuntzan.

Euskara:

Gaikuntza, Euskaran (Nafarroa)

Gaztelania:

Gaikuntza, Filologian, Gaztelania; Filologian, Gaztelania eta Ingelesa, edo Filologian, Gaztelania eta Frantsesa.

Ingelesa:

Gaikuntza, Filologian, Gaztelania eta Ingelesa

Frantsesa:

Gaikuntza, Filologian, Gaztelania eta Frantsesa

Matematika:

Gaikuntza, Matematikan eta Natur Zientzietan

Natur Zientziak:

Gaikuntza, Matematikan eta Natur Zientzietan

Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia:

Gaikuntza, Gizarte Zientzietan

Gorputz Hezkuntza:

Gaikuntza, Gorputz Hezkuntzan

Musika:

Gaikuntza, Musika Hezkuntzan

Pedagogia Terapeutikoa:

Gaikuntza, Hezkuntza Berezian (Pedagogia Terapeutikoa)

DBHko lehen bi kurtsoetako lanpostuak eskuratzen ahalko dituzte, bakar-bakarrik, behin betiko destinoa DBHko lehen bi kurtsoetan izan arren irakastordu nahikoa ez izateagatik lekuz aldatu dituzten maisu-maistrek, bai eta, gaikuntza izanik, DBHko lehen bi kurtsoetan Pedagogia Terapeutikoko lanpostuak lortu nahi dituzten maisu-maistrek ere.

Euskaraz irakasteko lanpostuak aukeratu ahal izateko, EGA agiria edo baliokidea eduki beharko da.

B.-Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasle eta Tailer Maisuen eta Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioak.

Lanpostua aukeratzeko, kasuan kasuko espezialitateko titularra izan beharko da, azaroaren 29ko 1701/1991 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, salbu eta espezialitate horretan lanpostu hutsik ez bada, kasu horretan beste lanpostu bat esleitzen ahalko baitzaie, kasuan kasuko espezialitateko titular diren irakasleei lehentasuna bermatuz destinoa aukeratzerakoan, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen irizpideen arabera, irakastordu nahikoa ez izateagatik lekuz aldarazitako irakasleak destinoko herritik ez aldatzeko.

Aurrekoa galarazi gabe, Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioek aukera izanen dute ondoren aipatzen diren lanpostuak hartzeko, haietariko bakoitzerako espezialitate hauetakoren baten jabe edo titular badira:

a) Esparru zientifiko-teknikoko lanpostuak.

Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioek esparru zientifiko-teknikoko lanpostuak hartzeko aukera izanen dute, espezialitate hauetariko baten titular badira:

-Matematika

-Fisika eta Kimika

-Biologia eta Geologia

b) Esparru sozio-linguistikoko lanpostuak.

Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioek esparru sozio-linguistikoko lanpostuak hartzeko aukera izanen dute, espezialitate hauetariko baten titular badira:

-Geografia eta Historia

-Gaztelania eta Literatura

-Grekoa

-Latina

-Filosofia

-Atzerriko Hizkuntza (Ingelesa/Frantsesa)

-Euskal Hizkuntza eta Literatura

Aurreko ataletan aipatzen diren lanpostuak eskatu nahi dituzten Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioek horren berri eman beharko diote Giza Baliabideen Zerbitzuari 2008ko martxoaren 31 baino lehenago, dagokien zerrendan sar ditzaten. Horretarako, II. eranskineko ereduari jarraituz bete beharko dute eskabidea.

Eskabidea aurkeztu arren, ez zaio uko egiten nork bere kidego eta espezialitateko lanpostua aukeratzeari, baina, hautaketa egunean lanpostu horietako bat aukeratzen bada, ezin izanen da norberaren kidego eta espezialitateko beste lanpostu bat aukeratu.

Euskaraz irakasteko lanpostuak aukeratu ahal izateko, EGA agiria edo baliokidea eduki beharko da.

2008-2009 ikasturterako lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura.

Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle ez-unibertsitarioek lanaldiaren heren bat edo erdia murrizteko eskaera egiten ahalko dute, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuan ageri diren kasuetakoren batean baldin badaude eta dekretu horretako baldintzak betetzen baldin badituzte.

Organikoki eta funtzionalki Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionario ez-unibertsitarioek, baldin eta lanaldi murrizketa eskatu nahi badute edo lehendik duten baimena 2008-2009 ikarturtera luzatu nahi badute, Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinarazi behar diote 2008ko apirilaren 20a baino lehen.

Destinoa data horren ondotik aldatzen dutenek hiru egun balioduneko epea izanen dute, destinoa aldatu eta biharamunetik hasita, lanaldi murrizketa edo murrizketaren luzapena eskatzeko.

Halaber, lanaldi murrizketa edo murrizketaren luzapena eskatzen ahalko da hiru egun balioduneko epean, 2008-2009 ikasturterako destinoak esleitzeko jendaurreko ekitaldia egin eta biharamunetik hasita.

Lanaldi murrizketa edo murrizketaren luzapena eskatzeko, jarraibide hauen IV. eranskineko ereduaren araberako eskabidea bete beharko da.

Interesdunek beren eskaerari uko egiten ahalko diote eskabideak aurkezteko epean.

Epe horretan eskatzen diren lanaldi murrizketak 2008ko irailaren 1etik 2009ko abuztuaren 31ra bitartekoak izanen dira, murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen ez bada behintzat.

Lanaldi murrizketak arau honetan ezarritako epeetatik kanpo aurkezten badira, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Giza Baliabideen Zerbitzuak ebatziko ditu, 2008ko urritik aurrera, 2008-2009 ikasturterako hezkuntza plangintzaren arabera ikastetxeetako langile beharrak bete eta gero. Murrizketaren xede den lanaldi zatirako behar diren langileak lortzen diren egunetik aurrera soilik hasten ahalko dira lanaldi murrizketak, eta langileek beren lanpostuan egon beharko dute murrizketarako baimena eman zaiela jakinarazi arte.

Aurreko atalean adierazitako lanaldi murrizketak 2008-2009 ikasturtea bukatu arte emanen dira beti, murrizketaren arrazoia epe laburragoan bukatzen ez bada behintzat.

2008-2009 ikasturterako destinoko ikastetxea zein den adierazi beharko da eskabidean.

I. ERANSKINA

Lanpostuak betetzeko gaitasuna aitortzea

...........................jaunak/andreak, ............................ Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioa denak,

Adierazten du ondoko espezialitateko lanpostu bat betetzen ari dela:

f Haur Hezkuntza.

f Gorputz Hezkuntza.

2007-2008 ikasturtean.

..........., ..........................(e)n, 2008ko............aren ........(e)an.

(Sinadura)

GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

II. ERANSKINA

Lanpostu eskaera

........................... jaunak/andreak, ..................... Irakasleen Kidegoko funtzionarioak, ................ espezialitateko titular izanik.

Eskatzen du:

............................. espezialitateari dagokion zerrendan, .............. hizkuntzan (gaztelania/euskara), sar dezatela.

................, ..........................(e)n, 2008ko............aren ........(e)an.

(Sinadura)

GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

III. ERANSKINA

2008-2009 ikasturtean zerbitzu eginkizunetan aritzeko eskaera

Deiturak:

Izena:

NANa: ....................................... LEZ:

Kidegoa: ....................................... Espezialitatea:

Hizkuntza modalitatea:

Destinoa (adierazi behar dena):

f Behin-behinekoa

f Behin betikoa

Destinoko ikastetxea: ............................ Herria:

Ikasturte honetan Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean zerbitzu eginkizunetan arituz gero, ondokoak adierazi:

Destinoko ikastetxea: ............................ Herria:

Emandako zerbitzu eginkizunen mota: (bidezkoa dena adierazi)

b f Eskaera egin duen funtzionarioaren osasun egoera.

c f Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

d f Aparteko gorabeherak.

e f 2007-2008 ikasturtean Nafarroan zerbitzuak eman dituzten beste hezkuntza administrazio batzuen mendeko funtzionarioak.

Eskatzen du:

Zerbitzu eginkizunak, arrazoi honengatik: (bidezkoa dena adierazi)

b f Eskaera egin duen funtzionarioaren osasun egoera.

c f Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

d f Aparteko gorabeherak.

e f 2007-2008 ikasturtean Nafarroan zerbitzuak eman dituzten beste hezkuntza administrazio batzuen mendeko funtzionarioak.

..............(e)n, 2008ko ..........aren ....(e)an

(Sinadura, ezinbestekoa)

GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

IV. ERANSKINA

Lanaldi murrizketarako eskaera

-Funtzionarioaren datu pertsonalak.

Deiturak eta izena: ................................................ NANa:

Telefonoa: ................................. Posta kodea:

-Lanpostuaren datuak.

Lanpostua: ................... Espezialitatea:

Kidegoa edo eskala: ...................... Hizk. modalitatea:

2008-2009 ikasturteko destinoa: ....................... Herria:

Telefonoa: .................................. Posta kodea:

2008-2009 ikasturterako honako hau eskatzen du:

Lanaldi murrizketa:

f 12 urtetik beherako haurraren legezko zaintzarako.

f Legez onarturiko ezgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenekoa duen norbait zaintzeko.

f Ezkontidearen edo bizikidearen, edo odol nahiz ezkontza bidezko lehen graduko ahaideen ezintasun kasuetan. Era berean, funtzionarioak adineko gaixo kroniko edo ezgai batekin bizi eta hura zaindu behar badu, odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidea bada.

f 1/3 edo f 1/2 (bidezkoa dena adierazi)

Lanaldi murrizketa:

(Zerbitzu beharren araberakoa):

f 12 urtetik 16 urtera bitarteko haurraren legezko zaintzarako.

f 55 urteko edo hortik gorako langilea.

f Lanerako aldi baterako ezintasuna edo iraunkorra sor ez dezakeen eritasuna duen langilea.

f Langilearen interes partikularragatik, baimena emateak ez badu zailtasunik sortzen zerbitzuen funtzionamenduan.

f 1/3 edo f 1/2 (bidezkoa dena adierazi)

.........................(e)n, 2008ko ..........aren ...........(e)an

(Sinadura)

GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

Oharra: Eranskin honetan aipatzen diren lanaldi murrizketek ordainsariak eta kotizazio sozialak murriztea ekarriko dute, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F0803191