31. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Iruñeko gazteendako euskarazko XVIII. literatur lehiaketa. 2008. urtea

Iruñeko Udalak Iruñeko gazteendako Literatur Lehiaketa deitu du, norgehiagokako araubidean, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an egindako Osoko Bilkuran hasiera batez onetsi baitzuen. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zenbakian.

1.-Xedea.

Lehiaketa honen xedea gazteek egindako literatur lanik hoberenak saritzea da.

Egileek lan bana aurkezten ahalko dute, modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute, eta euskaraz idatziak beharko dute izan, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak.

2.-Sariaren modalitatea.

Hona, modalitateak: Poesia eta Narrazio laburra.

Idazlanek ondoko luzera izanen dute:

Poesia: 14 bertso, gutxienez, eta 40, gehienez.

Narrazio laburra: 2 orri, gutxienez, eta 5, gehienez, betiere tarte bikoitza utzirik eta alde batetik bakarrik mekanografiaturik.

3.-Diru zuzkidura.

Deialdi honi gehienez ere 2.100 euro esleituko zaio, sarietarako esleitu ere, Udalaren Aurrekontuko 5045140/480000 kontusailaren kargura.

Ondoko sariak ezarri dira, modalitate bakoitzeko, betiere 2. puntuarekin bat:

Lehen saria: 470 euro eta oroit-plaka.

Bigarren saria: 235 euro eta oroit-plaka.

Hirugarren saria: 155 euro eta oroit-plaka.

Halaber, epaimahaiak oroit-plaka eta 95 euro saritzat dituzten bina akzesit ematea proposatu ahal izanen du, modalitate eta hizkuntza bakoitzeko. Orobat, epaimahaiak eman gabe utzi ahal izanen ditu aurreikusitako sari guztiak edo horietako batzuk.

Sariei esleitutako diru-kopuruei dagokien atxikipena aplikatuko zaie, PFEZ dela medio.

Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

4.-Izangaien betekizunak.

Bizitokia edo ikastetxea Iruñean duten gazteek hartzen ahal dute parte lehiaketa honetan, baldin eta 14 eta 18 urte bitartekoak badira, eta, betiere adin hori 2008ko abenduaren 31n baino lehen badute.

Saridunei ez zaizkie aplikagarri izanen Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2 artikuluak ezarritako debekuak.

5.-Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non.

Lanak Gaztediaren Etxeko Gazteendako Argibide Bulegoan (Zangoza kalea, 30) aurkeztuko dira.

-Lan bakoitzeko 5 kopia aurkeztuko dira, gutunazal hertsi baten barruan, izenorde batez sinaturik eta kopia bakoitzean lehiakidearen adina adierazita. Gutunazalaren kanpoko aldean, ondoko testua idatziko dute:

Iruñero Gazteendako Literatur Lehiaketa

Modalitatea: ..........................

Lanaren izenburua: ...........................

Egilearen ikurritza edo ezizena: ........................

Egilearen adina: ...................

-Gutunazal horren barnean, beste gutunazal bat sartuko da, itxita; horren kanpo aldean egilearen izenordea idatziko da, eta barne aldean orri bat sartuko, non egilearen ondoko datuak adieraziko baitira: izena eta bi abizen, helbidea, telefonoa eta ikastetxea.

Lanak aurkezteko mugaeguna maiatzaren 4a izanen da, epea luzaezina delarik.

6.-Epaimahaia.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatuko du, eta ondoko pertsonek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Iruñeko Udaleko Kultura eta Turismo zinegotzi delegatua edo horrek eskuordetuko duen zinegotzia.

Epaimahaikideak:

-Hizkuntza eta Literaturako bi irakasle, Iruñeko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek proposaturik.

-Literaturako aditu bat, Kultura eta Turismo zinegotzi delegatuak izendatua.

-Udaleko Euskara koordinatzailea.

Idazkaria: Kultura eta Turismo Alorreko zinegotziak izendatuko du, Alorreko administrarien artean.

Sariak, Epaimahaiak hala erabakitzen badu, ex aequo eman ahalko zaizkie hainbat lani, halako eran non saria egile horien artean hainbanatuko baita.

Epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari aurkeztuko dio, horren gainean ebatz dezan.

7.-Ebatzi eta jakinarazteko epea, eta argitaratzea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izanen da. Epea iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Sariak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Sariak emateko ebazpena Udaleko iragarki-taulan argitaratu behar da.

Saritu gabeko lanak Gaztediaren Etxeko Gazteentzako Argibide Bulegotik erretiratu ahalko dira (Zangoza kalea, 30), 2008ko abenduaren 31ra arte. Egun horren ostean jaso gabe utzitako lanak nahi duen moduan erabili ahal izango ditu Iruñeko Udalak, eta jaso gabe utzi dituztenek ezin izanen dute haien gainean inolako erreklamaziorik aurkeztu.

Iruñeko Udalak, saria ordainduta, lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu egilearengandik, beretako bakarrik eta mundu mailan; orobat, lan horiek erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana gaur ezaguna den edo geroan asma daitekeen beste edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, hau da, lana edozein euskarri edo formatotan erreproduzitzekoa, eta horien artean bereziki, hala liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizko batean egitekoa nola lana banatzeko eta jendaurrean paratzeko eskubideak, mundu osoko merkatuetan ustiatze aldera. Eskubide horien artean berariaz daude sarturik hala lanak on-line eran igorri eta ematea nola internet bezalako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea.

Lehiaketa honetan parte-hartzeak berekin dakar oinarri hauek erabat onartzea, bai eta Iruñeko Udalaren erabakiak ere, oinarriok interpretatzean sor liteken edozein zalantzaren aurrean.

8.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2008ko otsailaren 20an.-Paz Prieto Sáenz de Tejada, Kultura eta Turismo zinegotzi delegatua.

Iragarkiaren kodea: L0803136