31. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

FUSTIÑANA

Udalaren Ludotekaren funtzionamenduaren Erregelamendua. Hasierako onespena

Fustiñanako Udalak, 2007ko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udalaren Ludotekaren funtzionamenduaren Erregelamendua (2008ko 2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, urtarrilaren 4an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Fustiñanan, 2008ko otsailaren 11an.-Alkatea, Juan Antonio Sola Pradilla.

FUSTIÑANAKO UDAL LUDOTEKAREN FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

1. Xedea:

Fustiñanako udal ludotekaren funtzionamenduaren arauak ezartzea du xede erregelamendu honek.

2. Zerbitzuaren deskripzioa:

Haurrak eta nerabeak jostatzeko tokia da ludoteka, eta helburua haur eta gazteen parte hartzea bultzatzea da, aisia eta astialdiko aukerak ematea, haur eta nerabeen garapen integralean lagunduko duten balore, jarrera eta portaerak jostetaren bidez bultzatzea eta hainbat lantegi eta jarduera egitea, baita helduak helburu horietan arduratzea ere.

3. Jarduerak:

Ludotekaren programan sartutako jarduerak modulu hauetan banatu dira:

a) Jolasak.

b) Tailerrak.

c) Emanaldiak.

d) Ateraldiak edo txangoak.

e) Ipuin kontalariak.

4. Norentzat.

Ikasturte hasieran 5-13 urte izan edo egiten dituzten haurren guraso edo tutoreek badute aukera haiek ludotekan inskribatu eta parte hartzeko eskaera egiteko.

5. Egutegia eta funtzionamenduaren ordutegia.

Ludotekaren funtzionamenduaren egutegiaren barnean hau sartzen da:

Funtzionamenduko hilabeteak ezartzea.

Hona zehaztuta funtzionamendu orduak:

Udalak, zenbat erabiltzaile inskribatzen diren eta zenbat eskaera dauden ikusita, taldeen osaketa eta funtzionamendu orduak aldatzen ahal ditu.

6. Eskaerak eta haurren onarpena.

Ludotekan parte hartzeko interesa duten haurren guraso edo tutoreek Fustiñanako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dute inskribatu eta matrikulatzeko eskaera, iragarkiak ematen duen epearen barrenean, Udalaren iragarki oholean argitaratuko baita.

Udalak onesten duen ereduari lotuko zaio inskribatu eta matrikulatzeko eskaera.

Matrikula egitearekin konpromisoa hartzen da funtzionamendu aldi osoan parte hartzeko, baita zerbitzua emate aldera onesten diren tasak nahitaez ordaintzeko ere; horrela, matrikula egin ondoren, erabiltzailea agertzen ez bada edo baja hartzen badu ere, haiek ordaindu egin beharko ditu.

Udalak, egin diren matrikulen kopurua ikusita eta zerbitzuaren errentagarritasuna ziurtatzearren, hura ez ematea erabakitzen ahalko du, baina matrikula gisa hartutakoa itzuli beharko du berehala.

7. Epez kanpoko eskabideak.

Ikasturtea hasi ondotik Ludotekan izena eman edo sartzeko, tasak osorik ordaindu beharko dira; hainbanaketa ez da, beraz, posible izanen.

8. Ludotekaren ardura duten langileak.

Ludotekaren ardura duten langileek eginkizun hauek bete beharko dituzte:

1.-Taldeak eta orduak antolatzea.

2.-Materialaren inbentarioa, sailkapena eta katalogazioa.

3.-Zerbitzuari buruzko informazioa eman eta hura bultzatzea.

4.-Jarduera eta programak diseinatu eta garatzea.

5.-Jarduerak planifikatzea.

6.-Jarduerak ebaluatzea.

7.-Banan-banako jarraipena haurrei edo nerabeei.

8.-Arreta eta orientazioa gurasoei edo tutoreei.

9.-Informazioa eta koordinazioa Gizarte Ongizatearen zinegotzigoarekin.

Eginkizunak betetzean, helburu hauek landu beharko dituzte ludotekako arduradunek:

a) Pertsona arteko komunikazioa bulkatzea.

b) Parte hartzera eta elkarteak sortzera bultzatzea.

c) Sormena bultzatzea.

d) Gizarte integrazioa, elkartasuna eta dibertsitatearen aldeko begirunea sustatzea.

e) Hezkuntza premia bereziak detektatzea.

f) Naturaren eta ingurumenaren aldeko begirunea sustatzea

9. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

Erabiltzaileek eskubidea dute ludotekan egiten diren jardueretan parte hartzeko eta instalazioak eta materiala baliatzeko besteek bezala.

Gurasoek edo tutoreek informazioa eskatzen ahal dute ludotekan egiten diren edo egin gogo diren jarduera eta programei buruz.

Guraso edo tutoreek nahiz erabiltzaileek erreklamazioak eta oharrak egiten ahal dizkiete kudeaketaz arduratzen diren langileei eta Cascanteko Udalari.

Erabiltzaileak behartuta daude ludotekako instalazioak eta materiala behar bezala baliatzera.

Behar bezalako begirunea erakutsi beharko dute beste erabiltzaileekin eta zerbitzuko arduradunekin.

Zerbitzuko arduradunak emandako aginduak eta oharrak bete beharko dituzte instalazioak eta materiala erabiltzeko orduan eta programatutako jarduerak burutzerakoan.

Gurasoak edo tutoreak behartuta daude Cascanteko Udalak zerbitzua emateko onartzen dituen tasak ordaintzera.

10.-Arau-hausteak.

Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da.

-Arau-hauste arintzat hartzen da:

a) Instalazioak eta materiala behar adinako arretaz ez erabiltzea.

b) Zerbitzu arduradunek emandako ohar eta aginduei kasu ez egitea.

Arau-hauste larriak dira:

a) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

b) Behar adinako begirunea ez agertzea beste erabiltzaileekin.

c) Behar adinako begirunea ez agertzea zerbitzuko arduradunekin.

d) Ludotekako instalazioetan edo materialean, nahita, kalte egitea.

e) Ordena haustea eta programatutako jarduerak behar bezala egin daitezen galaraztea.

Arau-hauste oso larriak dira:

Arau-hauste larriak behin eta berriro egitea.

11. Zehapenak.

Ludotekatik astebetez kanporatuta zehatuko dira arau-hauste arinak.

Ludotekatik hilabetez kanporatuta zehatuko dira arau-hauste larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostuaren adinako isuna jarrita.

Ludotekatik behin betikoz kanporatuta zehatuko dira arau-hauste oso larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostua halako biko isuna jarrita.

Iragarkiaren kodea: L0802695