31. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

10/2008 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei lur gaineko aparkalekuak egin edo zaharberritzeko diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onesten duena.

Nafarroako toki entitateek gaitasun aski dute herritarren behar eta nahiak asetzeko lanetan egoki jarduteko. Herritarren eta bisitarien alferrikako joan-etorriak murrizteko asmoz har ditzaketen neurrietako bat lur gaineko aparkalekuak egitea da.

Laguntza hauen helburua, funtsean, arlo horretan Nafarroako toki entitateek burutzen dituzten jarduketak finantzatzen laguntzea da, toki entitateen merkataritza eta kultur jarduera dinamizatzen laguntzeko, izan ere, horrek herritar guztien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko baitu.

Horrenbestez, Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 121/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei lur gaineko aparkalekuak egin edo zaharberritzeko diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia eta hari dagozkion arauak onestea. Arauak foru agindu honen eranskinean daude.

2. 1.273.550 euroko gastua baimentzea 2008ko aurrekontuko "Lur gaineko aparkalekuak" izeneko 211003 21300 7609 261603 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

4. Foru agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Toki Administrazioko Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Toki Azpiegituren Zerbitzura igortzea.

Iruñean, 2006ko otsailaren 19an.-Toki Administrazioko kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

ERANSKINA

Nafarroako toki entitateei lur gaineko aparkalekuak eraiki edo zaharberritzeko laguntzak emateko deialdia

1.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea ehuneko ehunean udalarenak diren lurretan lur gaineko aparkalekuak eraiki edo zaharberritzeko Nafarroako toki entitateei emanen zaizkien diru-laguntzak jasotzeko betebeharrak eta baldintzak arautzea da.

Aparkalekuak beste instalazio batzuk izan ditzake, baina hauexek dira ezinbestean bete beharreko baldintzak: esparru mugatu bat izatea, lur-azalera zabor-legar artifizial trinkotukoa izatea, zirkulazio-bideek zoladura zurruna edo malgua izatea eta informazio seinaleak paratzea.

2.-Onuradunak.

Diru-laguntza hauek eska ditzakete 2008. urtean lehen aipatutako lanetako bat egiten duten Nafarroako toki entitateek.

3.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Diru-laguntza, gehienez, inbertsioaren ehuneko berrogeita hamar adinakoa izanen da (%50), muga hauek gainditu gabe: 600 euro ibilgailu arinen aparkatoki bakoitzeko, eta 3.000 euro ibilgailu astunen aparkatoki bakoitzeko.

3.2. Ibilgailu arinen kasuan (ibilgailu astun bat = 5 ibilgailu arin), toki entitate bakoitzari honenbeste ibilgailu arinen aparkatokientzako laguntza eman ahalko zaio:

-5.000 biztanleko edo hortik beherako toki entitatea: 20 aparkatoki.

-5.000 biztanletik gorako baina 15.000 biztanletik beherako toki entitatea: 80 aparkatoki.

-15.000 biztanleko edo hortik gorako toki entitatea: 250 aparkatoki.

4.-Diru-laguntzaren finantzaketa.

Jarduketa hauek burutzeko guztirako aurrekontua 1.273.550 eurokoa da eta 2008ko gastuen aurrekontuan dagokion kontusailaren kargura finantzatuko da. Diru-kopuru hori ondoko biztanle-tarte hauen arabera banatuko da:

a) 5.000 biztanleko edo hortik beherako entitateak: 116.000 euro

b) 5.000 biztanletik gorako baina 15.000 biztanletik beherako entitateak: 590.000 euro

c) 15.000 biztanleko edo hortik gorako toki entitateak: 567.550 euro

Jarduketa mota bakoitzari dagozkion ataletan, lehen aipatutako biztanle-tarte bakoitzerako bideratutako diru guztia erabiltzen ez bada eskaera aski izan ez direlako, soberakina diru aski izan ez duten beste biztanle-tarteetako entitateentzat bideratuko da eta tarte bakoitzari hasieran esleitutako diruaren arabera banatuko da.

Deialdi honetara aurkeztutako eskaerak atenditu ondoren, dirurik gelditzen bada, foru agindu bidez onetsitako deialdi hauetara bideratuko da: batetik, oztopo fisikoak eta zentzumenezkoak kendu eta seinaleak jartzeko diru-laguntzen deialdia, eta bestetik, titulartasun publikoko erabilera kolektiboko atez kanpoko igeri-ontziak eta haien instalazioak egokitzeko diru-laguntzen deialdia, eta kasuan-horietan gabe gelditu diren eskaeren arabera banatuko da.

5.-Laguntzak emateko irizpideak.

Deialdi hau argitaratzean indarra duten populazio datu ofizialen arabera ordenatuko dira eskaerak, biztanle gehienekotik gutxienekora.

Diru-laguntza emanen da aurkezten den balorazio memorian edo obraren exekuzio proiektuan adierazten den aurrekontuan oinarrituta, edo hura esleitzeko prezioan, txikiagoa bada. Beraz, ez dira finantzatuko hasieran aurkeztutako aurrekontuetan egiten diren handipenak.

6.-Eskaeren aurkezpena eta ekarri beharreko agiriak.

6.1. Diru-laguntzen eskaerak eta dokumentazioa deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko dira Toki Administrazioko Erregistroan zuzenean (Arrieta kalea, 12, 31002, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bideetako edozein erabiliz.

6.2. Eskabideei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Egin nahi diren jarduketen gaineko memoria, balorazio arrekontua kontzeptuz kontzeptu eta profesionalen zerbitzu-sariak adierazita.

b) Jarduketen kokapen-planoak.

c) Toki entitateko idazkariak izenpeturiko ziurtagiria, non adieraziko baita jarduketak hasi gabe daudela eta jarduketa kokatuko den lurra udalaren dela oso-osorik.

6.3. Agiri horiek jatorrizkoak edo administrazio bidez kautoturiko kopiak izan beharko dute.

6.4. Adierazitako agirien aurkezpenean akatsik atzematen bada edo agiriak osorik ez badaude, toki entitateari eskatuko zaio akatsa 10 egun balioduneko epean zuzen dezala. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, ulertuko dela bere eskaera bertan behera utzi duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

7.-Instrukzioa.

Diru-laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Toki Azpiegituren Zerbitzua izanen da.

8.-Ebazpena.

8.1. Toki Administrazioko kontseilariari dagokio eskaeren gainean ebaztea, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez badu, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da.

8.2. Eskaeren gaineko ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan ondoko datuak adieraziko dira: onuradunak, emandako diru-kopuruak, diru-laguntzaren helburuak eta, hala badagokio, zein eskaera ezetsi diren. Eskaeren ordena ere finkatuko da, diru aski baldin badago gero laguntza jasotzeko.

8.3. Diru-laguntzen zenbateko osoa 2008ko gastuen aurrekontuko kontusailean, deialdi honetako 4. arauan aipatzen den horretan, horretarako bideratzen den diruaren araberakoa izanen da.

9.-Diru-laguntzen aldaketa eta bateragarritasuna.

9.1. Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren betebeharrak nola edo hala aldatzeak laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko du.

9.2. Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izanen dira administrazio honek, Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin.

Diru-laguntzen onuradunek bestelako laguntzen berri eman beharko diote Toki Administrazioko Departamentuari eta, betiere, laguntzen zenbateko osoak, bakarka nahiz besteekin batera hartuta, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostu osoa. Kasu horretan, deialdi honen bitartez ematen den diru-laguntza murriztuko da, jasotako laguntzen diru-zenbateko osoa jarduketen benetako kostua baino handiagoa izan ez dadin.

10.-Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

10.1. Hartzen dituzten funtsak beren xederako erabiltzea.

10.2. Diru-laguntzak hartzen dituzten toki entitateek Toki Administrazio Departamentuan aurkeztuta eduki beharko dituzte Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen arabera onetsi eta igorri behar diren azken kontu edo likidazioak.

10.3. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, Toki Azpiegituren Zerbitzuaren bitartez, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Diru-laguntza hartzen duen erakundea beharturik dago ikuskatzailea obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein agiri ematera.

11.-Kontratazioa.

Diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek diruz lagundutako jarduera osoaren exekuzio lanak azpikontratatzen ahalko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarri bezala.

12.-Diru-laguntzaren xedea bete izanaren justifikazioa eta ordainketa.

Diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek 2008ko abenduaren 1a baino lehen bukatu beharko dituzte deialdi honetan aipatzen diren jarduketak. Mugaegun horretarako, diru-laguntza kobratu ahal izateko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, honako kontu hauek adieraziko dituena:

-Obraren lizitazioaren eta esleipenaren prezioa eta laguntza teknikoarena.

-Kontratistaren hautapen prozesuan, Kontratu Publikoei buruzko foru legedian agertzen diren aginduak bete direla.

-Obrak 2008an egin direla eta bukaturik daudela.

-Toki entitateak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko batzuen edo beste entitate publiko edo pribatu batzuen edo partikularren diru-laguntzarik hartu ote duen eta, hartu badu, haien diru-zenbatekoa, bederatzigarren arauan aipatzen diren ondorioetarako.

b) Obren azken likidazioa, neurketa zehatzak emanda.

c) Kontratistaren eta laguntza teknikoaren fakturak.

Aurkeztutako agiriak ikusirik eta deialdi honetako xedeak, prozedura eta epeak bete direla frogatzeko txostenak eta egiaztapenak egin ondoren emanen da diru-laguntza.

13.-Onuradunek betebeharrak ez betetzea.

Deialdi honetan ezarritakoaren formazko ez-betetzeren bat eginez gero, diru-laguntzaren %10 edo gehiago galduko da.

14.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Ematen diren diru-laguntzak Toki Administrazioko webgunean argitaratuko dira (www.cfnavarra.es/info-local), ondokoak adieraziz: deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua eta programa, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

Halaber, Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoaren arabera, deialdi honen onuradunek deialdi honen bitartez kobratzen dituzten diru-laguntzak egokien iruditzen zaizkien hedabideen bidez argitaratuko dituzte.

15.-Ordezko araubidea.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

16.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta haren arauen eta aplikazio egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salara zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F0802878