31. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

9/2008 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei oztopo fisiko eta zentzumenezkoak kentzeko eta hiribideak seinaleztatzeko diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onesten duena.

Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluaren arabera, gizarte politikako printzipio gidarietako bat ezgaitasun fisiko, zentzumenezko eta psikikoak dituzten pertsonen gizarteratzeko beharra da, Konstituzioko I. tituluan herritar guztiei aitortzen zaizkien eskubideak beraiek ere goza ditzaten.

Konstituzioko aurreikuspen hori betetzearren, Oztopo fisiko eta zentzumenezkoak kentzeari buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea onartu zen (1988ko 86. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, uztailaren 15ekoa), gerora 4/1988 Foru Lege hori garatu eta aplikatzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretuaren bidez garatuko zena.

Laguntza hauen helburua, funtsean, arlo horretan Nafarroako toki entitateek burutzen dituzten jarduketak finantzatzen laguntzea da, 4/1988 Foru Legera eta 154/1989 Foru Dekretura egokitzeko, egun dauden oztopo fisikoak kenduta, izan ere, horrek herritar guztien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko baitu.

Horrenbestez, Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 121/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei lur gaineko aparkalekuak egin edo zaharberritzeko diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia eta hari dagozkion arauak onestea. Arauak foru agindu honen eranskinean daude.

2. 3.100.000 euroko gastua baimentzea 2008ko aurrekontuko "Oztopo arkitektonikoak kentzea" izeneko 211003 21300 7609 261602 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

4. Foru agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau igortzea Toki Administrazioko Departamentuko Kontabilitate Zentrora, Toki Azpiegituren Zerbitzura eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentura.

Iruñean, 2008ko otsailaren 19an.-Toki Administrazioko kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

ERANSKINA

Nafarroako toki entitateei oztopo fisiko eta zentzumenezkoak

kentzeko eta hiribideak seinaleztatzeko diru-laguntzak emateko deialdia. Arauak

1.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateendako laguntzak emateko betebeharrak eta baldintzak ezartzea, 2008. urtean honako jarduerak finantzatzeko:

a) Oztopoak kentzea eta hiribideetako sarbideak.

Atal honetan honako jarduera hauek sartuko dira:

-Egokitutako pasaguneak espaloietan.

-Oinezkoen zebra-bide diren galtzada tokietan egindako sakanguneak.

-Sarbideak eta joan-etorriak galarazten dituzten elementuak kentzea.

-Eskubandak eta barandak jartzea.

-Ezintasunak dituzten pertsonendako ibilbideak.

-Oinezkoen pasabideetako semaforoetako egokitzapenak (entzumenezkoak eta ikusmenekoak).

-Oinezkoen pasabideen argiztapena.

b) Igogailuak jarri eta/edo egokitzea.

Atal honetan honako jarduera hauek sartuko dira:

-Hiribideetan desnibelak saihesteko igogailuak jartzea.

-2005-2008 eperako toki azpiegituren planari buruzko urriaren 29ko 12/2004 Foru Legearen 3.7 artikuluan definitutako eremuaren barruko udal eraikinetako sarbideak eta igogailuen egokitzapena.

c) Seinaleak.

Honako jarduerak hartuko dira seinaletzat:

-Trafiko-seinaleak.

-Informazio-seinaleak.

-Turismo arloko seinaleak.

-Lurreko seinaleak. (Pintura).

2.-Onuradunak.

Diru-laguntza hauek eska ditzakete 2008. urtean lehen aipatutako lanetako bat egiten duten Nafarroako toki entitateek.

3.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntza, gehienez, inbertsioaren ehuneko berrogeita hamar adinakoa izanen da (%50), ondorengo taulan zehazten diren gehieneko mugekin:

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA TOKI ENTITATEKO

5.000 biztanle arte 30.000 100.000 3.000

>5.000 <15.000 biz. 100.000 200.000 20.000

- 15.000 biz. 150.000 200.000 100.000

Zenbateko hauek ondoko taulan ezarritako biztanle kopuru tarteen arabera emanen dira:

BIZTANLEEN KOPURUAREN ARABERAKO BANAKETA

BIZTANLE ETA JARDUERA MOTA

5.000 biztanle arte 100.000 300.000 50.000

>5.000 <15.000 biz. 400.000 600.000 250.000

- 15.000 biz. 500.000 600.000 300.000

GUZTIRA 1.000.000 1.500.000 600.000

4.-Diru-laguntzaren finantzaketa.

Jarduketa horiek egiteko aurrekontu osoa 3.100.000 eurokoa da. 2008ko aurrekontuan dagokion kontusailetik finantzatuko dira.

Jarduketa mota bakoitzari dagozkion ataletan, lehen aipatutako biztanle-tarte bakoitzerako bideratutako diru guztia erabiltzen ez bada eskaera aski izan ez direlako, soberakina diru aski izan ez duten beste biztanle-tarteetako entitateentzat bideratuko da eta tarte bakoitzari hasieran esleitutako diruaren arabera banatuko da.

Banaketa egin ondoren dirurik sobratzen bada, gehitu eginen zaie beste jarduerei, hasierako esleipenen arabera.

Deialdi honetara aurkeztutako eskaerak atenditu ondoren, dirurik gelditzen bada, foru agindu bidez onetsitako deialdi hauetara bideratuko da: batetik, lurgaineko aparkalekuak egiteko deialdia, eta bestetik, titulartasun publikoko erabilera kolektiboko atez kanpoko igeri-ontziak eta haien instalazioak egokitzeko diru-laguntzen deialdia, hasierako esleipenen arabera.

5.-Laguntzak emateko irizpideak.

Deialdi hau argitaratzean indarra duten populazio datu ofizialen arabera ordenatuko dira eskaerak, biztanle gehienekotik gutxienekora. Lehenespena inbertsio mota bakoitzerako eta bitanle-tarte bakoitzerako eginen da.

Diru-laguntza emanen da aurkezten den balorazio memorian edo obraren exekuzio proiektuan adierazten den aurrekontuan oinarrituta, edo hura esleitzeko prezioan, txikiagoa bada. Beraz, ez dira finantzatuko hasieran aurkeztutako aurrekontuetan egiten diren handipenak.

6.-Eskabideen aurkezpena eta ekarri beharreko agiriak.

6.1. Diru-laguntzen eskaerak eta dokumentazioa deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko dira Toki Administrazioko Erregistroan zuzenean (Arrieta kalea, 12, 31002, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bideetako edozein erabiliz.

6.2. Eskabideei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Egin nahi diren jarduketen gaineko memoria, balorazio aurrekontua kontzeptuz kontzeptu eta profesionalen zerbitzu-sariak adierazita.

b) Kokapen-planoak, jardueren kokapen zehatza adierazita.

c) Toki entitateko idazkariak izenpetutako ziurtagiria, non adieraziko baita jarduketak hasteke daudela.

6.3. Agiri horiek jatorrizkoak edo administrazio bidez kautoturiko kopiak izan beharko dute.

6.4. Adierazitako agirien aurkezpenean akatsik atzematen bada edo agiriak osorik ez badaude, toki entitateari eskatuko zaio akatsa 10 egun balioduneko epean zuzen dezala. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, ulertuko dela bere eskaera bertan behera utzi duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

7.-Instrukzioa.

Diru-laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Toki Azpiegituren Zerbitzua izanen da.

8.-Ebazpena.

8.1. Toki Administrazioko kontseilariari dagokio eskaeren gainean ebaztea, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez badu, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da.

8.2. Eskaeren gaineko ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan ondoko datuak adieraziko dira: onuradunak, emandako diru-kopuruak, diru-laguntzaren helburuak eta, hala badagokio, zein eskaera ezetsi diren. Eskaeren ordena ere finkatuko da, jarduera bakoitzeko, diru aski baldin badago gero laguntza jasotzeko.

8.3. Diru-laguntzen zenbateko osoa 2008ko gastuen aurrekontuko kontusailean, deialdi honetako 4. arauan aipatzen den horretan, horretarako bideratzen den diruaren araberakoa izanen da.

9.-Diru-laguntzen aldaketa eta bateragarritasuna.

9.1. Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren betebeharrak nola edo hala aldatzeak laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko du.

9.2. Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izanen dira administrazio honek, Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin.

Diru-laguntzen onuradunek bestelako laguntzen berri eman beharko diote Toki Administrazioko Departamentuari eta, betiere, laguntzen zenbateko osoak, bakarka nahiz besteekin batera hartuta, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostu osoa. Kasu horretan, deialdi honen bitartez ematen den diru-laguntza murriztuko da, jasotako laguntzen diru-zenbateko osoa jarduketen benetako kostua baino handiagoa izan ez dadin.

10.-Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

10.1. Hartzen dituzten funtsak beren xederako erabiltzea.

10.2. Diru-laguntzak hartzen dituzten toki entitateek Toki Administrazio Departamentuan aurkeztuta eduki beharko dituzte Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen arabera onetsi eta igorri behar diren azken kontu edo likidazioak.

10.3. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, Toki Azpiegituren Zerbitzuaren bitartez, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Diru-laguntza hartzen duen erakundea beharturik dago ikuskatzailea obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein agiri ematera.

11.-Kontratazioa.

Diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek diruz lagundutako jarduera osoaren exekuzio lanak azpikontratatzen ahalko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarri bezala.

12.-Diru-laguntzaren xedea bete izanaren justifikazioa eta ordainketa.

Diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek 2008ko abenduaren 1a baino lehen bukatu beharko dituzte deialdi honetan aipatzen diren jarduketak. Mugaegun horretarako, diru-laguntza kobratu ahal izateko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, honako kontu hauek adieraziko dituena:

-Obraren lizitazioaren eta esleipenaren prezioa eta, kasua bada, laguntza teknikoarena.

-Kontratistaren edo hornitzaile hautapen prozesuan, Kontratu Publikoei buruzko foru legedian agertzen diren aginduak bete direla.

-Obrak 2008an egin direla eta bukatuta daudela.

-Toki entitateak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko batzuen edo beste entitate publiko edo pribatu batzuen edo partikularren diru-laguntzarik hartu ote duen eta, hartu badu, haien diru-zenbatekoa, bederatzigarren arauan aipatzen diren ondorioetarako.

b) Proiektua eta obraren zuzendaritza behar den jardueretan:

-Exekuzio proiektua

-Obren azken likidazioa, neurketa zehatzak emanda.

-Kontratistaren eta laguntza teknikoaren fakturak.

c) Gainerako jardueretan kasuan kasuko fakturak aurkeztu beharko dira.

Aurkeztutako agiriak ikusita eta deialdi honetako xedeak, prozedura eta epeak bete direla frogatzeko txostenak eta egiaztapenak egin ondoren emanen da diru-laguntza.

Hala ere, inbertsioaren zenbatekoa 100.000 euro edo gehiagokoa denean, diru-laguntzaren %50 ordaintzen ahalko da, toki entitateak eskatuta, lagundutako jardueraren %50 egin dela egiaztatzen duten ordainagiriak aurkeztu ondoren.

13.-Onuradunek betebeharrak ez betetzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez badira betetzen, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak ez badira betetzen. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Deialdi honetan ezarritakoaren formazko ez-betetzeren bat eginez gero, diru-laguntzaren %10 edo gehiago galduko da.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

14.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Ematen diren diru-laguntzak Toki Administrazioko webgunean argitaratuko dira (www.cfnavarra.es/info-local), ondokoak adieraziz: deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua eta programa, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

Halaber, Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoaren arabera, deialdi honen onuradunek deialdi honen bitartez kobratzen dituzten diru-laguntzak egokien iruditzen zaizkien hedabideen bidez argitaratuko dituzte.

15.-Ordezko araubidea.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

16.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta haren arauen eta aplikazio egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salara zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F0802879