31. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

10/2008 FORU AGINDUA, otsailaren 14koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, "Nafarroa 2008" Nazioarteko Ikastaroan parte hartzeko oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak, 1989tik hasita, Nazioarteko Ikastaroaren hamaika edizio egin ditu, beste herrialdeetan diren nafar etxe edo taldeetako gazteei zuzenduta.

Atzerrian dauden nafar etxeek "Nafarroa 2008" Nazioarteko Ikastaroaren beste ekitaldi bat aurten egiteko aurkeztu duten eskaera onartzea egokitzat jo denez, beharrezkoa da parte hartzeko oinarriak ezartzea, horien bidez ikastaro horretan zeinek hartu behar duten parte hautatu ahal izateko.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuan aitortutako ahalmenak erabiliz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINDU DUT:

1. "Nafarroa 2008" Nazioarteko Ikastaroan parte hartzeko oinarriak onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 36.050 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa 2008 Nazioarteko Ikastaroan parte hartzeko bidaientzako dirulaguntzak" izeneko B20003 B2220 4819 144102 kontusailaren kontura.

3. 55.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa 2008 Nazioarteko Ikastaroaren antolaketa" izeneko B20003 B2220 2269 144100 kontusailaren kontura.

4. Arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea Protokolo Zerbitzura, Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Ogasun Departamentuak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen Kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan. Halaber, foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluarekin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta ondorengo artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2008ko otsailaren 14an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

"NAFARROA 2008" NAZIOARTEKO IKASTAROA

Nafarroako Gobernuak "Nafarroa 2008" Nazioarteko Ikastaroa antolatu du kanpoko nafar etxeetako kideei eta atzerrian dauden bestelako espainiar zentroetako nafarrei zuzendurik, 18 eta 28 urte bitartekoak badira, ondoko oinarri hauen arabera:

ARAUAK

Lehenbizikoa.

"Nafarroa 2008" Nazioarteko Ikastaroa Iruñean (Espainia) eginen da 2008ko uztailaren 16tik 30era.

Nazioarteko Ikastaroaren egoitza "Fuerte Príncipe" gazte egoitza izanen da, Iruñearen erdialdean baitago, "Larrabide" kirol instalazioen barrenean. Bertan badira igerilekuak eta bestelako kirol instalazioak eta hor emanen zaie ostatu parte-hartzaileei. Eskolako eta jostaketako ekitaldi gehienak ere bertan eginen dira.

Bigarrena.-Programa.

Ikastaroaren programaren xedea Nafarroako Foru Komunitatearen errealitatea ezagutaraztea da, hots, gure historia, artea, gizartea, jendea, ekonomia eta abar.

Horretarako, zenbait jarduera antolatu dira, uztailaren 15etik uztailaren 30era bitarte egiteko:

a) Hitzaldiak eta eztabaidak, zenbait aditu ospetsuren kontura, arlo hauek lantzeko: Geografia, Historia, Sozio-ekonomia, Folklorea, Jarduera Instituzionala, Artea eta Kultura, Kirola eta Gazteria, Enpresa Jarduera, Hezkuntza Sistema, etab.

b) Txango eta bisita gidatuak, Foru Komunitateko hiri, monumentu eta bazter garrantzitsuenetara, hala nola, Iruña, Tutera, Lizarra, Orreagako kolegiata, Pirinioetako ibarrak, Leireko monasterioa, Xabierko gaztelua, Erriberriko gaztelua, Bertizko jaurerria, Baztan, Nafarroako museoa, industrialdeak, hedabideak, etab.

c) Jolasak eta kirol jarduerak.

d) Ekitaldi ofizialak eta akademikoak: erakunde batzuek parte-hartzaileei eginen dizkieten harrerak eta ikastaroaren hasierako eta bukaerako ekitaldiak.

Hirugarrena.-Araubide ekonomikoa.

Nazioarteko Ikastaroaren antolamendu gastuak eta hark dirauen bitartean ostatu eta mantenuagatik sortzen direnak, pertsonako 1.800 euro, Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu.

.Argentinako eta Txileko zentroak.

Argentinako eta Txileko zentroei esleitutako kupoetako parte-hartzaileei (eta ez beste inori), Nafarroako Gobernuak ordainduko dizkie, aipatuaz gain, Argentinatik edo Txiletik Espainiara bitarteko joan-etorrien gastuen parte bat, parte-hartzaile bakoitzeko gehienez ere 751 euro.

Nafarroako Gobernuak dagokion Nafar Etxeari ordainduko dizkio zenbateko hauek, etxe bakoitzeko partaideen zerrenda onetsi ondoren, Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak eman ebazpenaren bitartez.

Etxe bakoitzak hegazkin txartelen gastua justifikatu beharko du ikastaroa hasten den egunean, jatorrizko faktura aurkeztuta.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen ahal dituen beste batzuekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emaniko dirulaguntzen zenbatekoak gastu sortua gainditzen duenean, deialdi honi dagokion laguntza gutxituko da.

Laugarrena.-Partaideak.

Nazioarteko Ikastaro honetan gehienez 50 lagunek hartuko dute parte.

Plazak honela banatuko dira:

-Buenos Airesko Nafar Etxea (Argentinako Errep.): 8.

-Rosarioko Nafar Etxea (Argentinako Errep.): 8

-Mar del Platako Sudeko Nafar Etxea (Argentinako Errep.): 8.

-Mendozako Nafar Etxea (Argentinako Errep.): 8.

-Bolívarko Nafar Etxea (Argentinako Errep.): 8.

-Txileko Nafar Etxea: 8.

-Nafarroako, Espainiako edo bere erkidegoetako atzerriko beste etxeak: 2.

Etxeren batek esleitu zaion plaza kopurua guztiz betetzen ez badu, Nafarroako Gobernuak interesa duten etxeei berresleitzen ahalko dizkie hutsik gelditzen diren plazak, gainerako etxeei aldez aurretik galdetuta.

Bosgarrena.-Eskaerak

Parte hartu nahi dutenek eskabide-eredua beterik eta karnet neurriko argazki bat aurkeztu behar dituzte, ondoko arau hauek kontuan hartuz:

.Argentinako eta Txileko zentroak.

Eskabidea nork bere nafar etxean aurkeztu beharko du 2008ko apirilaren 25a baino lehen, honako baldintza hauek betetzen dituela egiaztatuta:

-Argentinako Errepublikako edo Txileko Errepublikako nafar etxe bateko bazkide izatea.

-Izena emateko unean, 18tik 28 urtera bitarte izatea.

-Espainiara joan ahal izateko pasaportea zuzen izatea.

.Beste nafar etxe batzuk

Eskabidea nork bere etxean edo elkartean aurkeztu beharko du 2008ko apirilaren 15a baino lehen, honako baldintza hauek betetzen dituela egiaztatuta:

-Nafar etxe bateko edo Espainiako nahiz Espainia osatzen duten Erkidegoek atzerrian dituzten etxe edo elkarteetako bateko bazkide izatea.

-Nafarra edo nafarren ondorengoa izatea. (Baldintza hau ez zaie eskatuko nafar etxeetako bazkideei)

-Izena emateko unean, 18tik 28 urtera bitarte izatea.

-Espainiara joan ahal izateko pasaportea zuzen izatea.

Seigarrena.-Aukeraketa

.Argentinako eta Txileko nafar etxeak

Aipatu epean aurkeztutako eskabideak ikusita, Argentinako Errepublikako nafar etxeen Federazioak Nazioarteko Ikastarorako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Gobernuari igorriko dio 2008ko apirilaren 25a baino lehen.

Modu eta epe berean arituko da Txileko Nafar Etxea ere.

10 eguneko epean, Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak, aurkeztutako eskabideak eta federazioaren edo nafar etxearen proposamenak ikusita, haiek onartzeko edo ezesteko ebazpena emanen du, eta haren berri emanen dio Argentinako Federazioari eta Txileko Nafar Etxeari.

.Beste nafar etxe batzuk

Aipatu epean aurkeztutako eskabideak ikusita, etxe edo elkarteko lehendakariak edo arduradunak egiaztatuko du, bere sinaduraren bidez, eskatzailea ordezkatzen duen entitateko kidea dela eta dauden eskabideak igorriko ditu, Nafarroako Gobernura 2008ko apirilaren 25a baino lehen irits daitezen.

Zazpigarrena.-Organo kolegiatua

Eskabideak organo kolegiatu batek aztertu eta neurtuko ditu. Horretarako, eskatzaileek etxeko jardueretan duten esku-hartzea kontuan hartuko du eta etxeari behar duen informazioa eskatzen ahalko dio. Organo horrek proposatuko du kasuan kasuko eskabideak onartzea, 10 eguneko epean.

Organo hori honako hauek osatuko dute: Lola Eguren Apesteguía, Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusia; Rafael Magán López, Protokolo Zerbitzuko zuzendaria eta Yolanda de la Rúa Aramburu, Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Ataleko burua.

Zortzigarrena.-Oharrak.

Nafarroako Gobernuak aseguru bat sinatuko du parte-hartzaileak Nazioarteko Ikastaroan dauden bitartean babesteko.

Parte-hartzaileek, erabili ohi duten arropaz gain, jantzi arinak eta erosoak, oinetako erosoak eta bainujantzia ere ekarri beharko dituzte.

Ikastaroa bukatzean, asistentzia diploma bat emanen zaie parte-hartzaileei, Nafarroako Gobernuaren lehendakariak sinatua.

Ikastaroan parte hartzen dutenek nahitaez joan beharko dute programatutako jarduera guztietara, behar bezala justifikatutako kasu larrietan izan ezik. Arau hau bete ez edo bere jokabidearekin ikastaroa behar bezala garatzea galarazten duenak, ez du Asistentzia Diploma jasoko eta Nafarroako Gobernuak kenduko dizkio emandako dirulaguntzak, eta hark berak aurre egin beharko die ikastaroan parte hartzeko gastu guztiei.

Programari buruzko informazio gehiago, ondoko honetan emanen da:

Protokolo Zerbitzua.

Nafar Etxeen, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala

Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia.

Nafarroako Gobernua

31002 Iruña. Espainia

Telefonoa: (848) 42 71 13

Faxa: (848) 42 51 64

E-posta: ydelarua@navarra.es

Arau hauen kontra eta horiek aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, arauak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

ESKABIDE EREDUA

Izena:

Deiturak:

Jaioterria:

Jaioteguna:

Lanbidea:

Nazionalitatea:

Nafar etxea:

Zein etxebizitzatan hartuko duen ostatu Espainian dagoen bitartean (ikastaroaren aurretik edo ondotik):

Etxebizitza horretako titularraren izena (halakorik baldin bada):

Ahaidetasuna (halakorik baldin bada):

Ondoren, adieraz ezazu, laburki, zure curriculum vitaea, zure ikasketen maila, egindako lanak, zaletasunak eta bidezkotzat jotzen dituzun datu pertsonalak:

Eskabide honen sinatzaileak aditzera ematen du betetzen dituela oinarrietan aipatzen diren baldintza guztiak eta Nafarroako Gobernuari eskatzen dio "Nafarroa 2008" Nazioarteko Ikastaroan parte-hartzaile gisa onar dezan, oinarri guztiak onartzen baititu.

(Eguna eta sinadura)

Eskabide honi, karnet neurriko argazki bat, berriki egindakoa, erantsi behar zaio.

Iragarkiaren kodea: F0802804