31. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

8/2008 FORU DEKRETUA, otsailaren 18koa, Administrazio Elektronikoaren Batzordea sortzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak 47. artikuluan dioenez, Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez, Administrazio Elektronikoaren Batzordea sortu eta arautu behar du, eta batzorde horretako kideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu guztien eta haiei atxikitako erakunde publikoen ordezkariak izanen dira, bai eta lehendakaritzako eta informazioaren gizarterako eskumenak dituzten departamentuetako ordezkariak ere. Batzordeak administrazio elektronikoaren ezarpena sustatu, planifikatu eta kudeatzea izanen du xede, egiazkoa eta herritarrentzat nahiz funtzionario publikoentzat erabilgarria izan dadin.

Lege agindu hori betetzeko, bidezkoa da Administrazio Elektronikoaren Batzordea sortzen duen foru dekretu hau onestea. Halaber, Batzordeak azpibatzorde tekniko bat izanen du; batez ere talde eragilea izanen da eta berak gauzatuko ditu Batzordearen erabakiak.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko otsailaren 18ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Administrazio Elektronikoaren Batzordea sortzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 47. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua. Administrazio Elektronikoaren Batzordearen izaera eta helburua.

Administrazio Elektronikoaren Batzordea kide anitzeko organoa da, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziokoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikia. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan administrazio elektronikoaren ezarpena sustatu, planifikatu eta kudeatzea du xede, egiazkoa eta herritarrentzat nahiz funtzionario publikoentzat erabilgarria izan dadin.

3. artikulua. Administrazio Elektronikoaren Batzordearen eginkizunak.

Administrazio Elektronikoaren Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan administrazio elektronikoaren ezarpena sustatu eta planifikatzea; helburu horrekin era guztietako neurriak bultzatzea eta administrazio elektronikoa egiaz eta laster garatu dadin behar diren plan eta programak ezartzea.

b) Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan administrazio elektronikoa ezartzen parte hartu behar duten organo guztien lana koordinatu, gainbegiratu eta kontrolatzea, helburu hori duten ekintza guztiak homogeneoak eta bateratuak izan daitezen.

c) Administrazio elektronikoa ezarri eta garatzeko ekimen estrategikoak eta lehentasunak proposatzea Nafarroako Gobernuari, beste organo batzuen eskumenak eragotzi gabe.

d) Administrazio elektronikoaren hedapena sustatzea bai Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan eta bai hura erabiltzen duten herritarren artean ere.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen administrazio elektronikoak beste administrazio publiko batzuekin eta bereziki Nafarroako Toki Administrazioarekin komunikazio bideak eta trukeak izan ditzan sustatzea.

4. artikulua. Administrazio Elektronikoaren Batzordeko kideak.

1. Hauek izanen dira Administrazio Elektronikoaren Batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria.

b) Batzordekideak:

-Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendari nagusia.

-Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

-Toki Administrazioko zuzendari nagusia.

-Herritarren Partaidetzarako eta Arretarako Zerbitzuko zuzendaria.

-Legegintza eta Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.

-Kalitate eta Modernizaziorako Zerbitzuko zuzendaria.

-Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

-Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzuko zuzendaria.

-Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea.

-Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako idazkari tekniko nagusiak.

-Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuko zuzendaria, idazkari ariko dena.

2. Batzordeburua kanpora joan edo gaixotzen bada edo kargua hutsik geratzen bada Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendari nagusia izanen da ordezkoa, eta Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria izanen da idazkariaren ordezkoa.

3. Batzordeburuak erabaki ahal izanen du Batzordearen bileretan izan daitezela, hizpidearekin baina botorik gabe, Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde publikoetako beste unitate batzuetako titularrak edo beste administrazio publiko batzuetakoak, bai eta aztertu beharreko gaietan adituak diren pertsonak ere.

5. artikulua. Administrazio Elektronikoaren Azpibatzorde Teknikoa.

Administrazio Elektronikoaren Batzordearen barnean Administrazio Elektronikoaren Azpibatzorde Teknikoa sortuko da, Administrazio Elektronikoaren Batzordearen egitekoak bete, garatu eta sostengatzeko.

6. artikulua. Administrazio Elektronikoaren Azpibatzorde Teknikoaren eginkizunak.

Administrazio Elektronikoaren Azpibatzorde Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Administrazio Elektronikoaren Batzordeak ezartzen dizkion egitekoak betetzea eta haren lana sostengatzea.

b) Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan administrazio elektronikoa ezartzeko neurri zehatzak planifikatu eta sustatzea eta helburu hori duten jarduketa mota guztiak bultzatzea.

c) Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde publikoetan administrazio elektronikoa ezartzen parte hartu behar duten organo guztien jarduketen jarraipen zehatza egitea gertutik, ezarpen horretarako ezarritako koordinazio eta garapen arauak nola betetzen diren aztertuz eta kontrolatuz.

d) Azaltzen diren arazoak konpontzeko aholkuak ematea, administrazio elektronikoaren ezarpenean eta, oro har, helburu hori duten jarduketa guztietan.

e) Beste administrazio publiko batzuen eta bereziki Nafarroako Toki Administrazioaren lankidetza sustatu eta garatzea, administrazio elektronikoa ezartzeko eta haren bidez informazioa trukatzeko.

7. artikulua. Administrazio Elektronikoaren Azpibatzorde Teknikoko kideak.

1. Hauek izanen dira Administrazio Elektronikoaren Azpibatzorde Teknikoko kideak:

Azpibatzordeko burua: Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendari nagusia.

Azpibatzordeko kideak:

-Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

-Toki Administrazioko zuzendari nagusia.

-Herritarren Partaidetzarako eta Arretarako Zerbitzuko zuzendaria.

-Legegintza eta Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.

-Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuko zuzendaria.

-Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

-Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzuko zuzendaria.

-Kalitate eta Modernizaziorako Zerbitzuko zuzendaria, idazkari ariko dena.

2. Azpibatzordeko burua kanpora joan edo gaixotzen bada edo kargua hutsik geratzen bada Lehendakaritzako zuzendari nagusia izanen da ordezkoa, eta Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuko zuzendaria izanen da idazkariaren ordezkoa.

3. Azpibatzordeko buruak erabaki ahal izanen du Azpibatzordearen bileretan izan daitezela, hizpidearekin baina botorik gabe, Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde publikoetako beste unitate batzuetako titularrak edo beste administrazio publiko batzuetakoak, bai eta aztertu beharreko gaietan adituak diren pertsonak ere.

Xedapen gehigarri bakarra.-Administrazio Elektronikoaren Batzordearen eta Administrazio Elektronikoaren Azpibatzorde Teknikoaren araubidea.

Foru dekretu honetan aurreikusi gabeko orotan, Batzordeak eta Azpibatzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezarritako arauak beteko dituzte eta, betiere, administrazio publikoen araubide juridikoari buruzko oinarrizko araudia errespetatuko dute.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatzeko behar diren arauak eman ditzan.

Bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko otsailaren 18an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0802924