31. ALDIZKARIA - 2008ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

48/2008 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, udal titulartasuna eta Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen arteko lankidetza hitzarmen bidezko finantzabidea izanik, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2008-2009 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzen duena.

Hezkuntza kontseilariak 41/2005 Foru Agindua eman zuen otsailaren 28an, 0-3 urte bitarteko haurrentzako udal ikastetxeen kudeaketa eta ekipamendua finantzatzeko Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen arteko lankidetza hitzarmenak egiteko oinarriak finkatzeko. Foru agindu horren 1.10 atalean ezartzen da Hezkuntza Departamentuak arau batzuk emanen dituela urtero, zentro horietan haurrak onartzeko prozedura erregulatzeko.

Arau hori aplikatuz, eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eskolatze arloan eta martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak onartze arloan ezarritako esparruaren barrenean, beharrezkotzat jo da lankidetza hitzarmenen bidez finantzatutako udal titulartasuneko ikastetxe guztietan haurrak onartzeko irizpide eta prozedurak arautzea, deusetan galarazi gabe toki entitateek, Hezkuntza Departamentuaren baimen espresuarekin, prozesua tokian tokiko ezaugarriei eta beharrei egokitzeko aukera.

Ikusita Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuaren txostena, udalen titulartasuna eta Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen arteko lankidetza hitzarmen bidezko finantzabidea izanik, 0-3 urte bitarteko haurrentzako ikastetxeetan 2008/2009 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura proposatzen duena.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 21,1 artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.-Ebazpen honen xedea da, udal titulartasuna izanik, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen arteko lankidetza hitzarmen bidezko finantzabidea duten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2008/2009 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzea, ondoko badintza hauei jarraikiz:

1.-Tokia eska dezakete 2006an eta 2007an jaiotako haurren gurasoek eta tutoreek eta 2008an jaiotako umeenek, baldin eta euren jaiotza 2008/2009 ikasturte hasiera baino 16 aste lehenagorako aurreikusten bada. Bularreko haurrentzako instalaziorik ez dagoen ikastetxetan tokia eska dezakete 2006ko urtarrilaren 1etik 2007ko abenduaren 31ra bitarte jaiotako haurrek.

Ikastetxetara sartzeko beharrezkoa da gutxienez 16 aste beteak izatea.

2.-Ebazpen honetan ezarritako prozedura ikastetxean matrikulatuta ez dauden haurrei aplikatuko zaie. Ikastetxe baten barruan maila batetik beste batera igarotzeko ez da onarpen prozesurik egin behar.

3.-Toki entitateek, indarreko arauekin bat, ikastetxe bakoitzean aurreikusten diren toki hutsen kopurua ezarriko dute eta haurrak onartzeko eraginpeko eremu geografikoa zehaztuko.

4.-Toki entitate bakoitzak hautapen batzorde bat osatuko du onarpen prozesuan erabili beharreko inprimaki ofizialak prestatu eta deialdia herriko ikastetxe guztietarako ebazteko.

5.-Hautapen Batzordeak, ezarritako ratioak kontuan hartuta, bete beharreko tokiak zehaztuko ditu eta onarpen prozesuan aplikatu beharreko baremoa 2008ko martxoaren 10ean argitaratuko du ikastetxeko eta toki entitateko iragarki oholetan.

6.-Eskaerak ikastetxean edo udaletxean jaso eta aurkezten ahalko dira, 2008ko apirilaren 1etik 30era bitartean. Ordutegi edo hizkuntz eredu bat baino gehiago izanez gero, eskatzaileek horietatik zein lehenesten dituzten adierazi beharko dute.

7.-Onartuen behin-behineko zerrendak eta behin-behineko itxaron zerrendak ikastetxeko eta udaletxeko iragarki oholetan jarriko dira 2008ko maiatzaren 19an, baldintza hauetako 5. puntuan ezarritako baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz.

8.-Erreklamazioak udaletxean aurkeztuko dira, Hautapen Batzordeari zuzenduta, behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduz. Aurkezteko epea 2008ko maiatzaren 19tik 30era bitarte izanen da, biak barne.

9.-Onartuen behin betiko zerrendak eta behin betiko itxaron zerrendak 2008ko ekainaren 6an argitaratuko dira ikastetxeko eta udaletxeko iragarki oholetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

10.-Eskabideak toki entitateetan egonen den eredu ofizialaren araberakoak izanen dira, eta haiekin batera ondoko dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Lan egoera eta/edo ikasketak frogatzeko agiriak.

.Eskaera egiten den hilabetean luzatutako lan bizitzaren ziurtagiria.

.Ikasten arituz gero, matrikularen frogagiria, ikasturteko egutegia eta ordutegia.

b) Familiaren osaera frogatzeko agiriak.

.Familia liburuaren fotokopia (gurasoak eta seme-alabak).

.Familia ugariaren dokumentu ofizialaren fotokopia.

.Haurra kenduta, familia unitateko beste edozein kideren minusbalioaren ziurtagiria.

c) Errenta mailak frogatzeko agiriak.

.Aitaren eta amaren azken errenta aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egin beharrik ez badute, beharkizun horretatik salbuetsita daudela frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuak sinatua, eta horrekin batera, lan bizitzaren txostena eta familiak 2006. urtean izan dituen dirusarrerak finkatzeko agiriak, edo 2007. urtekoak, onarpen prozesua 2008ko ekainaren 30etik aurrera hasten bada.

.Interesadunak bi aukera izanen ditu: edo dokumentazioa berak aurkeztea, edo toki entitateari baimena ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barrenean eskumena duen unitate organiko edo departamentuari behar den dokumentazioa eska diezaion. Baimen hori instantzia bidez eman beharko da, deialdian dokumentazioa aurkezteko ezartzen den epearen barrenean, eta agiria noiz eta zein organotan aurkeztu zen finkatu beharko da.

d) Etxea edo aitaren nahiz amaren lantokia hurbil izatearen frogagiriak.

.Aitaren edo amaren erroldatze agiria, baita haurrarena ere, Udalak emana.

.Haurrarentzako postua eskatzen den Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe berean lanean ari dela frogatzen duen agiria, zentroko zuzendaritzak emana.

.Aitaren edo amaren lantokia zein den frogatzen duen dokumentazioa.

e) Zuzenean sartzeko baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa:

.Haurraren elbarritasuna kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.

f) Gutxi gorabehera noiz jaiotzekoa den zehazten duen ziurtagiria (gehienez 16 aste ikasturtea hasi baino lehen)

g) Beste edozein egoera berezi baloratzeko frogagiriak. Medikuaren, psikologoaren, gizarte-langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da inguruabar hori frogatzeko.

11.-Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, 0 bat jarriko da onarpen baremoan dagokion atalean.

Eskabidean edo gainerako dokumentazioan jarritako datuak faltsuak badira, emandako plaza kentzen ahalko da.

Hautapen Batzordeak zilegi izanen du edozein momentutan ziurtagiri gehiago eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten egoerei buruz.

12.-Eskabideak baloratu eta tokiak esleitzeko, haurren guraso edo tutoreek aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Hautapen Batzordeak ebazpen honen I. eranskinean ageri den baremoa aplikatuko du.

13.-Baremoko ataletan xedatutakoa gorabehera, hezkuntza premia bereziak dituzten haurrak zuzenean sartuko dira Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.

Sarbide zuzena emateko, edozein kasutan, beharrezkoa izanen da Hezkuntza Departamentuak adostasun txostena ematea, alde batera utzita eskaerekin batera aurkezten diren txostenak.

14.-Matrikulak toki entitateak finkatzen duen tokian eginen dira, 2008ko ekainaren 6tik 13ra.

15.-Matrikula egiteko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

.NANaren, pasaportearen, atzerritarrentzako bizileku-txartela edo balio bera duen aitaren eta amaren nortasun agiria.

.Gizarte Segurantzako kartillaren edo txartelaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.

.Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2007. urteko aitorpenaren fotokopia edo, bestela, 2007. urtean lortutako dirusarreren frogagiriak, aitarenak zein amarenak. Agiri hori aurkezteko epea 2008ko uztailaren 1ean bukatuko da.

.Aitorpena egin beharrik ez badute, beharkizun horretatik salbuetsita daudela frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuak sinatua, eta horrekin batera, lan bizitzaren txostena eta familiak 2006. urtean izan dituen dirusarrerak finkatzeko agiriak, edo 2007. urtekoak, agiriak 2008ko ekainaren 30etik aurrera aurkezten baldin badira.

.Ordainagiriak helbideratuko dituen banku entitateko kartilla orriaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertzen dituena.

.Jateko edo osasuneko behar bereziak izanez gero, haiek biltzen dituen txosten medikoa.

16.-Ezarritako epean egiten ez diren matrikulen ondorioz, beste adjudikazioaldi bat eginen da itxaron-zerrendako ordenari jarraituz.

17.-Tarifak familien 2008/2009 ikasturteko tarifak arautzeko Hezkuntza Departamentuak onetsitako araudian ezarritakoaren arabera aplikatuko dira.

18.-Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural iraganik ikastetxera azaltzen ez den haurrari baja emanen zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, hamabost egun naturalean jarraian agertzen ez denari. Udalak idatziz jakinaraziko dio familiari ikastetxean baja eman zaiola haurrari.

19.-Haurren gurasoek edo tutoreek idatzita jakinaraziko dizkiote ikastetxeko zuzendaritzari ikasturtean gertatzen diren borondatezko bajak, kuotak ordaintzeari noiztik aurrera utziko dioten finkatzeko.

20.-Itxaron zerrendan sartutako haurrek tokiren bat hutsik gelditzen denean egiten ahalko dute matrikula, zerrendan ageri den hurrenkerari zorrozki jarraikiz.

21.-Ikasturtean zehar ere aurkezten ahalko dira eskabide berriak, horretarako ezarritako epetik kanpo, hurrengo ikasturterako eskabide epea baino lehen:

-Haurrek 16 aste egin badituzte.

-Eskabidea egiten denean 12 hilabete bete badituzte, bularreko haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeetan.

Eskaera horiek kontuan hartuko dira tokiren bat hutsik gelditzen bada, onarpen prozesu arruntean sortutako itxaron zerrenda agortu ondoren. Tokiak eskaera aurkeztu ziren egunaren arabera esleituko dira.

22.-Toki entitateek, hala behar baldin bada, 2007-2008 ikasturtean ikastetxera joan diren haurrentzat tokia erreserbatzeko epea eta prozedura ezartzen ahalko dituzte eta, orobat, ebazpen honen 5., 6., 7., 8., 9. eta 14. ataletan aipatutako epeak egokitzen ahalko dituzte. Era berean, Hezkuntza Departamentuaren baimena izanez gero, baremoa moldatzen ahalko dute, baina betiere atal hauek sartu beharko dira:

.Gurasoen lan edo ikasketa egoera.

.Familiaren osaera.

.Errenta mailak, familia unitateko kideen kopuruaren arabera.

.Aitaren eta/edo amaren helbidearen edo lantokiaren hurbiltasuna, ikastetxearen eragin eremuaren barruan.

Bigarrena.-Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Hirugarrena.-Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Laugarrena.-Ebazpen hau igortzea Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikastetxeen, Ikasketetarako Laguntzen eta Azterlan Ekonomikoen Zerbitzura, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura eta Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko otsailaren 15ean.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Hautapen baremoa

A) Gurasoen lan egoera (20 puntu gehienez):

a.1) Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 20 puntu.

-Gurasoak edo tutoreak lanaldi osoan biak.

-Guraso edo tutoreetako bat lanaldi osoan eta bestea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, egunez, behar bezala frogaturik.

-Aita eta ama dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari direnean, egunez, behar bezala frogatuta.

a.2) Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 15 puntu.

-a.1) atalean zehaztutako egoerak, baina dedikazio partziala izanik.

-Aita edo ama jardunaldi osoan lanean edo ikasten eta bestea jardunaldi partzialean.

a.3) Lan egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1.-Gizarte Segurantzan alta eman edo lizentzia fiskalik izan gabe egindako lana ez da kontatuko.

2.-Nominarik edo Gizarte Segurantzarik ez duten lanbide liberalen kasuan, lanbidean aritzeari buruzko frogagiria edo lizentzia fiskala aurkeztuko da.

3.-Eszedentzian baldin badago, eszedentziaren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela 2008/2009 ikasturtea hasi ondoko hilabetea baino lehen. Beranduago hasiz gero, beti ere aipatu ikasturtean, hautapen batzordeak proportzionalki baloratzen ahalko ditu.

4.-Seme-alaba baten jaiotzagatik lanean ez egotea, lanpostu finkorik izan gabe, hau da, ordezkoen zerrenden eta antzekoen kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.

5.-Lanaldiaren mota baloratzeko, lanaldi osotzat hartzen da lanaldi erdia baino gehiago hartzen duena.

6.-Ikasketak baloratzeko, ikasketa araututzat hartzen dira titulu akademiko ofizialak eskuratzeari begira egiten direnak (DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, unibertsitateetako titulazioak eta abar).

B) Familiaren osaera (8 puntu, gehienez)

b. 1) Modalitateak:

-Hirukiak, laukiak edo 6 urtez beheitiko hiru seme-alaba edo gehiago: 6 puntu.

-Bikiendako tokiak eskatzea: 4 puntu.

-Adin desberdineko bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat tokia eskatzea deialdi berean (tokiaren erreserba sartzen da): 4 puntu.

-Familia ugaria izatea: puntu bat.

-Haurraz aparte, familia unitateko edozein kideren minusbaliotasun fisiko, psikiko edo sentsoriala onartua izatea, puntu bat.

b.2) Familiaren osaeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1.-Familia unitatearen kideen kopurua Familia liburuaren bidez egiaztatuko da. Familia gunean Familia liburuan ageri ez diren seme-alabak baldin badaude, bestelako dokumentuen bidez egiaztatu beharko dira, adibidez, jaiotza agirien, banantze edo dibortzioko epaien eta abarren bidez.

2.-6 urtez beheitiko hiru seme-alaba edo gehiago daudela ezartzeko, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako seme-alabak hartuko dira kontuan.

3.-"Bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat tokia eskatzea deialdi berean" kontzeptuagatik emandako puntuazioa galdu eginen da matrikula egiterakoan berresten ez bada.

C) Errenta mailak (12 puntu gehienez). Urteko per capita errentaren arabera baloratuko da

c.1) Errenta-tarteak:

-2.699,99tik beherako per capita errenta: 12 puntu.

-2.700 eta 3.199,99 euro bitarteko per capita errenta: 11 puntu.

-3.200 eta 3.799,99 euro bitarteko per capita errenta: 10 puntu.

-3.800 eta 4.499,99 euro bitarteko per capita errenta: 9 puntu.

-4.500 eta 6.199,99 euro bitarteko per capita errenta: 8 puntu.

-6.200 eta 6.999,99 euro bitarteko per capita errenta: 7 puntu.

-7.000 eta 7.999,99 euro bitarteko per capita errenta: 6 puntu.

-8.000 eta 9.399,99 euro bitarteko per capita errenta: 5 puntu.

-9.400 eta 10.899,99 euro bitarteko per capita errenta: 4 puntu.

-10.900 eta 12.899,99 euro bitarteko per capita errenta: 3 puntu.

-12.900 eta 14.999,99 euro bitarteko per capita errenta: 2 puntu.

-15.000 euroko errentak edo gehiagokoak: 1 puntu.

c.2) Errenta mailen kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1.-Kasu guztietan, aitaren eta amaren aitorpenak hartuko dira aintzat, bereizi nahiz dibortziatzeko epaia edo ezkontzaz kanpoko seme-alabarentzako legezko neurriak daudenean izan ezik. Kasu horietan haurraren zaintza eta ardura duen gurasoaren aitorpena hartuko da aintzat, eta haren zerga-oinarriari epaian ezarritako urteko diru kopurua erantsiko zaio.

2.-Urteko per capita errenta kalkulatzeko eragiketa hau eginen da: aitaren eta amaren PFEZren zerga-oinarria, edo bestela haien dirusarrera justifikatu guztiak, zati eskaera egiten denean familiak duen kide kopurua, eskatutako plazaren xede den haurra barne.

D) Aitaren edo amaren etxearen edo lantokiaren hurbiltasuna (gehienez ere 20 puntu):

d.1) Eskatzen den ikastetxea dagoen herrian bizitzea, 15 puntu.

d.2) Aitak edo amak eskatutako ikastetxean lana egiteagatik, 15 puntu.

d.3) Eskatzen den ikastetxea dagoen herrian bizitzea, 12 puntu.

E) Bestelako irizpideak.

Hautapen Batzordeak beste behar larri batzuk, pertsonalak, familiakoak edo sozialak, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu gabeak, hartzen ahal ditu kontuan; 10 puntu, gehienez ere.

F) Puntuazio berdinketa kasuak ebaztea.

Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzeko azken tokia eskaintzean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen ondoren:

.Per capita errenta txikiena.

.Adinez zaharrena.

Iragarkiaren kodea: F0802966