26. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

196/2008 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak emana, Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko udalez gaindiko plan sektorialaren araudia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila xedatzen duena. Artzibarko eta Orotz-Beteluko Udalak dira sustatzaileak.

Gobernuak, 2007ko uztailaren 23ko Erabakiaren bidez, Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko udalez gaindiko plan sektoriala, Artzibarko Udalak eta Orotz-Beteluko Udalak sustatua, behin betikoz onetsi zuen.

Sustatzaileak UPSaren testu bateginaren araudia aurkeztu du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera bidali eta bertan argitaratzeko. Haren edukia baliozkoa dela egiaztaturik, ebazpen honen eranskin gisa argitaratzeko proposamena egin da.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko udalez gaindiko plan sektorialaren araudia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila xedatzea. Artzibarko eta Orotz-Beteluko Udalak dira sustatzaileak.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.

Iruñean, 2008ko otsailaren 6an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

HIRIGINTZAKO ZEHAZTAPENAK

Araudia

Kontuan hartu behar da eremu horren zati batean babeserako araubide desberdinak biltzen direla, interes mota desberdineko naturguneak daudelako, hala nola erreserbak, HBBak, etab. Horregatik, argi utzi behar da babes maila desberdinak juntatzen direnean murriztaileena aplikatuko dela beti, ingurumenaren babesari buruzko edozein kalifikaziok dokumentu honek baino maila altuagoa duela jakinik.

Lurzoru urbanizaezineko erabilerak eta lurzoru urbanizagarriaren antolamendua eta kudeaketa arautzeko esparruak ezarri nahi baitira, zehaztapen hauek egin dira:

.Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean

-Ur babestuak.

-Babes zerrenda (FP).

-Harrera eremuak.

-AA. 1. Sagarmin.

-AA. 2. Angordoi.

-AA. 3. Artzi.

-AA. 4. Orotz-Betelu.

-Hegaztientzako eremu mugatua.

.Lurzoru urbanizagarrian:

Etxebizitza sektorea (S.R.)

Nagore. Sistema orokorra (SG. 3).

Oro har, jarduketak egiten direnean kontuan hartu beharko da espedientea tramitatzean eman diren txostenak, eranskin gisa azaltzen direnak (Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua eta Kultura eta Turismo Departamentua); eta, bereziki, lurra mugitu beharra sortzen duen edozein jarduketa egin baino lehen, ezinbestekoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren txostena eskatzea.

Halaber, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamendua onetsi eta Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legeko Atariko eta I., IV., V., VI. eta VII. Tituluak garatzen dituen apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuan xedaturikoarekin bat, ur emarien garbitasun eremuko eraikinek edo ur jabari publikoaren eremuko erabilera komun berezien garapenek arroko erakundearen baimena beharko dute aldez aurretik.

Ur babestuak

-Deskribapena: izendapen hori du urtegiak sortutako ur azalera osoak.

-Azalera: 11.176.020 m².

-Lurzoruaren sailkapena: babestu beharreko lurzoru urbanizaezina.

-Babes araubidea:

.Eraikuntzaz kanpoko jarduerak: Nagoreko eta Orotz-Beteluko dikeetatik behera dagoen eremu osoan debekatuta egonen da urtegiko mantentze edo zerbitzu lanez aparteko beste edozein jarduera.

Nagoreko eta Orotz-Beteluko dikeetatik gora, Artzibarko Udalak uretako aisia ekintzak, hala nola, igeriketa, arrantza eta kirol nautikoak antolatu eta seinaleztatzeko modua baimendu ahalko du, arrazoiak emanda eta, hala bada, Ebroko Ur Konfederazioak on iritzirik. Dena dela, erabilera bateraezineko eremuak behar bezala seinaleztatu eta mugatu beharko dira buia-lerroen bidez. Era berean, ur eremu bat mugatu eginen da, hegaztientzako eremu mugatua izan dadin.

Kontuan hartuz urtegiko ura besteak beste gizakiek edateko erabiliko dela, debeku da ontzi motordunak erabiltzea, harik eta bateragarriak direla eta erabilera hori legezkoa dela frogatu arte eta bidezkoak diren baimenak eskuratu arte.

Orobat, baimena ematen da, orokorrean, ontzientzako amarre eremuak ezartzeko pantalanak edo beste sistema batzuk erabiliz.

Udal eskudunek baimena eman ahalko dute, justifikatu ondoren, uretan egiteko modukoak diren jarduerak antolatu eta seinaleztatzeko, Ebroko Ur Konfederazio Hidrografikoak ere baimena ematen badu aurretik.

.Eraikuntzako jarduerak: Debekatuta daude, Nagoreko SG3aren inguruan izan ezik, eremu nautikoari lotuak, non baimena emanen den uraren ondoko eremuan pantalanak jarri, eraiki eta urbanizatzeko, ontziak amarratu, sartu eta mugitu ahal daitezen.

Babes zerrenda (FP)

-Deskribapena: urtegiko bazterrak, 50 metroko zabaleran gehienez, salbu eta harrera eremuak, erabilera murriztuetarako eremu mugatuak eta hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagarria.

Dokumentu honetan gainerako babes zerrendak bezalaxe erregulatzen dira bi dikeetatik gora dauden zerrenda eremuak; udal planeamenduak erabakiko du eremu horietan turismo, josteta edo ingurumen jarduerei lotutako erabilerak izanen diren ala ez.

Nagoreko herrigunearen eta Sagarmingo harrera eremuaren arteko zerrenda zatiaren topografiak edozein erabilera eragozten du, baina Sagarmingo eremuan eginen den esku-hartzeak berarekin ekarriko du bertan landare tratamendu egokia egin behar izatea, horrela toki horretako paisaia hobetzeko.

-Azalera: 3.729.272 m².

-Lurzoruaren sailkapena: babestu beharreko lurzoru urbanizaezina.

-Babes araubidea:

Inola ere ez da sustatuko urtegitik edo NA-2040 errepidetik Iñarbeko arroila (9), Txintxurreneko arroila (10) eta Gazteluko arroila (11) izeneko natur erreserbetarako sarbidea egitea.

.Eraikuntzaz kanpoko jarduerak: debekatuta dago landarediaren arraseko mozketa eta egur aprobetxamendua 20 m-ko zerrenda batean ur bazterretik hasita, bai eta landaredia erretzea ere. Zilegi da lurra mugitzea eta luberritzea eskatzen duten ekintzak baimentzea. Baimenduta daude gainerako jarduerak.

Salbuespen gisa, udal planeamenduak zilegi izanen du, aldaketa espedientean arrazoiak azaldu eta justifikatuz, irabazi asmorik gabeko josteta, turismo edo ingurumen jarduerak baimentzea atzealdeko bi dikeetatik gorako eremuetan. Jarduera eta erabilera "baimengarriak" direnez oro har, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedurari buruzko 35/2002 Foru Legeko 117. artikuluaren mende egonen da jarduera eta erabilera horien baimenaren tramitazioa (eta horrek Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legeak arautzen duen prozedurari ekitea ekarriko du). Organo eskudunek, haien artean Ebroko Ur Konfederazioak, txostena egin beharko dute aldaketa espedienteari buruz.

.Eraikuntzako jarduerak: baimena jaso dezakete Itoizko urtegia eraiki, mantentze-lanak egin eta zerbitzu emateko beharrezkoak diren eraikinek eta instalazioek, azpiegitura eta jarduera didaktikoek eta zientifikoek eta horretarako beharrezkoak diren azpiegitura txikiek, BILaren kontserbazio helburuekin bat baldin badatoz. Gainerako guztiak debekatuta daude. Salbuespen gisa, udal planeamenduak atzealdeko bi dikeetatik gora kokaturiko babes zerrendetan irabazi asmorik gabeko josteta, turismo edo ingurumen erabilerak ezar ditzake, aldaketa espedientean arrazoiak eman eta justifikatuta. Haren araudiari jarraikiz, eskuarki jarduera eta erabilera "baimengarriak" izanik, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedurari buruzko 35/2002 Foru Legeko 117. artikuluan xedaturikoaren arabera eginen da jarduera eta erabilera horien baimenaren tramitazioa (eta bidezko bada, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen bidez arauturiko prozeduraren arabera ere eginen da). Organo eskudunek, haien artean Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak eta Ebroko Ur Konfederazioak, txostena egin beharko dute aldaketa espedienteari buruz.

Harrera eremuak

Lau harrera eremu daude babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean, eta babeserako araubide orokor bat ezarri da denentzat, bai eta bakoitzarentzako zehaztapen partikular batzuk ere.

Eremu guztientzako babes araubidea.

.Eraikuntzaz kanpoko jarduerak: debekatuta dago landarediaren arraseko mozketa eta egur aprobetxamendua esparru guztian, bai eta landaredia erretzea ere (sutegi kontrolatuak izan ezik). Zilegi da lurra mugitzea eta luberritzea eskatzen duten ekintzak baimentzea. Baimenduta daude gainerako jarduerak. Ingurumen ondorioen adierazpenarekin bat, 10 m-ko zabalera duen babes zerrenda bat ezarri da harrera eremu guztietan, urtegiaren ertzaren parez pare, Nafarroako eskualde horretako berezko habitatak lehengora daitezen Urrobi eta Irati ibaien ertzetan: haltzadi kantauriar ekialdekoak, sahastiak eta lizar arrunteko zuhaizti tenporihigrofilo piriniarrak. Zerrenda horretan eremu kontrolatu eta zehatz batzuk jarriko dira jendea ur ertzera iristeko, ur ertza ahalik eta luzera handienean egon dadin landarez betea. Harrera eremuak egokitzeko jarduerak egiten direnean zenbait neurri eta baliabide erabiliko dira landare tratamendu horretan laguntzeko.

.Eraikuntzako jarduerak: baimena jaso dezakete Itoizko urtegiarekin zerikusia duten turismo, kirol, ingurumen eta aisialdi arloko jarduerei lotutako eraikin eta instalazioek, urtegia eraiki, mantentze-lanak egin eta zerbitzu emateko beharrezkoak diren ekipamendu, dotazio edo zerbitzuetarako eraikinek eta instalazioek, bai eta azpiegiturek ere. Aurreikusitako erabileretarako elementu berezi eta berariazkoak diren aldetik, baimen espresua ematen da hondartzak egokitu eta landarez hornitzeko lanetarako, arrantza-tokiak, aparkalekuak, informazio eta salmenta mugatuko etxola eraikitzeko eta hiri altzariak eta higiene zerbitzuak paratzeko.

Gainerako guztiak debekatuta egonen dira, baldintza partikularretan adierazten diren salbuespenekin.

AA. 1. Sagarmin.

-Azalera: 14.950 m².

-Baldintza partikularrak: informazioguneak eta/edo higiene zerbitzuak jartzeko eraikinak izanen dira baimenduko diren bakarrak. Edozein jarduketak konpondu egin beharko du Gurpegiko bidearen eta dikera iristeko bide perimetral berriaren arteko ibilgailuentzako lotura; Sagarmin errekak elikatzen duen ur adarraren hegoaldean dagoen mazelean barna joanen da. Beste konponbide teknikoren bat izanez gero, ahalik eta gehien saihestuko dira ezpondak eta lur mugimendu handiak, ez topografia ez paisaia desitxura ez daitezen.

Sagarmin errekaren iparraldean dagoen mazelaren landare tratamendua ere beharrezkoa da; Nagoreko herriguneak, errepideak, ur ertzak eta harrera eremuak mugatzen dute inguru hori. Automobilak aparkatzeko gutxienez ere 30 toki sortuko dira.

AA. 2. Angordoi.

-Azalera: 12.950 m².

-Baldintza partikularrak: Nagoreko herrigunetik hurbilen dagoen eremua izanik eta, beraz, seguru asko hor ibiliko denez jende gehien, egokitze jarduketa guztietan aparkaleku bat egin beharko da, gutxienez ere 70 automobil sartzeko.

Ibilgailuak, ahal dela, Nagoreko hedapen eremu hurbiletik iritsiko dira, eta behin-behineko konponbidea eman daiteke bide hori garatu arte.

Oinplanoko okupazioa 200 m²-koa izan ahalko da bolumen batean edo gehiagotan eta sestra gaineko altuera bakar batean, higiene, informazio eta kontrol zerbitzuak eta abar jarri ahal izateko; edariak eta janariak saltzeko urte sasoi bateko establezimendua (taberna-jatetxea) ere jarri daiteke.

AA. 3. Artzi.

-Azalera: 67.800 m².

-Baldintza partikularrak: egokitze lanaren ondorioz aparkalekuak sarbidearen eta errepide berriaren arteko zerrendan eginen dira, eta ibilgailuak kendu eginen dira jauregiaren eta uraren arteko eremutik.

Ibilgailuak aparkatzeko 50 toki eta autobusak aparkatzeko 4 toki izanen dira gutxienez.

Eraikin multzo bat egin ahalko da, eta multzo horretan gutxienez eraikin estali eta ireki bat, gehienez 400 m²-koa, higiene zerbitzuak eta beste zerbitzu batzuk, denak material eta forma tradizionalez eginak (harria eta zura).

Baimena ematen da, halaber, jauregia zaharberritu eta/edo handitzeko. Dotazio publikoa denez, ez da eraikigarritasun mugarik ezarri, eta mugaren bat jartzeko erabakia hartzea aukeran du Artzibarko Udalak.

Santa Maria baselizaren inguruan esku-hartzeren bat egiteko Vianako Printzea Erakundearen txostena beharko da aurretik (299/1998 Foru Dekretua).

AA. 4. Orotz-Betelu.

-Azalera: 18.250 m².

-Baldintza partikularrak: oro har baimendu diren jarduerez gainera, kasu honetan bi eraikin finkatu daude eta zaharberritu eta/edo handitu egin ahalko dira beren bolumena bikoiztu arte, oraingo altuerak aldatu gabe, bertan harrera eremuari lotutako erabilerak edo zerbitzuak sartzeko.

Eremu horretan jarduketaren bat egin nahi izanez gero, oraingo presatik hegoalderantz doan ubideak eta etorkizuneko ur eremuak mugatzen duten eremuko arboladia errespetatzen saiatu beharko da, zeren eta inguru horretan lizardi tenporihigrofilo piriniarrari dagokion landaredia baitago eta babestu eta indartu egin behar baita.

Ingurumen-kalitatea hobetu ahalko da, Fraxinus excelsior zuhaitzak jarriz, baldin eta alde hartako hazietatik heldu badira.

Harrera eremuan zuhaitz espezie hauek erabiliko da batik bat:

-Haltz beltza (Alnus glutinosa (L) Gaertner).

-Lizar arrunta (Fraxinus excelsior L.).

-Astigar arrunta (Acer campestre L.).

Ur ertzean:

-Zume hostoestua (Salix eleagnos Scop.).

-Zume gorria (Salix purpurea L).

Zuhaixka espezie hauek erabiltzea gomendatzen da:

-Iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna Jacq.), pasaporte fitosanitarioduna, Erwinia amylovora gabe.

-Intsusa beltza (Sambucus nigra L.).

-Elorri beltza (Prunus spinosa L.).

Hegaztientzako eremu mugatua. AR. Ilzaga.

-Azalera: 58.060 m².

-Babes araubidea: ahalik eta murriztaileena izanen den babes araubidea ezarri nahi da. Hala, aurreikusi den erabilera nagusia eta haren jarduera osagarriak baizik ez dira baimenduko. Eraikuntzaz kanpoko jarduerak: espezieak kokatzeko beharrezkoak diren egokitze eta mantentze lanei lotutako jarduerak soilik baimenduko dira. Debekatuta egonen da beste jarduera batzuetarako sarbidea. Eraikuntzako jarduerak: behatoki eta/edo interpretazio zentro bat eraiki ahalko da bakarrik. Ezkutuan egonen da, hegaztiei eragozpenik ez sortzeko, eta debekatuta egonen dira gainerako eraikinak. Egokitze proiektua Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura igorriko da, txostena egin dezan.

Nagoreko etxebizitza sektorea (S.R.)

-Deskribapena: lurzoru horrek muga hauek ditu: Nagoreko herrigunea, SG. 3 berria, Angordoiko AA. 2 eremua, urtegia eta Agoitz-Auritz NA-172 errepidearen trazadura berria. Lurzoru urbanizagarri sektorizatuko sektore bat da, Plan Partzialaren bidez garatu beharrekoa.

Planoetan ageri den antolamendua orientatzailea da, nahi eta baldintza hauek bete beharko diren:

.Sektorearen iparraldeko muturreko pinudia berdegune publikorako erabiliko da.

.Hoteletarako lurzati bat zehaztu beharko da, 7.000 m²-koa gehienez, eta sestra gaineko 3.000 m²-ko azalera eraikia gehienez. Hoteletarako erabilerari lotutako etxebizitza erabilera onartuko da lurzatian.

.Etxebizitzatarako 40 lurzati, 450 m²-ko eraikigarritasunarekin.

.Nagoreko UE-2ko hedapen irizpideen araberakoa izan beharko du diseinuak.

.Diseinuak kontuan hartuko ditu Nafarroako Errepideen Babesari buruzko urriaren 10eko 11/1986 Foru Legeko xedapenak eta, zehazki, Herri Lan zuzendari nagusiak 2007ko martxoaren 20ko txostenean ezarritakoa beteko da.

Azalera: 64.680 m².

Lurzoru mota: lurzoru urbanizagarri sektorizatua.

Eraikuntza mota: familia bakarreko edo biko etxebizitzak, banakakoak, binakakoak edo atxikiak.

Garapenerako tresnak: Plan Partziala, Urbanizazio Proiektua, Birzatitze Proiektua.

Etxebizitzen eraikigarritasuna: 40 x 450 m² 18.000 m².

Eredu-aprobetxamenduaren kalkulua:

-Homogeneizazio koefizienteak:

-Etxebizitzen eraikigarritasuna: 1 ua/m². Hotelaren eraikigarritasuna: 1,15 ua/m².

-Etxebitzitarako lurzati pribatua: 0,2 ua/m².

-Hoteletarako lurzati pribatua: 0,1 ua/m².

-Sektoreko aprobetxamendua, guztira:

40 x 450m² x 1ua/m² = 18.000 ua.

3.000 m²x 1,15 ua/m² = 3.450 ua.

40 x 350 m² x 0,2 ua/m² = 2.800 ua.

7.000 m²x 0,1 ua/m² =700 ua.

Sektorea, guztira = 24.950 ua.

-Eredu-aprobetxamendua:

24.950 ua/64.680 m² = 0,385745 ua/m² gordin.

Ondare bihur daitekeen aprobetxamendua: planak baimentzen duenaren %90. Gainerako %10a eskumena duen administrazio jardulearena izanen da.

Nagoreko sistema orokorra (SG. 3)

-Deskribapena: etxebizitza sektore berria ur eremutik bereizten duen lur zerrendak osatzen du. Eremu urbanizatuaren bazterrek urtegiaren inguruan izanen duten tratamendua zehaztu nahi da.

-Azalera: 12.857 m².

-Lurzoruaren sailkapena: urbanizagarri sektorizatua.

-Jarduketa sistema: desjabetzea.

-Beste baldintza batzuk: sistema orokor honen xede den urbanizazioaren diseinua Nagoreko SG-2an erabilitako irizpideen antzekoei jarraikiz eginen da (eginda dagoen pasealekua bazterren tratamendurako), sarrera elementuen eta materialen formalizazioari dagozkion irizpideak hain zuzen ere. Trantsizio elementu bat denez baita Nagoreko herrigunearen eta Angordoiko harrera eta josteta eremuaren artean ere, eremu berdeagoa izan ahalko da, bazterretan dagoen pasealekuaren (tratamendu "gogorra": espaloi eta galtzada zoladunak) eta josteta eremuan sortuko den "hondartza" handiaren arteko modulazio gisa joka dezan.

Sistema orokortzat jotzen den bolumen bat eraikitzeko baimena emanen da, ur inguruneari lotuta eginen diren jardueretarako lagungarri, bai eta ur bazterra amerreekin eta abar egokitzeko ere, ontziak errazago ibili ahal daitezen.

Diseinurako irizpideak

Jardueren lagungarri izanen diren elementuen diseinurako ildo nagusiak:

-Lursail naturalen aldaketa ahalik eta txikiena izateko esku-hartzeak eginen dira. Proposatzen diren antolamendu eta zonifikazioak lursailen aurretiazko baldintzei egokituko zaizkie ahal den guztian. Bide sarea, aparkalekuen tratamendua, egin litezkeen eraikinak eta gainerako elementuak inguruneari egokituz gauzatuko dira, lur mugimendu handiak, eusteak, etab. saihestuz.

-Ahal den neurrian inguru horretan erabili izan diren materialak erabiliko dira, hala nola harria, zura, etab.

-Jendea egoteko eremu guztietan gutxieneko informazio eta higiene zerbitzuak eta hondakinak biltzeko zerbitzuak jarri beharko dira.

-Eguzki energiaz baliatzeko elementuen eta energia berriztagarrien erabilera bultzatuko da eraikin guztietan.

Iragarkiaren kodea: F0802124