26. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

24/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana. Haren bidez Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiaren, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzen dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzeko titularrak foru agindu baten bidez izendatuko dituela zuzendari nagusiak, idazkari tekniko nagusiak edo zuzenean kontseilarien mende dauden beste organo batzuetako titularrak kanpoan direnean, eritasun edo ezintasunen bat dutenean edo karguak hutsik daudenean horien ordez aldi baterako ariko diren ordezkoak. Artikulu horretako 6. idatz-zatiaren arabera, ordezkoen izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, kasu zehatzetarako egiten direnak izan ezik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia ordeztea.

Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiaren kargua hutsik gelditzen denean, kanpoan denean, eritasun edo ezintasunen bat duenean, haren ordezkoa izanen da, aldi baterako, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia. Biak falta badira, zerbitzu horretako zuzendariek ordezkatuko dute, hurrenkera honen arabera:

a) Nekazaritza Zerbitzuko zuzendaria.

b) Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendaria.

c) Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

2. artikulua. Landa Garapeneko zuzendari nagusia ordeztea.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren kargua hutsik gelditzen denean, kanpoan denean, eritasun edo ezintasunen bat duenean, haren ordezkoa izanen da, aldi baterako, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia. Biak falta badira, zerbitzu horretako zuzendariek ordezkatuko dute, hurrenkera honen arabera:

a) Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuaren zuzendaria.

c) Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuaren zuzendaria.

3. artikulua. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia ordeztea.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren kargua hutsik gelditzen denean, kanpoan denean, eritasun edo ezintasunen bat duenean, haren ordezkoa izanen da, aldi baterako, Landa Garapeneko zuzendari nagusia. Biak falta badira, zerbitzu horretako zuzendariek ordeztuko dute, hurrenkera honen arabera:

a) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria.

c) Uraren Zerbitzuaren zuzendaria.

5. artikulua. Idazkari tekniko nagusia ordeztea.

Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean edo ezintasunen bat duenean, honako hauek izanen dira departamentuko idazkari tekniko nagusia aldi baterako ordeztuko duten haren menpeko atalburuak, hurrenkera honetantxe:

a) Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

b) Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

c) Kudeaketa eta Modernizazio Administratiboaren Ataleko burua.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.

Indargabetzeak

1. Indarrik gabe gelditzen da 79/2005 Foru Agindua, maiatzaren 9koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiaren, Landa Garapenerako zuzendari nagusiaren, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendari kudeatzailearen eta departamentuko idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena.

2. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, indarrik gabe gelditzen da 351/2005 Foru Agindua, apirilaren 18koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena.

3. Era berean, indarrik gabe gelditzen dira xedapen honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten edo berarekin kontraesana sortzen duten maila bereko xedapen orokor guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 28an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0801823