21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

13/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 14koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako kirol federazioekin hitzarmenak egiteko 2008ko deialdia onesten duena.

Uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, Nafarroako Kirolari buruzkoak, 6. artikuluko 1. idatz-zatian ezartzen duenaren arabera, Foru Komunitateko kirol administrazioari dagokio Nafarroako Gobernuaren kirol gaietako politika planifikatu eta betearaztea.

Aipatu foru legeak, 33. artikuluko a) letran adierazten duenaren arabera, Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak ematea. Hartarako, dirulaguntza horien arauetan ezarri bezalako lankidetza itun edo hitzarmenak erabiliko dira.

Halaber, foru lege beraren 42. artikuluko 1. idatz-zatiak ezartzen du Nafarroako kirol federazioen helburu nagusia Foru Komunitateko lurraldean aitormena duten kirol jarduerak sustatu eta garatzea dela; 4. idatz-zatian, berriz, Nafarroako kirol federazioek, berezko eginkizunez gain, administrazio kutsuko eginkizun publikoak ere hartzen dituztela delegazioz, eta kasu horretan Foru Komunitateko Administrazioaren lankide aritzen direla.

Azkenik, lege horren 50. artikuluan ezartzen da Foru Komunitateko kirol administrazioak lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahalko dituela, izaera juridiko-administratibokoak, Nafarroako Kirol Federazioekin, haiei dagozkien eginkizunak garatzearren.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzen du. 17.1 artikuluan ezartzen du, gainera, posible izanen dela dirulaguntzak ematea, Nafarroako Gobernuak onartutako kasu justifikatuetan, banakako ebaluazioaren araubidea aplikatuz.

Zentzu horretan, 2007ko abenduaren 10ean, Nafarroako Gobernuak 2008ko Nafarroako Kirol Federazioei laguntzak emateko deialdia banakako ebaluazioaren araubidearen bidez tramitatzea onetsi zuen.

Horiek horrela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko abenduaren 10eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Kirol Federazioentzako 2008ko dirulaguntzen deialdiaren arauak onestea. Testua, osorik, foru agindu honen 1. eranskinean dago.

2. Aipatu deialdia ebazteko 2008an erabili beharreko irizpideak eta baremoa onestea. Foru agindu honetako II. eranskinean ageri dira.

3. Deialdia finantzatzeko, 1.847.150 euroko gastua baimentzea kontusail hauetatik:

1.450.000 euro "Federazioentzako dirulaguntzak" izeneko 940002 - 95120 - 4819 - 336100 kontusailaren kargura.

357.000 euro "Kirol Teknifikazioko Zentroak" izeneko 940002 - 95120 - 4819 - 336103 kontusailaren kargura.

40.150 euro "Kirol federazioen ekipamendua" izeneko 940002 - 95120 - 7819 - 336100 kontusailaren kargura.

Kontusail guztiak 2008. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorren konturakoak edo, aurrekontu horiek helburu horrekin onesten dituzten antzeko kontusailen kargurakoak izanen dira. Dirulaguntzen banaketa, betiere, 2008ko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu honen berri ematea Nafarroako Kirolaren Institutuari, Kirol Zuzendariordetzari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 14an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Nafarroako Kirol Federazioei dirulaguntzak emateko 2008ko deialdia. Arauak

1. araua. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Kirol Federazioei dirulaguntzak ematea. Dirulaguntzak 2008. urterako sinatuko dira, Nafarroako Kirol Federazioen eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren arteko lankidetza-hitzarmenak izenpetuta.

2. araua. Onura publikoaren edo sozialaren helburua.

Kirol Federazioei laguntzeko premiak dakar onura publiko edo sozialekoa izatea, Nafarroako Kirolari buruzko 15/2001 Foru Legean azalduta dagoen bezala.

3. araua. Federazioen betebeharrak.

Dirulaguntzak jasotzeko, Kirol Federazioek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta egotea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

c) Kontabilitate Plan Orokorraren araberako kontabilitatea eramatea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariaren abenduaren 12ko 91/2003 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Kirol Federazioentzat onetsitako egokitzapenaren araberakoa.

d) Federazioek antolatutako jardueren ondoriozko erantzukizun zibila babesten duen aseguru bat kontratatuta edukitzea, bai entitatearentzat berarentzat, bai haren izenean ari diren pertsonentzat ere (zuzendaritza taldekoentzat eta langileentzat).

4. araua. Dirulaguntzen xedeko kontzeptuak:

Ondorengo kontzeptuetarako eskatzen ahalko dira laguntzak:

a) Administrazio gastuak.

b) Langileen gastuak.

c) Lehiaketa nazionaletan parte hartzea.

d) Lehiaketa nazionalen eta nazioartekoen antolamendua.

e) Nafarroako lehiaketak.

f) Sustapen jarduerak.

g) Prestakuntza jarduerak.

h) Teknifikazioa eta Nafarroako Selekzioen programak.

i) Kiroletako jantziak eta ekipamenduak.

j) Bestelako ekipamendua.

5. araua. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuko erregistroan aurkeztuko dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aipatutako edozein bide erabiliz.

2. Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaio, "Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko deialdia" jarrita.

3. Eskaerak aurkezteko epea honako hau da:

a) Hogeita hamar egun balioduneko epea foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

b) Aparteko egoeretan, aurreko epean eskaerak aurkeztu ezin izan dituzten Kirol Federazioek aurtengo ekainaren 30a baino lehen aurkezten ahalko dituzte. Kasu horretan, eskatutako dirulaguntza emateko baldintza izanen da aurrekontuetan behar adina diru egotea.

4. Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak ordainduak daudela frogatzen duten agiriak.

b) Jardueren urteko proiektua (jardueren eta langileen fitxak), aurrekontua zehatz emanda, Nafarroako Kirol Federazioetara egokitutako Kontabilitate Plan Orokorraren araberakoa, Federazioaren Batzar Nagusiak onetsia, Nafarroako Kirolaren Institutuak ezarritako ereduen arabera. Agiriak aurkezten diren egunerako Batzar Nagusia egin ez bada, Federazioko Zuzendaritza Batzordeak onetsi beharko ditu agiriak eta Batzar Nagusiaren onespena aurkezteko konpromisoa hartuko du, egiten denetik hamabost eguneko epean.

c) Federazio Baztordeen osaera, lizentzia eta kluben kuadroak, federazioaren datu orokorrak eta langileen kontratazioa eta aseguruak jasotzen dituen inprimakia.

d) Teknifikazio eta prestakuntza fitxak.

e) Ekipamendurako eskabidea.

f) Ekipamendurako eta jantzitarako eskabidea.

6. araua. Antolamendua eta instrukzioa.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko Federazioen eta Nafarroako Kirol Jokoen Atala izanen da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta aurrera eramateko unitate organikoa.

2. Unitate organikoak arlo juridikoko administrazio publikoaren teknikari (A.P.T.) baten laguntza izanen du. Teknikariak eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela egiaztatuko du batetik, eta bestetik unitate organiko eskudunak antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberako den edo ez, dagokion txostena tarteko.

3. Aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitateari eskaera eginen zaio, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak dioen bezala.

4. Banakako ebaluazioaren araubidea aplikatuko da, Dirulaguntzei buruzko foru legearen 17. artikuluan ageri dena. Horrenbestez, eskaerak ebaluatu eginen dira eta ebaluazio horretatik ondorioztatutako intentsitatearekin emanen zaie dirulaguntza. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan dirua baldin badago.

Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 30 egun balioduneko epean aurkeztutako eskaerak batera tramitatu eta ebatziko dira. Bestalde, epe hori bukatu ondoren eta ekainaren 30a baino lehen aurkeztutakoak, bigarren multzo batean tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan dirua dagoen bitartean.

7. araua. Balorazioa.

Aurkeztutako eskaeren balorazioa egiterakoan foru agindu honen II. eranskinean ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

8. araua. Eskaeren gaineko ebazpena eta ordainketa.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari dagokio laguntzak emateko ebazpenak ematea.

Hori dela eta, zuzendari kudeatzaileak bi ebazpen emanen ditu batutako aurkeztutako eskaerekin: bata lehendabiziko epean aurkeztutako eskaerei buruzkoa eta bestea gainontzekoei buruzkoa.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira.

3. Laguntzen gainean emateko ebazpena sei hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

4. Laguntzak emateko ebazpena emanda, dagokion lankidetza-hitzarmena izenpetuko da.

5. Hitzarmena izenpetu ondoren, dirulaguntza ordainduko da. Dirulaguntzaren zenbatekoa hitzarmenaren testuan agertuko da.

Ordainketa hiru hilabetetik behin eginen da (martxoa, ekaina eta iraila), hurrengo kontzeptuak bereizita:

a) Buruturiko jardueren gastuak eta dirusarrerak aurkeztu ondoren. Hiruhileko justifikazioa partzialak egiten ahalko dira, oraindik bukatu gabeko jarduerena.

b) Hiru hilabetetako administrazio gastuak eta federazioen langileei dagozkien gastuak.

c) Abenduaren 31 baino lehen osorik ordainduko da dirulaguntza (ordurarte egindako ordainketen eta 10.1 arauan ezarritako justifikazioa eginda, behin betiko kopuruaren arteko aldea).

6. Deialdi honetako dirulaguntzak ez dira bateraezinak Kirol Federazioek beste entitate publiko edo pribatuetan lor ditzaketenekin.

9. araua. Hitzarmenaren aldaketak.

1. Hitzarmenak aurreko idatz-zatian ezarritako prozeduraren arabera izenpetu ondoren, federazioek proposamenak aurkezten ahalko dituzte haietan beste jarduera batzuk sartzeko. Proposamen horiek aurrekontuetan dirurik dagoen heinean hartuko dira kontuan.

2. Eskaera berri hauek, betiere, haiek egin baino lehen aurkeztuko dira. Eskaerari jarduera proiektua erantsiko zaio, urterako aurkeztutako gainerako jardueren eduki berarekin.

3. Jarduera berrien eskabidea aurkeztu ondoren, Kirol Zuzendariordetzak erabakiko du, irizpide eta baremo orokorrei jarraikiz, ea komeni den laguntza berri bat ematea.

4. Dena den, jarduera berrietako dirulaguntza eman edo ez eman, dirulaguntzaren azken zatia ordaintzeko emanen den ebazpenean adieraziko da.

10. araua. Jardueren justifikazioa.

1. Arau honen 4. eta 5. ataletan bildutako jardueretako izan ezik, urte bakoitzeko azaroaren bata baino lehenago, federazioek urriaren 31 bitarte egindako jardueren fitxak aurkeztuko dizkiote Kirol Zuzendariordetzari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen den edozein bide erabiliz.

2. 2009ko martxoaren 1a baino lehen, federazioek egindako jardueren urteko proiektua (gauzatutako aurrekontua barne) aurkeztuko dute Kirol Zuzendariordetzan, Nafarroako Kirolaren Institutuko erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen den edozein bide erabiliz. Proiektu horrek federazioaren Batzar Nagusiak onetsia izan beharko du; kontuan hartuko dira Nafarroako Kirolaren Institutuan ezarritako ereduak eta Nafarroako kirol federazioei egokitutako Kontabilitate Plan Orokorra. Agiriak aurkezten diren egunerako Batzar Nagusia egin ez bada, Federazioko Zuzendaritza Batzordeak onetsi beharko ditu agiriak eta konpromisoa hartuko du Batzar Nagusiaren onespena aurkezteko, egiten denetik hamabost eguneko epean.

3. Dirulaguntzaren xede den gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 15/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako diru kopurua gainditzen badu, onuradunak erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.

4. Teknifikazio eta Nafarroako Selekzioen zentroaren programetan sartutako ekintzen justifikazioa aurkeztu beharko da, dagokion bulegoak eginen dituen lauhileko memorien ereduen arabera.

5. Kirol ekipamenduaren eta jantzien atalaren justifikazioa egiteko, federazioek erosketen fakturak eta ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte. Gainera, erosketak egin aurretik Kirol Zuzendariordetzaren oniritzia izan beharko dute.

11. araua. Betebeharrak.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuarekin hitzarmena izenpetzen duten Kirol federazio guztiek honako konpromisoak hartzen dituzte, kasuan kasuan erabakitzen direnez gainera:

a) Laguntzaren xede diren jarduerak burutzea.

b) Aurkeztutako jarduera proiektuan izaten den funtsezko edozein aldaketaren berri ematea Kirol Zuzendariordetzari.

c) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren edozein eratako publizitatean, Kirol Zuzendariordetzak adierazten duen irudi korporatiboa jarriz. Baldintza hori bete dela erakutsi beharko da urteko memoria aurkeztean.

Zentzu horretan, Nafarroako Kirolaren Institutuak kontzeptu honengatik emandako laguntzak bere iragarki oholean jarri beharko ditu.

d) Federazioko Batzarrari hitzarmenaren edukia zehatz azaltzea, hitzarmena izenpetu eta hilabeteko epean. Baldintza hori bete izanaren berri idatziz emanen zaio Kirol Zuzendariordetzari.

e) Nafarroako Kirolaren Institutuarekin batera, hala denean, Nafarroako Kirol Jokoak antolatzea, eta gure komunitateak Kirol Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen kirol programetan parte hartzea; halaber, Nafarroako selekzioen parte-hartzea.

f) Nafarroako Kirol Institutuarekin batera aritzea bakoitzaren kirol esparruko araudi eta laguntzen informazioa zabaltzen, herritarren osasun onari begira egiten diren kirol eta gizarte jardueretan eta Nafarroako Kirol Sarietan; horrekin batera, Kirol Sariei buruzko urteroko proposamena aurkeztea.

g) Kirol Zuzendariordetzak bakoitzaren kirol esparruan eskatzen dituen txosten tekniko edo informatiboak aurkeztea, eta klubek eta kirolariek batik bat nazioan eta nazioartean izaten dituzten emaitzen berri aldian-aldian ematea.

h) Teknifikaziorako eta Selekzioetarako Zentrorako araudia betetzea, federazioek harremana baldin badute harekin.

i) Laguntzak zer xedetarako ematen diren, hartarako erabiliko dira; zertarako erabiltzen diren frogatu beharko da, egiaztapenak onartu eta Administrazioak eskatutako agiriak eta programatutako jarduerak egin izanari buruzkoak eman.

j) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditatutako bestelako agiriak eduki beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

l) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua.

m) Kirol Federazio onuradun guztiek, beren komunikazioetan, espresuki adierazi beharko dute jarduerak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza batekin finantzatuko direla, bidezkoa den kasuetan betiere.

12. araua. Gorabeherak eta eginbeharrak ez betetzea.

1. Arau hauetan aipatu diren eginbeharrak, haien araudi bidezko garapena edo erabakitzen den beste edozein eginbehar ez betetzeak, edo aurkeztu diren datuak faltsuak izateak, jasotako dirua partez nahiz osorik itzuli beharra ekarriko du, berandutze interesekin edo gabe, eta baita Nafarroako Kirolaren Institutuak bere aldetik hitzarmena indargabetzea ere. Horretaz gainera, xede bera edo antzekoa duten hurrengo eskaerak ez onartzea ekar dezake, ezertan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako arauen aplikazioa.

2. Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

13. araua. Administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta bere arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

2. Era berean, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

14. araua. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Irizpideak eta baremoa

1. Administrazio gastuak.

1. Federazioaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastuak hartuko dira aintzat: telefonoa, aseguruak, publizitatea, zabalkundea, hornidurak eta kudeaketako beste gastu arrunt batzuk.

2. Atal honetarako jasotzen ahalko den dirulaguntza, gehienez, gastu guztiaren %70 izanen da.

3. Federazio batzuen artean federazioen administrazio kudeaketa kontratatzen bada, gastu horren %80 bitarteko laguntza jasotzen ahalko da.

4. Dirulaguntzak gastuen %100era iristen ahalko dira, baldin eta federazioak auditoria bat egiten badu, Nafarroako Kirolaren Institutuak planean Nafarroako Kirol Federazioen auditoriak direla eta ezarritakoari jarraikiz.

2. Langileen gastuak.

1. Federazioko langileak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak hartuko dira kontuan. Administrazioko langileak zein teknikariak izaten ahal dira.

2. Atal honetarako jasotzen ahalko den dirulaguntza, gehienez, gastu guztiaren %70 izanen da.

3. Jarduera programa zehatz batzuen garapenaren ondorioz, langile berariazkoak kontratatu behar eta, hortaz, gastuak sortzen dira. Kasu horietan, gastuak berariazko programa bakoitzaren bitartez aztertuko dira.

4. Ez da dirulaguntzarik jasoko langileen gastuetarako, baldin eta haien eginkizunak beste deialdi batzuetako edo foru agindu honetako beste atal batzuetako programen eginkizun funtsezkoak badira.

3. Lehiaketa nazionaletan parte hartzea.

1. Espainiko lehiaketetan Nafarroako selekzioen parte hartzearen gainekoak bilduko dira ata honetan. Atal honetatik kanpo gelditzen dira 8. artikuluan espresuki federaziotzat jotzen diren Nafarroako erakundeen selekzioen programak.

2. Honako kontzeptu hauengatik jasotzen ahalko da dirulaguntza: izena ematea, joan-etorriak, ostatu hartzea, mantenua eta parte hartzeko ezinbestekoak diren beste batzuk.

3. Lehiaketa bakoitzean egindako osoko gastuaren %100era iristen ahalko da dirulaguntza, aurreko puntuko kontzeptuei dagokienez eta, betiere, federazio bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta.

4. Ez da dirulaguntzarik emanen beste deialdi bateko lehiaketa nazionaletan parte hartzeagatik.

5. Autonomia erkidegoetako federazioen artean antolatutako lehiaketetan Nafarroako selekzioek izaten duten parte-hatzea sartuko da atal honetan, betiere Nafarroako Kirolaren Institutuak baimena eman eta gero.

4. Lehiaketa nazionalen eta nazioartekoen antolamendua.

1. Jardueraren antolamenduak Kirol Zuzendariordetzak baimendurik egon behar du. Egin baino sei hilabete lehenago eginen da antolatzeko eskaera. Salbuespen gisa, betiere arrazoiak emanda, eskaera egiteko epea laburragoa izaten ahalko da.

2. Jardueraren finantzabideak bermaturik egon beharko du. Ezin izanen du sortu Federazioaren funtzionamendu ekonomikoa eragozten duen defizitik.

3. Gastuen artean ez dira sartuko jarduera antolatzeko beharrezkoak ez diren kontzeptuak.

4. Jarduera egin eta Kirol Zuzendariordetzan kirol memoria eta hartan egindako gastu eta dirusarreren balantzea aurkeztu ondoren hartuko da dirulaguntza behin betikotzat.

5. Atal honetako dirulaguntza gehienez ere burututako aurrekontuaren %33koa izanen da. Lehiaketa batzuk "interes bereziko" deklaratzeko ahalmena izanen du Kirol Zuzendariordetzak. Kasu horietan, aplikatzen ahal den dirulaguntzaren portzentajea beste bat izan liteke eta ez lehendik aipatua, edo aurrekontuko kontusail berezi bat izanen dute.

5. Nafarroako lehiaketak.

1. Liga edo jardunaldien bitartez antolatutako Nafarroako lehiaketak sartuko dira atal honetan.

2. Haiek egiteko beharrezkotzat jotzen diren kontzeptuak izanen dira dirulaguntzen xede: garaikurrak, afixak, erantzukizuneko aseguruak, instalazioak, antolakuntzako langile gastuak, megafonoak eta kirol mota bakoitzaren arabera kontuan hartzekoak direnak.

3. Nafarroako Kirol Jokoetako lehiaketen edo jardueren ondoriozko gastuak horretarako ezarritako prozeduraren bidez hartu dira aintzat.

4. Arestian aipatutako kontzeptuak direla eta, egindako gastuaren %100ra bitartekoa izaten ahalko da atal honetarako dirulaguntza.

6. Sustapen jarduerak.

1. Atal honetan, Kirol Zuzendariordetzak finkatuko du zer jarduerari emanen zaien dirulaguntza haien helburuen arabera.

2. Lehiaketa egiteko beharrezkoak diren kontzeptuei lagunduko zaie diruz atal honetan: langileak, aseguruak, megafonia, ostatua eta mantenua, osasun laguntza eta aintzat hartu beharreko beste batzuk, egindako gastuaren %50era bitarte.

Kirol Zuzendariordetzak ahalmena izanen du jarduera batzuk "interes bereziko" deklaratzeko. Kasu horietan, aplikatzen ahal den dirulaguntzaren portzentajea ez da izanen aurretik aipatutakoa.

3. Eskola Kanpainetan, Udalaren Kirol Eskoletan edo antzekoetan egindako jardueren ondoriozko gastuak horretarako ezarritako bideen arabera tratatuko dira.

4. Emakumeen, etorkinen eta adinekoen parte-hartzearen sustapenarekin eta kirola-aisialdiarekin lotutako parte-hartze ekimen berrien sustapenarekin lotutako ekintzak kontuan hartuko dira aplikatu beharreko dirulaguntzaren portzentajea ematerakoan, Kirol Zuzendaritzaordearen arabera, eta %100era bitartekoa izan daiteke.

7. Prestakuntza jarduerak.

1. Atal honetan, alde batetik, kirol titulazio berrien esparruan eta erdibideko denboraren barruan dauden jarduerak sartzen dira eta, bestetik, federazioek egindako prestakuntza jarduera osagarri arruntak: birziklatze ikastaroak, gaurkotze jardunaldiak, clinic teknikoak, zabalkunde jardunaldiak eta antzeko jarduerak.

2. Prestakuntzarako dirulaguntzek ikasleek prestakuntza jarduerarako egiten duten matrikulan edo izen ematean izanen dute eragina.

3. Prestakuntza jarduerak irekiak izanen dira denentzat eta argitara emanen da haien deialdia.

4. Eman beharreko dirulaguntza baloratzerakoan, prestakuntzaren eragin ekonomikoa edo profesionala eta jardueraren federazio sustatzailearen baliabide ekonomikoak hartuko dira kontuan.

5. Dirulaguntza garatu beharreko proiektua eta aurrekontu eta dirusarreren aurrekontua (matrikulaturiko ikasle bakoitzagatik pagatu beharreko dirua barne) ezagutu ondoren zehaztuko da. Atal honetarako dirulaguntza gehienez ere %50ekoa izanen da.

8. Teknifikazioa eta Nafarroako Selekzioen programak.

1. Kontzeptuen definizioa:

a) Teknifikazioa: Atal honetan gehienbat entrenamendu programa bereziak sartuko dira, Espainian eta nazioartean nafar kirolariek dituzten emaitzak hobetzekoak. Gehienbat, teknifikazio taldearekin Nafarroako Kirolaren Institutuaren instalazioetan edo instalazio itunduetan entrenatzen diren entrenamendu talde egonkorren programak.

b) Nafarroako selekzioen programak. Nafarroako Kirolaren Institutuak onetsitako selekzioen programak sartuko dira atal honetan, ohiko entrenamenduz osatuak daudenak, Nafarroako selekzioek Espainian eta gure foru erkidegoa ordezkatzeko parte hartzen duten lehiaketa guztietan kirol emaitzak hobetzeko xedearekin.

2. Salbuespen gisa, interes bereziko kirolari edo programen egoera bereziak hartzen ahalko dira aintzat.

3. Dirulaguntzak emateko irizpideak kontzeptuka:

a) Instalazioak: Nafarroako Kirolaren Institutuak bere instalazioak debalde erabiltzeko baimena emanen du. Nafarroako Kirolaren Institutuarena ez den instalazio bat behar baldin bada, hori erabiltzeko lankidetza-hitzarmenak izenpetuko dira.

b) Teknikariak: %100era bitarte, Kirol Zuzendariordetzak teknifikazio programa zehatzerako ezartzen dituen beharren arabera.

c) Entrenamenduetako joan-etorriak: gehienez ere %75.

d) Material suntsikorra: erabilera orokorra baldin badu eta programa ezinbestekoa bada programa garatzeko, %100era bitarte. Partikularrek erabiltzekoa bada, ez da dirulaguntzarik emanen.

e) Kiroleko materiala: federazioarena bada, %75era bitarte. Kirolariarentzat bada, %50era bitarte, salbuespen gisa.

f) Ekipamenduak: Erabilera orokorrerako, gehienez ere %100. Partikularrek erabiltzekoa bada, %50era bitarte.

g) Elkarretaratzeak eta lehiaketak Nafarroan. Aurreko atalak aplikatuko dira eta, ahal dela, ostatua Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren instalazioetan emanen zaie kirolari nafarrei. Bestela, diruz lagundu beharreko portzentajea negoziatuko da.

h) Elkarretaratzeak eta lehiaketak Nafarroatik kanpo. Aurreko ataletakoa aplikatuko da eta kirolari nafarren ostatuaren gastua %100era bitarte lagutzen ahal da diruz.

i) Programako teknikarien prestakuntza: gastuaren %75era bitarteko dirulaguntza ematen ahalko da.

9. Kiroletako jantziak eta ekipamenduak.

Atal honetan ageri dira aldez aurretik Kirol Zuzendariordetzak baimendutako kirol jantzi ofizialak erosteko gastuak, honako araudi berezia kontuan hartuta:

1. Kirol Zuzendariordetzak ezarritako marka txertatu beharko da (kasu bakoitzerako zehaztutako ereduen arabera) Nafarroako selekzioen lehiaketa ofizialetako, kaleko eta beroketarako jantzietan, bai eta osagarrietan ere, honako jarraibideei jarraikiz:

a) Jantzi arruntak (txandala, poloa, parka, zira, jokorako eta entrenamendurako kamisetak, galtza motza, izerditakoa, bermuda, etabar). Jaka, polo, parka, zira, izerditako eta jokorako eta entrenamendurako kamisetetan, marka bularraren ezkerraldean jarriko da (neurria: 2 x 6 zm). Bularraren eskuinaldean federazioaren ikurra jartzen ahalko da, federazioari egokia iruditzen bazaio. Txandalaren galtzetan, jokorako eta entrenamendurako galtza motzetan eta bermudetan eskuineko izterrean jarriko da (neurria: 2 x 6 zm.). Ezkerreko izterrean federazioaren ikurra jartzen ahalko da, federazioari egokia iruditzen bazaio.

b) Osagarriak (bidaietarako poltsa eta motxila). Bidaietarako poltsan marka aurrealdeetako batean jarriko da (neurria: 4 x 12,8 zm) eta motxilan aurrealdeko behealdean jarriko da (neurria: 3 x 9,2 zm).

c) Berariazko osagarriak behar dituzten federazioek Teknifikazio eta Selekzio Bulegoarekin kontsultatu beharko dute markaren neurria eta jartzeko tokia.

d) Nafarroako Federazietako jantzien kolorea gorria da. Bigarren eta kontrasterako ekipamenduen koloreak (ertzak eta antzekoak) urdin iluna eta txuria izanen dira.

e) Aurreko ataletan azaltzen ez diren gainontzeko jantzietan, jokorako jantziak barne, Teknifikazio eta Selekzio Bulegoarekin adostuko da markaren neurria eta jartzeko tokia.

2. Taldeko kapitaina dagoen kirol modalitateetan, Nafarroako selekzioaren kapitainak kapitainaren besokoa ezarritako markarekin eramanen du.

3. Nafarroako Federazioak editatutako informazio buletinen eta aldizkarien orriren batean behintzat jarri beharko da marka, bai eta federazioaren web orrialdean ere.

4. Kirol Federazioek jantzi eta/edo osagarri bakoitzaren eredua aurkeztu beharko dute Teknifikazio eta Selekzio Bulegoan, Nafarroako Kirolaren Institutuaren oniritzia jasotzeko.

10. Ekipamendua.

1. Ondoko kontzeptuetarako dirulaguntza eskatzen ahalko da: informatikako ekipamendua, kirol materiala, fotokopiagailua, komunikazio sistemak, bulegoko bestelako materiala eta antzekoak.

2. Balorazio irizpideetan honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Modu bateratuan aurkezten diren federazioen eskaerak.

b) Aurreko ekitaldietan materiala eskatu dutenen kasuan, eskaera berriaren bidez ordezteko asmorik bada, aurrekoa amortizatu dela aztertuko da.

c) Aurreko urteetan atal honetan dirulaguntzarik jaso ez duten federazioak.

d) Programen bolumena, lizentzia kopurua eta dirusarrera eta gastuen aurrekontua.

e) Aurreko ekitaldietan izan duten bilakaera, baldintzak betetzeari dagokionez, atal honetako dirulaguntza jaso duten federazio eskatzaileen kasuan.

3. Aplikatu beharreko baremoa: erosi behar den materialaren aurrekontuaren arabera, dirulaguntza portzentaje hauei jarraikiz aplikatuko da:

601 euro baino gutxiago %85.

601,01 eurotik 1.200 eurora %80.

1.200,01 eurotik 1.800 eurora %75.

1.800,01 eurotik 2.400 eurora %70.

2.400,01 eurotik 3.000 eurora %65.

3.000,01 eurotik 3.600 eurora %60.

3.600,01 eurotik 4.200 eurora %55.

4.200,01 eurotik 5.000 eurora %50.

5.000,01 eurotik 10.000 eurora %45.

10.000 eurotik gora gehienez ere %40.

4. Ateratzen diren portzentajeak federazioek eskatutako materialaren aurrekontuari aplikatuko zaizkio. Aurrekontua kontzeptu hauetan banatuko da:

-Kiroleko edo jardueretarako materiala

-Bulegoko, komunikaziorako edo administrazioko materiala etab.

Iragarkiaren kodea: F0801134