21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

4/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "Izaba-Frantziako NA-1370 errepidea (11+800 kp-tik 26+000 kp-ra, Frantziarekiko mugan) egokitu eta hobetzeko" proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat eman eta proiektu hori behin betiko onesten duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak abuztuaren 31n emandako 112/2007 Foru Aginduaren bidez, "Izaba-Frantziako NA-1370 errepidea (11+800 kp-tik 26+000 kp-ra, Frantziarekiko mugan) egokitu eta hobetzeko" proiektua behin-behinean onetsi zen eta jendaurrean paratu, Ingurumen eraginaren azterlanarekin bat, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako eta ingurumenaren gaineko ebaluazioaren ondorioetarako.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 25ean emandako 197/2008 Ebazpenaren bidez, Ingurumen eraginaren adierazpena egin da "Izaba-Frantziako NA-1370 errepidea (11+800 kp-tik 26+000 kp-ra, Frantziarekiko mugan) egokitu eta hobetzeko" proiektuari buruz.

Ingurumen eraginaren adierazpenean ezarri da proiektuan ezin dela bisutsaren eta elur-jausien kontrako egitura berririk sartu, arriskuan dauden espezieei ez dietela eraginen behar adina bermatzen duten azterlanak egin arte.

Zainketa Zerbitzuak aditzera eman du jendaurreko aldian honako alegazio hauek aurkeztu direla:

1. alegazioa.-Juana María Ezquer Marco andrea, bere izenean eta M. Teresa Ezquer Marco andrea ordezkatuz.

Behin betiko okupazioari buruz ondokoa alegatzen dute:

a) Egokitze lanak bukatutakoan, ukitutako finka zatia guztiz txukun utzi dadila, bai itxitura, bai ibilgailuentzako sarbideko hesia, hondakin guztiak kenduta, etab.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, behar diren lanak eginen dira ukitutako finkak obren aurretik zeuden bezala uzteko.

b) Finkako sarrerako hesiaren ondoan dagoen gorostia kendu beharra badago, sustrai eta guzti atera dadila, lur nahikoarekin, eta berriz landatu dadila orain dagoen lekutik hurbil, hau da, finkako sarreran.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, obrak egiten diren bitartean horien ingurumen-jarraipena eginen da eta ingurumena lehengoratzeko neurriak hartuko dira errepideko obrek ukitutako inguru osoan. Beraz, zure eskaera aintzat hartuko da, obrek zuzenean ukitzen badute gorostia.

c) Behin betiko desjabetze honek dagokion ordain ekonomikoa izan dezala, desjabetutako lurren eta eragindako kalte eta galeren araberakoa.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, ukitutako andreari kalte-ordain ekonomikoa emanen zaio bere lurren behin betiko okupazioarengatik. Benetan eragiten zaizkion kalte eta galerak baloratuko dira horretarako.

"Hondakindegirako" lurren aldi baterako okupazioari buruz ondokoa alegatzen dute:

1. Finka abeltzaintzarako errentaturik dago eta okupazio aldian kobratuko ez den errentarengatik ordain ekonomikoa eskatzen dute.

2. Borda errentaturik dago eta okupazio aldian kobratuko ez den errentarengatik ordain ekonomikoa eskatzen dute.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, hondakindegirako hartuko diren lurren okupazioak benetan eragiten dituen kalte-galera guztien ordain ekonomikoak emanen dira.

3. Finka berriz hesitu dadila orain dagoen moduan, eta sarreran behar bezalako ataka jar dadila, material onenak erabiliz.

4. Ibilgailuentzako sarbidea berregin dadila bordetaraino.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, hondakindegirako hartutako lurren okupazioak ukitzen dituen elementuak ordeztuko dira, eta horretarako erabiliko diren materialak egungo materialen antzekoak izanen dira.

Bordarako sarbideari dagokionez, orain dagoen bezalaxe utziko da.

5. Finkak egun dituen metro karratuen kopurua ez dadila aldatu eta lurra ahalik gehien berdindu dadila.

Erantzuna:

Proiektuaren arabera, hondakindegirako lurrak aldi baterako soilik okupatuko dira. Hondakindegia egiten denean nabarmen hobetuko da ukitutako lurrak orain duen malda.

6. Finka osoa lurrez estal dadila ahalik ongien, soro eta bazkaleku gisa erabiltzen jarraitu ahal izateko.

Erantzuna:

Proiektuaren arabera, hondakindegiak ukitutako finka osoan landare-lurreko geruza kenduko da eta gero berriro jarriko da, egungo soro eta bazkalekuen erabilera etorkizunean bermatzeko.

7. Oraingo borda harriz harri eta teilaz teila berreraiki ordez, 2 borda berri eraiki daitezela, bat lurzati eta jabe bakoitzeko, beheko solairuarekin eta pertsonek erabiltzeko goiko solairuarekin, eta Izabako Udal Planak onartzen dituen bizigarritasun baldintzarik onenekin, garaierari, azalerari, leihoei, tximiniari, ateari eta materialei dagokienez. Bakoitzak alboan egurtegi edo estalpe bat izan dezala, egurra, lanabesak edo ibilgailua gordetzeko adinakoa.

8. Bigarren borda behinolako beste borda baten ordezkoa izanen litzateke.

Erantzuna:

Proiektuak benetan eragiten dituen kalteen ordaina bakarrik aurreikusten du, hau da, egungo bordaren ordez beste bat egitea, egin beharreko hondakindegiak bete-betean ukitzen baitu, oraingo eraikuntza-baldintza eta baldintza estetiko berberekin, materialei dagokienez.

9. Zuhaitzei dagokienez, ahalik eta zuhaitz gehien salba daitezela: ezkiak, intxaurrondoa, gorostia eta elorri handiak. Eta atera behar badira, berriz landa daitezela.

Erantzuna:

Proiektuak dio obren hurbileko ingurumena lehengoratu behar dela. Beraz, lehengoratze horretan kontuan hartuko da hondakindegiak benetan ukitzen dituen zuhaitzen ordezpena.

10. Egin behar izan diren kudeaketen gastuak ordain daitezela (joan-etorriak, laneko absentziak etab.).

Erantzuna:

Ukitutako finkan hondakindegia egiteak benetan eragindako kalte eta galerengatik bakarrik emanen da ordain ekonomikoa.

11. Lanak amaitutakoan obraren jarraipena egin dadila: lurrak izan ditzakeen akatsen zuzenketa, lurren drainatze egokia, uraren jaitsiera eta bilketa, lur-jausiak etab. Akatsak atzematen badira, zuzendu eginen dira dena ongi egon arte, lanen arduraduna den Herri Lan Departamentuak ontzat emanda.

Erantzuna:

Proiektuak dio jarraipen osoa eginen zaiela obrak burutzeko egin beharreko lan guztiei, obren atal guzti-guztiak behar bezala burutzen direla bermatzeko.

12. Akordio hau gauzatzen bada, idatziz jar dadila eta interesdun guztiek sina dezatela.

Erantzuna:

Alegazioak eta erantzunak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeak nahikoa bermatzen du Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bere gain hartutako konpromisoa.

2. alegazioa: Agapito Boj Garate jauna, Erronkaribarko Batzar Nagusiaren ordezkaritzan:

Proiektuaren arabera, bideko parrilla bat egitekoa da errepideko begiratokien ondoan, "General Garrido" kuartelaren parean. Haren kokapen zehatza obran erabakiko da.

Bera buru duen Batzarrak, ordea, Herri Lan Departamentuari "Cubeles" deritzon bihurgunearen ondoan bideko parrilla bat egiteko proposatzea erabaki zuen 2007ko urriaren 11ko bilkuran.

Erantzuna:

Proiektuak bideko parrilla bat egitea aurreikusten du eta Cubelesko bihurgunearen ondoan eginen da, eskatu den bezala.

3. alegazioa: Diego Bueno de Miguel jauna, bere izenean.

Eskatzen du kontuan har dadila ingurumen fiskalari aurkeztutako salaketa, alegazio moduan, bisutsaren eta elur-jausien kontrako hesirik ez sartzeko Izaba-Frantzia errepidea hobetzeko proiektuan.

Labora mendiko elur-jausien kontrako 617 metro hesi metalikoren instalazioa aipatzen da salaketan, hiru metro garai, Hibaia enpresak egindako Ingurumen ukipenen azterlanean oinarrituta.

Erantzuna:

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak behar bezala tramitatu zuen Ingurumen ukipenen azterlan hori eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena eskuratu zen.

4. alegazioa: Ana Figueras Castellano andrea, Nafarroako Ezker Batuaren ordezkaritzan.

Errepidea egokitzeko proiektu honen arabera, zeharkako sekzioa 6 metrokoa izanen da. Momentu egokia da proiektuan bizikleta-erreia ere sartzeko, errepidea behar adina zabalduz. Horrela segurtasuna emanen zaie tarte honetan hain ugariak diren txirrindulariei.

Erantzuna:

Eskaera hori ezin da onartu, obren inguruko orografiak eta ingurumenak ezartzen dituzten mugen ondorioz.

5. alegazioa: Angel María Barace Garcés jauna, bere izenean.

Proiektu honek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan BE-3 eta BE-4 finkak Erronkaribarko herrilurretako finkatzat ageri dira, baina bera da finka horien jabea eta jarauntsi bidezko titularra. Frogagiriak erantsi ditu.

Erantzuna:

Aurkeztutako agiriak ikusirik, Angel María Barace Garcés jaunaren alegazioa onartzen da.

Aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 20.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, bidezkoa da proiektua behin betikoz onestea.

Horiek horrela, Zainketa Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuko 2.2 artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskurantzak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. "Izaba-Frantziako NA-1370 errepidea (11+800 kp-tik 26+000 kp-ra, Frantziarekiko mugan) egokitu eta hobetzeko" proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat ematea, azalpen zatian esandakoa ebatziz.

2. "Izaba-Frantziako NA-1370 errepidea (11+800 kp-tik 26+000 kp-ra, Frantziarekiko mugan) egokitu eta hobetzeko" proiektua behin betiko onestea. Proiektu horren aurrekontua 11.466.666,17 euro da, BEZa barne.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroan gehien zabaltzen diren egunkarietako batean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Zainketa Zerbitzuari, Desjabetze Atalari, Izabako Udalari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek administrazio publikoendako administrazio bidea amaitzen du. Dena den, administrazioek foru agindu honen kontra Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Aukeran, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 28an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

Iragarkiaren kodea: F0801478