21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZIRITZA

Lurzoru urbanizaezinean jarduerak ezartzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Udal honek, 2007ko abenduaren 18an egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

"Alkate jaunak gogorarazten du ezen, Udalak 2007ko abuztuaren 6ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zela lurzoru urbanizaezinean jarduerak ezartzea arautzen duen ordenantza, eta halaber hasiera eman zitzaiola haren gaineko jendaurreko epeari, hogeita hamar egunerako. Erabakia 2007ko 127. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 10ean.

Ondotik alkate jaunak hasiera batean onetsitako ordenantzaren testu osoa irakurri du.

Alkate jaunak, ondotik, aditzera eman du irekitako jendaurreko epean alegazio idazki bakarra aurkeztu dela, Juan Berraondo Balda jaunak sinatua, "Asociación Cristiana Vida Nueva" delakoaren izenean era hura ordezkatuz jarduten duela adierazita. Idazkia Udalean sartu zen 2007ko azaroaren 9ko datarekin.

Ondotik alkate jaunak aurreko lerroaldean aipatu alegazioak irakurri ditu.

Azkenik, alkate jaunak aditzera ematen du ezen ireki den jendaurreko epea iragan ondoren, txosten bana eskatu ziela Nagore Soravilla jaun letratuari, hura eman baitzuen, bertan azalduz bidezko zela aurkeztutako alegazioak ezestea, eta Beaumont Aristu Abogadosi, azken hori eman baitzen 2007ko abenduaren 12ko datarekin, bertan azalduz bidezko zela aipatu alegazioak ezestea eta behin betiko onestea ordenantza, hasiera batean onetsitako testu berarekin, ondorioztatzen baitzen ordenantza onesteko prozeduran ez zegoela inondik ere ilegaltasun zantzurik, hestu-hestu bete zelako udal ordenantzak onesteko legez ezarritako prozedura, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan dagoena (Nafarroako toki araubidea eguneratzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen 13. artikuluak ematen dion testuan, hartara igortzen baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 64.3 artikulua), eta halaber ondorioztatzen ordenantzaren behin betiko onespenaren erabateko legezkotasuna, eta zehazki haren edukiarena, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 64. artikuluan eta 110.etik 114.era bitarteko artikuluetan aurreikusiaren barnean, azken finean proposatzen baitzen Udalbatzak erabakia har zezan, osorik ezesteko "Asociación Cristiana Vida Nueva" delakoak aurkeztu alegazioak, hasiera batean onetsitako ordenantza behin betiko onets zedin eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko behin betiko onespena eta ordenantzaren testu osoa, beharrezkoa baita (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz) onetsitako ordenantzaren ondorio juridiko osoak sortzeko.

Ikusirik aipatu artikuluak eta oro har aplikatzeko gainerakoak.

Gaia sakon eztabaidatu odoren, erabaki da:

1. Ezestea Asociación Cristiana Vida Nueva delakoak aurkeztu alegazioak, erabaki honen barnean laburbildu diren arrazoiengatik, espedientean diren txosten juridikoetan aipatuak.

2. Behin betiko onestea Ziritzako lurzoru urbanizaezinean eraikuntza jarduerak ezartzea arautzen duen udal ordenantza.

3. Erabaki honen ziurtagiria, onetsitako ordenantzaren testu osoarekin batera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, argitara dadin.

4. Ordenantza horrek indarra har dezala eta osorik aplikatzekoa izan dadila, ordenantza bera eta erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik hasita.

5. Erabaki hau Asociación Cristiana Vida Nueva delakoari jakinaraztea, eta haren aurka aurkezten ahal dituen errekurtsoen berri ematea."

Ziritzan, 2008ko urtarrilaren 22an.-Alkatea, Rafael Gorostidi Urnieta.

LURZORU URBANIZAEZINEAN ERAIKUNTZA JARDUERAK EZARTZEA ARAUTZEN DUEN HIRIGINTZAKO UDAL ORDENANTZA

Txosten bat egin da, Udalak eskaturik, lurzoru urbanizaezinean eraikuntza jarduerak ezartzea arautuko duen hirigintzako udal ordenantza erredaktatzeko.

Arrazoia:

Ziritzako udal mugapeko lurzoru urbanizaezinak aspaldi honetan eraikuntza lan franko jasan behar izan du bere gain, eta azken urteotan zenbait eraikin eta lurzatiketa egin egin dira, hirigintza-lizentziarik izan gabe.

Berriki indar hartu duen 35/2002 Foru Legeak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoak, nolabaiteko indefinizioa ekarri du lurzoru urbanizaezina babesteko araubideari dagokionez, indarrik gabe uzten baitu lehengo legea, zeinetan arauturik baitzeuden lurzoru mota honetarako erabilerak, eta ez du arau berririk ezarri (arau berriak Legea garatuko duen erregelamendua argitaratzearekin etorriko direla dio).

Horregatik, badirudi bidezko bezain beharrezkoa dela eraikuntza jardueren ezarpena arautuko duen udal ordenantza bat onestea, aipatutako erregelamendu hori argitaratzen denean berrikusia izan arte, bederen.

Ordenantza

Ordenantza honen aplikazio esparrua Ziritzako udalerriko lurzoru urbanizaezina da.

Udalerriak badu hiri lurzorua mugatzeko proiektu bat, zeinaren onespen data 1981eko urtarrilaren 27a baita. 35/2002 Foru Legearen artikuluak oinarri harturik, esan liteke, ondorio gisa, mugapen proiektu bat ez dela gaur egun planeamendutzat hartzen. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 91. artikuluan ezarritakoaren arabera, udalerriak planeamendurik ez duenez gero, udal mugapean sartzen diren lurrak bitan sailkatuko lirateke: hiri lurzorua eta lurzoru urbanizaezina.

Ulertuko da hiri lurzorutzat hartzen ez diren lur guztiak, aipatutako Foru Lege horren 92. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, lurzoru urbanizaezinekoak direla; 94. artikuluak bereizten ditu babestu beharreko lurzoru urbanizaezina eta gorde beharrekoa.

Lurzoru urbanizaezin guztian, eraikuntza jarduerentzako araubide bakar bat ezartzen da, hala babestu beharreko lurzoruarentzat nola gorde beharrekoarentzat, honako hau:

Eraikuntza jarduerak izaten ahalko dira baimengarriak edo debekatuak. Baimengarritzat jotzen direnek tramitatu beharko dute dagokien baimena 35/2002 Foru Legeko 117. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

-Eraikuntza jarduera baimengarriak:

Azpiegiturak eta haiei loturiko eraikuntza-lan eta instalazioak (ur deposituak, araztegiak, transformadoreak, ...).

Herri-lanak gauzatzeko, haiek mantentzeko edo haien zerbitzurako behar diren eraikin eta instalazioetarako.

-Eraikuntza jarduera debekatuak:

Gainerako guztiak.

Ziritzan, 2007ko abenduaren 14an.-Sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L0801079