21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

13/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko karrerako irakasle funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa arautzeko deialdia onesten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 133. artikulutik 139. artikulura bitarte, ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko prozesua arautzen du.

Ikastetxe publikoetako zuzendariak prozesu baten bidez hautatuko dira. Prozesu horretan hezkuntza komunitateak eta Hezkuntza Departamentuak hartuko dute parte, hautagai aurkezten diren irakasleen arteko merezimendu-lehiaketaren bidez.

Hezkuntza Departamentuak legitimitatea, egonkortasuna, eskumenak, autonomia, baldintza eta pizgarri beharrezkoak eman nahi dizkie ikastetxeetako zuzendaritzei, ikastetxe publikoen funtzionamendu egokia ziurtatzen ahal izateko.

Ikastetxe publikoetako zuzendariak ikastetxeko ikasgaiak irakasten dituzten karrerako funtzionario irakasleen arteko merezimendu-lehiaketaren bidez hautatu eta izendatuko dira, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 133., 134., 135. eta 136. artikuluetan xedatu bezala.

Horretarako hautapen batzordeak izendatuko dira, eta Hezkuntza Departamentuko eta ikastetxeko ordezkariek osatuko dituzte aipatu Lege Organikoaren 135. artikuluan ezarritako proportzioan.

Hezkuntza Departamentuak, dagokion deialdiaren bidez, Hasierako Prestakuntza Programa antolatuko du, ebazpen honetako merezimendu-lehiaketaren bitartez aukeratutako funtzionarioentzat.

Zuzendariak lau urterako izendatuko dira. Izendapena halako beste denbora aldi batzuetarako luzatzen ahalko da, haiek bukatzean ebaluazio positiboa ematen bada egindako lanaz.

Zuzendariek beren karguari dagozkion eginkizunak izanen dituzte eta indarra duen araudian ezarritako ordainsariak jasoko.

Ikastetxe batzuetako zuzendaritza karguak 2008ko ekainaren 30ean hutsik geldituko direnez, beharrezkoa da kargu hutsak betetzeko hautapen prozedura egokia ezartzea

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko karrerako irakasle funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa arautzeko deialdia onestea. Hona hemen deialdiko

ARAUAK

Lehena.-Printzipio orokorrak.

1.1. Ikastetxe publikoetako zuzendariak ikastetxeko ikasgaiak irakasten dituzten karrerako funtzionario irakasleen arteko merezimendu-lehiaketaren bidez hautatu eta izendatuko dira.

1.2. Berdintasun, publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioekin bat hautatuko dira.

Bigarrena.-Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Honako hauek izanen dira merezimendu-lehiaketan parte hartzeko baldintzak:

2.1.1. Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez ere bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.

2.1.2. Karrerako funtzionario gisa, zuzenean irakatsi izana, bost urtez gutxienez, hautatu nahi den ikastetxeak ematen duen ikasgai batean.

2.1.3. Nafarroako Foru Komunitatean hautatu nahi den ikastetxearen ikasgai batean ikastetxe publiko batean aritzea, karrerako funtzionario gisa, gutxienez ere ikasturte oso bateko antzinatasunarekin, deialdia argitaratzen den egunean.

2.1.4. Zuzendaritza proiektu bat aurkeztea, kontu hauek biltzen dituena gutxienez: ikastetxearen egoera, helburuak, horiek lortzeko jarduketa lerroak eta ebaluatzeko prozedurak.

2.1.5. D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateko zuzendarigaiak EGA titulua edo baliokidea izan beharko du.

2.1.6. Izangaiak, maisu-maistren kidegokoa baldin bada edo Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta katedradunen kidegokoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoa, Arte ikasketak ematen dituztenen kidegokoa edo Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen kidegoko espezialitatekoa bada, beharrezko gaitasuna izan beharko du aukeratu duen ikastetxeko plantilla organikoan ageri denaren arabera, ikastetxe horretan behar beste irakastordu eduki ahal izateko.

2.1.7. Organikoki Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpekoak diren irakasle funtzionarioak soilik aurkez daitezke.

2.1.8. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira 2.1.1. eta 2.1.7. ataletan aipatu diren baldintza guztiak, 2.1.3. atalekoak izan ezik.

2.2. Haur Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, arte irakaskuntza profesionalak, kirolak eta hizkuntzak ematen dituztenetan eta zortzi irakasle baino gutxiagoko helduendakoetan, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak ezarritako betebehar baten batetik salbuesten ahalko ditu izangaiak.

Hirugarrena.-Eskaerak aurkeztea.

3.1. Eskabide orokor bat aurkeztu beharko da, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, foru agindu honen II. eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabide orriarekin batera.

Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan aurkeztuko dira (Santo Domingo kalea, 8, 31001, Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedu Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatu edozein bulegoetan.

Eskatzaileak posta bulego batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal ireki batean eginen du, postako funtzionarioak eskabideari data jarri eta zigila dezan, ziurtatu baino lehen.

3.2. Eskabidean jarri beharko da baremaziorako aurkezten den merezimenduen zerrenda.

3.3. Zuzendarigaiak zein ikastetxe aukeratu duen ere adierazi beharko da. Gehienez ere hiru ikastetxe aukera ditzake zuzendarigai bakoitzak.

Zuzendarigaiak ikastetxe baterako baino gehiagotarako lehiatu nahi badu, ikastetxe bakoitzeko instantzia eta eskabide bat aurkeztu beharko du, dagozkion agiriekin batera.

Ikastetxeeko irakasleen hautagaitzak lehentasuna izanen dute. Ikastetxeko hautagairik ez badago edo egonik ere batere hautatu ez bada, Batzordeak beste ikastetxe batzuetako irakasleen hautagaitzak baloratuko ditu.

3.4. Proposatutako zuzendaritza taldea osatzen duten gainerako gobernu organoen izen-deiturak jarri beharko dira eta, horrekin batera, onarpenaren ziurtagiria interesdunek sinatua, III. eranskineko ereduaren arabera. Horretarako hautatzen diren irakasleak funtzionario publikoak izanen dira eta jardunean egon beharko dute. Halaber, zuzendarigaiak aukeratu duen ikastetxean behin betiko destinoa izan beharko du, eta ez baldin badu, hautagaitzak aurkezteko egunean ikastetxean zerbitzuak ematen egon beharko du, gutxienez ere ikasturte oso bateko antzinatasunarekin.

3.5. Eskabidearekin batera merezimenduen egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, bai eta zuzendaritza proiektuaren zazpi ale ere. Ale hauetako bat Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuan artxibatuko da, izangaia ebaluatu ahal izateko agintealdia bukatzen duenean.

Horretarako, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetako zuzendariek ahalmena dute agiriak konpultsatzeko, Hezkuntza kontseilariak maiatzaren 18an emandako 182/2001 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz (ekainaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 79. zk.).

3.6. Hezkuntza administrazioan betetako postuak, ikastetxe publikoetan emandako zerbitzuak eta zuzendaritza karguak zerbitzu orri baten bidez frogatuko dira, eta Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz erantsiko du.

3.7. Eskabideak aurkezteko epearen barnean behar bezala frogatutako merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko, betiere deialdi honetako I. eranskineko baremoaren I. atalean zehaztutakoarekin bat baldin badatoz.

3.8. Zortzigarren arauan aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek.

3.9. Zuzendarigaiak aurkezten duen zuzendaritza proiektuak 20 orrialde izanen ditu gehienez, Din-A4 formatuko orrietan idatzita.

3.10. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baloraziorako aurkeztutako merezimenduen jabe izan beharko dute.

3.11. Hautapen Batzordeak ez du merezimendu gisa barematuko bigarren arauan aipatu baldintzetako bat betetzen dela egiaztatzeko aurkezten den dokumentazioa.

3.12. Estatuko edozein hizkuntza koofizialetan aurkezten diren agiriek, euskaraz daudenek izan ezik, gaztelaniazko itzulpena izan beharko dute ondoan.

Atzerriko erakundeek ematen dituzten agiriek ofizialak izan behar dute, agintari eskudunek sinatuak eta bide diplomatikoz legeztatuak; gaztelaniazko itzulpen ofiziala ere behar dute.

3.13. Eskabideak, merezimenduak eta zuzendaritza proiektua aurkezteko 10 egun baliodun izanen dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.14. Ebazpen honen bidez deitutako hautapen prozeduretan parte hartzen dutenek aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzen ahalko dute 2008ko ekainean, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Epe hori agiriak hartu gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du.

3.15. Ikastetxe bateko lanpostu huts bat betetzeko hautagai bakar bat bada, merezimenduak ez dira barematuko. Kasu horretan, batzordeburuak izangaiari bueltatuko dizkio agiriak zuzendaritza proiektua azaltzeko zehazten den egunean.

Laugarrena.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita, seigarren egun baliodunean, Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, baztertzearen arrazoia azalduko duena, egin eta Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira igorriko du, bertan onets dezaten eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta web-orrian jendaurrean jartzeko.

4.2. Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak egin ditzakete idatzita, argitaratu eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean, bai eta baztertzea ekarri dien akatsa, halakorik bada, zuzendu ere,Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuuko zuzendariari igorrita. Deialdiaren 3. arauaren 1. atalean aipatu tokietako edozeinetan aurkez daitezke erreklamazioak.

4.3. Aurreko atalean aipatu erreklamazioak egiteko epea amaitu eta biharamunetik hasita, laugarren egun baliodunean, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda proposatuko du, ebazpen bidez onets dezaten, eta jendaurrean jarriko du Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta web-orrian.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dokumentazioa aztertu eta ikusten baldin bada betebeharren bat falta dela, interesdunek deialdian parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen den egunean, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak zuzendarigairen bat badagoen ala ez adieraziko dio postu hutsa duen ikastetxe bakoitzari, posta elektronikoz, faxez, telefonoz edo jakinarazpena egunean berean egiten dela bermatzen duen beste edozein bidez.

Bosgarrena.-Hautapen Batzordea.

5.1. Hautapen Batzordea honela osatuko da:

a) Hezkuntza Departamentuaren ordezkariak.

-Hezkuntza Departamentuko ikuskatzaile bat, batzordeburu lanetan ariko dena. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak hautatuko du.

Antolatu beharra dela eta, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariak Hezkuntza Departamentuko funtzionario bat hautatzen ahalko du batzordeburu, ikuskatzaile ez izanik ere.

-Hezkuntza Departamentuko funtzionario bat, horretarako izendatua; ezin da izan izangaiak lortu nahi duen ikastetxeko irakaslea.

b) Ikastetxearen ordezkariak.

-Klaustroko bi ordezkari, bilkura berezian hautatuak. Gazteena idazkari lanetan arituko da.

-Eskola-kontseiluaren bi ordezkari, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenbiziko bi mailetako irakasle-ikasleak ez direnak, bilkura berezian hautatuak.

5.2. Ikastetxeko ordezkariak honela hautatuko dira:

Ikastetxeei zuzendarigaiak daudela jakinarazi eta biharamunetik bost egun balioduneko epean, ikastetxeetako zuzendariek bilkura berezietarako dei eginen diete Klaustroari eta eskola-kontseiluari, zuzendaritza-taldeei onartutako zuzendarigaiak zein diren azaltzeko.

Zuzendarigaiak bilkura horietara gonbidatuko dira, beren proiektuak azaldu ahal izateko. Azalpen hori jakinarazpen hutsa izanen da, eta ez da eztabaidarik eginen izangaien eta Klaustroaren edo eskola-kontseiluaren artean.

Bi zuzendarigai baino gehiago baldin badaude, zozketa eginen da zuzendarigaiak beren azalpenak egiteko Klaustroan eta eskola-kontseiluan zein hurrenkeran agertuko diren ezartzeko.

Ikastetxeko zuzendaria bere ikastetxerako lehiatzen bada, klaustro berezian mahai bat osatuko da, zuzendarigai ez diren eta ikastetxean antzinatasunik handiena duten hiru irakasleez osatua. Antzinatasunik handiena duen irakaslea mahaiburua izanen da eta txikiena duena, betiere hiru horien artean, idazkaria.

lkastetxeak Hautapen Batzordean izanen dituen ordezkariak eta beren ordezkoak hautatuko dira bilkura berezi horiexetan.

Klaustroko mahaiaburu den irakasleak ikastetxeko ordezkari izan nahi duen irakaslerik badagoen galdetuko du. Ordezkarigai izateko beharrezkoa izanen da ikastetxean behin betiko destinoa izatea eta aurkeztutako hautagaien zerrenda baten barruan ez egotea.

Ikastetxeko ordezkari izateko bi hautagai baino gehiago badaude, klaustroko kide guztiei botoa emateko dei eginen zaie, eta haietako bakoitzak bi hautagairi ematen ahalko die botoa, gehienez. Botorik gehien lortzen dituzten hautagaiak izanen dira klaustroko ordezkariak Hautapen Batzordean. Berdinketarik izanez gero, bi hautagai baino gehiago daudenean, zozketa bidez erabakiko da.

Hautapen Batzordean klaustroko ordezkari izateko hautagairik ez badago, edo bat baizik ez dagoenean, leku huts hori betetzeko, zozketa eginen da ikastetxean behin betiko destinoa duten irakasleen artean, hautagaien zerrendetako kideak kanpo utzita.

Eskola-kontseiluko ordezkaria hautatzeko, zuzendariak, organo horren bilkura berezian, hautagairik badagoen galdetuko die aholku-emaileei. Ikasleen sektoreko hautagaiak kanpo geldituko dira, eta baita irakasleen eta zuzendaritza taldearen ordezkariak ere, hautapen prozesura aurkezten diren hautagaien zerrenda bateko kide baldin badira.

Eskola-kontseiluko ordezkari izateko bi hautagai baino gehiago baldin badaude, kide guztiei botoa emateko dei eginen zaie (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenbiziko bi mailetako ikasleei izan ezik), eta haietako bakoitzak bi hautagairi ematen ahalko die botoa, gehienez. Botorik gehien lortzen dituzten hautagaiak izanen dira eskola-kontseiluko ordezkariak Hautapen Batzordean. Berdinketarik izanez gero, bi hautagai baino gehiago daudenean, zozketa bidez erabakiko da.

Hautagairik ez badago edo bakarra baldin badago, zozketa eskola-kontseiluko kideen artean eginen da; ikasleek eta irakasleen eta zuzendaritza taldearen ordezkariek ez dute zozketa horretan parte hartuko, baldin eta hautapen prozesura aurkeztutako hautagaien zerrenda bateko kide badira.

Zuzendariak, atal honen hasieran aipatutako epearen bosgarren eguna bukatu baino lehen, fax bat igorriko dio Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariari, ikastetxeak Hautapen Batzordean izanen dituen ordezkariak eta hauen ordezkoak nor diren jakinarazteko.

5.3. Hautapen Batzordea eratu eta abian jartzeko, ondoko alderdi hauek hartuko dira kontuan:

Hautapen Batzordeetako kideen izendapena ikastetxeak Hautapen Batzordean izanen dituen ordezkariak nor diren jakinarazteko epea bukatu eta biharamunean eginen da. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez eginen da izendapena.

Batzordea eratzeko beharrezkoa izanen da batzordeburua, idazkaria eta bi batzordekide bertan egotea, eta lanean aritzeko, lau batzordekide izanen dira beharrezkoak, horietako bat batzordeburua edo idazkaria.

Zenbat ikastetxek aurkezten dituzten hautagaiak, horrenbeste batzorde eratuko dira. Hautaketa prozesua ikastetxean eginen da.

Hautapen Batzordea dituen ordezkarien berri emateko epea bukatu eta biharamunetik hasita hirugarren egun baliodunean eratuko da. Batzordea batzordeburuak erabakitzen duen tokian eratuko da.

Hautapen Batzordeek beren egoitza hautagaia zer zuzendaritzatarako aurkezten den eta bertako ikastetxean izanen dute. Egoitza horretan jendaurrean jarriko dira batzordeetako kideak eta batzorde bakoitzari esleitutako zuzendarigaien zerrenda.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 29.era bitarte ezarritakoak arautuko du Hautapen Batzordeen funtzionamendua, bai eta kideei aplikatzen ahal zaien abstentzio eta errefusatze araubidea ere.

Seigarrena.-Hautapen Batzordearen eginkizunak.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

-I. eranskinean aipatu merezimenduak barematzea, ikastetxeko zuzendaritzara hautagai bat baino gehiago aurkezten denean.

-Hautapen prozesuan segitzeko hautatu diren izangaien behin-behineko zerrenda onetsi eta argitaratzea. Ikastetxeko zuzendaritzarako hautagai bat baino gehiago dagoenean, merezimenduen baremoko I. atalean lortutako puntuazioa azalduko da, I. eranskinaren arabera.

-Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta behin betiko zerrenda argitaratzea. Ikastetxeko zuzendaritzarako hautagai bat baino gehiago dagoenean, merezimenduen baremoko I. atalean lortutako puntuazioa azalduko da, I. eranskinaren arabera.

-Zuzendaritza proiektua ebaluatzea.

-Aurkeztutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzea, I. eranskineko II. atalean lortutako puntuazioa azalduta. Merezimenduen baremoko I. atalean lortutako puntuazioa azalduko da ikastetxeko zuzendaritzarako hautagai bat baino gehiago dagoenean.

-Bere eskumeneko ikastetxe bakoitzeko zuzendarigaia hautatzea Hasierako Prestakuntza Programa egiteko, programa hori egitetik erabat edo partzialki salbuetsita dagoen zehaztuta, zortzigarren oinarriko baldintzen arabera.

-Zuzendarigaiek aurkeztutako dokumentazioa, hala nola hautapen prozesuan sortzen dena, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari ematea, zuzendaria hautatu ondoren.

-Batzordearen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren guztiak.

Zazpigarrena.-Hautapen prozesua.

Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu:

a) Lehen fasea: Merezimenduak eta zuzendaritza proiektua baloratzea (ebazpen honen I. eranskineko I. atala eta II. atala).

b) Bigarren fasea: Hasierako Prestakuntza Programa.

a) Lehen fasea:

7.1. Lehen fase honetan zuzendarigaiek alegatutako merezimenduak baloratuko dira, ebazpen honen I. eranskineko baremoaren I. atalean ezarritakoari jarraikiz, ikastetxeko zuzendaritzarako hautagai bat baino gehiago dagoenean.

Merezimenduen azken puntuazioa aterako da baremoaren I. ataleko 1. azpiataletik 3.era bitartekoetan lortutako puntuak batuta.

Batzordeak jendaurrean jarriko du bere egoitzan Hautapen Batzordea eratu eta biharamunetik hasita hirugarren egun baliodunean, zuzendarigaien behin-behineko zerrenda. Izangai bakoitzaren izenaren ondoan, merezimenduen baremoko I. atalean lortutako puntuazioa azalduko da ikastetxeko zuzendaritzarako hautagai bat baino gehiago dagoenean.

Zuzendarigaiek bi egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, baremazioari buruz egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egiteko. Erreklamazioak aurkezteko toki bakarra Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoa izanen da (Santo Domingo aldapa, 8, 31001, Iruña). Kasuan kasuko Hautapen batzordeburuari zuzenduko zaizkio.

Bigarren egun baliodunean, erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita, Hautapen Batzordeak ebatziak izanen ditu aurkeztutako erreklamazioak eta baremoaren behin betiko zerrenda argitaratuko du bere egoitzan.

Hautapen Batzordeak bidezko deritzen zuzendaritza proiektuen defentsa egiteko zuzendarigaien hurrenkera jakinaraziko du baremazioaren behin betiko zerrenda argitaratzen den egun berean. Zerrenda Hautapen Batzordearen egoitzako iragarki oholean argitaratuko da.

Zuzendarigaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute, gehienez ere, egunak eta zuzendarigaien jarduketa hurrenkera argitaratu eta biharamunetik hasita, zuzendaritza proiektuen defentsa egiteko. Defentsa zuzendu nahi den ikastetxean eginen da.

Zuzendarigai bakarra dagoenean, izangaiak zuzendaritza proiektuaren azalpena nahi baldin badu bakarrik eginen du.

7.2. Fase honetan, zuzendaritza proiektuaren defentsa, gehienez ere, 10 puntuz baloratuko da, I. eranskineko baremoaren II. atalean ageri denaren arabera.

Zuzendaritza proiektuaren bidez hautagai bakoitzak lortzen duen puntuazioa izanen da Hautapen Batzordeko kideek ematen dituzten puntuazioen batez besteko aritmetikoa.

Batzordeko kideen puntuazioetan 3 puntuko aldea edo handiagoa baldin badago, kalifikazio handiena eta txikiena kenduko dira, eta gainerakoen batez besteko aritmetikoaren bidez lortuko da behin betiko puntuazioa.

Hautagaiak, dei egiten bazaio, gehienez ere 30 minutu izanen ditu zuzendaritza proiektuaren defentsa egiteko. Hautapen Batzordeko kideek 15 minutu izanen dituzte gehienez hautagaiari galderak egiteko, aurkeztu eta defendatutako zuzendaritza proiektuko zenbait alderdi argitu edo zehatzago azal ditzan.

7.3. Proiektuen defentsa egiteko epea bukatzen den egun berean, Hautapen Batzordeak bere egoitzan eta zuzendu nahi den ikastetxean jendaurrean jarriko du hautagaien zerrenda, lortutako puntuen arabera ordenatuta. Zerrenda horretan, izenez gainera, merezimenduen baremoko I. atalean lortutako puntuazioa eta zuzendaritza proiektuaren defentsari buruzko II. atalean lortutakoa agertuko dira.

Baremoko II. atalean (zuzendaritza proiektuaren balorazioa eta defentsa) 5 puntu baino gutxiago lortzen duten hautagaiek ez gai kalifikazioa izanen dute.

Berdinketak honako irizpide hauek hurrenez hurren ezarrita hautsiko dira:

-Zuzendaritza proiektuan puntu gehiago lortzea.

-Azpiataletan puntu gehiago lortzea, ebazpen honen I. eranskineko baremoaren I. ataleko hurrenkerari jarraikiz.

7.4. Batzorde bakoitzeko buruak hautatutako zuzendarigaiaren aldeko proposamena eta 1. fasea gainditu duten gainerako zuzendarigaien zerrenda igorriko dio Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariari, eta bi kasuetan, hautatutako zuzendaria eta gainerako zuzendarigaiak aipatzerakoan, Hasierako Prestakuntza Programa egitetik erabat edo partzialki salbuetsita dauden adieraziko du. Jakinarazpen hori 7.3 atalean aipatutako zerrenda argitaratzen den egunean eginen da.

7.5. Arau honen 4. atalean aipatutakoaren biharamunean, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak jendaurrean jarriko du Hasierako Prestakuntza Programarako hautatutako izangai guztien zerrenda eta aukeratu duten ikastetxea, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta web-orrian; prestakuntza programa honetatik erabat edo partzialki salbuetsitakoak ere agertuko dira.

Hautagai bakoitza ikastetxe baterako bakarrik hautatzen ahalko da. Baterako baino gehiagotarako hautatuz gero, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak lehentasuna bati eman diezaiola eskatuko dio, aipatu den izen zerrenda argitaratu aurretik. Hautatzen ez duen ikastetxerako, zerrendako hurrengoa izanen da hautatutako zuzendaria.

Zuzendarigai bakarra baldin badago, batzordeburuak Hautapen Batzordeko kideak izendatu eta ondoren ezarritako epeak aurreratzen ahalko ditu, betiere prozesua 2008ko apirilaren 24a baino lehen bukatuko dela ziurtatuta.

b) Bigarren fasea:

7.6. Lehiaketa honetako bigarren fasean Hasierako Prestakuntza Programa gainditu beharko da, Hezkuntzari buruzko Lege Orokorreko 136. artikuluko 1. idatz-zatiak ezartzen duen moduan.

7.7. Hezkuntza Departamentuak, dagokion deialdiaren bidez, Hasierako Prestakuntza Programa antolatuko du, ebazpen honetako merezimendu-lehiaketaren bitartez aukeratutako funtzionarioentzat.

Zortzigarrena.-Hasierako Prestakuntza Programatik erabat edo partzialki salbuestea.

8.1. Ez dute Hasierako Prestakuntza Programa egin beharko gutxienez ere zuzendaritza-taldea osatzen duten edozein kargutan bi urtez zuzendari lanetan aritu direla frogatzen duten irakasle hautatuek.

8.2. Honako hauek egonen dira Hasierako Prestakuntza Programaren zati teorikotik salbuetsiak:

-Ikastetxe publikoetako zuzendari izateko kreditazioa izanik ere, lan horretan aritu ez direnak edo bi urte baino gutxiago lan horretan aritu direnak.

-Hezkuntza Programako Zuzendaritza Taldeendako Prestakuntza Programa egin duten hautagaiak.

Bederatzigarrena.-Zuzendarien izendapena.

9.1. Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak, Hautapen Batzordeak hautatutako zuzendarigaiaren izena proposamentzat hartuta, praktiketako zuzendari izendatuko du, urtebeterako, zuzendari kategoria lortua ez badu.

Izendapen hori baliorik gabe uzten ahalko da, praktiketako zuzendariak Hasierako Prestakuntza Programan gai kalifikazioa lortzen ez badu.

Hasierako Prestakuntza Programa egitetik salbuetsita dauden izangaiak zuzendari izendatuko dira hiru urterako.

9.2. Hasierako Prestakuntza Programa gai kalifikazioarekin bukatu duen hautagaia bere aukerako ikastetxeko zuzendari izendatuko da, lau urterako.

Hasierako Prestakuntza Programan ez gai kalifikazioa izaten dutenak ezin izanen dira zuzendari izendatu, eta beste hautapen prozesu batean parte hartu beharko dute ikastetxe publikoetako zuzendaritzara iritsi ahal izateko.

Hautagaiak ez gai kalifikazioa izaten duenean ebaluazioan, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak kasuan kasuko ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle bat zuzendari izendatzen ahalko du.

9.3. Hezkuntza Departamentuak, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko du 9.1 atalean aipatu den izen zerrenda.

9.4. Zuzendaritza Taldeko gainerako kideak, zuzendariak proposatuta, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak izendatuko ditu, aipatu zuzendaria izendatu den denbora aldi bererako. Hots, urtebeterako izendatuko dira praktiketako zuzendari baten taldekoak izanez gero, eta beste hiru urterako zuzendariak praktika aldia gainditzen duenean. Zuzendaria Hasierako Prestakuntza Programa egitetik salbuetsita egonez gero, zuzendaritza taldeko kideak lau urterako izendatuko dira. Zuzendaria hautatu eta hurrengo ikasturtean ikastetxean egon behar ez duten irakasleak ezin izanen dira izendatu. Kasu horretan, eta zuzendariak proposatuta, bere tokia beteko du ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle batek, eta ez baldin badu, hautagaitzak aurkezteko egunean ikastetxean zerbitzuak ematen egon beharko du, gutxienez ere ikasturte oso bateko antzinatasunarekin.

9.5. Zuzendari berriak ez badu behin betiko destinorik berak aukeratutako ikastetxean, zerbitzu eginkizunetan egonen da, ondorio guztietarako, zuzendari karguan dagoen denboran, eta ezin izanen da lekuz aldatu irakastorduak murriztu edo kentzeagatik.

9.6. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak lau urteak igaro ondoren ebaluatuko ditu zuzendariak.

Hamargarrena.-Agintaldiaren iraupena.

10.1. Agintaldiak lau urteko iraupena izanen du. Izendapena halako beste bi denbora alditarako berritzen ahalko da, horietako bakoitzaren bukaeran Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egin den lanari buruzko ebaluazio positiboa egiten badu, eskola-kontseiluko sektore guztiek esaten dutena aditu ondoren.

10.2. Hiru aldiak bukatu eta zuzendariak karguan jarraitu nahi badu, merezimendu-lehiaketa batean parte hartu beharko du berriz.

10.3. Ebaluazio negatiboa izaten duten zuzendariek ezin izanen dute lau urtez eskabiderik aurkeztu edozein ikastetxetako zuzendari postua betetzeko merezimendu-lehiaketa batean.

Hamaikagarrena.-Izendapen berezia.

11.1. Hautapen Batzordeak ez duenean ikastetxe bateko zuzendaritzarako hautagai bakarrik ere proposatzen edo hautagairik ez dagoenean, edo, beste edozein arrazoirengatik, ikastetxea zuzendaririk gabe gelditzen denean, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak proposatuta, zuzendari izendatuko du, lau urterako, kasuan kasuko ikastetxeko hezkuntza maila irakasten duen irakasle funtzionario bat, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 134. eta 137. artikuluek ezartzen dutenaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen baditu:

-D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe batean zuzendari berezi izendatzen den irakasle funtzionarioak EGA titulua edo baliokidea izan beharko du.

Izangaiak, maisu-maistren kidegokoa baldin bada edo Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta katedradunen kidegokoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoa, Arte ikasketak ematen dituztenen kidegokoa edo Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen kidegoko espezialitatekoa bada, beharrezko gaitasuna izan beharko du aukeratu duen ikastetxeko plantilla organikoan ageri denaren arabera, ikastetxe horretan behar beste irakastordu eduki ahal izateko.

11.2. Sortzen diren ikastetxe berrietan arau honen aurreko atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.3. Gainerako gobernu organoetarako ere izendapen bereziak eginen dira, zuzendariak proposatuta, haren agintaldia bukatu arte edo zuzendaria kargutik kendu arte.

11.4. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, karrerako funtzionario edo lan-kontratudun finko den irakaslerik ez badute, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeko arduradun bat izendatuko du ikasturte baterako.

Hamabigarrena.-Zuzendariaren kargu-uztea.

12.1. Zuzendaria kasu hauetakoren batean kenduko da kargutik:

-Izendapen aldia eta, hala denean, luzapena bukatzea.

-Ikastetxean zerbitzuak emateari uztea, borondatezko zein nahitaezko lekualdatzeagatik, zerbitzu eginkizunetan hasteagatik, borondatezko edo nahaitaezko eszedentzia hartzeagatik nahiz beste edozein arrazoirengatik.

-Uko egite arrazoitua, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak onartua.

-Gerora sortutako ezintasun psikiko edo fisikoa.

-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez eragindako errebokazioa, zuzendari karguko eginkizunetan ez betetze larria izateagatik. Errebokazio hori berak erabakita edo eskola-kontseiluak proposatuta bideratzen ahalko da. Betiere, errebokatzeko ebazpena espediente bat instruitu ondoren emanen da, interesdunari eta eskola-kontseiluari entzun ondoren.

12.2. Zuzendariari diziplina espedientea irekitzen zaionean, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak eginkizunen kautelazko etetea erabakiko du, diziplina arloko araudian agertzen den moduan. Kasu horretan zuzendariordeak edo, hala izan ezean, ikasketaburuak edo, bestelakoetan, ikastetxeko idazkariak hartuko ditu zuzendariaren eginkizunak. Espedientearen instrukzioa egiteko prozesuan ikastetxeko eskola-kontseiluari txostena eskatuko zaio.

12.3. Diziplina espediente batean egiaztatzen bada zuzendariaren eginkizunak ez betetzea huts larria edo oso larria izan dela, eta aplika daitezkeen arau orokorren arabera ezar daitezkeen zehapenak alde batera utzi gabe, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak erabakiko du zuzendaria kargutik kentzea. Halakoetan, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak jarduneko zuzendari bat izendatuko du, zuzendariak hautatzeko egiten den lehenbiziko merezimendu-lehiaketan beste zuzendari bat hautatu arte.

12.4. Zuzendaria beste ikastetxe batera aldatzen baldin bada behin-behinekoz edo behin betikoz, edo erretiroko adinera ailegatzeko urtebete baino gutxiago gelditzen bazaio, berriz ere hauteskundeak eginen dira, egiten den lehenbiziko deialdi arruntean. Aurreko zuzendariaren kargu-uzteak eta hautatu berri denaren jabetza hartzeak ondorioak izanen dituzte deialdi berria egin den urteko uztailaren 1etik aurrera.

Hamahirugarrena.-Zuzendari eginkizuna aintzat hartzea.

Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariek karguari dagozkion eginkizunak bete eta ezarrita dauden ordainsariak jasoko dituzte.

Hamalaugarrena.-Plangintza instituzionaleko agiriak.

Zuzendaritza proiektua egiteko beharrezkoak diren plangintza instituzionaleko agiriak emanen dizkie ikastetxeak eskatzen dituzten hautagaiei.

Hamabosgarrena.-Kargu hutsen argitalpena.

Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak zuzendari kargua berritu behar duten ikastetxeen zerrenda jakinaraziko du Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan eta web-orrian (http://www.pnte.cfnavarra.es).

Hamaseigarrena.-Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak.

Hezkuntza Departamentuaren titulartasuna duten Lanbide Heziketako zentro integratuetako zuzendarien izendapena egitean bete beharko da Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11.5 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuan ezarritakoa.

Hamazazpigarrena.-Ikastoletatik etorritako irakasleak.

Ikastola publikoetatik heldu diren eta Nafarroako Gobernuko irakasle funtzionarioak diren irakasleak bakarrik beren ikastetxeetako zuzendari berezi izendatzen ahalko dira.

2. Ebazpen hau igortzea Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Langileria Atalera eta Ikasketak Antolatzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Deialdi honen eta hori gauzatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 29an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Baremazioa. Zuzendarigaiak hautatzeko merezimendu-lehiaketa

I. atala-Merezimenduak.

1.-Lan esperientzia baloratzea (3,5 puntu gehienez).

1.1. Baldintza gisa eskatzen diren bost urteetatik gorako esperientzia urteengatik:

-0,25 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean.

-0,10 puntu urteko, beste maila eta araubide bateko ikastetxe batean.

1.2. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Lanbide Heziketan zikloko koordinatzaile gisa edo, bestela, departamentu didaktikoko buru, mintegiko buru edo antzeko zereginetan egindako urte bakoitzeko:

-0,15 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean.

-0,05 puntu urteko, beste maila eta araubide bateko ikastetxe batean.

1.3. Bigarren hezkuntzako katedradunen kidegokoa izateagatik:

-0,50.

1.4. Ikastetxe publikoetako zuzendaritzan aritzeko kreditatuta egoteagatik:

-0,30.

1.5. Nafarroako hezkuntza administrazioko ikuskatzaile edo Hezkuntza Departamentuko atalburu nahiz gorako kargu bat izateagatik, bai eta estatuko hezkuntza administrazioan horien pareko direnak ere, urte bakoitzeko:

-0,20 urteko.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

2.-Zuzendari lanetako esperientzia baloratzea (3,5 puntu gehienez).

2.1. Zuzendari karguan 2007ko ekainaren 30a arte aritu izanagatik:

-0,50 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean.

-0,15 puntu urteko, beste maila eta araubide bateko ikastetxe batean.

2.2. Ikasketaburu, zuzendariorde edo idazkari karguan aritzeagatik:

-0,30 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean.

-0,10 puntu urteko, beste maila eta araubide bateko ikastetxe batean.

2.3. Alboko zuzendaritza karguetan aritzeagatik:

-0,40 puntu urteko, maila eta araubide bereko ikastetxe batean aritzeagatik.

-0,20 ikasketaburu edo idazkari albokoaren karguan aritzeagatik.

Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabeteko.

3.-Prestakuntza (3 puntu gehienez).

A. Ikastetxeen hezkuntza arloko kalitatea hobetzeko prestakuntza.

3.1. Zuzendari izateko prestakuntza:

Ikastetxeen kudeaketarekin eta zuzendaritzarekin lotutako prestakuntza jarduerengatik:

-80 ordutik gorako ikastaro bakoitzagatik: 0,25.

-61 ordutik 80 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,20.

-30 ordutik 60 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,15.

-30 ordutik beherako ikastaro bakoitzagatik: 0,10.

3.2. Ikastetxeen kudeaketarekin eta zuzendaritzarekin eta ikastetxeetan hezkuntzaren kalitatea ezartzearekin zerikusia duten argitalpenak, ISBN edo ISSN baldin badute, 1,5 puntu gehienez.

B. Prestakuntza didaktikoa.

3.3. Hobekuntza didaktikoko jarduerengatik (2 puntu gehienez):

-80 ordutik gorako ikastaro bakoitzagatik: 0,25.

-60 ordutik 80 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,20.

-30-60 ordu arteko ikastaro bakoitzagatik: 0,15.

3.4. Irakaskuntzako kalitatearekin eta programazio didaktikoekin zerikusia duten argitalpenak eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen inguruko beste batzuk, ISBN edo ISSN baldin badute, 1,5 puntu gehienez.

II. atala.-Zuzendaritza proiektua.

Memoria berariazko proiektu gisa baloratzea, hots, zuzendaritzarako proposamena ikastetxeko hezkuntza proiektuarekin lotzen duen proiektu gisa: gehienez ere 10 puntu.

II. ERANSKINA

Ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko merezimendu-lehiaketan parte hartzeko eskabidea

Norberaren datuak:

Lehen deitura ............................... Bigarren deitura

Izena ....................... NAN

Helbidea, jakinarazpenetarako:

Herria ................... Probintzia .............................. PK

Telefonoa: ............................................ 2. telefonoa

Lanbide datuak:

Zein kidegotakoa den

Kidegoan sartu zen eguna

Titulua ........................................... Espezialitatea

Behin betiko destinoko ikastetxea

Ikastetxearen kodea

2006/2007 ikasturteko destinoko ikastetxea

Ikastetxearen kodea

Orain duen zuzendaritza kargua, halakorik bada

Zuzendari kargua zein ikasturtetan

Zuzendari lanean aritzeko kreditazioaren data, halakorik bada

Aukeratutako ikastetxea

Merezimenduak:

Baremaziorako merezimendu gisa eranskinean aurkezten diren agirien zerrenda.

1.-

2.-

3.-

4.-

5.-

6.-

7.-

8.-

Zuzendaritza proiektua:

Zuzendaritza proiektuaren 7 ale igorriko dira. Gehienez ere 20 orrialde, Din-A4 neurria.

Data ......... Tokia ........... Zuzendarigaiaren sinadura ..........

III. ERANSKINA

Zuzendaritza talderako proposamena

Zuzendarigaiak zuzendaritza taldea osatzeko proposatu dituen irakasleek kargua onartu izanaren egiaztagiria.

..................... (Izangaiaren izena) ikastetxeko zuzendaritzarako izangaia ..................... (ikastetxearen izena) zuzendaritza taldea osatzeko proposamen hau aurkeztu du:

Zuzendariorde izateko proposatua (*)

Izena ....................... Deiturak ........................... L.E.Z. (langilearen erregistro zenbakia):

Behin betiko destinoko ikastetxea

Destinoko ikastetxea ikasturte honetan

Onartu dut ni izendatzeko proposamena, jaunak/andreak egindakoa, ikastetxeko zuzendaritzarako izangaia .........................

(Sinatua)

Ikasketaburu izateko proposatua (*)

Izena ....................... Deiturak ........................... L.E.Z. (langilearen erregistro zenbakia):

Behin betiko destinoko ikastetxea

Destinoko ikastetxea ikasturte honetan

Onartu dut ni izendatzeko proposamena, jaunak/andreak egindakoa, ikastetxeko zuzendaritzarako izangaia .........................

(Sinatua)

Idazkari izateko proposatua (*)

Izena ....................... Deiturak ........................... L.E.Z. (langilearen erregistro zenbakia):

Behin betiko destinoko ikastetxea

Destinoko ikastetxea ikasturte honetan

Onartu dut ni izendatzeko proposamena, jaunak/andreak egindakoa, ikastetxeko zuzendaritzarako izangaia .........................

(Sinatua)

(*) Jada kargua baden ikastetxeetan soilik.

Iragarkiaren kodea: F0801640