21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BAKAIKU

Ezgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Bakaikuko Udalak, 2007ko irailaren 21eko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ezgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2007ko 127. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 10ean, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Bakaikun, 2008ko urtarrilaren 18an.-Alkatea, Eduardo Urrestarazu Fernández.

ELBARRITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz ezgaituen aukera berdintasuna eta haiek gizartean erabat sartzea. Hori guztia, lege hauekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioa eta EEAO C 62/24, 1998ko otsailaren 26koa; Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legeaz aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legeko 7.b artikulua; azken lege horrek Bide Segurtasunari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak.

1. Elbarriak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

a) %33ko edo hortik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen elbarritasunak modu larrian eragiten diola:

-Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskuloeskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

-Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

-Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

-Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskuloeskeletikoa dela-eta.

Baliaezintasun iraunkorra duten pertsonen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak:

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

a) %33ko edo hortik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen elbarritasunak modu larrian eragiten diola:

-Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskuloeskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

-Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

-Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

-Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskuloeskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

-Karnet neurriko argazki bat, kolorezkoa.

-Elbarritasunaren ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

-Osasun ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

-Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

-Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

-NANaren fotokopia konpultsatua.

-Herriko erroldako egiaztagiria. Eskaera familiako batek edo zaintzaile batek egiten duenean, elbarriaren eta eskatzailearen arteko loturari buruzko datuak sartuko dira.

4. artikulua. Txartelaren erabilera.

1. Txartela ibilgailuaren aurreko partean jarriko da, txartelaren aurrealdea kanpotik argiro ikusten dela.

2. Indarraldia amaituta, lau urtekoa izanen baita txartela ematen denetik aurrera, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

3. Txarteldun ibilgailua aparkatu ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, ezgaituentzako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bestelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

4. Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

a) Txartelaren titularra eramaten ez duenean.

b) Oinezkoendako pasabideetan.

c) Espaloiaren gainean.

d) Orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

c) Beste baten txartela erabiltzea.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie betiere, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L0801179