21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

416/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Enpresaren zuzendari nagusiak emana, aurretiko administrazio-baimena ematen duena Alloko udal mugapeko Alloko herrigunean gas natural kanalizatua banatzeko.

Gas Navarra, S.A. enpresak 2007ko azaroaren 19an aurretiko administrazio-baimena eskatu zuen, Alloko herrigunean gas natural kanalizatua banatzeko proiektua aurkeztuta.

Eskaera hori jendaurrean jarri zen 2007ko 158. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abenduaren 21ekoan, eta Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan azaroaren 30ean, bai eta Alloko Udalaren iragarki oholean ere. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Banaketa sarearen jardueraren gehieneko presioa 0,1 eta 2 bar artekoa da, Alloko herrigunearen hegoaldean, Leringo errepideak San Francisco Javier kalearekin bat egiten duen gunean, jarriko den erregulazio armairuko irteeran. Sare hori dentsitate handiko polietilenozkoa izanen da UNE 53333-90 arauarekin bat, 6.187 metro luze ingurukoa eta, emarien arabera, diametro ezberdina izanen du.

Aurrekontuak hirurehun eta hirurogeita bi mila laurehun eta laurogei euro egiten du (362.480 euro).

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Alloko herrigunean gas natural kanalizatua banatzeko administrazio-baimena ematea Gas Navarra, S.A. enpresari.

2. Instalazioak jartzeko baimena Zuzendaritza Nagusi honek eman behar du, ebazpen bidez, eta, horretarako, Gas Navarra, S.A. enpresak behin betiko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du eta, hala balegokio, onura publikoaren deklaraziorako eskaera.

3. Administrazio-baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena.-Enpresak bi hilabeteko epean 7.249,60 euroko bermea jarri beharko du, instalazioen aurrekontuaren %2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan itzuliko da.

Bigarrena.-Enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Hirugarrena.-Administrazio-baimenaren titularra beharturik dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean, haren aldaketetan eta hura garatzen duten gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

Laugarrena.-Aurretiko administrazio-baimenaren titularra abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuko 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Seigarrena.-Zuzendaritza Nagusi honek badu eskubidea baimena baliorik gabe uzteko baldin eta ezarritako baldintzak betetzen ez badira, bai emandako datuak zehatzak ez izateagatik bai horretarako bidea ematen duen beste edozein arrazoi berezirengatik.

Zazpigarrena.-Aurretiko administrazio-baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa, kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesioak eta baimenak.

4. Ebazpen hau Gas Navarra S.A.ri jakinaraztea (Antso Azkarra etorbideko 26, behea, 31008 Iruña), eta ohartaraztea administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 23an.-Enpresaren zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0801370