21. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

204/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Etxarri Aranazko udal mugapean zeramika produktuak fabrikatzeko. Jardueraren titularra Utzubar, S.A. da.

2006ko azaroaren 6an, Cerámica Utzubar, S.A.k Ingurumen baimen integratua eskatu zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Etxarri Aranatzen duen instalazio industrialerako.

Eginda dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 3.5. epigrafean dago jasota, "Labekatze bidezko zeramika produktuen fabrikazioa, bereziki teilak, adreiluak, erregogorrak, lauzak edo zeramika produktu apaingarriak edo etxean erabiltzekoak, eguneko 75 tona baino gehiago ekoizteko ahalmenarekin, eta/edo 4 m³ baino gehiagoko labekatze ahalmenarekin eta labeko 300 Kg/m³ karga- dentsitate baino gehiagokoak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.

Orobat, instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 3.5. epigrafean dago jasota, "Labekatze bidezko zeramika produktuen fabrikazioa, bereziki teilak, adreiluak, erregogorrak, lauzak edo zeramika produktu apaingarriak edo etxean erabiltzekoak, eguneko 75 tona baino gehiago ekoizteko ahalmenarekin, edo/eta 4 m³ baino gehiagoko labekatze ahalmenarekin eta labeko 300 Kg/m³ karga-dentsitate baino gehiagokoak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.

Baimen honen barnean dago isurketak Utzubar errekara botatzeko baimena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruz Ebroko Ur Konfederazioak prestatutako txostenaren edukia erantsi da.

Foru agindu honen V. eranskinean orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da eta VI. eranskinean, berriz, jendaurrean egoteko aldian titularrak aurkeztutako alegazioak eta bakoitzari eman zaion erantzuna.

Ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Etxarri Aranazko udal mugapean zeramika produktuak egiteko lantegirako. Lantegiaren titularra Cerámica Utuzbar, S.L. da.

2. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedaturikoaren arabera.

3. Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 941/06 espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere foru agindu honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

4. Ingurumen baimen integratuak zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

5. Ebroko Ur Konfederazioak Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko eskatzen ahalko du, legeetan (uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 26. artikuluan eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikuluan) aipatzen diren kasuetan. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarririko baldintzak behin eta berriro bete ezik, isurtzeko baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur jabari publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarririko prozedurarekin bat.

6. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den ala ez, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

7. Instalazioak hondakin arriskugarrien sortzaileen erregistroan duen inskripzioa bere horretan uzten da (P/46/NA/2004 zenbakia), hondakin arriskugarriak sortzen dituen zentroa baita. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A272 da, zeramika produktuak fabrikatzea, Hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betetzeko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak onetsia). Sortzen ahal diren hondakin arriskugarriak ingurumen arloko baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien sorreran egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

8. Instalazioak hondakin ez arriskugarrien kudeatzaileen erregistroan duen inskripzioa bere horretan uzten da (GNP/27/NA/2004 zenbakia), hondakin ez arriskugarrien kudeaketarako zentroa baita. Kudeatzen ahalko dituen arrisku gabeko hondakinak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakinen kudeaketan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, lehen aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

9. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko titularrak aurkeztu duen azterlana onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

10. Ontzien hondakinen prebentziorako enpresen plana onetsi da. Ontziei eta ontzi hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen 7. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, ontziratzaileek plan hori egin eta autonomia erkidegora igorri beharko dute hiru urtetik behin, apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuan zehaztutako ontzi hondakinen kopurua sortu dezaketen produktu ontziratuak edo industria edo merkataritza ontziak merkaturatzen badituzte. Ontzi hondakin horien ekoizpena eta kaltegarritasuna ahal den txikiena izan eta jatorrian aurrea hartzeko neurriak aurreikusirik daude titularrak arkeztu duen dokumentazioan, hobekuntza teknikoen barruan.

11. 2008ko martxoaren 15a baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta foru agindu honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

12. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimen honen xede den jarduera edo instalazioari emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere foru agindu honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpena badago.

13. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

14. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

15. Ebazpen hau jakinaraztea Cerámica Utzubar, S.A.ri, Etxarri Aranazko Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 29an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

OHARRA: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairuan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0801543